Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/08/12 00:43:16.612 GMT+2

ARTXI-pielagoa




...Y al atardecer todos los especímenes raros de la ciudad se apoderan de las calles y roban bancos y, ya,los ciudadanos no se pueden sentar en ellos, no pueden esparcir migas de pan para las palomas porque no quedan (creo haber mencionado antes) bancos en los jardines, ni en los parques, ni en las plazas. Y también roban las rayas blancas de los pasos de cebra y, ya, los ciudadanos no pueden cruzar la calle porque toda la ciudad se ha convertido en archipiélago; todo son islas, islas, islas y mar, sobre todo mar. Y nadie se atreve a tocar ese mar negro que se interpone entre los trozos de tierra y cemento, sobre todo cemento.


...eta laster G hiria ere artxipielago bilakatuko zaigu...


Nork: aupi.2008/08/12 00:43:16.612 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/07/10 11:04:38.846 GMT+2

Harremana


Azken urteetan txarrerantz egin zuen geneukan harremanak, edo agian geu izan ginen aldatu ginenak, baina biok genekien hondamendian gora gindoazela, lasterbiderik hartu ez genuen arren. Hondamendian gora, poliki-poliki.

Lehenengo zauri bat etorri zen. Ez zen luzea izan lehenengo zauria eta bigarrenaren arteko tartea. Hirugarrena etorri orduko, aldiz, pasata zegoen denboratxo bat, ia aurreko beste zauri biak ahazteko beste, baina hirugarrenarekin batera aurreko bi zauriak bizitu zitzaizkidan. Orduan gatza bota nuen zaurietan, sekula ez osatzeko, inoiz ez ahazteko jasandako min guztia. Hamabost. Hamabost izan dira denetara egin dizkidazun zauriak. Hamabost zauri gatzeztatu.

Beraz, bidaiatzea erabaki nuen, alde egitea, ebaditzeko, edo Haragiaz ahazteko; sufrimendua baino ekartzen ez zidan haragi zati honetatik urruntzeko. Begiak itxi eta gorputzeko arterietatik egin nuen bidaia. Lehenengo geltokia: bihotza. Mina. Mina besterik ez nuen bisitatu bertan. Mina. Mina. Eta aurrera jarraitzea erabaki nuen, bidaiatzen. Bigarren geltokia: burua. Pentsamendu nahasiak. Beherapenetan bezala, dena hankaz gora. Dena ordenatzen saiatu nintzen eta, hor nonbait, aurkitu nuen neoizko argiz iragartzen: The End. Bukatu da. Bukatu da. Dendara sartu eta Souvenir bat erosi nuen. Elur-malutez beteriko kristalezko bola tipikoa. Zer zegoen barruan? Agian hutsik zegoen, gure harremana bezain hutsik. Edo agian aulki bat zegoen bolaren erdian, Aulki bat elurretan; erreflexionatzera jesartzeko aulkia.

Souvenirra maletan sartu, eta bidaia amaitutzat eman nuen: nire Eskuetako mapak irakurtzen ikasi nuen bidaian, edo hobe esan, neoizko argiak interpretatzen: The End. Bukatu da.

Ni ez naiz Zu bezain ahula. Biok Falta genuen sua, bai, baina zuk etsi egin zenuen, ez zenuen zigarroa piztea lortu, harri koxkorrekin ezin izan zenuelako txinpartarik atera, poxpolo hezeekin ezin izan zenuelako surik egin. Etsi egin zenuen. Nik, ostera, metxero bat aurkitu nuen bide bazterrean, zigarroa piztu nuen eta kalada bat eman nion, bi, hiru....zazpi. Ke artean ebaditu nintzen eta zigarroa asfaltoan itzali, beherantz izugarrizko indarra eginez hondakina tximur-tximur eginda uzteko, gu bion arteko harremana bezalaxe.




Emakume idazle euskaldunek minaz idatzi ohi dute; minaz, minez.


Nork: aupi.2008/07/10 11:04:38.846 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2008/06/24 23:34:17.164 GMT+2

G hiriko beste bat

Demagun…G hirian bizi naizela. 20 urte inguru ditudala eta ikaslea naizela. Ez dezadan gehiegi zehaztu...Pisu bateko 2. solairuan biziko naiz edo, agian, 4. solairuan, ez dakit... eta bere sinadura uzteko azulejo bat nahita alderantziz jartzen duen igeltseroaren komun horietako bat izango dut (erreparatu zuen etxeetako komunetan ea azulejo denak zuzen jarrita dauden, hala bada, nire komuna eta zuena ez du igeltsero berak jarri). Ezkatza ere igeltsero berak jarri zuela suposatuko dut, bertan ere bere sinadura izan daitekeen azulejo bat dagoelako alderantziz jarrita. Edo ez, agian zuzen jarrita dagoen bakarra da eta besteak daude alderantziz, igual.

 

Usoen bizitokia izango da G, hainbeste enpagu ematen didaten uso nazkagarriena. Eta ikasleen bizilekua ere bai, etorkinena bezainbeste. Nik, bizikleta hartuko dut egunero Unibertsitatera joateko eta ia beti norbaiten aurka joango naiz, edo bera etorriko da nire kontra. Dena dela, emaitza beti izango da bera. Oinez noanean ere, parez pare jarriko naiz norbaitekin eta berak eskumarantz egiten duenean, nik ezkerrerantz egingo dut, eta nik eskumarantz egiten dudanean, berak ezkerrerantz. Eta hor egongo gara, tangoa dantzatzen bezala, baina gerritik oratu gabe. Hori dena bata geldi geratu arte eta bestea mugitzen den heinean biok aurrera jarraitzen dugun arte. Egunero berdin. Eta egunean gutxienez bi aldiz.

 

Baina egun batean, kaleko topaketa horiek saihesteko metodoa bilatuko dut, bizikletan nire norabidea besteei transmititzeko metodoa (kotxeen intermitentearen funtzio antzekoa izango duena), ezezagunekin kalean ustekabean tangoa dantzatzen jartzea eragotziko duen metodoa: BEGIRADAREN METODOA ©

 

Begiradaren metodoa praktikan jarriko dut egun batean, benetan funtzionatzen duela frogatzeko: ez diet ezezagunei begietara begiratuko, nire bideari baino. Konturatuko naiz eurak ere ohartzen direla nik norantz joan gura dudan eta ez direla nire parean jarriko. Gero, metodoa patentatzera joango naiz, badaezpadan.

 

----------------

abisatu dut behin baino gehiagotan begiradaren garrantziaz, bestela ikusi honako honi gertatutakoa

 

Nork: aupi.2008/06/24 23:34:17.164 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/06/12 16:36:39.978 GMT+2

azkazal gorriak

Azkazalak gorriz margotu eta atzerritarra izatera jolastea gustatzen zait:  hiriko autobus geltokietan paratu eta jendeari aurpegira begiratzea, haiek zerbait esatera ausartu daitezen. Eta ausarta da jendea, ez baitu inork 10 minutu baino gehiago irauten hortz artetik hitzen bat atera gabe. Nik ez ulertuarena egiten dut ordea, nire ama hizkuntzan galdetzen ez didatelako. Garrantzitsua da azkazalak gorriz margotzea, atzerritarraren itxura handiagoa ematen baitute.
 
Gogoko dut autobus geltokiko tabernan kafesnea hartzea eta telebistako albisteak nirea ez den aberri bati buruz ari direla pentsatzea.

Gogoak ematen didanean beste hiri baterako billetea hartu eta gauza bera egingo dut, baina lehenik begietara so daukadan neska gazte bati galdetuko diot ea non hartzen den G-rako billetea, ulertzen ez duenaren aurpegia jarriko didan bitartean. Gero ohartuko naiz azkazalak gorriz margotuta dituela.



Nork: aupi.2008/06/12 16:36:39.978 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (1)

2008/04/03 22:35:12.118 GMT+2

MaLeTaK

...aireportuetan beti geratzen da maletaren bat zintan bueltaka, jaberik gabe...
...edo jaberen bat maletarik gabe, eternitate bat zain, inoiz bueltatuko ez den maletaren zain...


...edo bai, agian handik bi astera, edo hobe, hilabete batera itzuliko da maleta, baina sekula ez jabeak azkenengo aldiz ikusi zuen bezala...

----

Imajinatu zenbat hegazkin aireratzen diren egunean aireportutik, zenbat hegazkinek hartzen duten lur...zenbat maleta zintetan bueltaka, zenbat jabe maletaren zain...

Nork: aupi.2008/04/03 22:35:12.118 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/03/24 18:17:05.087 GMT+1

etapa zurixen murgildute

Ezta erreza orri zuri baten zer idatzi asmatzie

gora beitxu eta dana zuri dauenien

gatxa da zuritxasune margoztuko daben hitz bat topetie

hitz horren albuen beste bat ipintxie

eta beste bat gero

esaldi bat osatu arte

gustora itxiko zaitxun esaldixe.

Ezta erreza etapa zuri honetatik urtetie

baina badakigu etapa zurixen ostien

beste bat etorriko dala

eta beste honen atzetik, beste bat

etapa-kate bat osotuz,

esaldi bat sortzen dan moduen.

 

Ezta erreza orri zuri baten zer idatzi asmatzie

gitxiau

horrek hitzek azkenak ixen al direla pentsetan badogu

eta puntue ipintxerakuen

bizixe amaitxu al dala badakigun

 

.

Nork: aupi.2008/03/24 18:17:05.087 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/16 14:48:42.712 GMT+1

--Aurtengo Negue---

Pertsianako zuloetatik sartu zait goizean goiz lehenengo izpia. Bete-betean jo dit begian. Ze erremedio! Jagi egin beharko! Kafesne epela baso baten. Mostatxoiak. Dutxa ere epela. Eguraldia ere epel. Udaberria dela dio. Baina ez. Nik badakit gezurretan dabilela. Oraindik ez gaudela udaberrian. Egarri dela, baina oraindik ez dela udaberria. Badakit. Badakit engainatuta dagoela. Eta zuhaitzak goiz loratu dira, eguraldiari jaramon eginik. Fruitua emateko desiratzen. Eta loreak landetan. Tximeletak loreetan. Baina gauden negu honetako iñetasiak erauziko ditu zuhaitzetako loreak, baita landetakoak ere. Lore gabeko udaberria izango dugu. Aurten. Tximeleta bakoa.

Nork: aupi.2008/02/16 14:48:42.712 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/01/06 11:38:38.367 GMT+1

Atzean utzitakoa

Egin du ihes
trenak estaziotik
eta zu
barruan zoaz,
baina zure parte bat
geratu da
estazioan,
utzitako
herriari lotuta...

...eta bazoaz
baina atzean utzitakoa
ez da sekula
bueltatuko
zugana.

Nork: aupi.2008/01/06 11:38:38.367 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2007/12/30 21:11:19.702 GMT+1

BuSTi

(aspaldiko bat...)

 

Espaloia bustita dago

baina aspaldian

ez du egin euririk.

Anpuluak erauzi dizkio

haizeak bihotzetik.

 

...eta norbaitek esango lioke kantari:

ez egin negarrik, munduak ez du eta malkoen beharrik”...

Nork: aupi.2007/12/30 21:11:19.702 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2007/12/22 16:12:52.530 GMT+1

Leiho lurrundu batean idazteagatik

Leiho lurrundu batean

maitasunezko poema bat idazteagatik

zigortua izango banaiz,

idazten jarraituko dut

gupidagabe

leiho lurrunduetan

lurruna desagertu arren

idatzitakoak bertan dirauelako.

Nork: aupi.2007/12/22 16:12:52.530 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)