| Teloia altzatzen denean, arrantzontzi bateko kamarote bat ikusten dugu, buruz behera, hau da, sabaia lurrean eta zorua goian. Itxas kolpe batek ontzia irauli eta ondorengo minutuetan hasten da akzioa, Gran Sol-eko itxasoaren erdian. Kamarote barruan hiru marinel: patroi zaharra, Ondarrutarra; pilotu bat, hau ere Ondarrutarra; eta marinel gaztea, afrikar beltza. |
Orain, goazen harira.

Enekori erantzunez, ados nago, flash-back-a ez da beharrezkoa, eta gainera egoeratik (eta egoerak badu bere interesgarritasuna) aterarazi gaitzake. Baina arrazoi beragatik ez dut garbi ikusten pertsonaiok publikoari zuzentzea, laugarren horma apurtzea, alegia. Honek ere istoriotik ez ote gaitu ateratzen? Ez dut mementuz baztertzen, baina beranduago erabakitzeko utziko nuke.
Denboraren tratamenduaz ez dugu asko hitz egin. Bi aukera daude, edo “egiazko denboran” egitea, hau da, ikuskizunak ordu t´erdi irauten badu akzioak ere berdin; edo denboran luzatu, etenak eginez. Nik uste dut etenaz baliatzeak asko errazten digula istorioa, ¿ez?
Euskalkiari buruz, Batela, bai, ondarrutarrez hitzegiteak sinisgarritasun handia emango lioke istorioari, hori bai, hizkera ulergarria izan beharko du edonon ulertua izateko (teatroan oso inportantea da ulermena erraztea, ez baitago esaldi bat birritan entzuteko aukerarik), beraz, “ondarru-light” izan beharko, ez duzue uste?
Dena den, Enekok esan bezala, mantso mantso: idaztea azkena da; lasai, gauzak ondo bidean, edukiko dugu-duzu dialogatzeko parada.
Bestalde, oso probetxugarria iruditu zait “Lehorreko”-k pertsonaiekin egindako perfilak. Nik beste ideia hoberik ez bada ateratzen, hauek ontzat hartuko nituzke. Beraz, Lehorrekok ezarritako perfila erabiliko dugu mementuz oinarri gisa. Aurreko “bateratzean” aipatu nuen “Kresala”-ren negatiboaren kontuarekin oso bat datorrela uste dut. Kapitain zaharra, Txomin Agirrek irudikatutako gizon jator “tolesgabea” (itxuraz behintzat, honi ere bere bueltak ikusiko dizkiogun arren). Marinel beltza, XX. mendearen hasieran jeltzaleek hainbeste bildurrez eta mesfidantzaz begiratzen zituzten etorkinak (gauzak ez dira asko aldatu zentzu horretan). Pilotua , “ongizatearen gizarteak” sorturiko kume bat, bizitza errazagoa ezagutu duena. Hiru belaunaldi. Muturrekoak (kapitaina eta marinela) badaukate elkarren parekotasunik: kapitainak ulertu dezake marinel beltzak sufritutakoa, bera orain kontrako egoeran egon arren. Kapitainak izan zuen zertan sinistu (Jainkoa, aberria, familia) eta zertarako borrokatu (etxera ogia eramateko); marinel beltzak ere badauka zertan sinistu: bizitza orain arte ezagutu duena baino zertxobait hobeagoa izan beharko lukeela nonbait; eta zertarako borrokatu: bizirauteko. Erdikoa, pilotua, berriz, sinismenak aparkatu dituen belaunaldi batekoa da (gurea, hain zuzen); munduaren ikuspuntu eszeptikoa dauka arlo gehienetan; eta apenas ez du izan (orain arte) zertan edo zertarako borrokatu. Baina Lehorrekok esan bezela: Hirurak polifazetikoak, alde ilunak eta argiak dituztenak. Ez dago moralejarik, agian ez aukera borobilik, baina batetik edo bestetik abiatzeko aukeratu beharrean aurkitzen gara askotan gizakiok…
Beste elementu baliotsu bat, “pertsonai inplizitoa”arena da, eta horrek bidea ematen dit beste osagai dramatiko bat aipura ekartzeko: misterioa. Kontatu nahi duguna (pertsonaiak eta haien arteko hartuemonak) da inportanteena dramaturgian, baina istorioa erakargarri bihurtzeko elementuez baliatu behar dugu. Komizitatea baztertuta geratzen da (¿ez?), ez doakiolako egoerari. Misterioa berriz, lagungarri suertatu ahal zaigu. Demagun kamarotetik kanpo abotsak entzuten direla, edo hobe zaratak. Tuberietan emandako kolpeak. Demagun barrukoek pentsatzen dutela kanpokoek “morsez” komunikatu nahi dutela haiekin. Eta morsez bidalitako mezu horiek entzun, transkribatu eta ondorioetara iristen direla (esatebaterako, Lehorrekok aipatu duen “istripua antolatua zegoela” edo beste edozein.) Demagun, azkenean konturatzen direla ez dagoela inor bizirik barkuan (ondorio horretara nola iristen diren ez dugu orain zehaztu behar). Beraz, ¿nork bidali ditu seinaleak? ¿Zer gertatzen da barkuan? Demagun (adibidez) azkenean konturatzen direla arratoi batek ematen zituela kolpeak eta ez zegoela morsezko mezurik, eta interpretaturiko mezu guztiak norberaren “inkonszienteari” zor zitzaiola, hau da, “norberak entzun nahi zuenari”.
Misterioaren erabilera oso aproposa ikusten dut, berez tentsioa duen egoera bati gehigarri dramaturgiko bat eskeintzen diolako.
-Hasierako egoeraz ez dugu hitzegin (hau da, obra nola hasiko den) baina Batelak dialogoetan irudikatu lez, istripuarekin berarekin hasi gintezke. Ondoren, hasierako emergentziazko ekintzak, norbere egoeraren benetako pisuaz ohartu arte. Hemen “bihurgune” (erderaz “punto de giro”) bat egon beharko zen, ekintza aurrera mugiaraziko duena. “Bihurgunea”, hau da, ezuzteko gertakari bat, orain arteko oreka apurtzen duena. Honela bukatuko zen planteamendua. Handik aurrera korapiloarekin hasiko ginateke: bizirik irteteko estrategiak; elkarren arteko harremanak, errezeloak, borrokak, mesfidantzak; elementu dramaturgikoen erabilera: “pertsonai inplizitua”, “mezuak”... eta nahi ditugun elementu guztiak.
![]() |
Estiloari buruz, arrazoi du Enekok, istorioa nora eraman nahi dugun baldintzatuko du. Eta behar bada, zergatik ez hasi bukaera posibleak pentsatzen. Askotan amaiera esanguratsu batek ordenatu dezakeelako aurreko guztia. Nik esfortzu bat dedikatuko nioke bukaera on bati, bete betan asmatuko bagenu, askoz errezagoa egingo litzaigukeelako dena.
|
LABURBILDUZ, HONA HURRENGO ETXEKO LANAK:
-Pertsonaien perfila hasi zaigu gauzatzen. Baina oraindik garaiz gaude modifikatzeko.
-Planteamendua bukatzeko “Bihurgune” (sorpresa dramatiko bat) bilatu, korapiloarekin hasteko.
-Bukarea posibleak pentsatu.
-Elementu dramaturgikoak pentsatu: badaukagu “oxigenorik ezak sortutako egoera aluzinogenoa”; “pertsonai inplizitoek bidalitako mezu ulergaitzak, interpretatu beharrekoak”... Gehiago topatu behar ditugu.
-Besterik ez momentuz. Hurrengorarte.
Patxo Telleria



