Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Zaldupe-Alleri pasealekuko obrak behin behinean gelditzeko eskatu du, epaiketa egin arte.
Obra hau Allerin egin nahi zituzten etxeetara hornidurak eramateko (ura, elektrizitatea...) aurreikusi zuen udal gestorak, nahiz eta gero pasealeku bezala aurkeztu zuen. Alleri Zainddu! Plataformak proiektu horren kontrako salaketa ipini zuen, Alleriko 500 etxebizitzen proiektuaren luzapen bat zela argi zegoelako.
Alleriko etxeen proiektua epaitegiek geldituta bazuten ere, udalak aurrera jarraitu zuen pasealekuko obrekin, eta lur azpiko hornidurak sartzen hasi zen. Herri mugimenduak gelditu behar izan zuen asmo hori, obretara joanda,
Alleri zainddu! plataformak argi esan zuen pasealekuko obra horiek egiteak arazo legalak ekar zitzakeela. Alleriko etxeen plana geldituta zegoen, babestutako padura batean eraiki nahi zelako, eta plana zahartutako arau subsidiarioetan oinarrituta zegoelako. Pasealekua ere babestutako gunean eta zahartutako arau subsidiarioen gainean ari dira egiten. Obra bat geldituta bazegoen, aurreikustekoa zen bigarrena ere geldi zitekeela. Gainera, proiektuak Zaldu ibaia berreskuratzea ere ez zuen aurreikusten, nahiz eta Kostasek behin eta berriro eskatu duen.
Udalak, burugogor, aurrera jarraitu zuen. Eta azkenean hornidurarik gabeko pasealeku bat egitea erabaki zuen (euren asmoa obra bat egitea zen, edozein baldintzatan). Alleri zainddu! plataformak aurkeztutako alegazioei ez zieten kasurik ere egin. Herritarren kontzentrazio eta protestei ere ez.
Baina epaitegietako salaketak bere bidea egin du. Eta orain epaileek obra gelditzeko eskatu dute, aurreikusi genuen bezala. Udalekoak “temerarioak” direla ere gaineratu dute, hainbeste zalantza egonda proiektu honekin aurrera jarraitzearren.
Baina obra hasita dago. Bideragarria eta legala izango den ala ez zalantzan dagoen obra batetan dirutza publikoa gastatu du Udalak, 800.000 euro hain zuzen ere, eraikuntza enpresen interes pribatuak asetzeko. Udalekoei berdin zaie, euren asmoa diru hori edozelan eta edozein baldintzatan gastatzea baitzen.
Lotsagarria iruditzen zaigu herrian dagoen beharrizan piloarekin udala halako obretan dirua gastatzen ibiltzea, arauak hausten eta herritarren berbari kasurik egin barik.
Honen aurrean, ozen eskatzen dugu Alleriko pasealekuko obrak gelditzeko, eta udalean proiektu hau aurrera eraman dutenen izen abizenak eta ardurak argitu eta zehazteko.
Hemendik aurrera, Allerik eta bere inguruek daukaten balioa kontuan hartzeko eskatzen dugu, eta horren araberako ekintzak burutzeko bertan. Obrak egitearren egitea helburu duen eredu ekonomiko hau aldatu beharra daukagu. Batez ere gure ingurunea kaltetzen duelako, eta hiru lau aberasten dituelako besteon kontura. Gure ongizatea ezin dugu obrekin estali, gure etorkizuna ezin dugu eskabadorekin eraiki!
EAEko auzitegi nagusiak atzera bota du Ondarroako Udal Kudeaketa batzordeak ipinitako errekurtsoa, eta 500 etxeen proiektuak etenda jarraituko du epaiketa egin arte.
2010eko uztailean EAEko auzitegi nagusiak erabaki zuen Alleriko 500 etxeen proiektua epaiketa egin arte gelditzea, Alleri zainddu plataformak sartutako salaketari jaramon eginez, epaileek argi ikusi baitzuten irregulartasunak egon zitezkeela.
Horren aurrean udalak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina epaitegiek ez dute errekurtsoa onartu, eta proiektuak geldituta jarraituko du epaiketa egin arte.
Momentuz, udalaren asmo espekulatzaileak oztopatzea lortu dugu.
Urteetako lana bere emaitzak ematen ari da! Alleri zainddu!
Ondarroako Ezker Abertzaleak Alleriko proiektuaren inguruko analisi historiko interesgarri bat egin du, azken hamarkadetako testuinguru sozial eta ekonomikoaren aldaketa azalduta.
2010eko irailaren lehen astean, Ondarroako udal gestorak Zaldupe-Alleri
pasealekuaren urbanizazioa hastea erabaki zuen. Beharginak tubo handiak
sartzen hasi ziren lur azpian, Alleriko parean.
Horren aurrean,
herritar talde bat eta Alleri Zainddu plataformako kide batzuk Allerira
joan ziren, langileei obrak ilegalak zirela esan eta gelditzeko
esijituz. Egun horretan obrak bertan behera gelditu ziren eta
plataformak konzentrazioa dei tu zuen egun bi beranduagorako.
Handik
bi egunera, obren kontrako konzentrazioan zeuden herritar batzuk eta
plataformako kideek batzarra egin zuten obretako arduradunekin eta
udaleko arkitektuarekin. Plataformako kideek argi azaldu zuten obra
horiek ilegalak zirela, eta ez zutela behar besteko baimenik. Horren
aurrean, udaleko ordezkariak honako proposamena egin zuen: paseoa
urbanizatzea, baina lur azpiko azpiegiturak sartu gabe.
Alleri
zainddu palataforma eta zenbait herritar asteburu horretan batzartu
ziren, eta udalaren proposamenari honako erantzun hau ematea erabaki
zuten:
“Zaldupeko Zubitik Zaldupeko eskolaren atzeko zatiraino
paseoa egokitzeko arazorik ez dagoela, baldin eta tramitazio legaletan
beharrezkoak diren egokitzapen, moldaketa eta zuzenketak egiten badira.
Hortik aurrera (Anesutik Allerira) obrarik egitea ez da komenigarria,
ez dagoelako baldintza egokirik, etxeen proiektua auzitegietan
dagoelako eta horregatik ezin delako jakin proiektua azkenean zelan geratuko den, eta agian etorkizunean egindakoa moldatu edota desegin egin beharko delako.”
Plataformakoen
eta herritarren helburuak hauek izan dira: ingurumena eta padura
obretatik babestea, obra ilegalak ekiditea eta obrak baimenik gabe
egitearren etorkizunean egon daitezkeen alperriko diru xahutzeak
aurreikusi eta gelditzea (hau da, egindako obraren gainean beste obra
bat egin beharrik ez egotea).
Proposamen honen aurrean, Udalak
bereari eutsi dio, eta paseoa urbanizatzen hasi da, nahiz eta lur
azpiko azpiegitura gehienak ez dituen sartuko, ur hornidura bakarrik.
Ura sartzearen arrazoia, udalaren esanetan, egungo hoditediariaren alternatiba bat eraikitzea da, matxurak daudenerako. Baina hodi alternatibo horiek zergatik
ez dituzte sartzen Kamiñazpitik Errenteriarako bidean, merkeagoa eta
ekolojikoki jasangarriagoa bada, bide hori jada urbanizatua baitago?
Susmagarria iruditzen zaigu.
Horretaz aparte, paseoa egiteko
beharrezko baimen guztiak ez dituzte lortu. Kostasek agindutakoari ez
diote kasurik egin, eta Zaldu ibaia bere lehengo egoerara bueltatzeko
ez dute ezer egingo. Gainera, Zaldupetik Allerirako obra egiten badute
legeak hautsiko dituzte, leku horretan ere arau subsidiarioak
zaharkituta daudelako. Gogoratu behar da, arrazoi berdinagatik daudela
geldituta Alleriko 500 etxeak.
Dena dela, pausoz pauso,
herritarron garaipen txikiak pilatzen doaz. Alleriko 500 etxeen
proiektua behin behingoz gelditzea lortu dugu eta pasealekuaren azpitik
etxeentzako hornidurarik ez sartzea ere bai. Udal gestoraren gezurrak
jausten ari dira eta hasierako euren arrokeria apaltzen doa. Proiektua
behin eta berriro aldatuta udalak zera erakutsi du, ez daukala proiektu
zehatzik, eta bere helburua obrak egin egitea dela, obra horiek
zelakoak eta zertarako izan behar diren kontuan eduki barik. Azken
batean, dirua egiteko makina martxan mantentzea da euren helburua, eta
diru publikotik 800.000 euro gastatuko dituzte paseo bat urbanizatzeko bakarrik. Ondarroak ez dauka beste premia handiagorik?
Gaur, arratsaldean hogei
bat lagun urreratu dira Allerin izkutuan hasi dituzten obretara eta
hauek gelditzeko eskatu dute (eta oraingoz baita lortu ere). Obra hauek,
ustez, paseoa zementatzea eta argi instalazioaz hornitzea dute helburu.
Bertara urreratutakook, asfaltatzea negozioa egiteko aitzakia
dela eta argi instalazioek padurako ekosisteman eragin kaltegarriak
dituztela salatu nahi dugu. Horrez gain, azpimarratu nahi duguna da,
proiektu hori bera ere udalaren iruzur bat besterik ez dela Alleriko
etxeen eraikuntzan pausu bat aurreratzeko. Izan ere, kalipotaren
azpitik 200-250eko ur hodiak sartzen ari da Lasuen enpresa. Baserritarren ur horniukuntza bideratzeko dela fundamentu gabeko
aitzakia bat besterik ez da, hodi horiekin 3000 lagunentzako ur
hornidura bete baitaiteke.
Hori dela eta, langileei obrak
gelditzeko eskatu diegu eta hauek udalarekin gauzak argitu arte horrela
egingo dutela azaldu digute.
Beraz, kontutan izanda obra hauek
duten teje-maneje guztia (prozesu judizialetan daude oraindik, herrian
beharrezko eztabaida eta beharrizanen azterketarik ez da egin, eta
gestorako nahiz konstruktoretako diruzaleek arinago edo beranduago
aurrera jarraitzeko asmoa dute), jendeari dei egiten diogu obra hauek
gelditzeko saiakera guztiak egitera.
Besterik gabe, udalak bere
horretan jarraitzen badu mobilizazioetarako prest egotea eskatzen diegu
Ondarru negozioaren esanetara suntsitzen utzi nahi ez duten guztiei.
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Gorenak bertan behera laga du behin
behinean Alleriko paduran 500 etxebizitza eraikitzeko Ondarroako Udal
Gestoraren plan berezia. Epaitegiak kontuan hartu ditu herri
mugimenduak aurkeztutako arrazoiak. Besteak beste: plana zahartutako
arau subsidiarioen gainean egin dela; ezin dela IKL-LIC babes
ekologikoa daukan espazio bat lur eraikigarri izendatu: edota herrian
dauden etxebizitza huts guztiekin, paduran 500 etxe egitea ez dagoela
justifikatua.
Arrazoi hauek, eta beste asko, behin eta berriro aurkeztu dizkiogu Udal
Gestorari, hamaika alegazioren bitartez (nahiz eta udalak bakarrik 7
alegazio sartu genituela esan). Baina sekula ez dute kontuan hartu
herritarrek emandako azalpen bat bera ere. Udal Gestorak beste interes
batzuen arabera osatu du plan hau: interes ekonomikoekin, eraikuntza
enpresak diru publikoarekin hornitzeko asmoarekin, hain zuzen ere.
Egoera honek ondo erakusten du zein den Gestora honen izaera:
herritarren eskariei kasurik egin gabe, negozioa egitera etorri dira
herrira. Eta oso arriskutsuak dira, herri honentzako, eta bere ingurumenarentzako.
Herri mugimenduak egindako ahaleginak gelditu du, momentuz, sarraski
hau. Udaleko Gestorako arduradunengatik izan balitz, proiektuak aurrera
egingo zukeen, herritarren beharrizanak edota legediak kontuan eduki
barik. Arau hauste posible bat egin dute ia-ia, modu kontzientean eta
herritarrek aurkeztutako arrazoiei kasurik egin barik. Eta arau hauste
honen bultzatzaileek izen eta abizenak dituzte: Udal Kudeaketa
Batzordeko kideak dira.
Gainera, ezin dugu ahaztu proiektu honen lehen zatia martxan dagoela
oraindik. Udal Kudeaketa Batzordeak Zaldupetik Allerira doan bidean
obrak egin nahi ditu, Alleriko etxeetara gasa, ura, elektrizitatea…
eramateko. Baina Auzitegiak 500 etxeen inguruan hartutako erabakiak
legitimitatea kentzen die pasealekuko obrei ere, bi proiektuen izaera
eta eragin sozial eta ekologikoak antzerakoak direlako. Obra horiek ere
gelditzea beharrezkoa da! Eta geldituko ditugu!
Gure aldetik, herritarrei dei egiten diegu hurrengo aste eta
hilabeteetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Denon esku
dago geure padura defendatzea; eta baita diru publikoa onura
publikorako erabil dadin eskatzea, edota legitimitaterik gabeko Udal
Kudeaketa Batzorde honen jarduera ilunak salatzea.
Ondarroako Allerik paduran 500 etxebizitza eraiki nahi dituzte. Leku hori gune babestua da, eta herriak duen itsas gune natural bakarrenetarikoa. Gainera, herrian 500 etxebizitza hutsik daudenez, eta herriko auzoetan beste pilo bat eraikitzen ari direnez, Alleriko etxebizitzak ez dira beharrezkoak.
Negoziorik ez gure ingurumenarekin!
Alleriko marisma babestu eta berreskura dezagun!