Magia saio on batean desagertzen den lehendabiziko gauza nire eszeptizismoa da. Magoaren hitzak tranpolin, kapelaraino jauzi egin eta koloretako zapietan behera irristatzen naiz jakaren poltsikoraino. Trikimailuaren triki eta mailua antzeman nahian ozenki dabiltzanak, izan aita izan haurra, inoiz loaren sakonetik esnatu nauen komertzialaren telefono deiaren pareko eragina sortzen dit. Horregatik ederki ulertu ditut Txan Magoak Argia aldizkarian esandakoak: “Mago on baten lana da ikuslea izebergak ur azpian duen puska ez bakarrik ez ikustea, baizik eta ahaztea”.
Herri honetan magiak etorkizunik ote duen galdetuta zera erantzun zuen: “Bai, magiak Euskal Herrian badu etorkizunik. Magoek, ordea...” ...ez, horrela no future Xanti... horren elkarrizketa laburrean AHT, kontsumo gizartea eta rocka aipatzeko astia duen magoak, trikimailuak baino mirariak beharko ditu etorkizuna izateko.
Txan Magoa: zure kutxa magikoa, txikiegia zaharregia agian, ordezkatu behar duzu. Gipuzkoa Donostia Kutxa magikoarekin elkarlanean etorkizun oparoa daukazu zai. Banatuz plataformak egindako salaketaren arabera Kutxak 172 miloi euro desagerrarazi ditu etekinetatik gizarte ekintzetarako beharko luken horren %25a beste zereginetara bideratzeko. Hori bai magia, magia beltza.
Txan Magoa Argian
Banatuz Info7 Irratian
Kutxako bozen emaitzak Berrian

Idatzi artikulu bat