Aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkuraren gai nagusia Web 2.0 izango da. Maiatzaren 10ean egingo da, Donostiako Miramongo Teknologi Elkartegian. Dagoeneko irekita dago izen-ematea, www.unibertsitatea.net gunean. Sarrera doakoa da, baina nahitaezkoa da izena ematea.
Bilkuraren izenburua Web 2.0 hemen izango da. Web 2.0 teknologia multzo bat ez ezik, jarrera berri bat ere bada; horregatik, seigarren bilkura honen egitarauan, bi ikuspuntuoi buruz, teknologikoari zein filosofikoari buruz, alegia, jardungo duten hizlari adituak aurki daitezke. "Egunean zehar aukera ezin hobea izango dugu teknologia berri hauek euskararen presentzia zabaltzeko nola erabil ditzakegun eztabaidatzeko", azaltzen dute ekimenaren antolatzaileek. Hitzaldiak ez ezik, web 2.0 tresnak erabiliz izandako esperientzia aberasgarriak eta azken aldian garatu diren aplikazio berriak azaltzeko aukera ere izango da. Egunari bukaera emateko, berriz, web 2.0ren kontrola nork duen, egon daitezkeen interes kontrajarriak eta antzekoak aztertuko dituzte mahai-inguru batean.
Gai nagusia hori izanik ere, informatikan euskaraz jarduteak berarekin dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldiko mintzagaien artean. Informatikaren inguruan dabiltzanak "softwaregile eta erabiltzaile, ikasle eta irakasle, teknikari eta beste" bildu, elkarrekin eguna eman, eta komun dituzten arazoei erantzun eguneratu bat bilatzen saiatzea da bilkura honen xede nagusia.
1996, 1998, 2001, 2003 eta 2005. urteetan antolatu ziren bilkura honen aurreko bost edizioak. Emaitzak arrakastatsuak izan dira, bakoitzean 160 pertsona bildu izan ziren, informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak, nagusiki. Edizio haietako gai nagusiak hauek izan ziren: Euskarazko softwarea (1996), Euskara eta Internet (1998), Informatikaren irakaskuntza eta informatika irakaskuntzan (2001), Informatikaria gizarte elektronikoan (2003) eta Softwaregintzaren erronka berriak (2005). "Bertan sortutako eztabaida eta gogoeta-diote-, dudarik gabe, eragile izan dira geroago arlo horietan gertatu den garapenean".
Iturria: Deiako "Ortzadar" eranskina, 07-04-27, 13. orrialdea.
Idatzi artikulu bat