Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/11/11 10:44:48.008 GMT+1

Sabatikoaren bigarren geltokia: Afrikako mendebaldea

24 eguneko bidaia honetan batez ere Ghanan eta Beninen egon gara, nahiz eta alboko Burkinako toki batzuetatik eta Togoko hiriburutik ere ibili.

Kantzerko tropikoaren eta Ekuatorearen artean daude.

 

 

Burkina, iparralderen dagoena, eta, beraz, Tropikotik gertuen, klima tropikalekoa da, batez besteko tenperaturak 25º ingurukoak dira, eta bi sasoi ezberdin ditu: euritsua eta lehorra (azken hau, tokien arabera, 6-7 bat hilabete). Paisaian mota ezberdinetako sabanak dira nagusi.

 

 

Ghana eta Benin Ekuatoretik gertuago, eta horregatik zenbat eta hegoalderago jo klima euritsuagoa da eta oihan hezeak gero eta ugariagoak dira.

 

 

Bestalde, bisitatutako herrien egoera sozio-ekonomikora apur bat hurbiltzeko hona hemen datu hauek:

 

DATUAK GHANA BENIN BURKINA
Azalera 283.537 km2 #112.622 km2 274.200 km2
Biztanleak 23.008.000 8.760.000 14.359.000
Urteko hazkuntza (2005-2010) %2 %3 %2,9
Haurren heriotza-tasa (2005-2010) 1.000 biztanleko 56,6 1.000 biztanleko 98 1.000 biztanleko 104,4
Bizi-itxaropena (2005-2010) 60 urte 56,7 urte 52,3 urte
Analfabetismoa Gizonezkoen %33,7 eta emakumezkoen % 50,2 Gizonezkoen %52,1 eta emakumezkoen % 76,7 Gizonezkoen %70,6 eta emakumezkoen % 84,8
Hirugarren mailako eskolatzea %5,2 %3 %2,4
BPG biztanleko 2.771 US $ 1.408 US $ 1.396 US $
Hezkuntzan gastatzen dena BPGren %5,5 BPGren %3,5 BPGren %4,7
Defentsan gastatzen dena BPGren %0,6 BPGren %1,6 BPGren %1,4
GIZA GARAPENAREN INDIZEA* 135 163 176

 *Nazio Batuen zerrendan 177 herri agertzen dira, eta 1etik (indize altuena) 177ra (indize baxuena) sailkatuta daude.

 

BIDAIAREN HASIERA

 

Burkinako hiriburura, Uagadugura hain zuzen, iritsi,  mugak zeharkatzeko paperak. atera, gure frantses kaskarra erabili eta Ghanarantz abiatzen gara. Hala ere, lehenengo gaua mugatik gertu dagoen Burkinako TIBELE izeneko herrixkako buztinezko etxe bateko sabaian egiten dugu lo. Herrixka oso toki atsegina eta erakargarria bertako etxeak modu berezi eta deigarrian margotzen dituztelako.

 

 

 

GHANA

 

Hurrengo egunean muga zeharkatu, eta Ghanan sartzen gara. Ikusiko ditugun herri guztien arteko garatuena da, eta bakarra ingelesa erabiltzen duena (Erresuma Batuko kolonia izan baitzen). Ghanako lehenengo bi egunak MOLE National Parken ematen ditugu. Parkea iparraldean dago eta horregatik ekosistemarik zabalduena sabana da, zuhaitzez osatutako sabana hain zuzen.

 

 

Animaliak ikusteko aukera ona daukagu, behatoki eder bat dugulako eta parkekoek ordu biko ibilaldi bat antolatzen dutelako basozain baten eskutik. Hainbat hegaztiez gain, hiru antilope mota, elefanteak, babuinoak eta basurdearen antzekoak diren fakokeroak ikusten ditugu.

 

 

 

 

 

Kilometro askotxo egin ostean ashanti etniaren hiriburua den KUMASIra iristen gara. Ashantiek Ghanako erresumarik garrantzizkoenetako eratu zuten, eta europarrak iritsi zirenean esklaboen trafikoan parte zuzena hartu zuten. Hirian ashantien erregeen jauregia bisitatzen dugu, eta azoka nagusia. Azken hori, azoka erraldoia da. Gu gara azokan dauden zuri bakarrak, eta hala ere ez da inor gurekin sartzen, eta, oro har, jende guztia oso lasaia da.

 

 

 

Azoka ikusi ondoren, ashanti herrixka batzuetarantz goaz. Kasu gehienetan beraien arkitektura tradizionala desagertuta dago eta porlana eta uralita dira nagusi. Krater erraldoi baten kokatuta dagoen BOSUMTWI laku ederrera iristen gara eta inguruan dauden herrixka txiki batzuk bisitatzen ditugu. Paisaiak Guatemalako Atitlán lakua ekartzen digu gogora.

 

 

 

Hurrengo egunean, berriro errepidera kostaldera iristeko asmoz. Hala ere, Kumasitik irten eta handik gutxira, errepide ertzean emakume-talde bat lapiko askorekin lanean ikusten dugu. Bertan geratu, eta eurekin hitz egitera goaz. Emakume pobreak dira, palma-olioaren hazitik olioa ateratzen ari dira, baina olio hori bigarren mailakoa da, ona dena fruituaren azaletik ateratzen dutelako. Emakume horiek olio on hori  (kolore gorria duena) atera ondoren hondakin modura geratzen den hazia aprobetxatzen dute, eta oso baldintza gogorretan eskasagoa (eta ilunagoa, ia beltza) den olioa ateratzen dute. Oso-oso adeitsuak dira, eta prozesu guztia nola egiten duten erakusten digute.

 

 

 

 

Aurrera segitzen dugu, emakume horiek agertzen duten duintasuna eta adorea mirestuta, eta kostaldeko ELMINA herrira iristen gara. Ghanako herri arrantzale garrantzizkoena da, eta orain bete-betean ari dira sardinaren kanpainean. Portuaren ikuskizuna ikaragarria da, ontzien joan-etorrien etengabearekin eta ekartzen duten arrainen sal-erosketekin jendez, kolorez, bizitzaz...gainezka dago. Gozamena da portu ingurutik ibiltzea, eta arretaz eta lasaitasunez hantxe gertatzen ari den guztiaz blaitzea.

 

 

 

 

 

 

Baina Elminako historia ez da bakarrik portu arrantzale batena. Portuan bertan dauden bi eraikin sendoek europarrok pertsonekin egindako negoziorik zitalena ekartzen digute gogora. Guk eraikin horietako Saint Jorge izenekoa bisitatzen dugu. XVI. mendean portugaldarrek eraiki zuten gotorleku hori, eta gero esku batetik bestera pasatu zen britaniarrek bereganatu arte. Europar horien guztien helburu nagusia herrialde hauetako urrearen eta, bereziki, esklabuen  merkataritza  kontrolatzea izan zen. Kostalde hauetatik milioika eta milioika esklabu irten ziren Ameriketara. Hementxe gertatu zen historian egin den genozidiorik handienetakoa, agian, handiena. Eta eragile nagusienak europarrok izan ginen. Badugu zer pentsatu eta zer hausnartu. Sarritan herri horien zor ekonomikoz hitz egiten dugunean ahaztu egiten dugu guk eurekiko dugun zor ikaragarria¡¡¡

 

 

 

Esandako guztiagatik Elmina (eta gertu dagoen Cape Coast) derrigorrez bisitatu behar den herria da. Gainera, oso hurbil palmondoz beteriko hondartza paradisiakoak eta Kakum parke nazionala daude.

 

GHANATIK BENINERA

 

Elmina utzi goizean goiz, Ghanako Accra hiriburua zeharkatu (gelditu gabe) eta, kostaldea utzi barik, Tokogo hiribururantz abiatzen gara. Frantsesaren eremuan sartzen gara, eta horrela segituko dugu Euskal Herriranzko buelta egin arte. LOME izeneko Togoko hiriburuko pare bat azoka ikusi, eta Beninerantz jotzen dugu.

 

 

BENIN

 

Beste muga bat zeharkatu eta Beninen sartzen gara. Hementxe ere, Ghanan egin dugun antzera, aste bete pasatxo egoteko asmoa dugu. Egonaldi horren lehen geldiunea kostaldeko GRAN POPO herrian egiten dugu. Atsedena hartzeko oso egokia da hondartza eder-ederrak baititu.

 

 

 

 

Gran Popo herriak gainera, aukera ematen digu budu inguruko ospakizun bat ikusteko. Izan ere, herri hauetan animismoak presentzia handia du, eta, kontuan hartu behar da, kostalde hauetatik irtendako esklaboekin batera iritsi zela budua Kubara, Brasilera eta Ameriketako gainerako tokietara.

 

 

 

 

 

Gran Popotik COTONUra goaz, Beningo hiriburura hain zuzen. Cotonuko zirkulazioa ez da Ghanako hirietan ikusi dugun modukoa. Azken horietan auto asko daude eta kolapsoa ea etengabea da. Beninen berriz, auto kopurua nabarmen jaisten da eta motozikletak dira hiriaren jaun eta jabe. Egia esateko, nagusitasun horretan zer esan handia dute “moto-taxiek”. Autoak baino askoz ugariagoak dira  eta, zalantzarik gabe, taxirik erabilienak dira, bai hiriburuan baita beste hiri batzuetan ere. Taxilari horiek, hiri bakoitzean, kolore jakin bateko alkandora eramaten dute, eta horrela oso erraza da bereizketa egitea. Guk bidaitxo bat egin genuen taxi berezi horietan, eta beldurrez eta harriduraz, ezagutu genuen zein trebeak diren horren kaotikoa dirudien zirkulazio batean mugitzeko.

 

 

 

Cotonutik gertu dagoen GANVIÉ herri arrantzale berezirantz goaz. Berezia sakonera gutxiko laku handi baten erdian dagoelako eta, ondorioz, etxeak “palafitoak” direlako eta bertako biztanleen joan-etorri guztiak kanoaz egiten direlako. Guk herri horretako ostatu xume eta xarmangarri batean egiten dugu lo, eta orduak eta orduak ematen ditugu hango bizimoduari so egiten. Esan bezala, dena egiten dute kanoaz, ume txiki-txikiak ere kanoa eramaten ikusten dira, berdin emakumeak zein gizonak. Izan ere, kanoaz doaz eskolara, edateko uraren bila (lurpeko putzu batetik motor batez ateratzen dutena), erosketak egitera (azoka uretan baitago eta saltzaile ugari kanoaz mugitzen baitira)…

 

 

 

 

 

Zoritxarrez, ez dakigu Ganviéko bizitzaren oinarriek noiz arte iraungo duten. Uraren ametsa izeneko DVDan agertzen den bezala, herri oso pobrea izanik, ez du estolderiarik, zabor eta hondakin guztiak lakura doaz, eta, ondorioz, ura eta arrainak gero eta kutsatuago daude.

 

Egun askotan kostaldean egonda gero, iparralderantz jotzen dugu Gineako golkoko urak atzean utziz. ABOMEY hirian gun bat egin ondoren, iparraldeko NATITINGU herrira iristen gara. Paisaia berriro aldatu da, kostaldean baino lehorragoak diren eremuetan gaude eta bidaiaren hasieran ikusitako sabanak berriro agertzen zaizkigu. Kultiboetan ere nabarmena da ezberdintasuna: kostaldeko lurraldeetako kakaoa, bananak, ananak…desagertu dira eta gero eta ugariagoa da biztanleen dietan oinarri-oinarrizkoa den artatxikia.

 

 

Natitingu somba edo otamari etniaren lurraldeko hiriburua da. Etnia hori duela urte gutxira arte nahiko isolatuta bizi izan da, eta beraien kulturak, sinismenek eta arkitektura bereziak beren horretan diraute.

 

 

 

BURKINA FASO

 

Natitingu utzi, segi iparralderantz, azken muga zeharkatu eta Burkinan sartzen gara berriro, orain FADA N´GURMA izeneko herritik. Fadan gau bat eginez gero, Uagadugura iristen gara bidaiako azken egunak pasatzera.

 

Burkinan sartu garenetik autoen zirkulazioa gehiago murriztu da. Bizikletak ugaritu dira eta astoen bidezko joan-etorriak ohikoak egin dira. Autotik zenbait argazki atera ahal izan ditugu hiriburuan eta inguruko errepideetan ikusten den  bizimoduaren erakusle direnak.

 

 

 

 

 

 

 

Bidaian bisitatu ditugun herri horien pobrezia (Ghana salbu) lazgarria da. Ezinezkoa dirudite mundu globalizatu honetan gure gizartearen eta hegazkinez 4 bat ordura dauden gizarte horien egoeraren arteko jauzia eta desoreka ikaragarriak. Ikusi duguna ikusita, nola ez dute “pateretera” joko inongo irtenbiderik ez duten gazteek?.

 

Hori ukaezina izanik ere, deigarria da pobrezia hori ez bistaratzea beste herri aberatsago batzuetan beste. Pentsa genezakeenaren kontra kaleak ez daude eskalez eta baztertuez beterik. Hori ulertzeko kontuan hartu behar da, agian, herri horien kulturan oso-oso errotuta dauden familia kideen arteko lotura estuak. Familia zentzu zabalean hartuta, hau da, hiru belaunaldi, neba-arrebak, lehengusu-lehengusinak… Horrek oinarrizko kohesioa ematen dio gizarteari, eta beste toki batzuetan baino zailagoa egiten du lagunen bat erabat baztertuta edo inoren babesik gabe aurkitzea.

 

 

 

 

 

 

Nork: afariketan.2008/11/11 10:44:48.008 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/09/19 00:28:31.972 GMT+2

Sabatikoaren lehen geltokia: Asturias (Hartza)

Urte sabatikoa, besteak beste, hartzaren parajeak lasai eta sakon ikusteko erabili nahi izan dugu. Horretarako, Mendikate Kantabriarra da tokirik aproposena  hortxe baitago Penintsularen populaziorik handiena (Pirinioetan oso hartz gutxi baitaude).

 

 

 

1980eko hamarkadatik hona urrats garrantzizkoak eman dira frogatzeko mendikate horretan tokia dagoela hartzarentzat eta gizakiarentzat. Antza, gorabehera batzuen ostean, aipaturiko urratsei esker, hartzaren populazioa egonkortu egin da. Hala ere, oraindik txikia da mendikate osoan 100-150 hartz baino ez daudelako, bi multzotan banatuta daudelako (mendebaldekoa eta ekialdekoa) eta mehatxu ugarik bere horretan dirautelako. Horien artean honako hauek aipa daitezke: mendian egiten ari diren pista ugariak, eski-estazio berrien proiektuak (San Glorion, adibidez), gainazalean zabaldu diren ikatz-meategi erraldoiak…

 

 

 

Mendikate Kantabriar osoan horren hartz gutxi egoteak zaildu egiten du asko animalia horren behaketa. Benetan oso zaila da hartz bat ikustea. Horregatik, gu hartzaren jarraipenean aditu den lagun batekin joan gara, eta “lan” horretarako ia aste oso bat erabili dugu (irailaren 9tik 14ra).

 

Hartza molestatu barik ikusi ahal izateko urrunetik begiratu behar da, eta horretarako prismatikoez gain teleskopioa eramatea behar-beharrezkoa da.

 

 

 

Gu zenbait saiakera egin ostean irailaren 11n, hartz ar bat ikusteko aukera izan dugu. Nahiz eta urrun egon (ia pare bat kilometro) oso ondo eta luze (ordu bete inguruan) behatu diogu. Primeran ikusi dugu garai honetan asko gustatzen zaizkion otsapagoko (Rhamnus alpina) fruituak jaten. Ederki ikusi dugu lan horretarako eskuez baliatzen, zuhaizka osoa arakatzen, espezie bereko beste zuhaizka batzuetara joaten…Hala ere, ez dugu argazkirik guretzako urrunegi egon delako.

 

 

 

Astea borobiltzeko irailaren 14an guk biok (gure lagunak alde egin behar izan du eta) beste bi hartz ikusi ditugu. Kasu honetan, bata emea izan da eta bestea, agian, kumea. Behaketa ederra, inguru zoragarrian.

 

 

 

 

Nork: afariketan.2008/09/19 00:28:31.972 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2008/09/05 09:39:59.064 GMT+2

MOTORRAK BEROTZEN

Sabatikorako ondo prestatzeko, zer hobe oporraldi luzea eta etengabea egitea baino? Horrela, uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara arte, bizikletari ekin diogu Asturiasko eta Galiziako paraje ederretatik.

 

Irteera puntua Ribadesella izan da. Bertaraino trenez heldu, eta hurrengo egunean, uztailaren 18an,  pedalak eman eta aurrera.

 

  

Lehenengo Asturiasko kostaldearekin eta gero Lugoko eta A Coruñako kostalde (“Goi itsasadarrak”) lasai eta ederrarekin gozatu dugu. Zenbat hondartza polit, zenbat hezegune interesgarri, zenbat lurmutur eta faro isil eta, aldi berean, basati. Kareharrizko kostan zein granitozkoan, itsaso biziak bere etengabeko lana egiten: toki batzuetan higatzen, beste batzuetan sedimentatzen, eta dena irtenune eta sartune erakargarriez betetzen. Eta kasu gehienetan gainera, oso jende gutxi.

 

        

 

Kostaldearen ikusgarritasunaz blaitzeko, dirudienez Prestigen istripuaren ostean eta laguntza europarrarekin, bizikletaz eta oinez egiteko egin barik utzi ezin diren paseoak daude. Ondo prestatuta, ondo seinalizatuta eta panelez (balio paisajistikoak, naturalistikoak....azaltzeko) hornituta.

 

 

 

Atsedena hartzeko hainbat herri eta herrixka majoak, eta primeran jateko aukera ematen dutenak. Adibidez, Rinloko kofradian dastatutako “arroz saldatsua”. Ikaragarria¡

 

       

 

Bestalde, bisitatutako hirietan ez dira falta izan sorpresa atseginak. A Coruñan adibidez.

 

 

 Kostaldea Murosen utzi dugu “Costa da Morte” zeharkatuta eta gero, eta barnealderantz jo dugu.

 

 

 

 Lehenengo Santiagora, gero Lugora eta hortik berriro Asturiasera. Asturiasko barnealdean hiru eskualde eder ikusi ditugu: Los Oscos, Somiedo eta Teverga. Hirurek merezi dute, nahiz eta bizikletan egiteko malda handi eta luzeak igo behar izan.

 

       

 

 Azkenean Oviedotik pasatu eta berriro Ribadesellara iritsi gara. Hiru eguneko atsedenaren ostean, trena hartu eta abuztuaren 28ko arratsaldean Bilbora iritsi gara. Guztira 1.750 kilometro inguru, tarte laua zer den ikusi barik, baina, oro har, errepideak lasaiak eta zoru onarekin. Etapa amaieretan, Asturiasen bereziki, beti izan dugu aukera ibilbidean metatutako egarria sagardotxo batekin konpontzeko.

 

 

Sabatikorako motorrak berotu ondoren, prest gaude  irailaren 1etik aurrera "askapen-urteari" etekina ateratzeko.

 

Nork: afariketan.2008/09/05 09:39:59.064 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2008/07/03 17:44:26.432 GMT+2

Sabatikoaren bitakora kaiera

Lagunekin eta lankideekin harremanetan jarraitzeko kaiera izan nahi du blog honek. 2008-09 ikasturtean egingo ditugun bidaien berri emateko

Iaz Afrikan ateratako argazki bat

Nork: afariketan.2008/07/03 17:44:26.432 GMT+2
Etiketak: sabatiko bitakora | Permalink | Erantzunak (11) | Errenferentziak: (0)