Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/08/28 00:32:35.257 GMT+2

Ruta del Cares


Asturies eta Lleon lurraldeak lotzen dituen ibaia da Cares, Mendikate Zentrala zeharkatzen duena. Honen ondotik, bide bat, estua, zentral elektrikora ura eramango zuen kanala eraikitzeko sortua. Bide horren 12 kilometro egitea dugu helburu, zortzi urteko ahizpak, aitak eta nik, ez dirudi zaila.

Lleongo partetik hasiko dugu txangoa, Caín herritik Ponceboraino, bertan hartuko gaitu furgonetak. Caíneraino bihurgunez jositako 75 bat kilometro ditugu, baina ez du axola, merezi du, Sella ibaia, izokinak, Beyoko haitzartea… bertara helduta bokadilloa arineketan jan eta hasten dugu paseoa. Bidea harkaitzean eraikia dago, oso estua da, niretzat behintzat… altuerei beldurra diet, bai. Hasieran ibaiaren parean gabiltza, baina laister goaz igotzen, inpresioa sortzen dit bistak, baina paretara itsasten naiz, ez dago arazorik. 

Nahastu egiten dira beldurra eta poza, sufrimendua eta gozamena, sentimendu eta sentsazio kontrajarriak. Hain gaude altu… eta hain da polita paisaia… Erritmoa mantentzen dut, hormaren alboan beti, kezkarekin batera ibaiaren melodia, lasaigarria. Mendiek eskeintzen didaten ixiltasuna apurtzen dut pausu hotsez, tipi tapa, tipi tapa, ahalik eta gutxien gelditzen naiz. Hala ere, kamera eskuan daramat eta ezin diot eutsi, argazkiak atera behar ditut, argazki asko. Begien aurrean azaltzen zaidana ordea, ezin du makinak izoztu, han egon behar da hura ikusteko, edo hobeto esanda, hura sentitzeko, zentzumen guztiek hartzen baitute parte zeregin honetan.

Luzea da bidea, erraza, baina luzea, hiru bat ordu oinez gelditu gabe, kirola egiten ez duen honentzat nahikoa, ziur. Tentsioak hartuta ibilaldi osoan, arriskuari so, nire azpitik dauden metro hutsak une bakar batean ahaztu gabe… adrenalina. Izuturik nago bai, hersturak hartzen nau, baina aldi berean gustora nago, urduri eta lasai, drogatuta edo, adrenalina. 

Utzi dugu Lleon, atzeko kartelak dio ‘Comunidad de Castilla y León’, eta aurrekoak ‘Comunidad de Asturias’. Eta ni? Non nago ni? Erdian, ez Asturies eta ez Lleon, Tierra de Nadie, kuriosoa. Asturiesen sartu bezain pronto iturri natural batekin egiten dugu topo, ur freskoa dauka, plastiko zaporerik gabea, bikain! Zenbat gauza eskeintzen dizkigun inguru honek, bueltan ezer jasotzen ez badu ere.

Gero eta gusturago sentitzen naiz, beldurra desagertuz doa pixkanaka, adi adi noa erritmoa ez galtzeko asmotan, arnasketa kontrolatuz. Dena desagertzen da, ibaiaren urak etengabeko mugimenduan sortzen duen hotsa, altuera izugarriak, beldurrak… hain nago kontzentratua ezen nire oinak, arnasketa eta lurra baino ez dauden, baina noizbehinka bueltatu egiten naiz mundura, eta zein altu nagoen ikusten dut, ibaia entzuten dut. Beldurra garaituz joateak ongi datorkit, harro nago nire buruaz, rutinatik irtenaz agian. Honen kontra, tontorren handitasunak, harkaitzez egindako garaierak txiki sentiarazten nau, harrizko erraldoi hauek inguraturik nago, babesturik eta arriskuan, ikaragarriak dira, inponenteak. 

Etxera bueltan, ‘El Naranjo de Bulnes’ tontorra ikusteko miradorean gelditzen gara, pixkat urrun dago, baina tira, ez dago laino gehiegirik, nahiko ondo ikus daiteke beraz. 2519 metroko mendia, bertikalean 500 metroko paretarekin… uffff, hori ez du edozeinek eskalatzen… gustatuko litzaidake noizbait hori egiteko gai izatea, baina beste amets bat baino ez da, beti bezala, ni, hodeietan.

Picos de Europa, benetan politak. Itzuliko naiz, akaso lagunekin, familiarekin, edo bakarrik, berdin zait, itzuli egingo naiz, bai jauna!


Nork: Sugoi.2007/08/28 00:32:35.257 GMT+2
Etiketak: bidaiak paisaiak sentimenduak | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Urriellurako igoera ez da hain zaila. Atzeko partetik hirugarren mailako pausuak baino ez dituen bidea dago. Eskalan aditua den zu bezalako gazte batentzat ez da ezer hori. Urteren batean...

Pozten nau Cares bidea gustatu izanak. Ni orain dela urte batzuk egon nintzen, eta oroitzapenak ez dira horrelakoak, baizik eta guztiz kontrakoak. Jendez gainezka zegoen, putetxe bat zirudien. Umeak edonon, jendea paketeak jaten, tabernan edaten... Domeka zen...

Nork: Opositivo.2007/08/28 21:33:20.204 GMT+2

Ederra benetan. hurrengoan motxilakk eramateko norbait behar baduzute...

Nork: sister1.2007/08/30 11:25:16.284 GMT+2
www.blogak.com/lauaketabost

Ez da ba zaila izango! Gida bat erosi dut ta pareta guztien zailtasun maila nahiko altua ei da, beraz urrun daukat eskalada hori, ziur. Momentuz ikastea daukat, gero gerokoak...

Egia esan Cares bidean nahiko jende zegoen bai, gehiegi agian, zalantza barik hutsik egon izan balitz, askoz hobeto! Baina ni nire bolara joan nintzen, paisaiaz gozatzen eta gainerako jendearen existentziaz ia konturatu gabe, azken finean, ni bakarrik, gozada bat. Dena den suposatzen dut domeka izanda zu joan zinenean beteagoa egongo zela, ni astelehen batean joan nintzen.

sister1 nire bidaietara edonor dago gonbidatua, ta bere motxila eramatearekin nahiko, hori bai, ausarta izan behar du ni ta nire lagunekin datorrenak, ezta Opoitivo? Jejeje

Nork: Sugoi.2007/08/31 19:18:25.110 GMT+2

bueno, bueno, ausartak zenbateraino? ez da horrenbesterako izango ezta?

Nork: astrozoro.2007/08/31 19:44:25.135 GMT+2

Antza bai, zu behin etorri zinen eta geroztik ez duzu ta gutaz ezer jakin nahi! ;D

Nork: Sugoi.2007/08/31 19:49:52.511 GMT+2

Ondo pasatzeko gogoz etorriz gero, noski. Edonor izango da ongietorria.

Urriellu igotzearen inguruan, nik gogoratu baino pixkat zailagoa da: bost tarte daude, III mailako bi, IVko beste bi eta falta dena Vekoa.

http://www.revistaiberica.com/escalada/asturias/naranjo/sur.htm

Arrazoia zeneukan, beraz, eskalada izateko ez da hain zaila, baina badauka bere mamia.

Nork: opositivo.2007/09/03 02:44:46.186 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.