2008/05/12 00:24:01.157 GMT+2
Beldurraren isiltasunean isuritako malkoek
lurrazpiko errekak osatu zituzten
eta pitzatutako haitzetan barrena egin du bide
memoriaren emariak.
Askok lubakia izan zuten hilobi
eta hilobi guztiak dira lubaki
hezurretan
ADNa bezala irakur daitezkeelako
haien ametsak.
Lur mugimendu erraldoietan adituak direnak
indusmakina txiki baten beldur dira,
ahanzturaren zulo lokaztuetan
dituztelako zutoinak
beren bulego distiratsuek.
Ez dira ba
hezur horiek izango
indar metaketarako
behar ditugun hildako guztiak?
Atera liteke itzaletatik
gure herria itzaletatik?
Ahanzturaren lurrak memoriaz bustirik
hazi dadila batasunaren zuhaitza
adar askoren aliantza,
gure lana eta gure hitza
besterik ez dugunon
esperantza.
Argazkia Berriatik: Omenaldi jendetsu eta hunkigarria jaso dute frankismoak hildakoek Sartagudan
Nork: iruberten.2008/05/12 00:24:01.157 GMT+2
Etiketak:
olerkiak
batasuna
memoria
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/08 00:54:20.950 GMT+2




Nire lagun euskaldunek, batzuetan, nire bultzadazko txaloei harrigarriak eta ez oso lagungarriak irizten diete. Ez daukate argi etsaiak gero eta errepresio neurri indartsuagoak erabiltzeak zera esan nahi ote duen, gatazkan etsitze bidean dagoela. Ez baitute aski ondo ulertzen zer-nolako lan demasa egin behar duen estatuak bere buruarekin, ez dutela garaitu onartzeko. Ez ote da normala estatuak, bera baino izugarri ahulagoa den aurkari baten aurrean, ezer ez onartzea harik eta aitortu arte bere indar guztia mahi gainean jartzeak auzia konpontzen ez duela? Estatuak borrokatzeari uko egingo balio, horrek zatiketa geografikoa ekarriko lioke -lehenik pentsaezina eta gero oso desatsegina izango litzateke-, eta iritzi publikoak ez lieke barkatuko beren buruzagiei auzia indar bidez konpontzea ezinezkoa dela frogatu baino lehen amore ematea.
Erretretan dauden ofizial frantziar asko aurkitu ditut tximinia zokoan oraindik ere marmarka Aljeriako gerra irabazita zeukatela. Eta neurri batean zuzen daude. Challe jeneralak borrokalari talde aljeriarrak (katibak) hankaz gora utzi zituen. Eta abioi, auto-gotortu, elitezko soldadu eta enparau asko eta askori esker lortutako garaipen hori ezinbestekoa izan zen Frantziak galdu egin zuela onar zezan. Armadak egunez eremua menperatzen zuen; gauez, frantziar bakar bat ere ez zatekeen ausartuko bide bakarti batean armarik gabe eta bakarrik kilometro bat egitera. (...)
Halako gatazka baten garaile irteten den aldea ez baita izaten bitarteko indartsuenak dituena (militarrak, poliziak, finantzak, komunikabideak), baizik eta azken ordu laurdenari eusteko gai izaten dena.
Hori bai, ez da samurra punching-balla izatea...
Gilles Perrault, Bi epaile frantziarrentzako eskutitza
Nork: iruberten.2008/05/08 00:54:20.950 GMT+2
Etiketak:
errepresioa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/03 23:55:45.839 GMT+2
“Gehiegizko informazioa dago”. Guztiz zentzuzkoak iruditzen zaizkigu horrelako baieztapenak. Izango dugu agian horretaz aritzeko astirik, baina bitartean, norbaitek esango al dit zer gertatu den lagun hauekin?
Gameli Akogo (kontramaisuaren laguntzailea), Ashitey Amary (marinela), Eric Arthur (marinela), Nuako Joseph Adu (sukaldeko laguntzailea), Agbelli Joseph Kwame (marinela), Andoh Justice (marinela) eta Justice Kuegblenya (marinela). Noussoufa Aly (koipeztatzailea), Julien Rakotovelo (sukaldeko laguntzailea), Heriniaia Thierry Abdala (marinela) eta Rakotonandrasana Willy Adrien (marinela). Diouf Ansou (marinela). Nourrice Guitto Gerard (marinela).
“Playa de Bakio” ontziko kideak dira. Ez dugu izan ordea bere itzuleraren berririk; ez aireportuko irudirik, ez senideen irririk. Joan al dira elkarrekin bazkaltzera jatetxe batera? Egin al dute siestarik?
Arrastorik ez. Ni baino bilatzaile trebeago batek ezer aurkituko balu, eskertuko nioke horren berri ematea. Informazioari dagokionez,
gaizki hasi zena okerrago bukatu da.



Argazkia: reNET
Nork: iruberten.2008/05/03 23:55:45.839 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/24 01:29:41.539 GMT+2




Esaera zaharrak dio:
"Etxeko sua etxeko
hautsez estali behar da."
...eta baserria kiskali zuten.
Intzak hiru urte ditu eta Enekok bi hilabete. Intzak barizela pasa berri du eta larunbatetik, atzo goizean medikura joateko besterik ez da atera kalera. Arratsaldean bost orduko siesta egin zuen eta, nik uste, hor burutu zuen bere gorputz txikiak gaixotasuna gainditzeko prozesua. Gaur suziri.
Txinpart eta ke isats luzeak Zumardian kokatzen lagundu gaitu. Neurona bakoitzak helmuga propioa zuen. Batek txirristatik jaitsi nahi zuenean besteak elizako eskailerak igotzea erabaki du; bidetik baina, hirugarren bat gailendu zaie eta amaren kafeari azukrea botatzera zuzendu ditu Intzaren pausoak.
Horrela joan da eguna, Enekoren tripako minek zuzenduriko soinu banda satanikoaz lagundurik.
Suziriak indarra galdu duenean balkoi bat jo du eta ezindurik, non lehertuko zain gelditu gara bere ibilbide eroa nola edo hala saihestuz. Afaltzera deitu eta ostikoka hasi da lurrean barreiatu jostailuekin. Ipurdiko galanta eman diot.
Antzua eta kaltegarria izateagatik damua, pentsatu gabekoa izateagatik lotsa eta beldurra. Ipuinaren ordez, argi txikiaren goxoan besarkaturik gertaturikoaz aritu gara. Horiek geuretzako gordetzen ditut baina zur eta lur utzi nauen zerbait esan dit: “zu mutila zara eta pitilina duzu”.
Jakina, ez da lehendabiziko aldia, Intzak denbora baitarama sexuak desberdintzen. Baina gaur, generoaz ari zela iruditu zait.
Nork: iruberten.2008/04/24 01:29:41.539 GMT+2
Etiketak:
generoa
sexua
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/22 00:07:41.005 GMT+2
Poliziak airera bota zituen tiroak, baina hedabideek gertaeren aurpegiaren aurka hustu dute kargadorea: danba!
segi danba!
enboskada danba!
9 ertzain zaurituak.Wyoming-ek gidatzen zuen
CQC saioko
Curso de ética periodística atalaz gogoratu eta adierazi dutena garbiago jasotzeko proposamen hau prestatu diet eitb, dv eta enparauei:
<< Bi ertzain terrorismoaren apologia egiten zuen pankarta bat kentzeko kotxetik jaitsi diren une berean, Segiko 50 kide kaputxadunak agertu eta agenteen aurka oldartu dira burdin barrez lagundurik. Desarmaturik zeuden ertzainak lurrera bota eta gupidarik gabe jipoitu dituzte, harik eta inguruko bizilagunek erradikalei aurre egin dieten arte. Ziztu bizian ihes egin duten arren, bizilagunen kolaborazioari esker herrikoak ez diren 16 eta 17 urteko bi erasotzaile atxilotzea lortu dute. Antza denez, zinegotzi erradikal batek dirua, droga eta Play Station jokoak eskaini zizkien atentatuan parte hartzearen truke. Atxilotuak gurasoen esku daude jada.>>
Itzul dadila Calleja!

ETBren manipulazioa salatzen duen bideoarenteria enboscada googleatu
Gertaeren berri Oarsoaldeko Hitzan
Nork: iruberten.2008/04/22 00:07:41.005 GMT+2
Etiketak:
orereta
manipulazioa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/20 08:46:16.123 GMT+2

Datuak bildu nahi nituen hona, ustelkeriaren euskal artisten lanak aipatu. Ezinezkoa ordea. Zifra saldak nire hitzak estali? Ezta pentsatu ere! Blog baterako baino, ikerketa lanetarako gaia da ustelkeria. Ez al da Pepe maitearen lekukoa hartuko duen kazetaririk?
Ustelkeria kasuei buruzko informazioa korapilatsua da: zifrak, izenak, harremanak, datak, organigramak... zakarregia inor entretenitzeko ezta? Aitortu behar dut neuk ere, informazio jale konpultsiboa, nekez jarraituko dudala luzaro eta zehaztasunez horrelako informazio hari bat. Baina samurragoak al dira kirol sailetakoek harilkatzen dituzte kulebroi amaigabeak? Poetikoagoak al dira lege, kontratu, klausula eta horrelakoak hizpide dituzten albisteak?
Erabateko zentsura, itsusia izateaz gain, lehen baino zailagoa da gauzatzen, interneti esker besteak beste. Zentsurarik ezean,
albisteak albiste denak alpiste: milioika ale plazan barreiaturik, interneti esker besteak beste.
Iruzur fiskalak aparteko bat merezi du.
Nork: iruberten.2008/04/20 08:46:16.123 GMT+2
Etiketak:
ustelkeria
kazetaritza
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/15 00:21:03.342 GMT+2

Magia saio on batean desagertzen den lehendabiziko gauza nire eszeptizismoa da. Magoaren hitzak tranpolin, kapelaraino jauzi egin eta koloretako zapietan behera irristatzen naiz jakaren poltsikoraino. Trikimailuaren triki eta mailua antzeman nahian ozenki dabiltzanak, izan aita izan haurra, inoiz loaren sakonetik esnatu nauen komertzialaren telefono deiaren pareko eragina sortzen dit. Horregatik ederki ulertu ditut Txan Magoak Argia aldizkarian esandakoak: “Mago on baten lana da ikuslea izebergak ur azpian duen puska ez bakarrik ez ikustea, baizik eta ahaztea”.
Herri honetan magiak etorkizunik ote duen galdetuta zera erantzun zuen: “Bai, magiak Euskal Herrian badu etorkizunik. Magoek, ordea...” ...ez, horrela
no future Xanti... horren elkarrizketa laburrean AHT, kontsumo gizartea eta rocka aipatzeko astia duen magoak, trikimailuak baino mirariak beharko ditu etorkizuna izateko.
Txan Magoa: zure kutxa magikoa,
txikiegia zaharregia agian, ordezkatu behar duzu. Gipuzkoa Donostia Kutxa magikoarekin elkarlanean etorkizun oparoa daukazu zai. Banatuz plataformak egindako salaketaren arabera Kutxak 172 miloi euro desagerrarazi ditu etekinetatik gizarte ekintzetarako beharko luken horren %25a beste
zereginetara bideratzeko. Hori bai magia, magia beltza.
Txan Magoa ArgianBanatuz Info7 IrratianKutxako bozen emaitzak Berrian
Nork: iruberten.2008/04/15 00:21:03.342 GMT+2
Etiketak:
magia
kutxa
txan
banatuz
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/11 00:38:22.134 GMT+2
Euskara inposatu didate. Jaten ditudan ia hitz guztiak euskaraz hartzera derrigortuta nago. Liburuak, prentsa, irratia, blogak eta telebista ere euskaraz jasotzeko beste aukerarik ez dut... nire erdipurdiko euskarari eutsiko badiot. Aspaldian konturatua bainago erlaxatu eta berehala, hain neurea zeurea geurea den gazteleraren besoetan erortzen naizela cual Blancanieves en brazos del príncipe, cual
Patxi en manos de María, cual mortal euskaldunberri en manos de la diosa
diglosia.

Edurnezuriren ipuina dantza, festa eta ospakizunekin bukatzen bada ere, nire auzoko batek kontatu zidanez, printzea zerrikume galanta gertatu zen. Edurnezuriren bizitza goitik behera arautu zuen bere nahierara, menpeko, morroi eta esklabo bihurtuz. Tira, nire auzoa zeneko askok, haur zirela bizi zituzten gure Patxik helduxeago izan dituen esperientziak. Horrek ipuinaren ustezko jarraipenari sinesgarritasuna eman edo kentzen dion ordea...
Esperientziak bultzatuta, informazioa eta kultura elikadurari dagokionez dieta zorrotza eraman arren, euskarazko eskaintza gai da nire beharrak eta gutiziak asetzeko. Eta nik sukaldatzen ditudan apurrak, txoko honetakoak tarteko, ez lirateke askoz goxoagoak izango ama hizkuntzan prestatuko banitu; bai ordea garestiagoak: nire ama-hizkuntzak jelosiak jotako harrapakina bihurtu da eta nire maitale-hizkuntza ordezkatu nahi du, horretarako akabatu behar badu ere.
Beraz
Hasier, nik ere ez dut idazten euskara aitzinatzeko (gajoa euskara!), baina nire euskara aitzinatzeko uko egin behar diot erdarari. Euskara, bertsolari-idazle handiak bezala menperatzen dudanean gazteleraz eta La Paz auzoko hizkerari lotzeko gulari lotuko natzaio. Batek daki, agian nobela bat ere idatziko dut: “a las ocho en el euskal”. Bitartean dieta... eta egun txarretan
glotonia pixkat.
Nork: iruberten.2008/04/11 00:38:22.134 GMT+2
Etiketak:
euskara
diglosia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/05 00:48:04.829 GMT+2
Ez albiste eta ez alpiste, ezin hona bildu parrafo triste bat; begiak dira tartetxo libreetan biltzen ditudanak. Nori bururatzen zaio blog bat irekitzea bigarren semearen jaiotzaren lehen hilabetean?
Jaten eman, lokartu, jolastu, blogean idatzi, jantzi, garbitu, esnatu... Zein elementu ez dagokio serieari?
Amore eman, amore, eman, maitasuna eman, dare amore.
Amore ematea da haurrekin betetzeaz gain bete-betean haiekin gozatzeko sekretuetariko bat. Zure gutiziak asetzeko aukera baduzu, ederki; baina gainontzekoan, amore ematea da burua lardaskatzen dabilen arra akabatzeko sendabelarra. Nahi ta ezin, han goxo ez eta hemen ozpin.
Beraz, hemendik ez banago, amorratu gabe amore ematen ari naizen seinale.
Nork: iruberten.2008/04/05 00:48:04.829 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/22 01:17:44.370 GMT+1
Maiztasuna baino, maitasuna eskaini nahi diot txoko honi. Ahopeka, tonu baxuan eta bolumen txikian.
Nagusiki albisteak izango dira txoko honen sarreren jatorria, baina ahopeka eta zarataren azpitik saiatuko naiz. Nagusiki diot zeren, blogari guztiak bezala, azkenean edozertaz aritzeko eskubidea gordetzen baitut.
Lerro-buru handietan agertzen ez diren albisteak hartu nahi ditut hizpide. Ez naiz bitxikerietaz ari, baizik eta arrazoi batengatik edo bestearengatik, merezi duten oihartzuna izan ez duten albisteetaz.
Zarataren mailara iritsi direnak ere jorratuko ditut, baina behin oihartzuna amatatu denean, patxadaz hausnartuta eta ordura arte esandakorik errepikatu gabe. Azken hau lortzeko gaiaz esandakoa aztertu beharko dudanez, sarean topatu ditudan erreferentziak ere eskainiko ditut, beste inork interesa izanez gero eskura izan ditzan lotura horiek.
Azken finean, ni neuk
azkenpekotasuna, “azken orduko”ekiko adikizioa, gainditu eta informazioa bihotzerrea, pirrilera eta enpatxua pairatu gabe maneiatzeko saiakera izan nahi du honek.
Adikzioaz ari garela,
zuzenketadiktoren bat agertzen bada hemendik, era guztietakoak onartzen dira.
AEKko beteranoa izanik, zintzo demonio betetzeko ohitura dut eta.
Tira, berdin utzi bazaitut, zuk badaezpada harpidetu ezazu bloga, guapa, majo... hori asmakizuna jario irakurgailuena ezta? (
bloglines,
google reader). Hain errez kudeatzen dira hainbeste iturri...
Nork: iruberten.2008/03/22 01:17:44.370 GMT+1
Etiketak:
ahopeka
albisteak
asmoak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak