Google-k 2005ean aurkeztu zuen bere feed irakurgailua (www.google.com/reader) eta horri esker geure blogak eta gustukoen ditugun webguneak egunean izan ditzakegu, leku horiek etengabe bisitatu beharrean. Honela, normalean bisitatu ohi ditugun ehun webguneetara uneoro jotzen ibili beharrean, horiei dagozkien ehun feed-ak Google Reader-en sartu behar ditugu eta, eguneratzeak daudenean, unean-unean emango digu horien berri.
Baina, agian, askok zuen buruari egingo diozuen galdera hauxe izango da: zer ote da feed delako hori? Goazen orduan azalpentxo bat ikustera: feed-ak webgune bateko berriak dituzten fitxategi txikiak dira eta modu estandarrean daude idatzita programa informatikoak irakurtzeko gai izan daitezen, adibidez, Google Reader-ek.
Google Reader-en bidez, ospe handia lortu duten beste zerbitzuekin lehiatu nahi du konpainiak, esate baterako, Bloglines.com, Feedness (gaztelaniaz) edota Newsgator, informazioa kudeatzeko nahitaezko tresna bihurtzen baitabiltza.
Zerbitzu berri honetaz baliatzeko, Google Accounts-en izena eman behar dugu. Lehenengoz sartzerakoan, bertan dagoen feed bilatzailean gai zehatz bati buruzko kontsultak egiteko aukera ematen digute eta, "Subscribe" botoia sakatuz gero, feed-etan zuzenean izena eman dezakegu. Era berean, feed batean izena eman dezakegu horren URL-a jakinez gero eta "Your Subscriptions" > "Add a Feed" sakatuz.
Era honetara, Google apurka-apurka geure kontuetatik gure informazioa kudeatzeko bide guztiak eskaintzen doakigu. Aurretik "Google Personalized"-en feed irakurgailua bazeukan ere, oraingo hau askoz hobea da, Bloglines-ekoa baino konplikatuagoa izan arren.
Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero:
- - Google Reader-eko autoreak berak, Chris Wetherell-ek, egin zuen aurkezpena.
- - Zerbitzu berriaren FAQ-a (Frequently Asked Questions).
Iturriak:
- - "Google Reader, lector de feeds", google.dirson.com-ek 2005eko urriaren 8an argitaratua (noticias de google en español).
- - "Google Reader", google.dirson.com-ek 2005eko urrian argitaratua.
Idatzi artikulu bat