Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/01/28 21:14:13.795 GMT+1

ADITU programa

Gaur egungo gizartean, komunikazioa gero eta elektronikoagoa eta orokorragoa da. Europa elektronikoaren barruan euskarak bere esparrua izan dezan, beharrezkoa da gobernuek zein administrazioek politikak abian jartzea gure hizkuntzak aurrera pausuak eman ditzan eta euskaldunak informazioaren eta komunikazioaren gizartean bete-betean integra daitezen. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak 1999az geroztik, 2000Hiru Ekimenaren barruan, hainbat jarduera gauzatu du Teknologia Berriak eta Informazio Sistemak sustatzeko.

Eskolan edo helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen ondorioz euskara berenganatu duten elebidun berrien kopuruak hazten jarrai dezan, ezinbestekoa da elebidun horiek euskara eguneroko bizitzan erabiltzea, etxean ez ezik, beste esparruetan ere, naturaltasun eta erraztasun osoz.

Ahots teknologiak informazioaren gizartearen oinarrizko zutabea dira. Hori kontuan, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko ahotsa ezagutzeko eta sintetizatzeko motoreak garatzeko proposamena egin zuen. Proposamena Kultura Saileko ordezkariek, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak (DIT), Administrazioa Modernizatzeko Bulegoaren Zuzendaritzak (DOMA) eta EJIE Informatika Elkarteak osatutako batzordeak onartu zuen.

Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 2003an Belgikako Nuance (lehen Scansoft Belgium) enpresarekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen euskaraz ahotsa sintetizatzeko (TTS) eta ezagutzeko (ASR) motoreak garatu zitzan.

Horretaz gain, proiektuaren barruan Eusko Jaurlaritzarentzako telefono-zerbitzua garatzea dago. Motore horiek erabilita, hainbat aplikazio sor daitezke: arreta-telefonoak (call centers), merkataritza eta banketxe-eragiketak, herritarrekiko arreta-zerbitzuak, jostailuak, euskarazko irakaskuntza, telefono-aurkitegiak edota garraio publikoa.

Beraz, Eusko Jaurlaritzak abian ipinitako proiektu horren bitartez, funtsean, bi prozesu egin daitezke:

    - ahotsa testu bihurtu (Automatic Speech Recognition), ezagutzaren motorraren bidez
    - testua ahots bihurtu (Text-to-Speech), sintesi motorraren bidez

Horrela, erabiltzaileak, ohi duen bezala hitz eginda, informazioa lortu eta eragiketak egin ditzake bat-batean, telefono finkoen, kablerik gabekoen eta beste zenbait gailuren bidez. Teknologia hauei esker, Euskadiko enpresetan eta erakundeetan aplikazioak gara daitezke, euskarazko ahots-teknologiak erabilita, beren zerbitzuak eta produktuak eskain ditzaten.

Aditu Programak honako helburuak ditu:

    - euskarazko ahots-teknologiako produktuak ezagutaraztea
    - berauen integrazio, garapen eta hedapen-aukera hoberenak zehaztea
    - produktu hauen ezarpen praktikoak lortzea enpresa eta erakundeetan

2005ean eta 2006an, Aditu Programaren barruan ahots-teknologien eta hauen aplikazioen hedapenerako ekintzak jarri ziren abian, horretarako aurkezpen orokorrak, banakako aurkezpenak eta bideragarritasun-txostenak eginez.

Ahots-teknologiak erabili eta aplikazioak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek euren lanean euskara barneratzea da helburua, eta horrela, hurrengo abantailak lor ditzaten:

    - Bezeroaren asebetetzea areagotzea: informaziora sarrera arina izan eta etengabe erabili dezaketen zerbitzua nahi izaten dute erabiltzaileek.
    - Kostuen murrizketa: deien iraupena murriztuz gero, kostuak ere jaitsi egiten dira.
    - Enpresa-onurak: bi dira nagusiki onurak; batetik, irudi korporatiboa hobetzea, eta bestetik zerbitzu gehigarriak (informazioa, salmentak...) eskaini ahal izatea, kanpoaldera begira.
    - Lehiakortasuna areagotzea: zerbitzua askoz arinago eskain liteke eta, gainera, egunean 24 orduz.

Gehiago jakin nahi izanez gero, iturri izan dudan testura jo dezakezue: erabili.com-en 2006an argitaratutako Euskara ahots teknologietan Aditu artikulua.

Nork: b23tik.2007/01/28 21:14:13.795 GMT+1
Etiketak: hizkuntza_baliabideak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru