Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/01/28 21:08:50.623 GMT+1

Munstroek ez dakite dantzan I




"Y cuando me convencí de que era el monstruo que soy, me acometió un profundo sentimiento de pena y mortificación."

"¡Despiadado creador! Me has dado sentimientos y pasiones, pero me has abandonado al desprecio y al asco de la humanidad."

"Maldito sea el día en que recibí la vida, maldito sea mi creador."

"¡Maldito creador! ¿Por qué me hiciste vivir? ¿Por qué no perdí en aquel momento la llama de la existencia que tan imprudentemente encendiste?"

"Yo era afectuoso y bueno; la desgracia me ha convertido en un demonio. Hazme nuevamente feliz y volveré a ser virtuoso."

"Soy malo porque soy desdichado."

"Quieres matarme. ¿Cómo te atreves a jugar así con la vida y la muerte?"

"Tú, que me acusas de asesino, serías capaz de destruir a la criatura que es tu propia obra. ¡Alabada sea la eterna justicia del hombre!"

"Aprecio la vida, aunque sólo sea una sucesión de angustias, y la defenderé."




Galtzerdi zikin bat bere gelako zoruan botata, abandonatuta. Atzo, oheratzean kendu zuen eta, urrunetik, garbitzeko arroparen saskian sartzen saiatu zen gogo handirik gabe. Inork ez du batu galtzerdia, eta inork ez du batuko. Berari ez dio axola zoruak, ez dio inporta galtzerdiak, ez behintzat berriro jantzi beharko duen arte. Sukaldeko harraskan ontziek gainezka egiten dute botatzeke geratu diren janari azkarraren plastikoen ondoan. Ohea, hotz. Heze. Aspaldi ez du erabiltzen. Ez da gai, gauerdian esnatzen denean, telebista itzali eta sofatik altxatzeko. Ez du ondo lorik egiten. Bost sei-aldiz esnatzen da gauero; mugitu gabe, begiak irekitzen ditu pixkanaka eta, amets goxoetatik kanpo dagoela ohartuta, berriro ixten ditu kolpean, errealitatea ezabatu nahiko balu bezala, beldur eta haserre arteko sentsazio baten menpean. Baina alperrik. Gaztea zenetik ez du lortu betazalak jaisterako lokartzea. Horregatik, edo soilik bere buruari onartzen dizkion plazer bakarrak direlako, dena ilun eta isil dagoela, sofan eseri, jada aurretik erabilitako kopa ardo beltzez bete du eta marihuanazko porroa egiten hasten da, kontu handiz, errituala bailitzan. Metxeroa hartu, porroa piztu eta berriro etzaten da, lehenengo zupadarekin batera bere burua martxan jarriz. Begirada beti du iraganean edo inoiz beteko ez diren etorkizuneko ametsetan. Ez dauka orainari aurre egiteko ausardiarik, ez eta gogorik ere.

Noiz hasi zen korronte itsu hura...? Noiz utzi zion berak bizitza bizitzeari, bizitzak bera amildegirantz eramateko...? Hori da bide bakarra: heriotzarantz gidatzen gaituena. Amaieraranzko bidea, grisa eta, urretxindorren kanturik gabekoa...

Lanean jarraitzen du hala ere, jarraitzen du, orokorrean. Egunero sei eta erdietan esnatzen da, armairuan dituen bi bakeroen artean bat aukeratu eta soinean kamiseta beltza jartzen du. Izan ere, kolore horretako kamisetak baino ez dauzka... Goizero pizten du telebista eta berrietan entzuten denari kasurik egin gabe kafe beltz batez drogatzen da, esnatzeko ezinbestekoa.

Berton, lantokian, ez da bera. Beste bat da; agian behin izan zenaren ilusioa edo. Bufoia da, sarkastikoa imajina ezin daitezkeen puntutaraino. Inork ez luke pentsatuko umore on hori lanera mugatzen denik, kideek izugarrizko barre algarak botatzen baitituzte bere burutapenekin! Eta egia esan, berak ere ez du gaizki pasatzen behin lanera helduta, han ez duelako pentsatzen. Gogorra egiten zaiona ez da lan egitea, lanera joatea baizik. Etxetik irtetea. Eta etxera bueltatu behar izatea. Lan eguna bukatzean zuzenean itzultzen da bere pisura, begiak lurrean iltzaturik eta alderrai dabilen mamuaren erritmoan.

Etxeko atea zabaldu bezain laster, jaka edozein izkinatan lagatzen du botata, axolagabe, eta ardo kopa betetzen du berriro, trago txiki bat emanda, bart erdizka utzitako porroa ezpain artean piztuz ondoren. Baina oraingoan ez du telebista piztu. Ahizpak urtebetetzean oparitutako diskoa hartu du, Tom Waits, eta izoztuta gelditu da hari begira... bere burua azalean ikustea iruditu zaio; gizon horren ahots hautsi eta malenkoniatsua bere arimaren hizkera da, abestien doinuan hizkuntza eta hitzetan istorioa... Musika aparatuaren pletina zabaldu eta aurretik jarrita zegoen Beethovenen 5º sinfonia atera du. Maite du pieza hori, hain da indartsua! Orain, ordea, zerbait dramatikoagoa behar du... Waitsen aiene bakoitzarekin malko batek masaila laztantzen dio astiro. Zergatik ez dakiela errepikatzen dio bere buruari, baina oso ondo ezagutzen du eztarriko korapilo horren arrazoia.

Arazoak izan ditu beti giza harremanetarako. Benetako loturak errotzeko, zentzugabekerietatik haratago doazen horietakoak. Gaztaroan ez zituen denon interes eta motibazio berberak, batzuetan aspertu egiten zen, beste batzuetan aspertuta zegoela sinestarazten zion bere buruari. Zergatik? Batek jakin. Amodio-gorrotozko harremana zuen bai bakardadearekin bai taldearen epeltasunarekin. Artaldearen parte sentitzeari beldur handia zion; absurdoa iruditzen zitzaion guztiz! Zergatik antzeztu denon arteko berdintasunik? Zer abantaila eduki dezake horrek? Manifestazioak, jaiak, hiri-tribuen arteko liskar zentzugabeak, futbola... denak saihesten zituen eta, denak klasifikatu gizakion artean ez dagoen batasun eta anaitasunaren bilaketa desesperatu gisa. Gustuko zuen hausnartzea, giza-naturaz, bere buruaz... baina pasa egin zen noizbait. Gogoeta bere mundu bakarra bihurtu zuen errealitatea alde batera utziz. Gogoa elikatzearekin obsesionatuta zegoela eta, bizitza soziala gosez hiltzen uzten ari zen. Batzuek drogen bidez egiten dute ihes bizitza den kaka pila honengandik, bada, berak nahiago zuen burua ideiaz bete, jakituria bereganatu. Agian hori ere izan zen dekadentziara bultzatu zuten faktoreetako bat, gehiegizko informazioa eta, ondorio gisa, gehiegizko egien multzo erraldoi eta kaotikoa. Nork behar du benetan egiarik? Egiak gainditua zuen ordutik, bere borondatea, desioa, gogoa... Etsipenean murgilduta bizitzen hasi zen. Zertarako? Zertarako ezer egin? Giza kreaturaren patetismoa gailentzen zitzaion garen animaliaren irudian; izakirik nazkagarriena... eta aldatzeko biderik ez.

Beltza zen bere mundua. Erdibideko koloreentzako lekurik gabe, argi izpi txikienarentzako zirrikiturik gabe. Negarrez jaio zen, ikusi zuen, ikasi zuen, eta horren ostean hil ere negarrez hilko zen. Aspaldi onartua zuen existentziaren absurdua. Zergatik eta zertarako bezalako galderek zentzurik ez zutela eta, bizitzaren punturen batean utzi zituen apartutako, nerabe izan zeneko Scooterraren ondoan, herdoiltzen.

Hasieran ez zen kolpe handia izan. Askapena gehiago. Hutsala edo demagogikoa iruditu dezakeen arren, munduaren egoera zama jasangaitza suertatzen zitzaion. Heziketa erlijiosorik ez zuen izan, baina ongi aski barneratua zeukan erru sentimendua, eta austeridadea inoiz ez zitzaion nahikoa iruditzen. Bizitzari, munduari, are unibertsoari ere inolako esanahirik ez egoztea, den guztia kasualitatez baino ez dela onartzea, alegia, bizitzarekiko jarrera positiboagoa hartzeko lehen urratsa izan behar zela pentsatu zuen. Oso erraz, alaitasun handiz, plazeren garrantzia funtsezkoa bururatu zitzaion. Zorigaitzekin ez ikusiarena egin eta ahal den heinean egokitu zaigun bizitza laburra gozatu; betiko Carpe Diem ezagun bezain gaizki ulertuari heldu zion bizi arrazoi bakar gisa. Azken finean noizbait bukatuko ziren biak, sufrimendua eta poza. Ezer gutxirako balio zezaketen mundua hobetzeko bere esfortzuek bere burua konpontzeko gai ere ez bazen. Kasualitatez agertutako errealitatearen parte garela konbentzituta, uste zuen injustizia ere zoriz egokitu zaigun zerbait dela eta alferrik ibiliko dela hori aldatzen saiatzen dena. Horregatik, hobe da ahaztu eta aurrera begiratu.

Hedonismo arrazional honek baina, ezin zuen gehiegi iraun eta laster itzali zen estoizismoaren eta epikureismoaren artean dantzan zebilen izarra. Azalpen eta justifikazioak ez dira inoiz nahikoak izaten pasioak baretzeko. Emozioak lasaitzeko. Saiatu bazen ere, ezin izan zion bizimodu berriari heldu; kapritxo bakoitza martirio bilakatzen zitzaion, bere krudelkeria aitortu eta azpimarratuz. Betidanik eduki zuen abantailazko posizioa onartu eta aprobetxatzea, gero eta higuingarriagoa iruditzen zitzaion. Eta apurka-apurka bere bizitza infernu bilakatu zuen penitentzia egin guran edo. Hain desorekatua zegoen balantza, ezen bere samina areagotuz orekatzen saiatzen baitzen konturatu gabe kasik, era inkontzientean. Ezin zuen eskura zeukanaz disfrutatu beste batzuen sufrimendua gogora ekarri gabe. Eta, hala, erlazionatzea ere ahaztu egin zitzaion, gainazaleko txorakeriez haratago.

Egun, ez du jada barnean duen korapilo hau norekin konpartitu. Garai batean izandako lagun eskasak, etengabe agertzen zuen garraztasunaz nekatu ziren nonbait, eta ezezko gehiago entzuteko gogorik gabe, deitzeari utzi zioten. Berak ere ez zituen inoiz deitu, eta ez zituen deituko.

Beti soinean zeraman liburua zuen lagun bakartzat. Amak oparitu zion institutua bukatu zuenean, bere libururik gogokoena zela esanez eta pentsatuz akaso, jada aski hasita zegoela orrialde horietan gordetzen ziren egia gogorrak ulertu eta onartzeko. Ordutik liburuarekin maiteminduta bizi da. Leku guztietara darama, eta azpimarratuta dituen esaldien inguruan gogoeta berriak idazten ditu, pentsamendu beldurgarriak gehienak. Orrialdeak horitu zaizkio, eta tapak erori; baina ez dio inporta, hitzak baitira bertan garrantzizko gauza bakarra, mezua. Egunetik egunera identifikatuago sentitzen da idazleak irudikaturiko tragediarekin. Frankenstein o el moderno Prometeo. Klasiko bat. Mundu guztiak ezagutu baina soilik gutxi batzuek irakurtzen duten horietakoa. Behin eta berriro irakurri arren ez da nekatzen; are gehiago, plazera bilakatu zaio buruz dakizkien esaldiak etengabe birpasatzea. Azken finean, ez al da Frankensteinen munstroa bere buruaren metafora perfektua? Ez al da aldi berean gizateriaren biktima eta borrero? Berak ere, gizakienganako maitasun mugagabea sentitu izan ez balu, ez zukeen halako sufrimendurik pairatuko eta, beraz, ezinezkoa izango litzaioke bere espeziearekiko garatu zuen gorroto bizi hori sentitzea. Ez al da hori bera munstroaren bizipena?

Nork: Sugoi.2010/01/28 21:08:50.623 GMT+1
Etiketak: estetika existentzialismoa angustia literatula frankenstein ipuina bizitza kontakizuna | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

j'aime bien cet texte!!!! esango dostazu zer dinon irakasleak!!

Nork: arratetxu.2010/01/29 23:28:00.365 GMT+1

Izenburu polita :). Kontua gehiago.

Nork: liese.2010/01/30 16:34:00.883 GMT+1

Izenburu polita :). Kontua gehiago.

Nork: liese.2010/01/30 16:34:03.796 GMT+1

Bai ezta? Egia esan oso izenburu ona da, eskerrik asko ekarpenagatik beraz, testua salbadu zenidan! Jeje! Eta eskerrik asko bioi, pozten naiz gustatu izanaz... banoa bigarren partea jartzen...

Nork: Sugoi.2010/01/30 17:34:01.589 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.