Umetan pentsetan neban bakoitzak bere papela betetan ebala munduan, orduko mundu txikia, halan bazan behintzat. Aitita-amamak aitita-amama izateko jaio zirela. Gurasoak beti guraso. Eta umeok beti ume.
Batek daki pentsamendu horrek buruan bueltaka euki nebazanetik zenbat pertsonagaz gurutzatu nazen kalean, bizi osoan. Eta pertsonako papel bat. Papel bat bakoitzarendako. Holan balitz, azalpen errez bat litzake bizia. Baina antza ez da holan. Ez dago betiko gaztetasunik, ezta betiko zahartzarorik be. Dana danondako. Edo ezebez askotan, edo zati bat.
Konturatu naz ez dagoela bizi osorik, danak hausten direla goizago edo beranduago, beranduegi eta goizegi be bai askotan. Eta aspaldion ez dakit nun entzun dodan esaldiak zentzuna galtzen dau nire barruan eta biziaren baitan. "Zin dagizut ez nazela egundo hilko". Promesen denborak ez direla existitzen eta zain dagoena ez dagoela zain, denborapasan dago. Onerako edo txarrerako. Dana dala hau da dauena eta motza dana laburtzen ezingo gara ba saiatu, sinplea dana sinplifikatzen edo desagertarazten ez gaitezan saiatu, ez daigun umetako ametsik galdu eta jarraitu daigun pertsonon papel utopikoetan sinesten.
Erantzunak
Nork: jonas.2006/06/10 00:01:49.175 GMT+2
http://jonas.blogsome.com
Irakurri dut txumaren testua, laburra baina argia, egiazkoa. Zer pentsatua diozu, eta bai hala da, bere txikitasunean ia lazgarria egin zait testutxoa. Peter Panen bizarrak ez nituen egundo imajinatuko. Eskerrik asko.
Nork: jonas.2006/06/13 20:28:48.698 GMT+2