Del.icio.us sarean gustukoen ditugun txokoak biltzeko tresna da eta bai norberaren bai besteen aukerak ikus ditzakegu. Hurrengoak dira tresna honen hiru erabilera nagusiak:
Lehendabizi, gustukoen ditugun artikulu, blog, musika etab.-en helbideak gorde behar ditugu eta sarera konektatuta dagoen edozein ordenagailutik izango dugu bertan ibiltzeko aukera. Horretaz gain, guk bildutako informazioa etiketen bidez sailka dezakegu karpetak erabili beharrean.
Norberak sailkatutakoa senideekin, lagunekin, ikaskideekin edota del.icio.us-eko erabiltzaileekin elkartruka dezakegu. Beraz, elkarlan bezala ere uler daiteke tresna hau.
Era honetara, beste batzuek topatutako gune interesgarri berriak ezagutuko ditugu del.icio.us-en gai ugari (teknologia, aisialdia, ikerketak, oporrak, sukaldaritza...) jorratzen baitira.
Beste batzuek aurkitutakoa gure txokora ere gehi dezakegu. Gainera, lotura zenbat pertsonek gorde duten ikus dezakegu eta, beraz, jende askorentzat erabilgarria den jakin. Hala ere, pertsona gutxik jasota izateak ez du esan nahi erabilgarria ez denik; gerta daiteke ezezaguna izatea eta apurka-apurka zabaltzen eta ezagutzen joatea.
Arestian esan dugu norberak bildutako informazioa etiketen bidez sailka dezakegula egitura hobetzeko. Baina, agian teknologia berrien abiadura handia jarraitu ezin dutenek edo nahi ez dutenek ez dakite zer den tag edo etiketa delakoa. Hona hemen azalpentxoa: tag edo etiketak hitz bakarrean deskribapena ematen dute eta del.icio.us-en guk bildutako helbide edo lekuei erants diezaiekegu. Hitz giltzarri antzekoak dira eta ez dute inolako hierarkiarik osatzen. Nahi beste etiketa ipin diezaiekegu gordetako lekuei eta modu errazean izenez aldatu edo ezabatu ditzakegu. Beraz, etiketak erabiltzea norberaren informazioa karpetetan sailkatzea baino errazagoa eta erosoagoa da.
Etiketen gaineko adibideak eta erabiltzeko aholkuak ikusi nahiz gero, egin klik hemen. Eta del.icio.us-en izena eman nahiz gero, how to get started-en klikatu. Uste dut erreminta erraza eta erabilgarria dela eta guztiz gomendagarria. Beraz, nahi izanez gero, bidea zabalik duzue.
Iturria:
del.icio.us, del.icio.us/about, 2007ko maiatzaren 23an.
Idatzi artikulu bat