Esaera zaharrak dio:
"Etxeko sua etxeko hautsez estali behar da."
...eta baserria kiskali zuten.
Intzak hiru urte ditu eta Enekok bi hilabete. Intzak barizela pasa berri du eta larunbatetik, atzo goizean medikura joateko besterik ez da atera kalera. Arratsaldean bost orduko siesta egin zuen eta, nik uste, hor burutu zuen bere gorputz txikiak gaixotasuna gainditzeko prozesua. Gaur suziri.
Horrela joan da eguna, Enekoren tripako minek zuzenduriko soinu banda satanikoaz lagundurik.
Suziriak indarra galdu duenean balkoi bat jo du eta ezindurik, non lehertuko zain gelditu gara bere ibilbide eroa nola edo hala saihestuz. Afaltzera deitu eta ostikoka hasi da lurrean barreiatu jostailuekin. Ipurdiko galanta eman diot.
Antzua eta kaltegarria izateagatik damua, pentsatu gabekoa izateagatik lotsa eta beldurra. Ipuinaren ordez, argi txikiaren goxoan besarkaturik gertaturikoaz aritu gara. Horiek geuretzako gordetzen ditut baina zur eta lur utzi nauen zerbait esan dit: “zu mutila zara eta pitilina duzu”.
Jakina, ez da lehendabiziko aldia, Intzak denbora baitarama sexuak desberdintzen. Baina gaur, generoaz ari zela iruditu zait.
Idatzi artikulu bat