Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/03/18 01:13:38.048 GMT+1

Anonimotasunaz edo nire argazkia jartzeko aitzakiak

Ez diot anonimotasunari uko egiten, aukera zilegia iruditzen baitzait, batez ere, edonor zerbait adierazteko libre sentitzen ez denean.  Kasu horietan ere ordea, ez da ahaztea komeni benetako helburua askatasun osoz aritzea izan behar duela: gotorlekuko su goxoak etsaiaren sua baino oztopo handiagoa izan daiteke aurrera egiteko. Kanpora ateratzen ez bagara Hiroo Onoda-ri bezala gerta dakiguke. Inoiz entzungo zenutenez, 1974an Filipinetan topatu zuten II Mundu Gerrako soldadu japoniarra zen Onoda: gerra ez zela bukatu uste zuen eta bere nagusia izandakoa eraman behar izan zuten beregana, okerretik atera eta etxera itzul zedin.

Anonimotasunak, neurriz erabili beharreko babesa gisa ez bada, ez du aparteko zentzurik. Anonimotasunak ez du elkarbizitza behar, inor ez baita adierazten duenaren erantzule eta elkarrizketa baino, bakarrizketa jaurtiketa elikatzen du.

Azkenik, gurea bezalako hiztun komunitate txiki baterako bereziki interesgarriak eta gauzagarriak dira internetek ahalbidetzen dituen harreman sareak.  Horretarako ere oztopoa da anonimotasunak sor dezakeen mesfidantza.. “...Que aquí nos conocemos todos” bestea ez entzuteko aitzaki zakarraren lehengusu propioa da gaizki erabilitako anonimotasuna.

Nire argazkia blog batean jartzeko aitzakien bila ari nintzela beraz, “bloga izen abizenak” googleatu eta to! arrazoi zerrenda ederra topatu nuen Iban Arantzabalen blogean: behar nuen azken bultzada.

Ba horixe, anonimotasunaren armairutik atera eta elkar ikusiko gara!

P.D: Oraintxe topatu ditut Sustatun izandako anonimotasunaren inguruko eztabaida... uff, ia beldurtu eta atzera berriz egitekotan izan naiz, baina amak oso guapo nagoela esan ondoren ez dut ba argazkia kenduko, ezta?

Nork: Iñigo Rubert.2008/03/18 01:13:38.048 GMT+1
Etiketak: anonimotasuna identitatea | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Aupa Iñigo! Ongietorria blogosferara

Nork: Patxi.2008/03/20 18:40:20.637 GMT+1
http://patxitrapero.blogspot.com

Tarteka barrenak husteko ariketa ederra da bakarrizketa. Gainera ondo hornituta dituk testuak. Beste irakurle bat badaukak. Aio.

Nork: Anjel.2008/04/16 11:24:51.739 GMT+2

Interesgarri egin zaizkit hemen irakurritakoak.
galego eta afrikarrei buruz, berririk bai?
eztabaida plazaratzeko plaza ona duk bloga... duda barik.
aurrera beraz, pasaiako plazatik. zezenak berez ere agertuko dira eta.

Nork: ptx.2008/05/15 14:36:06.778 GMT+2
http://larrabetzu.org

Mila esker eta urte askotarako Patxi.

Orain dela hilabete gutxi baina astero astero entzuten dut Irratia. Sorpresa polita izan da beraz zure, oraingoan, idatzizko hitzak txoko honetan topatzea.

Galegoen berri jaso dugu aurreko asteetan, baina afrikarrei dagokionez Egiptoko Luxor hirian gelditu zirela besterik ez dut topatu; gainera ez zoritxarrez hurbilen ditudan hedabideetan argitaratua. Nonbait, tristura sortzen digu gure arrantzaren ikuspegi erromantikoa puskatzeak: neoliberalismoa Mcdonalsen hasi eta bukatzen dela pentsatu beharko dugu.

Egunon, arratsaldeon, gabon. Laster arte.

Nork: Iñigo.2008/05/16 00:57:26.184 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.