
2008/07/30 11:15:06.104 GMT+2
Oporrak nahittut!!!
Nork: aiene.2008/07/30 11:15:06.104 GMT+2
Etiketak:
inspirazioik´pe
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/06/03 09:28:30.364 GMT+2
Euskara salbatzeko dekalogoa
1-Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko, urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez, euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean.
2- Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da. Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio.
3- Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari, inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria: euskara=ikurrina=trikitixa=manifa.
4- Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du izan.
5- Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien jendeak ez dezala pentsa «ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote garrantzirik ematen», «zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola, gero izango dituzu hamar urte ikasteko». Legedi zabala hor dago; seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak.
6- Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna. Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak, reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen sentipena nagusitu dadin.
7- Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri, idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan ausartak.
8- Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak: euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura, euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit, Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea...
9- Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala, Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.
10- Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten moduan gizarte osora irits daitezen.
Pako Aristi
Berrian argitaratua, 2008ko ekainaren 1ean
Nork: aiene.2008/06/03 09:28:30.364 GMT+2
Etiketak:
euskara
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/19 11:45:17.639 GMT+2
GAUAREN LILLURA GOPLA LUCETAN
|
Hautsi omen da anfora Itsasperatu bafora... Gizonac egunez ecin asmatu du Bicitzaren metafora. Illunpeko argui printzac Cillarrez bustiac ihintzac... Ixiltasunaren axala marrazten Hauts bide zuritan sitsac. Ceruaren urdiñ hutsa Gauaren larru bilutsa... Irudimenaren lurralde urruna Hitzic gabeco hizcuntza. Ur gaiñean hillarguia Odolezco estalquia... Argui erraiñuen lillura gorrizta Arratsaren nostalgia. Zumar itzalen illadac Ibai ertzeco isladac... Uraren cantuac neurtzen dittu gauez Atseguiñaren silabac. Gauaren argui-hacia Izar zurien gracia... Elurrezco letretan inprimatua Ceru urdiñeco grafia. |
Argui horizten irrica Illun-larruan dirdirca... Brisa leunac aidean zabaltzen du Hillarguiaren lirica. Ceru beltzarre goibela Hodei illunen gaubela... Milla quiribilletan dantzan dabilla Chistuca hegan horbela. Butzuetan Lur beroen icerdia... Baso beltzean cantatzen dute hontzec Illunaren tragedia. Hosto berdasca horiac Ur gaiñera eroriac... Udazquen aldean ahaztuta utziac Haicearen memoriac. Goiz arguien ironia Illunaren agonia... Errecondoetan musica zuria Izotzaren sinfonia. Argui ezquillen danbada Ocena ta zabala da... Ibar lucean galtzen da oihartzuna Gau tristuraren balada. |
Patziku Perurena, 1988
Nork: aiene.2008/05/19 11:45:17.639 GMT+2
Etiketak:
bertsoa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/15 15:34:10.365 GMT+2
Ehiztaria eta deabrua
Igande-goiz baten, «Atxurkulu» basetxeko gizona, goizean-goiz mezea entzunda, eskopetea sorbaldan dingilizka ebala, basora txoritan joan zan.
Egun guztian basorik-baso ta mendirik-mendi txori-billa ibilita gero, arri-mokil baten ganean atsedena artzera jarri zan.
Arrausika ta lo-zorian egoala, inguruko landatxoan asto andi bat bedar guria jaten ziarduala ikusi eban. Eta eiztaria, begi ta belarri, asto baltzari adi-adi jarri yakon. «Onako zoririk orraitiño! —iñoan—. Orra, etxera geiago nekatu bagarik joateko aukera ederra non daukadan berton!» Eta ori esanda, beste bagarik, astoari bizkarrera salto egin eutsan; eta aren ganean patxaraz-patxaraz jesarrita, astoari deadar andiz esan eutsan:
Arre, arre, astoa;
orain lan eto gero lastoa...
Ori entzunda, asto baltzak be berba egin eban:
Basoa-gora, mendian-beera,
sasitzan-zear labar-ertzera....
Arre, demoniñua!
Eta geiago bagarik, asto baltzak gure gizona, ikotika ta abiada baten, baso ta mendirik-mendi bildurgarriro erabili eban.
Alako baten, labar andi bate txuntxurrera eldu ziran; eta orduan, astoak, bizkar-ganean eukan gizona, labar-erpiñetik beera jaurti nai izan eban.
Baiña, bere asmo okerra ezetara be ezin bete izan eban, indar miragarri batek bere lau ankai eusten eusten-eta. Barriro be, astoak bere atzeko ankak labar-erpiñeko zuloan sartuta ebazala, aurreko anka biak burua labarra-beera ipiñita, eiztaria bere bizkarretik jaurtiteko aalegiñak egin ebazan. Neke ta aalegin guztiak alper-alperrik, baiña: gizona ezetara be ezin kendu izan eban ganetik.
Orretan, elizatxoko txiliñak ots berezia egin eban, auxe esanez:
—Txarri demoniño! Gaur mezea entzun daualako, gatxik ezin egin oraindiño! Ire txarrerako ta gizonaren onerako egiten yoat nik «din-dan»!
Eta elizatxoko txiliñak «din-dan, din-dan» etenbagarik joteari ekin eutsan.
Orduan, astoak, ari gatxik ezin egin eutsala igarri ebanean, anka-urtika ta ikotika asita, bizkar-ganeko gizona bide-ertzeko landa bedartsura amorru andiz jaurti eban; eta, ori eginda, astoa bera, arrantzaka ta apatxoska, labarra-beera su ta gar joan zan.
Bitartean, eiztariak, landako bedartzan, txori-txorrotxio ederren artean, lo gozo-gozoa egin eban. Aitaturiko asto baltza, deabrua izan ei-zan.
Beste domeka baten be, arratsaldez, «Atxurkulu»ko gizona berbera, Agurtza eta Errosario deuna otoitz eginda gero, basora txori-billa joan zan. Eta gure gizonak, basoan sartu zanekoxe, bere inguruan erbi pilloak saltoka ta ikotika ikusi ebazan. Eiztariaren poza! «Au dok au! —iñoan pozarren—. Onakorik ikustekorik be! Daunbada bataz amar bat ardura bagarik il daitekezak-eta...!»
Eta ori esanda, daunbada bat jaurtita gero, amar erbi beingoan eskuratu ebazan. Orduan, eiztaria ezti-bitsetan jarri zan. Alako eizarik bere bizian ez eban egin. Eta erbi txorta ederra eskuetan ebala, illuntzean, etxerako bidean pozez beterik abiatu zan. Eta ibili ta ibili eginda, bide-erdian gaba egin yakon.
Alako baten, «Oxin-baltza»-ingurura eldu zan. Eta «Oxin-baltza»-ko ur-ertzean, illargiaren argitan, oillar gorri-gorri bat ikusi eban. Eiztaria, oillar gorria ikustean, poztu egin zan, begiz ikusten eban lako oillarra izango zalakotan. «Au dok izatekoa! —esan eban—: erbiak bakarrik ez, baita oillarra be sekulakoa etxeratu bear yoat gaur nik...»
Eta berbokaz batera, eskopeta-erpiña oillar gorri agana begira ipiñi eban.
Onetan, baiña, «Oxin-baltza»-barrutik ots ikaragarri bat, deadar andi bat urten zan:
—Ori or dagoan ori be, ekarri egidak ona! —esan eban ur-barruko otsak.
Deadar ori entzun ordukoxe, ur-ertzeko oillarrak kukurruku zolia egiñaz, auxe esan eban:
—Ez, gaur ez: Errosarioa ondo esan dauan ezkero, orren ondora eltzeko be eskubiderik ez yaukat-eta... Orretan, oillar gorria, beste kukurruku zoli batzuk aizetan itzita, ego-ots andiak egiñaz, «Oxin-baltza»ren barruan sartu zan.
Berba ta ots arekaz, «Atxurkulu»ko gizona estutu ta larritu egin zan. Eta erbi-txorta eskuetan eta eskopetea sorbaldatik dingilizka ebala, etxerako bidean «Aitarenka» baten jarri zan.
Ur-ertzeko oillar gorria be deabrua izan ei-zan. Eta deabru arek, eiztaria basora Errosario deuna otoitz eginda joan zalako, ezin eroan izan ei-eban beragaz...
Euskalerriko ipuñak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990
Nork: aiene.2008/05/15 15:34:10.365 GMT+2
Etiketak:
ipuinak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/08 11:41:46.309 GMT+2
Nire aitaren etxea defendituko dut
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Gabriel Aresti
Cuarenta poemas” liburuan argitaratu zen lehen aldiz, 1970an (Helios argitaletxea, Madril).
Nork: aiene.2008/05/08 11:41:46.309 GMT+2
Etiketak:
gabriel_aresti
poesia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/07 11:42:57.570 GMT+2
Lurraren pian
Lurraren pian sar nindaitke, maitia, zure ahalgez!
Bost phensaketa eginik nago zurekin ezkondu beharrez;
Bortha barnetik zerratu eta bethi khanberan nigarrez,
Sendimenduiak airian eta bihotzetikan dolorez...
Ene xangrinez hilerazteko sorthuia zinen arauez!
Oren hunian sorthuia zinen izar ororen izarra!
Zure parerik etzaut jiten neure begien bistara.
Espos laguntzat gald'egi zintudan erran nerauzun bezala:
Bainan zuri ez iduritu zuretzat aski nintzala;
Ni baino hobebatekila Jainkoak gertha zitzala!
Mariñelak juaiten dira itsasorat untziko:
Zure ganako amodioa sekulan ezdut utziko.
Xarmagarria, nahiz ez giren elgarrekilan biziko,
Behin maite izan zaitut eta etzaitut hastiatuko:
Bihotzian sarthu zitzautzat eternitate guziko.
Primaberan zoinen eder den xoria khantuz phaguan!
Amodiuak ibili nu, maitia, zure onduan;
Deusetan ere etzaitut nahi bortxatu amodiuan:
Xangri huntarik hiltzen banaiz satifazaite goguan,
Malerusik aski izanen naiz nihaur bakharrik munduan!
Nork: aiene.2008/05/07 11:42:57.570 GMT+2
Etiketak:
amodioa
kantak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/06 12:13:18.574 GMT+2
Gosaria
Gaur goizez prestatu dizut gosaria
Mahai gainean intxaurrak, kafea eta ogia.
Joan zara ohi bezala eskolara
Umeak oliba begiekin sorgintzera
Mamuak, haientzat hemen ez da lekurik
Lagun berriak eta eskerrak eman bizitzari
Agian hemen dukezu zure kabia
Sustraiek hatzeman dute lur berria
Negarrez esan dizute ez agurtzeko
Joan dala ta ez dala luzean itzuliko
Sendatuko dizkizu itsasoko urak zauriak
Orbanak lehortuko dizkizu eguzkiak
Maite zaitut inoiz maitatu ez banu bezala
Maite bakarrik behin maitatu izan banu bezala
Gaur gauez jantziko dizut pijama zuria
Bihar goizez nik prestatuko dizut gosaria
Mahai gainean intxaurrak, kafea eta ogia.
Nork: aiene.2008/05/06 12:13:18.574 GMT+2
Etiketak:
mikel_urdangarin
kantak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/30 13:48:27.585 GMT+2
Zer hostia!!
Francoren morroi bati
entzuna diot
bart,
hamar espainol bederatik
bat
Madrildarra
dela;
gure kuñatezan
hogei eta lau gara,
baina bat ere ez da
Madriletan
jaio.
Hortik konkluditzen dut
ezen
edo Francoren morroiek
gezurra
diotela,
edo euzkotarrak
ez garela
espainol.
Nork: aiene.2008/04/30 13:48:27.585 GMT+2
Etiketak:
1986
poesia
gabriel_aresti
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/29 14:59:46.726 GMT+2
Amodio traidorea
Amodio traidorea!
Beti pena emailea,
Zer nahi duk niganik?
Habil, habil hemendik
Ez eman niri penarik,
Ez diat nahi deusik
Higanik,
Utzi nizak bizirik!
Ingrat baten maitatzeak
Ematen tuen doloreak,
Orai frogatzen ditut nik,
Maitearekin egoitea,
Harekilan mintzatzea,
Desiratzen baitut nik.
Bakarrik,
Penaz nago bizirik.
Ez dezazula permiti,
Hil nadin horren krudelki,
Maitea, zuregatik!
Maitatu zaitut fidelki,
Ez dut batere merezi,
Tratamendu krudelik,
Orai nik,
Maitea, zureganik.
Adios, beraz, maitea,
Neure penen iturria,
Erraiten dauzut egia,
Ikusiren duzu laister
Erremedioak alfer,
Zure maitatu bihotza,
Hil hotza,
Eta tunban gorputza!
Nork: aiene.2008/04/29 14:59:46.726 GMT+2
Etiketak:
anonimoa
poesia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/18 13:42:56.718 GMT+2
Basatxoritxu
Basatxoritxu moko luzeak
ez igan zerura bila:
aingerutxurik behar ezkero
horra hor nire mutila.
Bere musua elurra da eta
sua bihotza eta ezpainak
bertan urturik biziko dira
nire bularra eta zainak.
Nork: aiene.2008/04/18 13:42:56.718 GMT+2
Etiketak:
bizitza
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)















