Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/02/03 09:29:19.071 GMT+1

Munstroek ez dakite dantzan V


Hitz horiek gaur bertan idatziak izan balira bezala sentitu ditu. Gizartearen alderdiren bat gorroto baldin badu, hori, zalantza barik, hipokrisia da. Nazkagarria iruditzen zaio gizakia bere burua nola engainatzen duen. Berak ere gorroto du bere espeziea, eta Jainkorik balego are gehiago gorrotatuko luke bera, munstroak bere sortzailea gorroto duen moduan, horrelako mundu kaotiko eta penagarria sortzeagatik. Gizateria da munstroa, Frankenstein doktorea Jainkoa. Aurrean izango balu gauza pare bat argi eta ozenki esateko! Leibnizen argumentua gaizkiaren justifikazioaren inguruan aldi berean barregarria eta iraingarria iruditzen zaio; giza adimenari egindako burla lotsagabea. Pentsatu du izaki ahalguztidun batek sor dezakeen mundurik honena hori bada, ahalguztidun hitzaren esanahia aldatzea lehentasun handiko gaia bihurtu beharko litzatekeela filosofiarentzako; edo bestela izakiak berak bere boterea zalantza jarri beharko lituzkeela. Errazago suertatzen zaio estilo kartesiarreko jeinu maltzur batean sinistea, horrek zentzu gehiago emango lioke munduari. Horrek ordea, ez luke salduko, jendeak esperantza behar omen du, gezurra. Eta gizakiaren patetismoa era ezin hobean azaltzen duen Nietzscheren zita batez gogoratu da, “el hombre prefiere querer la nada a no querer”. Tristea, penagarria, iruditu zaio gizakia enegarren aldiz. Baina nahiago du horretan ez pentsatu, bere burua leihotik behera botako ez badu.

Mahai gainean aurretik botatako gauza guztiak bere latorrizko kaxara itzuli ditu eta hau bere antigoaleko idazmahaian gorde du berriro. Gogoratu du aspaldi ez duela ezer idazten; eta pentsamendu azkar horri kasurik egin gabe sukaldera joan da afaltzeko zerbaiten bila. Betiko legez ez dauka ezer prestatzeko gogorik, beraz, esne katilu bat prestatu du zerealekin. Egongelara abiatu da berriro, katilua erdian kokatzen den mahai gainean utzi eta bere gorputza sofaren gainean erortzen utzi du. Porroa egin du, oraingoan ardo kopa bete gabe; esnearekin ez doa batere ondo! Gosea pizteko erre du pixkatxo bat, eta beste pixka bat utzi du esnearen ostea erretzeko. Berriro. Zappinga egiten hasi da, baina telebistan ez dago ezer. Berriro. Berdin du, bere pentsamenduetan murgilduta geratuko da. Bere errutinaren izaera miserableari buruz hausnartzen. Gai paregabea gaua alaitzeko... Bihar ere laneguna da eta sarkastiko zoriontsuaren maskara jarri beharko du. Berriro. Ikaragarrizkoa nagia ematen dio... esnearen osteko porroari azkenengo zupadak eman dizkio. Laster hasi da lokartzen... gustuko du sentsazio hori, baina badaki bi-hiru ordutan esnatuko dela. Bai.

Berriro.

Nork: Sugoi.2010/02/03 09:29:19.071 GMT+1
Etiketak: existentzialismoa angustia bizitza ipuina frankenstein kontakizuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.