Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/04/16 21:54:19.944 GMT+2

ALDUNDIAK HELBURU

Bistan da zein den PPSEren asmoa datozen hauteskundeei begira: aldundiren bat ere, aurretik ostutako Eusko Jaurlaritzaz gain, eskuratzea. Kosta ahala kosta egin nahi dute eta, horretarako, edozer baliatuko dute; nagusiki, jakina, ezker abertzalearen ilegalizazioa luzatzea.

Izan ere, badakite jakin horrelaxe bakarrik lor dezaketela euskal ogasunen diruetan ere eskua sartzea. Francisco Lópezek eta Andoni Basagoitik, lehengo lepotik burua, kalkuluak eginak dituzte eta pentsatu dute Eusko Jaurlaritzarekin egindako gauza bera egin dezaketela, orain ere, aldundiekin. Arabakoa esku-eskura dute lehendik ere, eta Bizkaikoa eskuratzea ia ezinezkoa duten arren, Gipuzkoako Aldundia har dezaketela badakite, baina horretarako, noski, Ezker Abertzalearen botoak desagerrarazi behar dituzte beste behin ere.

Badakite Gipuzkoako Ezker Abertzaleko betidaniko militanteek ez diotela Ezker Abertzaleari baino bozka emango, ez diotela, alegia, beste inori emango, ez EAJri, ez Aralarri, ez eta beste ezeini ere. Eta, horretaz jabeturik, ezin dute oraindik Sortu legeztatu; geroko kontua izango da hori, hauteskundeetatik haratagokoa.

Sortu, ezbairik gabe, legezkoa izango da gerora, ETAk bere azken hatsa emango baitu aurki. Baina, bien bitartean, beste estartegia bat zabaldu da Euskal Herrian barna ezkertiar abertzaleen botoak eskuratzeko asmotan. Bilduz ari naiz, bai. Eta horra hor kuestioa: Bildu ere utziko al dute legez kanpo, hauteskunde hauek igaro eta aldundiren bat ostu bitartean? Ausartuko al dira? Eta, bestalde, asmatuko al dute ezker abertzalekoek botoa norentzat eskatzen? Auskalo. Laster ikusiko dugu.

Nik garbi daukat ez dudala neure botoa zakarrontzira botako. Gure diruak sakratuak dira, eta ezin utzi sasisozialista horiei gure sosak goberrnatzen.

Nork: Lander Landa.2011/04/16 21:54:19.944 GMT+2
Etiketak: sortu ezker_abertzalea hauteskundeak bildu ilegalizazioak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/08/27 23:18:33.812 GMT+2

HEGOAMERIKAR ESPAINOLAK = EUSKALDUN ESPAINOLAK ?

Ezagun da zer egin zuten espainolek Amerikan orain mende batzuk direla. Sarraskia izan zen nagusi, hango hizkuntzei eta kulturei dagokienez behintzat, eta bizimodu hobe eta oparoaren izenean esklabutza ezarri zuten, nola ez; “zibilizatzearen” prezioa indigena basatientzat.

Hala ere, badirudi indigena haien ondorengoek ez diotela garrantzirik eman genozidio hari, eta mirespen handia diote, oraindik ere, euren Espainia amari. Halaxe frogatu ahal izan dut nik, lurralde batean baino gehiagotan frogatu ere, Atlantikoaz bestaldera egindako joan-etorrietan. Oraintsu, atzera ere ikusi ahal izan dugu Espainia bakar eta handiari dioten goraipamena, berriki amaitu den estatuen arteko munduko futbol-txapelketan “la roja” animatuz eta haren golak ospatuz, nahiz eta gorriak ikusarazi zizkieten beren arbasoei. Izan ere, hemen, Euskal Herrian, ez Espainian, mundiala irabazi izanagatiko kale-ospakizunetan ikusi ditugun gehienak hegoamerikarrak (sudakak?) izan dira, edo PPSOEko espainolistak bestela.

Bada, kontua da amerikar-espainol horiek, gaur egun, gure etxeetan sumatzen ditugula, gero eta ugariago; eta ez diot gure kaleetan, ez, gure geure etxeetan baizik. Nik neuk neurean ez, zorionez, ez eta ikusiko ere, baina ezagutzen ditut batzuk, esaterako, euren guraso euskaldunen zainketa (?) horrelako bati eman diotenak. Aukera merkea da, ziurrenik, baina merketasunarekin batera, beste kontu batzuk ere badatoz. Esate baterako, hizkuntza arrotza (baita zaindaria ere, jakina) sartzea etxe-barruetan, gure hizkuntz emaileen, gurasoen, beharrizan intimoenetan laguntzaile, haiekin ordurik luzeen eta oparoenak emanez. Horrek, noski, bestelako ohiturak (eta ez linguistikoak bakarrik) ezartzen ditu orain arte euskara ziurren aurkitu den lekuan: euskaldunaren etxean.

        

Gero, hau ironia, euskaldun jator horien seme-alaba modernoek, tabernetan tragoak eta pintxoak hartu bitartean, kritikatu egiten dute hainbeste “sudaka” egotea gure gizartean, hainbeste “sudaka” zerbitzari topatzea gure taberna eta jatetxeetan, hainbeste “sudaka”, azken finean, edonon aurkitzea. Horietako asko, gainera, oso-oso abertzaleak izateaz harrotu ohi dira, eta eurak inor baino euskaldunagoak direlakoan bizi dira. Ez al da izango, ordea, euskaldun espainol hutsak direla, etsai inbasoreari euren etxeko ateak ere zabaldu dizkiotenak?

 

Bitxia da, baina, maiz, ez gara konturatzen zenbaterainoko kaltea egiten diogun Euskal Herriari gure etxetik bertatik hasita. Buru-hilketarako bide ezin hobea.

Nork: Lander Landa.2010/08/27 23:18:33.812 GMT+2
Etiketak: euskaldun ppsoe espainol hegoamerikar sudaka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/07/13 15:01:38.340 GMT+2

CATALUNYA TXAPELDUN!

Espainiarrek uste dute munduko futbol txapelketa irabazi dutela, eurak direla onenak (futbolean, noski), eta, gezur horren aitzakian, harro-harro ari dira non-nahi erakusten beren espainiartasuna; baita Euskal Herrian ere, azken orduetan ikusi ahal izan dugunez.

Puyol-espainia por ti. SOCCER-SPAIN/ por ti. Puyol-Catalunya por ti.

Ahaztu egin dute, ordea, espainiar estatuan gatibu bizi garenok, behintzat, ez dugula horrela ikusten, ez dugula horrelako harrotasunik sentitzen; edo, bestela esanda, gu ez gara espainolak izaten. Baina, sentimenduak sentimendu, bi datuk frogatzen dute ongien Espainiak ez duela mundialik irabazi:

1) Munduko Futbol Txapelketarik ez da izan. Estatuen arteko lehiaketa izan da, ohi bezala, eta gogora dezagun estatuek ukatzen dituztela nazioak. Izan ere, lehian aritu diren estatu guztiek, denek ere, errealitate argi bat ukatu dute munduaren begien aurrean: duten nazio-aniztasuna. Espainiar estatuaren kasuan, agerian dago.

2) Mundial hau inork irabazi baldin badu, nazioren batek irabazi badu, Catalunyak egin du. Izan ere, titular aritu diren jokalarien erdiak baino gehiago kataluniarrak izan dira, eta, gainera, ezinbesteko suertatu dira finalera iritsi eta berori irabazteko ere. Edo, bestela esanda, Barçak irabazi du mundiala, berriz ere euren futbol-maisutasuna erakutsiz. Cruyffek berak esan du Espainiaren jokoa Barçarena izan dela eta, gainera, talde horren zazpi jokalarik erakutsita.

Hortaz, harrotasun gutxiago behar lukete espainiarrek, bereziki Euskal Herrian eta Catalunyan bizi diren horiek. Eta, harrotasun horren ordez, hobe lukete demokraziatasun handiagoa balute, esaterako, kataluniar eta euskaldunon erabakimena onartuz. Catalunyak eta Esukal Herriak, bai eta munduko beste edozein naziok ere, geure selekzioa animatu ahal dugunean horrelako lehiaketa batean, orduan bai, orduan mundiala izango da, "mundial" hitzaren bi adieretan, gainera.

Bejondeiola Catalunyari. Badira nazioa, nahiz eta Espainiako (in)justiziak kontrakoa esan.

Nork: Lander Landa.2010/07/13 15:01:38.340 GMT+2
Etiketak: barça mundiala nazioa espainiako_selekzioa la_roja | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/08/26 09:21:12.273 GMT+2

ALDAKETA?

Bilboko Aste Nagusia amaitu berritan, Eusko Jaurlaritzaren eta bere ertzainen zirko mediatikoa ere bukatutzat eman daitekeela dirudi.  Izan ere, hiriburuetako jaiak izaten dira mediatikoenak, telebista, irrati eta abarrez uneoro etxeratzen dizkigutenak, alegia; badira, halere, herrietako jai batzuk afera honetan oraindik ere zeresana emango dutenak, segur asko; Lekeitioko sanantolinak, kasu.

         Argazkiak kendu por ti.

Francisco López lehendakaria, “denon lehendakaria” izan nahi duen hori berori, behin eta berriro aritu da zabaltzen “tortillari buelta eman diotela” eta ETAren apologiarik ez dutela inola ere onartzen. Hori dela eta, Euskal Herriko jai asko, bereziki Donostia eta Bilbokoak, leherrarazi egin dituzte, euren ustez, edo eurek legeaz egiten duten irakurketaren arabera, euskal preso politikoen argazkiek mindu egiten dutelako beren biktimen memoria. Jakina, eurenak baino ez baitira biktimak, antza, eta ez dute konturatu nahi zenbat min zabaltzen duten, esaterako, Euskal Herrian barna barreiatuta dabiltzan (des)ordenaren indarrek; gutako askorentzat, indar okupatzaileek, alegia.

Ertzainak kargatzen por ti.

Argazkiok baina, ez dute inor samintzen. Hori lerdorik lerdoenak ere badaki, noski. Baina López jaunak, hainbesteko indarra jarri du egingo zuen aldaketan, ezen ez baitu jakin aldaketa hori nola gauzatu, eta, ekonomian Ibarretxe jaunak utzitako egoera on samarra denez, bada, egoera politikoa “normaltzeari” ekin diote, eta, ezker abertzaleko “erradikalek” jairik zapuzten ez zutenez, ertzainak bidali dituzte jaiok leherraraztera.

Urteak eman dituzte Ibarretxe kritikatzen, herritarroi interesatzen ez zitzaizkigun gauzez arduratzen zelako, naziotasun kontuak ez omen zirelako inportanteak, eta gure benetako kezkei eusten ez zielako. Eta beraiek, aukerarik txikiena izan dutenean bestela jokatzeko, ETArekiko inpunitateaz eta deslegitimazioaz baino ez dute jardun. Gizarte-mailarik umilenak krisi erraldoi batek astintzen dituen honetan, antza denez, ETAren kontrako irmotasuna da herritarron kezka nagusi eta bakarra.

Presoak por ti.

Laster, ordea, udako jaiak amaituko eta argudiorik gabe geratuko dira. Edo, beharbada, legearen irakurketa partikular hori areago zabaldu eta gure etxeetako argazki-albumak ere arakatuko dituzte euskal presoren baten irudien bila, batek daki.

Kontua da agintaldia luzatu beharra dutela, nola edo hala. Izan ere, botereari eutsi zioten moduan, denok jakin dugu jaurlaritza irreal, ezegonkor eta epe motzerakoa izango zela, baina, denborari esker, aurreko guztia estali nahi dutela dirudi; aurreko jaurlaritza guztiek lortu duten ongizate-maila ona nahiz Ezker Abertzalearen indarra eta herritarron kemena. Errealitatea ezkutatuz, ordea, ez da ezer aldatzen, bereziki memoria historikoa duen Euskal Herria bezalakoa herri batean. Berrogei urteko diktadura lazgarri batek ezabatzerik lortu ez duena ez du lortuko oraingo espainolismoren estrategiarik sibilinoenak ere.

Beraz, Francisco jauna, Patxi, ezer aldatzekotan, aldatu estrategia, eta egizu politika apur bat. Ez gaitzazu udazken osoan zehar zorabiatu A gripea gora eta A gripea behera, euskal herritarrok kezkatzen gaituen beste konturik badago eta.

Nork: Lander Landa.2009/08/26 09:21:12.273 GMT+2
Etiketak: patxi_lopez aste_nagusia presoen_argazkiak aldaketa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/08/10 14:19:43.964 GMT+2

BESTEREN LOTSA

Oraintsu irakurri dut Kantabriako Noja herrian Bizkaiko udatiarrekin (ez guztiekin, noski) gertatzen ari dena. Bada, bizkaitarra naizen aldetik, lotsa sentitu dut, besteren lotsa edo “vergüenza ajena” delakoa.

        Nojatik Laredoraino por ti.

Agidanez, udatiar horiek haserre dabiltza udalak zergak igoko dizkielako. Nojan duten etxerako ura eta zaborren bilketa zerbitzua garestiago ordaindu beharko dute aurrerantzean, dezente garestiago, eta ez daude konforme igoerarekin. Hori dela eta, ostiral gauean, antza, protesta bat antolatu zuten eta bertako uda-inauteriaren desfilea bertan behera utzi behar izan zuten protestagatik. Nojatarrek, beren aldetik, bat-bateko erantzuna eman nahi izan zieten, eta ez zieten euskal udatiarrei herritik ateratzen utzi Bizkairako buelta-bidaian, asteburua amaitutakoan.

          Noja por ti.

Ez dakit sakoneko zer beste kontu egon daitekeen afera honetan guztian, baina, horrela, prentsan irakurrita, ez zait ongi iruditzen udatiar bizkaitar horiek egin dutena. Kontua baita, orain dela ez dakit zenbat denbora eta orduko etxe-espekulazioa probestuz, hainbat bizkaitarrek bigarren (edo hirugarren eta laugarren) etxe bat erosi zutela Nojan, asteburuak eta oporrak bertan emateko, edota inbertsio moduan. Horrek suspertu egin zuen etxegintza hango inguruetan eta, prezioak hain merke eta onargarri izaki, orain, gainezka egin du egoerak, ez bakarrik espekulazioari dagokionez, baita bizimoduari eta udal-zerbitzuei dagokienez ere. Eta, jakina, hainbeste zerbitzu edukitzeak (etxeko ura, igeritokiak…) zerbitzua bera garestitzea ekarri du, normala denez. Gainera, hainbeste urtean hain zerbitzu merkea izanik, dezenteko igoera ezarri behar izan dute egoera normaltzekotan.

           Nojako_protesta por ti.

Bizkaitarrek, ordea, ez dute horrela ikusi nahi, eta munduko jaun eta jabe direlakoan, protestaka hasi dira. Ez dute onartu nahi beren orain arteko aprobetxategi-jokaera zenbaterainokoa izan den eta, horrela jokatuta, ohi bezala, sekulako ospe txarra jartzen digute euskal herritar guztioi. Beharbada lehenago pentsatu beharko zuten nora eta zertara zihoazen, zergatik Kantabriara eta zein jarrerarekin, ezin baita bizitzan zehar inbasore eta prepotente aritu inguruko herri xehe eta umilekin. Herri orok, txikik zein handik, ba ei du bere izaera propioa, eta errespetua merezi du ezinbestean, bestela, lehenago edo geroago ordaindu egiten baitira errespetu-falta eta prepotentzia hori (gogora dezagun, esaterako, Orgoños inguruan ere zer gertatzen ari den).

 

Bejondeiela, beraz, benetako nojatarrei, erreakzionatzen jakin dutelako. Nire elkartasunik zintzoena agertu nahi diet hemendik, Euskal Herritik, kolonoak ez baitira sekula ongi etorriak izaten, ez Nojan, ez hemen, ez eta inon ere.

Nork: Lander Landa.2009/08/10 14:19:43.964 GMT+2
Etiketak: kantabria besteren_lotsa noja bizkaitar_udatiarrak euskal_kolonoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/08/02 11:34:07.965 GMT+2

50 URTE BADIRA URTEAK

Berrogeita hamar urte betetzen omen dira egunotan ETAren sorreratik. Urte askotxo dira hainbatek terrorista soiltzat hartzen duten talde armatu batentzat eta, horregatik baino bada ere, badute zer hausnartua espainiar demokraziaren defendatzaile sutsu horiek. Izan ere, ez dirudi hainbeste urtean zortziehundik gora hildako eragin dituztenak hiltzeko zaletasun hutsagatik ari direnik horretan. Dena den, jakina, erailtzea beti da mespretxagarri, baina ahaztu barik hil eta erailtzeko bestelako modu asko ere badaudela, mass-mediek terroristatzat behin eta berriro jotzen dituztenez gain.

           50 urte por ti.

Nik erakunde horrek baino urte gutxixeago ditut, baina ez naiz atzo goizekoa eta, horri esker, ETAren etapa ezberdinak bizi izan ditut. Hau da, badut nolabaiteko oroimen historiko txiki bat, beste askok ez dutena edo, ukan arren, ezabatu nahiago izan dutena. Urte kopuru horretaz hitz egitea, azken batean, bizitza oso batez aritzea da; lehen mundu honetako gizakion batez besteko biziraupena kontuan hartuta, behintzat.

 

Horrela, nik hiru etapa nagusi bereiziko nituzke ETAren bizitzan (eufemismoa iruditu arren):

1)      1959. urtean sortu eta, frankismoan zehar, diktaduraren kontrako borroka-garaia; hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadek osatua, beraz.

2)      Balizko demokrazia espainiarrean sartuta, borroka armatuarekin jarraitzea erabaki zeneko trantsizio-garaia; laurogeiko hamarkada, nagusiki.

3)      Helburu militarrez haratago, zibil eta politikarien kontrako ekintzak burutzen hasi zirenetik eta gaur arteko garaia; laurogeita hamarreko hamarralditik honakoa, alegia.

 

Hiru aro nagusi horietan zehar, ETAren beraren bilakaera ikus liteke, eta, gutako bakoitza horietako zeinetan sortua den, ikuspegi eta iritzi ezberdina izango dugu, segur aski, ETAren existentziaz.

 

Lehenengo etapa hartaz zeresan handirik ez dago, batez ere artean umegorriak ginenontzat. Baina umezaroan ere gauza batzuk garbi genituen: frankismoa zen borrokatu beharreko fenomenoa eta, haren kontra, dena zen baliagarri, noski. Hortaz, ETAren agerrera txaloka eta adoreka hartu zen gure gurasoen aldetik. Azken batean, gure nortasuna defendatzera azaldu baitziren etakideak, eta, inguru politiko abertzaleetan bizi ginenontzat, erreferente bilakatu ziren armak eskuetan dena, baita euren bizia ere, Euskal Herriaren alde emateko prest zeuden gazte haiek.

 

Ni neu, berriz, bigarren etapak markatu ninduen bereziki. Laurogeiko hamarkada hura nire gaztaroaren ardatza izan zen, ezbairik gabe. Gazte ginen gazte, eta ez ginen konforme, ez horixe. Orduko garaietan, “demokrazia” hitza paper bustia besterik ez zen, eta Espainiako felipismoa (gaurko zapaterismoaren aurrekaria) trantsizio faltsu baten kudeatzaile bihurtu zen. Lortutako askatasunaren izenean, euskal nortasuna, Euskal Herria bera, ukatu egiten zen behin eta berriro, eta, sozialismoaren mozorroaren azpian, langileria zigortu eta lagun kapitalistei botere handiagoa ematen zitzaien. Urte nahasiak izan ziren haiek. Bilbon, esaterako, unibertsitarioak ginenok Euskalduna ontzioletako langileekin elkartzen ginen manifestazioetan, denon aldeko leloei indar handiagoa eman nahian. Poliziak jipoitzen gintuen arren, bat eginik egiten genuen bidea geure eskubide eta aldarrikapenen alde. Hala, manifestazio soziopolitiko haietan, erraza zen ETAren aldeko oihu zaratatsu bezain gorgarriak entzutea, eta inork ere ez zuen kolokan jartzen borroka armatua; gehienez ere, baten baten isiltasuna zen susmagarri, baina ez zen kontrako jarrera garbirik agertzen.

 

Gero, hirugarren etapa horretara ailegaturik, ETAk jauzi kualitatibo ikaragarria eman zuen: militarrez gain, hau da, guardia zibilez, poliziez eta militarrez eurez gain, kargu politikoak ere hiltzen hasi zen. Herritarren botoei esker kargu politikoa hartutakoak, Donostiako Gregorio Ordoñez hura kasu, helburu bilakatu ziren ETArentzat. Sufrimendua sozializatzea omen zen xedea, KAS alternatibaren postulatuen harira, bederen. Baina, poliki-poliki eta atzerabiderik gabe, kontra bueltatu zitzaien estrategia hura, espainolistek ere atarramentu politikoa ateratzen jakin baitzuten egoera hartatik (gogoratu, bestela, Miguel Angel Blancoren ingurukoak).

 

Hala, bide luze eta mingarri bat egin da gaurdaino, gizartearen ongizateak eta konfortak gehienen desideologizazioa eta pasotismo politikoa ekarri dutelarik. Den-denek, ordea, ez dute paso egiten, eta mutur batekoek zein bestekoek esku hartzen dute barrikadako euren taldeen alde; ETAn, esaterako, “demokrazian” sortutako gazteak ari dira militatzen, nolabaiteko belaunaldi-jauzia lortuz; espainolisten alderdian, berriz, ezarri diguten hau “benetako demokrazia” dela sinesten duten gizatalde berriak ari dira botere politikora ailegatzen, itsu-itsuan sinesten dutenak, gainera, etakideak terrorista hutsak direla. Bitartean, beste batzuk adinez zahartu gara eta, hogei urterekin genuen militantismoa eta odol beroa, kontserbadurismo eta bizimodu erosoa bihurtu zaizkigu berrogei betetakoan. Oro har, gainera, halako neke politikoa sumatzen dugu inguruan, zorgin-zulo honetan parte hartzera batere motibatzen ez gaituena.

 

                Zurekin por ti.

Testuinguru horretan betetzen da, nik uste, ETAren berrogeita hamargarren urteurrena. Eta, hainbeste urteren bueltan, lehengo lepotik burua, nor bere sinesmenean temati. Espainiar estatuak euskal errealitatea ukatzen segitzen du, eta txapitxeo “legalak” ere asmatzeko prest azaldu dira bertoko botere-esparruak kontrolatzekotan, euskal abertzale edo naziozaleok existituko ez bagina bezala. Bitartean, ETAk ez du amore ematen bere estrategia militarrean; badirudi, gainera, egunotan lehengo parametro haietara itzultzen saiatzen ari dela eta helburu militarretan zentratu nahi dituela, berriro ere, bere ekintza militarrak, nolabait euren aldeko sinpatia eta militantismoa berpiztu ahal balute bezala.

 

Ez bata ez bestea, ordea. Tarteko zertxobait beharko dugu luze jotzen duen auzi hau konponduko bada. Gizartea oro har, eta naziozaleok bereziki, ez gaude prest beste berrogeita hamar urte dinamika honetan emateko; neuk, behintzat, bestelako jokamolde politikoak behar ditut, bestelako politika, gogaimen hau gainetik astindu eta ilusiorako ateak zabalduko dizkidana. Eta zenbat ote, nire moduan, zain?

Nork: Lander.2009/08/02 11:34:07.965 GMT+2
Etiketak: espainolismoa eta bestelako_politika abertzaletasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/07/17 22:31:09.118 GMT+2

ESTRATEGIA SIBILINOA

Espainolek, mende askoren ostean, oraindik ere erresistentzia handia pairatzen dute euskaldunon aldetik. Bistan dute ez garela herri menderatzen erraza eta, horregatik, estrategia sibilinoagoak asmatu behar dituzte Euskal Herria behin betikoz konkistatzekotan.

 

Gure gizartean euren aldeko kanpotar mordoa txertatu ostean, eta euren hizkuntza eta kultura gureak bailiran behin onarrarazita, oraindik, nazioa garela eta geure bidea egin nahi dugula ikusten dute, eta hori guztia, neurri handi batean behintzat, EAEn daukagun autonomia politikoari esker lortu dugula konturatu dira. Ez dira, ez itsuak ez lerdoak. Bazekiten autonomia txiki hori berenganatuz gero, errazagoa izango zutela euskaldunon erabateko asimilazioa. Izan ere, Nafarroan aspaldiko partez ari dira horrela lanean, aspaldi lortu baitzuten Hegoaldeko euskaldunok zatitu eta, erkidego politiko-administratibo bakarra osatu beharrean, bi izan gintezen, nafarren gidaritza politiko hori beren esku utzita. Eta horrela, jakina, errazagoa ari zaie gertatzen Euskal Herriaren zati horren asimilazioa.

 

Gauzak horrela, orain urte batzuk jada egin zuten lehenengo saialdi serioa Ajuria Enea konkistatzeko. Mayor Oreja espainolista eskuindarra buru zutela, sikiera lipartxo batez, lortu egingo zutela pentsatu zuten, eskuragarri zeukatela, historian lehenengo aldiz, Baskongadetako erakunde politiko gorena, Ajuria Enea, eurek gidatzea. Emaitzek, ordea, txarto kalkulatua zutela frogatu zuten; usteak erdia ustel, alegia.

 

     ppsoe por ti.

Aurton izan ditugun hauteskundeetarako, berriz, bestelako “talante” batez azaldu zaizkigu espainolistak. Elefante bat katxarreria batean bezala sartu barik (PP), hobeto planifikatu dute asaltoa, eta, oraingoan, ezkertiarren mozorroa jantzi dute erasorako (PSE). Herriak behar omen ditu, herriak eskatzen ei du aldaketa, eta ez dakit zenbat gezur gehiago entzun behar izan ditugu hilabete luzeotan. Baina guk badakigu berberak direla beti (PPSOE), eta, emaitzek berriro ere herri honen errealitate politikoa egotziko ziela bazekitenez, ez zutela lortuko aurreikusita, gehiago zehaztu behar izan dute estrategia: “terrorismoaren” aitzakian, Ezker Abertzalearen botoak hauteskundeetatik kanpo utzi beharra zegoen gehiengo espainolista lortuko bazuten. Pentsatu eta egin. Ezker Abertzalea legez kanpo utzi eta, egun, Ajuria Enean ere gobernatzen dute.

 

ppsoe por ti.

 

Urrats ikaragarri handia eman dute, eta beraiek badakite hala dela. Gainera, botereari eusteko egindako tranpatxoak laster ahaztuko direla (ditugula?) uste dute, dagoeneko herritarrok erdi desideologizatuta baikaude mendebaldeko gizarte globalizatu honetan, baita Euskal Herrian ere. Orain, duten denbora ondo antolatu beharra dute eta, nola edo hala, kudeaketa ona edo on itxura duena erakutsi behar dute datozen hauteskundeetan aukeraren bat izateko.

 

Badakite, dena den, hurrengo hauteskunde autonomikoen aurretik beste hauteskunde batzuk izango ditugula: Udal eta Batzar Nagusietakoak. Beraz, estrategia bera erabiliz, edo hori berori ahal bezainbeste hobetuz, erakunde horien asaltoa ere prestatu behar dute. Eta horretan ari dira dagoeneko, bistan denez.

 lopez+basagoiti por ti.

 

Bizkaian zail samarra dute, badakitelako, jakin, EAJren harrobia dela mendebaldeko lurraldea. Araban, ostera, aski erraza dutela dirudi, errazegia beharbada, baina, PPko elefanteek katxarrerian sor lezaketen zarata gehiegizkoa izan daitekeelakoan, PSEkoak ez dira ausartu, oraino, espainolismoari bide ematen. Nahiago dute eurak izan boterea hartuko dutenak, Gasteizen bezala, eta, bitartean, hurrengo hauteskundeoi begira jarrita, Gipuzkoako aukerak aztertzen eta handitzen ahalegintzen ari dira. Horregatik, bada, egunotan entzuten ari gara lurralderik abertzaleenean hainbat proiektu eraman nahi dituztela aurrera; Donostiako balizko metroa, Monpaseko pasarela, Hondarribiko aireportuaren handitzea… Dena ere, EAJren aurreko kudeaketa “eskasari” leporatuta, jakina.

 

Tira, agerikoa da estrategia landu eta sibilinoa prestatu dutela ahalik eta erakunde gehienetan gobernatu ahal izateko. Bilboko Udala ere helburuetako bat dutela esatera ausartu dira egunotan; ez da makala, gero! Baina okerrena ez da hori guztia; okerrena indar politiko naziozaleen estrategia falta da, ezbairik gabe. Ezer gertatuko ez balitz bezala ari baitira jokatzen; EAJk ez du, behintzat, alternatiba handirik duenik erakusten; eta Ezker Abertzaleak, aldiz, uda osterako promesa asko egiten digu, baina gutako askok susmoa dugu, berriz ere, hutsaren hurrengo izango dela Ezker Abertzalearen berrantolaketa horrena. Bitartean, denbora aurrera doa eta independentiston itxaropena, beharbada, galduz. Noiz arte itxaron beharko dugu indar naziozaleak, espainolistak bezala, batuta eta estrategia komun batean dihardutela ikusteko? Euskal Herria erabat asimilatu arte, akaso?

 

Nork: Lander.2009/07/17 22:31:09.118 GMT+2
Etiketak: pp ezker_abertzalea ppsoe pse ajuria_enea eaj asimilazio_politikoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/07/09 22:23:04.188 GMT+2

KOLONOAK

Gaur egun, colono hitzak zer esan nahi duen sobera daki gutako edonork. Kolonizazio garaietatik hona, dena den, urte larregi igaro dira eta, badaezpada, inori zein esangura duen ahantzi edo atzendu ote zaion, ahotara ekarri nahi nuke berba hori.

 

Berez, esate baterako Harluxet hiztegi entziklopedikoan ikusita, zera litzateke kolonoa: kolonia bat osatzen duten atzerritarretako bakoitza. Eta kolonia, Rhin ibaiaren ertzeko hiri alemaniarraz aparte, honako hau ere bada: 1. Lurralde batean, berau populatzeko eta bertako baliabideez jabetzeko, kokatzen diren atzerritarren multzoa. 2. Atzerriko estatu batek menperatu eta administratutako lurraldea, hark ekonomikoki ustiatzen duena. 3. Hiri edo herri batean bizi diren atzerritarren multzoa. Horrela, kolonialismoa sortu zen: 1. Lurralde bat, atzerriko estatu batek menperatzea, politikoki gobernatzea eta ekonomikoki ustiatzea bidezkotzat jotzen duen doktrina. 2. Kolonien bidezko menderakuntza-sistema. Eta berau bultzatzen dutenak, hortaz, kolonialistak dira: Kolonialismoari dagokiona; kolonialismoaren aldekoa.

 

Egunotan txinatar kolonoez hitz egiten ari zaigu mass-medietan. Lo dagoen estatu erraldoiaren armadak Xinjiang-eko uigurrak bakartu eta, enegarren aldiz, ukatu egin die ezertxo ere erabakitzeko baimenik. Denak omen dira txinatarrak, eta kito. Uigurrek berezko hizkuntza eta kultura izan arren, bigarren mailako biztanle bihurtu dira euren lurraldean bertan, txinatar kolono kolonialistek zanpatuta.

       xinjiang por ti.  euska_herria_karta por ti.

Bada, euskaldunontzat ez da kontu harrigarria, berton ere, Euskal Herrian alegia, badakigulako, jakin, zer den kolonizatua izatea. Garai bateko industrializazio “onuragarri” bezain masibo baten aitzakian, kanpotarrez bete zigun lurraldea Franco espainiar diktadoreak, eta, haren itzalpean, kultura eta hizkuntza inbasoreak ezarri zizkigun, ofizial eta derrigorrezko. Geroztik, badakigu zer gertatu den eta non diren orain gure hizkuntza eta kultura; bigarren maila batean, inbasoreen hizkuntzaren eta kulturaren ostean, uigurrei gertatzen ari bezala.

 

Hau da, hitzok gustatu edo ez, espainolek kolonizatu egin gintuzten, eta, oraindik ere, borrokatu egiten dituzte gure hizkuntza eta kultura, berez dagokien lekua berreskura ez dezaten. Jakina, hori guztia demokraziaren mozorroaren azpian egiten da orain, eta ditugun kolonoek ez dute onartu nahi garai batean indarrez ezarri zizkigutela euren hizkuntza eta kultura. Xinjiang-en, ordea, demokrazia arrastorik ere ez dagoenez, dena egiten da bortxaz, eta, ezarpenen aurka inor matxinatuz gero, akabatu egiten dute kalean bertan, hemen garai batean egiten zen bezala.

 

Tamalez, memoria historikoa galtzen ari da, edo ari gara. Oraingo gure gaztetxo askok ez bide dakite euskara dela gure hasierako hizkuntza eta euskal kultura dela izena eta izana eman dizkiona Euskal Herriari. Oraingo gaztetxo horiek, gehienek, gaztelania dute euren hizkuntza behinena, nahiz eta euskaraz jakin, eta ez dute ulertzen izenak izana ere behar duela, herri bezala iraungo badugu. Areago, hainbatek mespretxua ere agertzen dute euskararen kontra. Helduok, berriz, ez dugu orain arte lortutakoa balioesten jakin, eta ez diegu gure ondorengoei militantzia kulturalaren bidez borrokatzen irakatsi. Globalizazioak eta ongizate gizarteak gure seme-alabak galarazi dizkigu; mestizaiak eta aniztasunak desideologizatu.

 

Nik, ordea, garaiotan eta neuk bakarrik ezer gutxi egin dezakedan arren, gauza bat behintzat argi eta garbi utzi nahi diet neure ingurukoei: Euskal Herriaren kasuan, baditugu colonoak eta kolonoak, ez baitira gauza bera bertora norberarena ezartzera etortzea eta, behin hona etorrita, bertokoa bereganatzen ahalegintzea. Bigarren hauei, kolonoei, nire laguntza eta eskertzerik zintzoena eskaintzen diet; ea bertoko askok ere ikasten duten euskaldunak, iruditzeaz gain, izan ere izan behar duela euskaldun.

Nork: Laner Landa.2009/07/09 22:23:04.188 GMT+2
Etiketak: kolonoak kolonialismo_espainola txinatar_kolonialismoa uigur | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/06/08 13:16:20.289 GMT+2

LEHENGO LEPOTIK BURUA

Ostera ere hauteskundeak izan ditugu Euskal Herrian, Euskal Herri osoan alegia (nahiz eta zirkunskripzio ezberdinetan bozkatzera behartuta egon), eta, egia esanda, aurretik bagenekiena egiaztatu ahal izan dugu atzera ere.

 

   Hauteskundeak2009 por ti.

 

Eta zer genekien aurretik? Bada, bistakoa dena:

 

1) Hego Euskal Herrian, behintzat, euskal naziozaleak gara gehienok; espainolak baino dezente gehiago. Ipar Euskal Herrian, ordea, bestelakoak dira gauzak, oraindik ere sustraitu beharra baitago euskal nazioaren kontzeptua. Baina bidean goaz, eta denborak aitortuko digu naziotasun osoa, ez izan zalantzarik.

 

2) Ezker Abertzalea ezinbesteko indar politikoa da, eta, inoiz “euskal gatazka” delakoa konponduko bada, egon egon beharko da konponbide horretan. Agerian gelditu da ezkertiar abertzaleak nork ordezkatzen dituen; ez Aralarrek ez eta Eusko Alkartasunak ere, betidaniko eta betiko ordezkariek baizik, izenik eta pertsonalismorik gabeko herritar xume ezkertiarrek, alegia, edozein direlarik daramatzaten  siglak.

 

3) Abertzaletasunak ordezkaritza bi baino ez ditu behar; espainolismoak beste, hain zuzen. Eusko Alderdi Jeltzaleari dagokio, historikoki, ikuspegi kontserbadore eta zentro-eskuindarraren ordezkaritza abertzalea; bigarren ordezkaritza, ordea, Ezker Abertzaleak izaten du, berez, sigla batzuen edo bestetzuen azpian aurkeztuta frogatu izan duen bezala. Agerikoa denez, eutsi egiten dio bigarren indar abertzalea izateari, eta legez kanpo utzi dutenetan besteri utzitako botoak erraz asko berreskuratzen ditu legezkoa izaten uzten diotenean. Beraz, legeak lege, hortxe dago uka ezinezko egia politikoa.

 

Espainolek ere bi ordezkaritza baino ez dutela erakutsi dute; ez Espainian bakarrik, baita Hego Euskal Herrian ere. PSOE eta PP dira aukera bi horiek. Hirugarren bide bat zabaltzen saiatzen ari badira ere, ez dirudi bipartidismoak alternatibarik duenik. Hortaz, zer hausnartua dute balizko alternatiba hori izan nahi luketen horiek, bai espainolen kasuan (dela IU, dela UPyD), bai eta euskal alderdien kasuan ere (noraezean doan EA, eta tokirik aurkitu ezinik dabilen ARALAR).

 

Hiru egia biribil horien inguruan gabiltza, aspaldiko partez ibili ere, eta, errealitate hori ukatzen jarraitzen duten bitartean, ez da konponbiderik izango. Zeren zain daude, ba, oraingo agintariak, lanean hasteko? Noizko emango diote bide gure errealitate politikoari?

 

Benetako maila politikorik ukanez gero, beharbada aspaldi konponduko zen auzi hau guztia, baina nago maila politiko handirik ez dutela “gure” ordezkari hauek, eta, gauzak horrela, luze jo dezake, oraindik ere, delako “euskal gatazka” honek.

Nork: Lander Landa.2009/06/08 13:16:20.289 GMT+2
Etiketak: euskal_gatazka alternatiba ezker_abertzalea eaj europako_hauteskundeak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/20 08:39:13.318 GMT+2

OKSA KIRREKSE

Edo ESKERRIK ASKO, zuzen irakurrita.

 

Asteak daramatzat blogean idatzi gabe, bazter utzi behar izan baitut hainbat arrazoi direla medio; eta, berriro ere sartu naizenerako, 1.000 bisiten muga gainditua dudala ikusi dut. Poza hartu dut, poza eman baitidazue zuek, bisitariok, eta eskertzeko beharra sentitu dut berehala. Benetan, bihotz-bihotzez diotsuet atzera ere: MILA ESKER!

 

Kontua da, orain zortzi bat hilabete blog honi ekin nionean (blogari gehienoi gertatzen zaigun bezala, nik uste), ez nekiela oso ondo nondik joko nuen aurrerantzean. Sarean zertxobait idazteko gogoa nuen, besterik gabe, eta blog bat sortzea begitandu zitzaidan biderik zuzen eta errazena. Gerora, egunean-egunean, edo asterik aste, hau eta bestea idatzita, gorpuztuz joan da N@Z bloga, egunotan 1.000 bisita baino gehiago lortu arte.

 

Beharbada, blog honek ez du ildo jakin eta mugatu bat izango orain arte jorratu edo eman ditudan gai eta iritzietan; akaso, zorrotz samar jokatu dut batzuetan, edo azaleko eta hutsalegi beste hainbatetan. Baina, edonola ere, zerbaitek erakarrita, bisita egin duzue blogera, eta, berton esaten ditudanekin ados egonda edo gabe, garbi dago zerbait irakurri duzuela. Horrexegatik, bada, nago eskertuta.

 

Hala ere, egia ere bada gehiago eskertuko nizuela baldin eta, irakurtzeaz gain, iritzi edo kritika gehiago utzi izan bazenute nik idatzitako posten gainean. Baina, lagun batek dioen bezala, irakurle onak daudelako izaten dira idazleak ere, onak edo txarrak izanik berauek.

 

Dena dela, jakizue blog honen lehenengo, benetako eta sakoneko xedea sareko euskararen unibertsoan ekarpentxoa egitea baino ez dela izan. Hau da, euskaraz idatzi euskaraz irakurri nahi duenarentzat; eta, hori bai, euskara batu eta zuzenean, esan beharrik ere ez baitago euskaraz idazten den guztia ez dela irakurgarri.

 

Hortaz, zain dezagun euskara, euskaraz (euskara onean, ahal dela) eginez!

Hurrengora arte.

 

 

Nork: Lander Landa.2009/05/20 08:39:13.318 GMT+2
Etiketak: interneteko_euskara eskerrik_asko blogariok | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)