Emakumeok gure bidea egin behar dugula eta gure eskubideak defendatu behar ditugula oso argi neukan orain arte, baina orain argi baino argiago daukat. Eta inozi baino sutsuago defendatuko ditut balore horiek. Ergelkeria bat izan da muturreko feminismo horretara eraman nauena, baina harro nago muturreko kokapen hori hartzeaz (gehienetan mutur-muturreko posizioen zalea izan ez banaiz ere).
Larunbatean arratsaldean erosketa batzuk egitera joan nintzen supermerkatura. Eta lagun min batekin topo egin nuen: berarekin, bere alabarekin, bere gizonarekin eta honen lagun batekin. Lagun mina den arren aspaldian ikusi gabea nuen, hogei urte eskasekin ezkondu eta haurra izan zuenetik bere bizitza egiten hasia baitzen: ikasketak eta lana utzi eta etxeko andre bihurtu zen.
Irribarrea ahoan nuela agurtu nuen X (dei diezaiogun X nire lagunari, ez baitzait egokia iruditzen hemen izen abizenak ematen hastea), besarkada estu bat ematen nion bitartean. Ttikiari ere (bost urte egingo ditu honezkero) kontu batzuk eskeini nizkion, denbora gutxian nola aldatu den sinetsi ezinik.
Xrekin hizketan hasi nintzenean Yk (bere gizonak) eta bere lagunak aldizkari batzuk ikusi behar zituztela esan eta joan egin ziren. Egia esan nion Xri: oso nekatuta ikusten nuela, ahulduta. Ondo al zegoen ere galdetu nion. Bai, bai erantzun zidan berak, irribarre egin nahian baina lortu gabe. "Ttikiak egun txarra izan du gaur, aldrebesa, eta ni ere nekatuta nabil aspaldian…". "Ondo da", pentsatu nuen nire artean. Gertatzen zitzaion guztia hori bazen ez nintzen ni izango sinetsiko ez ziona.
-Haurdun nago, Blath -esan zuen halako batean -haurdun nago berriz eta lehendabiziko aste hauek oso txarrak izaten ari dira.
Banengoen ba ni, nire errezeloak zuzen ibiltzen direla ia beti, eta Xk ez zuela nekea soilik. X ondo ezagutzen dut. Eta banekien ez zidala esan nahi… lehenengo aldiz haurdun geratu zenean esan nahi izan ez zidan moduan. Beti esan izan baitiot gazteegi ezkondu zela eta gazteegi geratu zela haurdun.
Berak ez zuen espero izango, baina zorionak eman nizkion irribarrea ahoan nuela.
-Izan ere orain haurdun geratuko ez banintz, noiz geratuko nintzen? -galderak sutu egin ninduen, baina ixildu egin nintzen -Ttikiak bost urte ditu jada eta adin tartea handia izango litzateke.
Gisa horretara jarraitu zuen elkarrizketak. Ni presaka nenbilen eta kafetxo bat hartu eta lasaiago hitz egiteko deituko zidala aginduta agur esan genion elkarri. Eta azken erosketak egiten nituen bitartean pentsatzen aritu nintzen: non ote daude gure amonek eta amek defendatu dituzten balore guztiak. Non geratu ote dira gure aurretik izan diren emakume guztiek borrokaturiko eta lorturiko baloreak.
Askotan pentsatzen dut aurreko belaunaldietako emakumeek lortutako guztia alferrik galtzen ari garela orain. Edo ari direla zenbait emakume. Hamarka urte (ehunka ez esateagatik) pasa dituzte borrokan emakumeek (hauei feminista deitu edo ez zuen esku utziko dut) gutxieneko berdintasun eta eskubide batzuk lortzearren. Eta non ari dira geratzen horiek orain?
Lanean berdintasuna nahi dugu. Soldatan ere bai. Oporrak hartzeko garaian ere bai. Etxean ere berdintasuna nahi dugu. Ni ere horren aldekoa naiz eta borrokalari sutsua gainera. Baina bizitzan gertatzen den moduan, gauza batzuk lortzeak beste zenbait galtzea ekartzen dituela ikasi dut. Gauza guztiek dituzte euren alde onak eta txarrak. Eta emakumeok gauza batzuk lortu nahi baditugu beste zenbait galdu edota atzeratu egin beharko ditugula iruditzen zait. Batez ere, egun, gizarteak horretara (ia) behartzen gaituelako. Amatasuna, adibidez. Ezin dugulako dena gauetik goizera lortu. Lorpenak ere prozesu bat direlako.
Baina, orain zenbait lorpen eskuan ditugula, hel diezaiogun gehiago eskuratzeari. Has gaitezen orain amatasunaren inguruko lorpenak eskuratzen (gai hori ukitu dugunez, adibidez). Egin al dezakegu, ordea, denok hogei urterekin etxekoandre sartzen bagara? Atzerapausoa iruditzen zait hori. Eta burugogorra naizela esango duzue, baina beti irudituko zait atzerapausoa.
Supermerkatuan, ordaintzera nijoala, aldizkari pornoei begira eta barre algaraka ikusi nituen Xen gizona eta bera laguna. Hara, ze ironia polita.
Erantzunak
Nork: Elizabeth.2007/10/28 01:23:40.888 GMT+2