Goizeko zortzi eta erdiak aldera hasi gara kaletik bereizten gaituzten bost solairuak jaisten. Besoetan daramat Intza. Bigarrengoan gurutzatu dugu bizilagun berria, kolore eta hizkera desberdinetako lagunak biltzen dituen pisuan bizi da. Holaaaa musikala luzatu dio Intzak eta hooola ezinago irribarretsua itzuli dio neska gazteak.
Kalera atera eta ikastolarantz metro batzuk egin ditugu. Kontrako norabidean, detektibe pribatu itxurako gizon garai bibotedun bat hurbiltzen zaigu erritmo bizian baina oraindik urruti samar, agurtzeko urruti zalantzarik gabe. Hooolaaaa! Bibotearen azpiko irribarre zabalak agerian uzten du agurra jaso duela. Gerard Depardieuren Obelix gogoratzen dit orain. Aguurr esan diote elkarri gurutzatu garenean. Nire laguna da ehhh? argitu dit Intzak.
Ikastolako kanpoaldera iritsi eta gaur ezingo genuela txorien kanta entzun hasi natzaio esaten Intzari, garbiketa ibilgailu txiki baino zaratatsu horietako bat lanean ari zen eta. Hooolaaaaa. Ez irakaslerik, ez ikaslerik, ez beste gurasorik inguruan. Zalantzarik gabe garbitzaileari ari zitzaion. Alperrik ordea, honek makina gainean bueltaka ez ikusi ez entzun. Hooooolaaaaa! Urruti dago. Besoetatik askatu da Intza eta besoak astintzen korrika abiatu da garbitzailerantz: ehhhh! Kaiiiixooooo! Esku bat agur eginez atera da tramankulu garbitzailetik. Intza are indartsuago inarrosi ditu besoak. Nik ezagutzen dut gizona, nire laguna da esanez itzuli da korrika.
Bitartean, telebistak mehatxu, arrisku, susmagarri bilakatzen ditu irribarreak eta supermerkatuetan alarmak eskaintzen dizkigute.


Idatzi artikulu bat