Oraingoan bilatzaile akademiko baten gainean jardungo dut. Aukera nahiko zabala dugu gaur egun sarean tresna hauei dagokienez, baina horietako baten gainean bakarrik arituko naiz hurrengo lerroetan. Ia mundu osoan ezaguna dugu guztiok Google bilatzailea baina agian guztiek ez dakite honek beste bertsio bat baduela, bilatzaile akademikoa (Google Scholar), hain zuzen ere. Hasiera batean, pentsa dezakegu Google bilatzailea bera aski dugula beharrezko edozein bilaketa egiteko eta emaitzak onak eta nahikoak direla. Baina saiakera txiki bat besterik egiterik ez dago hori okerra dela ziurtatzeko. Esate baterako, ikerketa lanak egiten gabiltzanontzat oso baliagarria da eta eguneroko beste edozein bilatzailek aurki dezakeen informazio orokorra baztertu eta askoz ere bilaketa zehatza eta aurreratua lortuko dugu bilatzaile akademikoen bidez.
Google Akademikoarekin modu errazean bilatu ahal izango dugu gai
espezializatu baten gaineko informazioa, izan ere diziplina ugariren gaineko
hainbat iturriz baliatzen da bilatzaile hau eta, beraz, tesiak, liburuak eta
unibertsitateen edota beste edozein erakunde akademiko baten lanak topatuko
ditugu. Emaitzak garrantziaren arabera ordenatuta agertuko zaizkigu eta, beste
hainbat bilatzailetan bezala, bilaketa eta topatutako web orrien artean
bateragarritasun handiena dutenak izango dira lehenengo emaitzak.
Honetaz gain, bilatzaile akademikoan bertan bilaketa aurreratua egin
dezakegu zehaztasuna eta eraginkortasuna handitzeko. Era honetara, batzuetan,
bilatu nahi ditugun berbak sartzeko koadroan hitz edota zeinu jakin batzuk
baino ez ditugu sartu behar; beste batzuetan, Google Akademikoaren bilaketa
aurreratura jo beharko dugu.
Egilearen araberako bilaketa da dokumentu jakin bat topatzeko biderik
eraginkorrenetarikoa. Bilatu nahi dugun dokumentua nork idatzi duen jakinez
gero, bilaketa hitzekin batera egilearen abizena(k) ere idatzi behar d(it)ugu.
Argitalpen murrizketaren araberako bilaketa egitekotan, zuzenean Google
Akademikoaren bilaketa aurreratura jo behar dugu. Bilaketa bide honetatik
egiten badugu, argitalpen zehatz bateko hitz jakin batzuen araberako emaitzak
baino ez ditugu lortuko. Orokorrean, argitalpen murrizketa bidezko bilaketa
eraginkorra izango da baldin eta bilatu nahi duguna argi badaukagu, baina
askotan emaitzak espero baino mugatuagoak dira.
Dataren araberako murrizketa erabili nahi izanez gero bilaketa aurreratura
joan behar dugu oraingoan ere. Bide hau eraginkorra da azken gertaerak eremu
jakin baten bilatuz gero. Hala ere, kontuan izan behar dugu web orrialde
batzuetan ez dutela argitalpen datarik agertzen.
Azkenik, Google Akademikoan operadore aurreratu asko ere erabil ditzakegu.
Hona hemen adibide batzuk:
- +: gure bilaketek Googlek normalean baztertzen dituen hitz, letra edota zenbakiak badutela ziurtatzen du.
- -: sartu dugun bilaketa hitza duten emaitza guztiak kanpoan uzten ditu.
- OR: bilaketan ipini dugun edozein terminorekin bat datozen emaitzak lortuko ditugu.
Iturriak:
- - scholar.google.es, Acerca de Google Académico, 2007ko maiatzaren 28an jasoa.
- - scholar.google.es, Sugerencias de la búsqueda avanzada, 2007ko maiatzaren 28an jasoa.
Idatzi artikulu bat