Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/14 11:34:19.097 GMT+2

Kamasutra lezioak - Mahmud Darwish-en poema

Lapislazuliz hornitutako kopa hartuta

haren zain nago

urmaelaren ondoan, lurrinaz eta arratsaz,

haren zain nago

mendiko bideei ekiteko prest dagoen zaldiaren pazientziaz

haren zain nago

printze errefinatu eta ederraren dotoreziaz

haren zain nago,

hodei mehez betetako zazpi almohadaz,

haren zain nago

intsentsu emearen su sarkorraz,

haren zain nago.

Zaldien lepoari darion sandalo usain arraz

haren zain nago.

Ez larritu. Berandutzen bada

itxaroizu

eta behar baino lehenago heltzen bada

itxaroizu,

eta ez egizu ikaratu haren trentzetan lo dagoen txoria.

Itxaroizu,

lasai senti dadin, loraldi betean dagoen jardina bezala.

Itxaroizu

bere bihotzean aire bitxi hau arnastu dezan.

Itxaroizu

gona igo dezan eta haren hankak ageri daitezen, lainoz laino.

Itxaroizu

eta eraman ezazu leiho batera, esnetan bustitako ilargia ikus dezan.

Itxaroizu

eta ardoa baino lehen emaiozu ura, ez

begiratu haren bularrean lotan datzan eper pareari.

Itxaroizu

eta goxo laztanduiozu eskua

pausatzen duzunean kopa marmolean,

ihintzaren pisua kentzeko bezala.

Itxaroizu

eta egiozu berba, txirulak

biolin-hari beldurtuari bezala,

biharko egunak gordetzen dizuenaren lekuko bazinete legez.

Itxaroizu

eta landu haren gauaren harria eraztunez eraztun.

Itxaroizu

harik eta gauak esan arte:

zuek biok baino ez zarete geratzen munduan.

Eta orduan eraman ezazu, goxo, zure herio desiratura

eta itxaroizu…

 

Mahmud Darwish, “Kamasutra lezioak”, Arrotz baten ohantzea

Nork: AnaIsMorales.2008/04/14 11:34:19.097 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2008/01/15 21:03:21.518 GMT+1

Transfer

Azaroko ostiral gris eta goibela zen. Lanetik atera nintzenean gaututa zegoen, egundo ulertu ez dudan eta energia aurrezteko omen den ordu aldaketari esker. Lainoak, euria, giro bustia, goardasolen basoa zebrabideetan. Grand Centraleko metrorantz nindoan astiro, ni ere eguna bezala goibel, ingurukoei zeharka begiratuz, ostiral gauerako nik baino askoz ere plan hobeak zituztelako errezeloetan. Negu ofiziala artean etorri barik egon arren, igartzen zen ate ostean zegoela, izotzezko atzazal zuriak zirrikitutik sartu guran.

Ez dakit zergatik, baina, kaletik nenbilela, ostera etorri zitzaidan gogora azken boladan bueltaka eta bueltaka ninderabilen Malcolm X-en hitzaldia. Haren pentsamenduaren zorroztasunak sortzen zidan miresmena haren kontrako isiltasun eta desitxuratze kanpainak eragiten zidan suminaren parekoa zen. Gizon ikaragarri argia, umoretsua, baina mesederik eskatzeko gogorik ez zeukana. "Ni ez naiz amerikarra", esana zuen, eta ai-ai-ai, ze pupa egiten zuen horrek. Zuk onartzea eskatzen duen pertsonak aukera ematen dizu tolerantea izateko. Zure onarpenaz saritu dezakezu, zu bezalakoa izateko behar beste meritu eginez gero. Baina, kontxo, onartua izateko batere interesik ez duenak ez dizu ezer ematen. Areago, zalantzan jartzen du zu unibertsoko onena zaren egia eztabaidaezin hori. Eta eskatzen etorri beharrean, berea erreklamatzen datorrenak, berriz, ematearen keinu bihotzbera ere ukatzen dizu. Ezin zaitezke ona izan!! Eta horrek amorru handia ematen du. Nik neuk neukan ikusita amorru hori: African-American? Zer uste dute horiek direla? Bereziak? Historia aipatua nien eta Hura guztia orain dela 100 urte amaitu zen! izan zen erantzuna. Zor historikoa aipatu nuen eta Alferrikaldutako umeak dira horiek erantzun zidaten. Memoria historikoa, arbasoekiko lotura, kulturaren harrotasuna aipatuak nituen eta Asmazio hutsa da guztia! Fikzioa! esana zidaten.

Askotan gertatzen zaidan legez, sutuz joan nintzen nire barruko irudimenezko eztabaidan (nire bizitzako une eta leku desberdinetan pertsona desberdinekin gai horretaz izandako hika-mika guztiak biltzen zituena). A, baina esatekoak eta bi gehiago esaten nizkien nire kontrario guztiei. Aho bete hortz uzten nituen nire argudioekin. Berakatzak zuentzat bigot zikinok!!!

Ozen berba egiten hasia nintzela jabetzearekin batera, nire ohiko metro sarrera pasatua nuela ere ohartu nintzen. Bosgarren etorbidea 42. kalearekin biltzen den kantoian nengoen. Ezkerretara begiratuta, Empire State Building-en mamua ageri zen, tontorra lainozko izaretan bildua. Eskumatara eta apur bat atzerago, Chrysler Building-en gezi punta lausoa, alabastrozko lanpara batean piztutako argia bezala. Erraldoi bi horien forma desdibujatuei begira, bat-batean larri jartzen hasi nintzen. Buruko arina zetorkidala antzemanik, aurrez aurre neukan liburutegi publikoko eskailerak igotzen hasi nintzen, barruan une batez jesartzeko esperantzaz. Atera heldu nintzenean begi zuriko andre nagusi batek agurtu ninduen irribarre goxoaz eta buru keinu batez. Aurrera, barruan epel dago, esan zidan. Bitxiena da hitz horiek ez zituela ahoskatu. Eskuez esan zituen, nolabaiteko keinuez, baina, ez dakit zelan, ulertu egin nion.

Arrazoia zeukan. Barruan epel eta goxo zegoen. Alabaina, daramatzazun poltsa guztiak arakatzen dizkizun betiko zaindaria eta bebarru itzela aurkitu beharrean, egongela txiki bat aurkitu nuen. Mahai zuri batzuk zeuden, jateko gauza goxoez hornituak (amerikar alternatiboen tofu eta azenario saihestezinak barne) eta lore sortez apaindua. Edariak ere baziren, eta hainbat lagun zeuden hizketa ederrean bizpahiruko taldetxotan han-hemen. Etorri, zure zain egon gara, esan zidan lehengo dama berak, ostera ere eskuez. Igitai eta mailuaren eranskailu txiki bat zeukan paparrean. Besotik heldu zidan eta besteengana eraman ninduen.

Hartu egizu kopa bat txanpan! esan zidan irribarre zabalaz bi metrokoa iruditu zitzaidan andre beltz mardul batek. Eskerrik asko, esan nion pozik. Bitxia da, baina ez nuen sentitzen normalean ezezagunen artean izan ohi dudan barruko larritasuntxoa. Lagun artean bezala nengoen, artean edan barik neukan txanpanak dagoeneko bere eragin askatzailea sortu balu bezala. Gura duzu zuk beste bat, Helen? galdetu zion kopa eman zidan andreak bertaraino eraman ninduen beste emakumeari. Bera ere eskuez mintzo zitzaion Heleni, baina modu bitxi batean, haren eskua hartuta eta ahurrean markatuz zeinuak. Izan ere, Helenen begiak tinko zeuden puntu bati josita. Orduantxe egin zitzaidan argia: Ene, zu Helen Keller zara eta! esan nion hunkituta. Barkatu, zera..., erantsi nuen lotsaz, eta Helenen eskua hartuta, zeinu hizkuntzaz errepikatu nion esandakoa. Harrigarria da horretan neukan eskudantzia, baina, ez dakit zergatik, ni ez nengoen batere harrituta.

Horixe bera naiz, bai -erantzun zidan Helen Kellerrek zeinuz- pista ederra eman dizu Sojournerrek, e? Beste aldera jiratu nintzen eta txanpana emana zigun andre sendoari erreparatu nion berriro. Jakina, zelan ez nintzen, bada, konturatu: hantxe zegoen nire Sojourner Truth miretsia!

Barreka hasi ginen hirurok eta topa egin genuen pozik. Orduan smoking zuriko kamarero bat hurbildu zitzaigun, vol-au-vent-ez betetako erretilu bat eskaintzen: Gau on, ene xarmantak, esan zigun irribarretsu, Ttipiak dira bainan biziki dastagarriak. Hartu, hartu lotsa gabe.

Esaneko, bana hartu genuen gutiziaz. Beti esaten dut: ez dago Patching Placeko euskal kamareroak baino zerbitzari atseginagorik, entzun nuen orduan nire alboan. Ile beltz eta luzeko gizon batek esana zuen. Alkondara zuria zeraman, eta praka-jaka marroiak, gorbatarik gabe. Iduneko urdin bat zeukan samari estu lotua. Eskerrik aunitz, Squanto, zu bai zalduna, erantzun zion kamareroak. Izan nintzen, Piarres, izan nintzen zaldiduna, bai... erantzun zion Squantok begi ameslariez.

Oso animatua zegoen giroa eta ni ere gero eta biziago nengoen, txanpanaren eraginez segurutik. Bazter batean Malcolm X eta Martin Luther King ikusi nituen. Ez dakit ze kontu izango zuten, baina algara batean zeuden, negarra dariela barrearen barrez. Eskuaz agurtu nituen. Malcolm X-ek begi keinu batez erantzun zidan, eta Luther Kingek baiezkoa eginez buruaz. Ikasi duzu ezer denbora honetan? esan zidan Malcolmek irribarre maltzurraz distantziatik. Burmuina estutzen hasi nintzen zerbait zuhur eta zorrotza erantzun guran, filosofia oso bat bilduko zuen esaldi biribilen bat edo, baina ezer okurritu ez, eta hau baino ez nuen esan: Ikeako mahai bat eta lau aulki montatu nituen behin!

Tira, hori nahikoa da bilera bat egiteko! Ezta, doktorea? erantzun zuen Malcolmek, Luther Kingeri ere zuzenduz. Horixe baietz, gehitu zuen Kingek. Eta, gainera igonez gero, hitzaldia emateko ere balio du, edo, aulkietan jesarrita, behar beste erresistitzeko.

Honek daukan indarra edukiz gero, mahairik ere ez duzu behar hitzaldia emateko, tartekatu zuen motots handiko andre betaurrekodun batek, Sojourner seinalatuz. Gona luzearen azpian galtzerdi urdin biziak ikusten zitzaizkion, oso nabarmenak. Barkatu, esan nion, Ezagutzen zaitudala uste dut, baina ez nago ziur...

Etorri hona, Frances, gu neskokin topa egitera. Hau Frances Gage dozu esan zidan Sojournerrek, Gage andreari lepoan tapa-tapa eginez bere esku itzelaz. Berba eman zidan Ohioko batzar hartan. Ez zan hura otso zulo makala ba!

Gage andrea, urte askotarako, esan nion. Ikaragarri gustatzen zaizkit zure galtzerdi urdinak. Haren begiek irribarre egin zidaten antioju biribilen atzetik.

Jazzeko pieza alai batek gela betetzen zuelarik, aurrean neukan opil eta croissanten mendixkara luzatu nuen eskua eta bat hartu nuen. Mmm, zein ederra! Berehala ezagutu nuen: nire auzoko Court Streeteko pattisserie frantsesekoa!! Nork ekarriko ote zituen? Eskuan neukan puskari begira nengoen horretaz pentsatzen, halako batean beste pentsamendu batek jo ninduenean. Deskarga elektriko antzeko bat izan zen. Inguruari begiratu nion, festa gisako hartan bildutako jende atseginari eta bat-batean izuak hartu ninduen.

Zer da hau, zer da hau baina? egin nuen aldarri. Izerditan neuzkan eskuak.

Isiltasuna zabaldu zen gelan. Zuek, lagunok, oso maiteak zaituztet, oso atseginak izan zarete nigaz eta asko ikasi dut zuen guztiongandik... baina... zera... zuek... hilda zaudete!! Non nago? Hilda nago ni ere? Hiltzear nago? Auto batek jo nau Grand Centralera heldu baino lehen?

Ba, zer nahi duzu esatea... Ni ez naiz inoiz hilko, erantzun zidan Malcolm Xek duin.

Bale, zentzu metaforikoan ez, baina..., zu, teknikoki, zera, hild... hasi nintzen erantzuten.

Aizu, aizu, aizu..., esan zuen Marjorie Elliottek ahots goxoz pianoari ekinez berriro, ni behintzat ez nago batere hilda.

Ezta ni ere, what the fuck!, erantsi zuen izkina batetik Immortal Techniquek hip-hop keinu batez, eta aurrean zeuzkan jiradiskoekin scratching doinuak gehitzen hasi zitzaion Marjorieren musikari.

Gu ere bixi-bixi gaituzu, esan zidan amama batek The Raging Grannies zioen pankarta baten atzetik.

Eta nik? Oso hilda ematen dut? Oh my God, hori esan berri zuena mahai baten gainean nonbaitetik azaldu berria zen go-go boy bat zen, go-go boy huuura, zehatz esanda. Nire larritasunean, parentesi bat egin nuen eskuaz musua bidaltzeko, dolar baten prezio modikoan inoiz laztantzen utzia zidan bere bularraren mirakulua gogoan.


Edozelan ere, nire nahasmendua gero eta handiagoa zen eta zorabioa gainera etortzen igarri nuen berriro.


Orduan, zer? Despedida bat da hau? Mugaren bat zeharkatzera noa? galdetu nien berriro inguruko lagunei antsiaz betea.


Ez estutu, egin dezagun topa! esan zidan Helen Kellerrek adiskidetsu. Gelakide guztiek kopak eta basoak altxatu eta Squantok nirea bete zidan. Topa egin genuen eta, buruko arinari amore emanda, zurrut egin nuen nire kopatik begiak itxita, goitik jausten hasia zen konfeti euriak burua estaltzen zidala.

Begiak zabaldu nituenean kalean nintzen, bakarrik, liburutegi publikoaz bestaldeko espaloian. Euria zen eta blai eginda nengoen. Ezkerretara begiratuta, Empire State Building-en mamua ageri zen, tontorra lainozko izaretan bildua. Eskumatara eta apur bat atzerago, Chrysler Building-en gezi punta lausoa, alabastrozko lanpara batean piztutako argia bezala. Batari begiratu, besteari begiratu eta bat-batean jiraka hasi zitzaidan inguru guztia: kaleak, jendea, eraikinak... Dardara batean nengoen goitik beheraino eta, konortea galtzera nindoala sentiturik, begiak itxi nituen. Ez nuen, baina, konorterik galdu. Une batzuk horrela igarota, zutunik jarraitzen nuen kalean, arnasa hartzen, nire buruaren jabe. Zabaldu nituen begiak ostera, ezkerretara Empire eta eskumatara, apur bat atzerago, Chryslerren irudia bilatu guran.


Begiak itxi nituen berriro aurrean neukana sinetsi ezinik. Ez, ez, ezinezkoa zen. Adorea bildu eta astiro-astiro ireki nituen, lehenago bata eta gero bestea. Alferrik. Egi-egia zen, edo, behintzat, nire zentzumenek egun horretan eskaini nahi zidaten bezain egia, eta haiek nituen errealitaterako zubi bakar. Aurrean, bata ezkerretara eta bestea eskumatara, baina urrunago, La Union y el Fenixeko Kupula eta Santiagoko Katedraleko dorrea neuzkan, hurrenez hurren. Beldur ikaragarria sentitu nuen, bihotzean daramadan eta hazten ikusi ninduen hiri (egia esan, hiritxo) hartako kale mortu eta bustian. Bular esturak itota, negarrez hasi nintzen, aurpegia eskuez estaliz.

Orduan pausoen zarata entzun nuen eta erne jarri nintzen, bihotza taupaka. Posta kaletik figura bat ikusi nuen nigana etortzen, baina, gaua izanik eta beltzez jantzita zegoela, ezin nezakeen ondo bereiztu. Gau bakartian lanean temati segitzen zuen semaforoari kasu egin barik, figurak errepide mortua zeharkatu zuen urrats lasai eta sendoez. Oihal bat zeukan lepotik dingilizka, ibilera kementsuak airean dantzan jartzen ziona.


Ikasi duzu bizikletan, Basque Woman? esan zidan irribarrez aurrez aurre jarri zitzaidanean.


Maitasun geruza batek inguratu ninduen.


Ez ba, Superboy, ez ba. Baina, orain konturatzen naizela, mapak ulertzen ikasi dut erantzun nion.


Eskua luzatu zidan eta elkarri helduta barneratu ginen Bilbo Zaharrean. Gure gainean, kupularen gaineko aingeruaren beso luzatuak Empire State Buildingeko orratzaren antz pixka bat zuela iruditu zitzaidan. Eskumatara, urrunago, katedraleko dorrea distira zuri misteriotsuaz nabarmendu zen zeru beltzaren kontra.

Nork: AnaIsMorales.2008/01/15 21:03:21.518 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2007/11/14 17:36:43.727 GMT+1

MALCOLM X: Botoa edo bala (2)

Zelan eman ahal dizkiozue eskerrak gizon bati zuena den gauza bat emateagatik? Orduan zelan emango dizkiozue eskerrak zuena denaren parte bat baino ez emateagatik? Ez duzue ezer aurreratu, eman dizuetena zuena baldin bazen. Hori ez da aurreratzea. Eta asko gustatu zait zelan esan duen Anaia Lomaxek, zelan esan duen atzera egin dugula eta 1954an ginen leku berean gaudela. Atzerago gaude 1954an baino. Segregazioa handiagoa da orain 1954an baino. Arrazari buruzko ezinikusi, gorroto eta indarkeria handiagoa da gaur, 1964an. Non dago aurrerapena?

Eta orain beltz gazteak badatoz etorri. Ez dute entzun nahi "beste masailaren" kontu hori, ez. Jacskonvilleko horiek gaztetxoak ziren, Molotov cocktailak botatzen ibili zirenak. Beltzek ez dute hori sekula egin orain arte. Baina erakusten du jokabide berri bat azaldu dela. Pentsabide berri bat dago bidean. Estrategia berri bat dago bidean. Hilabete honetan Molotov cocktailak izango dira, hurrengoan esku granadak, eta hurrengoan beste zerbait. Botoak edo balak izango dira. Askatasuna edo heriotza. Heriotza honi buruzko diferentzia bakarra da oraingoan erreziprokoa izango dela. Badakizue zer den "erreziprokoa"? Anaia Lomaxen berbetako bat da. Ostu egin diot. Normalean ez dut halako hitz handirik erabiltzen, normalean ez naizelako jende handiarekin ibiltzen. Jende xumearekin ibiltzen naiz. Konturatu naiz jende xume pilo bat bilduta jende handi pilo bati itzelezko egurra eman dakiokeela. Ez dute ezer galtzeko, eta dena dute irabazteko. Eta berehala esango dizute: "tangoa egiteko lagun bi behar dira; ni banoa zu ere bai".

Eskubide zibilen zentzu osoaren interpretazio berri hau egitean, nazionalista beltzek, nazionalismo beltzaren filosofia besarkatzen dutenek, uste dute eskubide zibilek aukera berdintasuna esan gura dutela, Anaia Lomaxek aipatu duenez. Hara, eskubide zibilek aukera berdintasuna esan nahi badute, badugu arrazoirik eskubideok lortzen saiatzeko, guk inbertitutakoa batzen baino ez gabiltza eta. Gure amek eta gure aitek izerdia eta odola inbertitu zuten. Hirurehun eta hamar urte eman ditugu lanean herri honetan txakur txiki bat ere hartu barik ordainetan. Txakur txiki bat ere hartu barik, diot. Eta uzten diozue gizon zuriari hona etortzen esatera zein aberatsa den herri hau, baina inoiz ez zarete gelditzen pentsatzera zelan aberastu zen hain arin. Zuek aberastu zenutelako, horregatik.

Ikusi oraintxe bertan hemen bilduta dagoen jendea. Pobreak dira. Banan banan hartuta, pobreak dira. Gutako bakoitzaren astebeteko soldata hutsaren hurrengoa da. Baina hemengo guztion soldatak batuz gero, otzara asko beteko ditugu. Asko da hori. Hementxe bertan dagoen jendearen urtebeteko soldatak batzen badituzu, aberastu egingo zara. Aberats baino aberatsagoa izango zara. Gauzari horrela begiratuta, pentsa orain zelan aberastuko zen Osaba Sam, ez hemengo jende mordoskarekin, baizik eta milioika beltzekin. Zuen eta gure aita eta amekin, horiek ez zutelako zortzi orduko txandetan lan egiten, horiek goizeko "ez da ezer ikusten¨-etik gaueko "ez da ezer ikusten"-era lan egiten zuten, eta hutsaren truke, gizon zuria aberastuz, Osaba Sam aberastuz. Horixe izan da gure inbertsioa. Horixe gure ekarpena, gure odola.

Ez da bakarrik gure lana doan eman genuela, gure odola eman genuen. Armetara deitzen zuen bakoitzean, gu ginen lehenak uniformea janzten. Gizon zuriaren gudu zelai guzti-guztietan hil ginen. Gure sakrifizioa handiagoa izan da gaur egun Amerikan dagoen beste inorena baino. Gure ekarpena handiagoa izan da, eta gure ordaina txikiagoa. Eskubide zibilek, nazionalismo beltzaren aldekoentzat, hau esan nahi dute: "Emaguzu orain. Ez itxaron datorren urtera arte. Emaguzu atzo, eta hori ere berandu da".

Tarte bat hartuko nuke orain gauza bat esateko. Zurea den gauza bat eskuratu nahian zabiltzanean eskubide hori ukatzen dizuna kriminala da. Ulertu ezazue hori. Zurea den gauza baten atzetik zabiltzanean eskubide legal guztiak dauzkazu zurea dela aldarrikatzeko. Eta zurea dena ukatzeko zerbait egiten duena legea hausten dabil, beraz kriminala da. Eta halaxe nabarmendu zuen Auzitegi Nagusiaren erabakiak. Legez kanpo utzi zuen segregazioa.

Horrek esan gura du segregazioa legearen aurkakoa dela. Horrek esan gura du segregazionistak legea hausten dabiltzala. Segregazionista kriminala da. Ezin dakioke beste izenik eman. Eta segregazioaren aurkako manifestazioak egiten dituzuenean legea alde daukazue. Auzitegi Nagusia alde daukazue.

Orain: nork egiten dizue traba legea bete nahi duzuenean? Polizia Departamentuak berak. Poliziak, txakurrekin eta makilekin. Segregazioaren kontrako manifestazioa egiten duzuenean, dela eskolen segregazioaren kontra, etxebizitzen segregazioaren kontra edo dena delakoa, alde daukazue legea, eta aurka egiten dizuena ez dago legearen barruan. Legea hausten dabiltza; ez dira legearen ordezkari. Segregazioaren kontrako manifestazioan zaudetenean inork polizia txakur bat zuen kontra botatzeko ausardia daukanean, hil ezazue txakurra. Hil ezazue, benetan diotsuet, hil txakurra. Berriro diot, bihar kartzelan sartzen banaute ere: hil ezazue txakurra. Horrela geldituko dituzue. Orain: hemen dauden pertsona zuriek halako ekintzarik ikusi gura ez badute, joan alkatearengana eta esaiozue agindu diezaiola poliziari txakurrak barruan uzteko. Hori da egin behar duzuena. Egiten ez baduzue, beste norbaitek egingo du.

Honelako erabaki bat hartzen ez baduzue, zuen umetxoak hazten direnean, begiratuko dizuete eta esango dute: "lotsagarria". Honelako jarrera argi eta garbia hartzen ez baduzue; ez dut esan nahi kalera joan eta indarkeriaz jokatzen hasi behar zaretenik; baina aldi berean diot ez zenuketela indarkeria-ezaren bidetik jo behar, zuekin indarkeria-ezaren neurriren bat erabiltzen ez den bitartean. Nik indarkeriarik gabe jokatzen dut nirekin indarkeriarik gabe jokatzen dutenekin. Baina indarkeriaz hartzen nautenean, orduan zoratu egiten naiz, eta ez naiz nire ekintzen jabe. Eta halaxe egin beharko lukete beltz guzti-guztiek. Legearen barruan zaudela dakizunean, zure eskubide legalen barruan, zure eskubide moralen barruan, justizia zure alde dagoela dakizunean, orduan eman bizia sinesten duzunaren alde. Baina ez zaitez bakardadean hil. Zure heriotza erreziprokoa izan dadila. Horixe esan nahi du berdintasunak. Batentzat balio duenak bestearentzat ere bai.

Eremu horretan sartzen garen neurrian, lagun berriak beharko ditugu, aliatu berriak. Eskubide zibilen borroka maila goragoko batera eraman behar dugu: giza eskubideen mailara. Eskubide zibilen borrokan diharduzuenean, agian ez dakizue, baina Osaba Samen jurisdikziora mugatzen zabiltzate zuen burua. Zure borroka eskubide zibilen aldeko borroka den bitartean, kanpoko inork ezin du zure alde hitz egin. Eskubide zibilak herri honetako barne arazoen arloan sartzen dira. Gure anaia afrikarrek, gure anaia asiarrek eta gure anaia latinoamerikarrek ezin dute ahoa zabaldu Estatu Batuen barne arazoetan sartzeko. Eta eskubide zibilak diren neurrian, Osaba Samen jurisdikzioko kontua dira.

Baina Nazio Batuek badute Giza Eskubideen Karta deritzon gauza bat; giza eskubideez arduratzen den batzorde bat dauka. Beharbada itaundu egingo diozue zuen buruari zergatik Afrikan, Hungarian eta Asian egindako basakeria guztiak NBEren aurrean aurkeztu diren eta beltzen arazoa, berriz, sekula ez den aurkezten NBEn. Konspirazioaren barruan sartzen da hori. Betiko liberal amarruzale begi urdin horrek, zuen eta nire laguna ei denak, gure alde ei dagoenak, gure borroka bultzatzen ei dabilenak eta guri aholkuz laguntzen, horrexek berak ez dizue inoiz giza eskubideen konturik aipatzen. Eskubide zibiletan inguratzen zaituzte. Eta hainbeste denbora ematen duzue eskubide zibilen arbolari begira zaunka, jakin ere ez dakizuela lur berean giza eskubideen arbola hazten dela.

Eskubide zibilen borroka giza eskubideen mailara eramaten denean, aurkeztu ahal izango dugu herri honetako gizon beltzaren arazoa NBEko nazioen aurrean. Batzar Nagusiaren aurrean aurkeztu ahal izango dugu. Osaba Sam munduko epaitegira eraman ahal izango dugu. Baina hori giza eskubideen mailan bakarrik egin daiteke. Eskubide zibilek bere mugen barruan lotzen zaituzte, bere jurisdikzioan. Eskubide zibilek haren poltsikoan sartzen zaituzte. Eskubide zibilek esan gura dute Osaba Sami zu ondo tratatzeko eskatzen zabiltzala. Giza eskubideak jaiotzez dituzu. Jainkoak eman dizkizun eskubideak dira. Lur honetako nazio guztiek onartutako eskubideak dira giza eskubideak. Eta norbaitek zure eskubide zibilak urratzen dituenean munduko epaitegiaren aurrera eraman dezakezu.

Osaba Samen eskuei odola darie, herri honetako gizon beltzen odola. Munduko hipokritarik handiena da. Eta ausardia dauka -bai, hala da!- mundu librearen buruzagi agertzeko. Mundu librea! Eta zuek hor, "Egingo dugu" kantatzen. Zabal ezazue eskubide zibilen borroka giza eskubideetara. Eraman Nazio Batuetara, gure anaia afrikarrek gure alde egin dezaketen lekura, gure anaia asiarrek gure alde egin dezaketen lekura, gure anaia latinoamerikarrek gure alde egin dezaketen lekura, eta 800 txinatar gure alde egiteko zain dauden lekura.

Jakin dezala munduak zein odoleztatuta dituen eskuak Osaba Samek. Jakin dezala munduak zelako hipokresia dagoen hemen. Izan bedi botoa edo bala. Jakin dezala berak botoa edo bala izan behar dela.

Gure auzia Wasghington DCra daramazuenean erruduna den kriminalaren etxera daramazue; otsoarengandik ihes egin eta azeriarengana joatea bezalakoa da. Konpontxo eginda daude denak. Zurikeria politikoa praktikatzen dute guztiek eta zu pepelerdo baten moduan geratzen zara munduaren aurrean. Hemen zabiltza Amerikatik bueltatxo bat ematen, halako batean armadara deitu eta atzerrira bidaltzen zaituzte, berunezko soldadutxo baten moduan, eta bertara heltzean jendeak galdetzen dizunean zergatik ari zaren borrokan irribarre lerdo batez erantzun behar duzu. Ez, eraman ezazue Osaba Sam epaitegira, eraman ezazue munduaren aurrean.

Botoa diodanean askatasuna esan nahi dut, besterik ez. Ez dakizue -eta honetan ez nator bat Lomaxekin- botoak dolarrak baino gehiago balio duela? Frogatu nezake? Bai. Begiratu NBEri. Nazio Batuetan herri pobreak daude; herri pobre horiek euren botoen indarrak batu ditzakete eta gelditu egin ditzakete herri aberatsak. Nazio batek boto bat, boto guztiek berdin balio dute. Eta Asiako eta Afrikako eta munduko alderdi ilunagoetako anaia horiek bat egiten dutenean, euren botoen indarra nahikoa izango da Sam geldiarazteko. Edo Errusia geldiarazteko. Edo munduko beste edozein zati. Beraz, botoa garrantzitsuagoa da.

Baldin eta oraintxe, herri honetan zuek eta ni, 22 milioi afroamerikar -ze horixe gara, Amerikan dauden afrikarrak-... Afrikarrak zarete, besterik ez. Eta, egia esan, urrunago helduko zarete zuen buruari afrikar deitzen badiozue beltz deitzen badiozue baino. Afrikarrek ez dute egurrik hartzen. Zuek baino ez duzue hartzen egurra. Afrikarrentzat ez dute eskubide zibilen legerik onartu behar. Oraintxe bertan afrikar bat gura duen lekura joan daiteke. Egin behar duzuen gauza bakarra da buruan trapu bat jantzi eta listo: nahi duzuen lekura joan zaitezkete. Beltz izateari utzi, besterik ez. Izena aldatu. Adibidez, hartu Hugagaguba izena. Horrek erakutsiko dizue ze tontoa den gizon zuria. Gizon tonto batekin zabiltzate tratuan. Oso azal beltzekoa den nire lagun batek behin turbantea jantzi zuen eta Atlantako taberna batera sartu zen, horiek euren burua "des-segregatu" deitzen hasi aurretik. Zurien jatetxe batera sartu zen, mahai aurrean jesarri, janaria zerbitzatu zioten eta galdetu zuen: "zer gertatuko litzateke hona beltz bat sartuko balitz?" Eta hantxe dago bera, ikatza baino beltzago, baina buruan turbantea daukala. Zerbitzariak aurpegira begiratu eta zera erantzun zion: "Halakorik! Muturbeltzak atrebitu ere ez dira egiten hona sartzen gero!"

Beraz, bere aurreiritzi eta juzkuekin egunetik egunera burua eta argitasuna galtzen dabilen gizon batez ari gara. Ikaratuta dago. Ingurura begiratu eta ikusten du zer gertatzen ari den herri honetan, zelan denboraren pendulua zuen alderantz doan. Menia sinatu behar izan zuen. Zer da hori? Amerikak ez du meniarik sinatzen baina! Gaiztoa da. Baina orain jada ez da gaiztoa. Gaiztoa da hidrogeno bonba darabilen neurrian, baina ezin du erabili beldurrez-eta ea Errusiak berea erabiliko duen. Errusiak ezin du berea erabili, beldurrez-eta Samek berea erabiliko duen. Beraz, arma gabe daude biak. Ezin dute arma erabili, bakoitzaren armak indargabetu egiten duelako bestearena. Beraz, zelaian bakarrik gerta daiteke ekintza. Eta gizon zuriak ezin lezake beste gerrarik irabazi zelaian. Joanak dira egun horiek. Gizon beltzak badaki, gizon marroiak badaki, gizon gorriak badaki, eta gizon horiak badaki. Beraz, gerrillen gerra egiten diote. Hori ez da Samen estiloa. Gerrilleroa izateko, bularra izan behar duzu, eta Samek ez dauka. Nik diotsuet.

Informazio apur bat eman gura dizuet gerrillen gerraz, zeren... baina lehenago, lehenago.... Bularra eduki behar da gerrilleroa izateko, bakarrik zaudelako. Ohiko gerragintzan tankeak dauzkazu eta jende mordo bat ondoan zuri laguntzeko: hegazkinak buru gainean eta zera horiek denak. Baina gerrilleroa bakarrik dago. Fusila, zapatilak eta katilu bat arroz, hori baino ez duzu behar... eta bular handia. Pazifikoko irla horietako batzuetan, amerikar soldaduak lurreratzen zirenean, batzuetan japoniar bakar batek armada osoa gelditzen zuen. Eguzkia ezkutatu arte itxaron, eta eguzkia joandakoan parean zeuden. Aiztotxoa hartu eta sasirik sasi irristatzen zen, eta amerikarrarengandik amerikarrarengana. Soldadu zuriek ezin zuten horrekin. Pazifikoan gerra egindako soldadu zuri bat ikusten duzunean, dardakadan dago, gaixo dago nerbioetatik, itzelezko beldurra sartu ziotelako gorputzean.

Gauza bera pasatu zitzaien frantsesei Indotxina frantsesean. Urte batzuk lehenago arroza ereiten egondako laborariak elkartu egin ziren eta Indotxinatik bota zuten frantses armada guztiz mekanizatua. Ez da behar halakorik: gerragintza modernoak gaur egun ez du funtzionatzen. Gerrillaren garaia da hau. Gauza bera egin zuten Aljerian. Aljeriarrak beduinoak besterik ez ziren, arma hartu eta mendietara jo zuten, eta De Gaullek eta bere gerra makineria handiosoak ezin izan zituen gerrilla horiek gainditu. Mundu honetako inongo lekutan ez du irabazten gizon zuriak gerrillen gerra. Ez da haren abiadura. Gerrillen gerra Asian eta Afrikako zenbait lekutan eta Latinoamerikako zenbait lekutan zelan nagusitzen ari den ikusita, guztiz inuxentea izan behar zara edo benetan asko gutxietsi behar duzu gizon beltza pentsatzen ez baduzu egun batean itzarri egingo dela eta ikusiko duela edo botoa edo bala izan beharko dela.

Amaitzeko, gauza pare bat esan gura nuke orain dela gutxi New Yorken zabaldu dugun Meskita Musulmanaren inguruan. Egia da musulmanak garela eta gure erlijioa islama dela, baina ez dugu erlijioa politikarekin, ekonomiarekin edo gure jarduera sozial eta zibilarekin nahasten... jada ez. Gure erlijioa gure meskitarako uzten dugu. Gure zerbitzu erlijiosoak amaitu ondoren, musulman bezala hartzen dugu parte ekintza politiko, ekonomiko, sozial eta zibikoan. Gure komunitateko jendea zigortzen duten gaitzekin, gaitz politiko, ekonomiko eta sozialekin, amaitzeko helburua duen edonorekin elkartzen gara, edonon, edonoiz, edozein bidez.

Nazionalismo beltzaren filosofia politikoak esan nahi du beltzak bere komunitateko politika eta politikariak kontrolatu beharko lituzkeela; ez besterik. Komunitate beltzeko gizon beltza berriro hezi beharra dago politika zientzian, jakin dezan politikak zer eman behar dion ordainetan. Ez bota botorik sastarretara. Botoa bala bezalakoa da. Ez eman botorik jomuga ikusi arte, eta jomuga urrunegi badago, gorde egizue botoa patrikan.

Nazionalismo beltzaren filosofia politikoa eliza kristauetan irakasten ari dira. NAACPen irakasten ari dira. COREren bileretan irakasten ari dira. SNCC-Ikasleen Koordinazio Batzorde Ez-biolentoaren bileretan irakasten ari dira. Musulmanen bileretan irakasten ari dira. Ateo eta agnostikoak besterik biltzen ez diren lekuetan irakasten ari dira. Leku guztietan irakasten ari dira. Beltzak nazkatuta daude gure askatasuna lortzeko erabiltzen ohitu garen duda-mudazko, oin punttetako, epelkeriazko planteamenduarekin. Askatasuna nahi dugu orain, baina ez dugu lortuko "Egingo dugu" kantatuz. Borroka egin behar dugu egin arte.

Nazionalismo beltzaren filosofia ekonomikoa oso sinple eta garbia da. Bakarrik esan nahi du gure komunitatearen ekonomia kontrolatu behar dugula. Zergatik kontrolatu behar dituzte zuriek gure komunitateko denda guztiak? Zergatik kontrolatu behar dituzte zuriek gure komunitateko bankuak? Zergatik egon behar da gure komunitatearen ekonomia gizon zuriaren menpean? Zergatik? Gizon beltz batek ezin badu bere denda eraman komunitate zuri batera, esadazue zergatik eramango duen gizon zuri batek bere denda komunitate beltzera. Nazionalismo beltzaren filosofiak berarekin dakar komunitate beltza ekonomia gaietan ber-hezteko programa bat. Ikustarazi behar zaio gure jendeari gure komunitatetik dolar bat ateratzen dugun bakoitzean gu bizi ez garen komunitate batean gastatzeko, gu bizi garen komunitatea pobreagotu egiten dela, eta dirua gastatu dugun komunitatea, berriz, areago aberastu.

Eta gero galde egiten diozue zuen buruari zergatik zuek bizi zareten lekua ghettoa edo auzo txiroa den beti. Eta zuei eta niri dagokigunez, ez dugu gure dolarra galtzen bakarrik gure komunitatetik kanpo gastatzen dugun bakoitzean; gizon zuriak gure komunitateko denda guztien kontrola dauka, eta, beraz, dolarra gure komunitatean gastatzen dugunean ere, iluntzean dendariak dolarra hartu eta hiriaren bestaldera eramaten du, beste toki batera. Hormaren kontra gaitu.

Hortaz, nazionalismo beltzaren filosofiak esan gura du eliza guztietan, erakunde zibiko guztietan, elkarte guztietan sasoia dela gure jendea ohartzeko gure komunitatearen ekonomia kontrolatzearen garrantziaz. Gu baldin bagara denden jabeak, gu bagara gure negozioen arduradunak, gure komunitatean industriaren bat sortzen saiatzen bagara, gutarrentzako lanpostuak sortzen ari garen egoera batera pasatuko gara. Zure komunitatearen kontrola hartzen duzunean, ez zara hasi behar zentroko inongo latigomariri greba edo boikota egiten, edo haren enpresan lan egitea belauniko eskatzen.

Nazionalismo beltzaren filosofia sozialak bakarrik dio elkartu egin behar garela desagerrarazteko gure komunitatearen morala suntsitzen dauden gaitzak, bizioak, alkoholismoa, drogazaletasuna eta gainerako guztiak. Guk geuk jaso behar dugu gure komunitatearen maila, igo egin behar dugu gure komunitatearen maila, geure gizartea edertu behar dugu, gure lagunarteetan pozik egon gaitezen, bueltaka ibili barik bere barruan nahi ez gaituen lagunartean sartzeko zirrikitu baten bila. Beraz, hauxe diotsuet: nazionalismo beltzaren berri ona zabaltzean asmoa ez da gizon beltzak gizon zuria ber-ebaluatzea -ezagutzen duzue dagoeneko- gizon beltzak bere burua ber-ebaluatzea baino. Ez aldatu gizon zuriaren pentsaera: ezinezkoa da hori. Eta Amerikaren kontzientzia moralari dei egitearen kontu guzti hori dela eta: Amerikaren kontzientzia erreka jota dago. Kontzientzia arrasto guztiak galdu zituen aspaldi. Osaba Samek ez dauka kontzientziarik.

Ez dakite morala zer den. Ez dute gaitz bat desagerrarazten gaitza delako, edo legez kanpokoa delako edo inmorala delako; desagerrarazten dute baldin eta euren existentzia arriskuan jartzen badu, besterik ez. Beraz, denbora galtzen zabiltzate Osaba Sam bezala moraltasun kontuan kiebra jota dagoen gizon baten kontzientzia moralari deiez bazabiltzate. Kontzientziarik izango balu, aspaldi edukiko zuen zuzenduta kontu hau, inork gehiago estutu barik. Beraz, ez ez gizon zuriaren gogoa aldatu behar. Geure gogoa aldatu behar dugu. Ezin diogu guri buruzko iritzia aldatu. Guk elkarren gainean dugun iritzia aldatu behar dugu. Begi berriez ikusi behar dugu elkar. Neba-arreba moduan ikusi behar dugu elkar. Berotasunez elkartu behar gara, guk geuk arazo hau konpontzeko behar dugun batasuna eta harmonia eratu ditzagun. Zelan egin genezake hori? Zelan saihestu genezake jeloskortasuna? Zelan saihestu genitzake gure komunitatearen barruko susmoak eta banaketak? Nik esango dizuet.

Ikusi dut zelan joaten den Billy Graham hirietara berak Kristoren Ebanjelioa deitzen dion baina nazionalismo zuria besterik ez den hori zabaltzera. Mundu guztia astintzen du baina sekula ez du eliza bat sortzen. Eliza bat sortzen saiatuko balitz, eliza guztiak aurka aterako litzaizkioke. Beraz, Kristoz berbetan hasten da eta esaten du Kristo onartzen duena joateko Kristo dagoen edozein elizatara; eta horrela lortzen du elizak berari laguntzea. Beraz, hartuko dugu orritxo hori Billy Grahamen eskuliburutik.

Gure ebanjelioa nazionalismo beltza da. Ez dugu inongo erakunderen existentzia kolokan jarri nahi, baina nazionalismo beltzaren ebanjelioa zabaltzen ari gara. Nazionalismo beltza predikatzen eta praktikatzen dagoen eliza bat ikusten duzuenean, bertako kide egin. NAACP nazionalismo beltzaren ebanjelioa predikatzen eta praktikatzen badago, egin zaitez NAACPko kide. CORE nazionalismo beltza predikatzen eta praktikatzen badago, egin zaitezte COREko kide. Egin zaitezte gizon beltzaren aurrerapenaren aldeko ebanjelio bat daukan edozein erakundetako kide. Eta bertara bazoazte eta ikusten baduzue oin-punttetan eta erdibideetan dabiltzala, irten hortik, hori ez delako nazionalismo beltza. Beste leku bat aurkituko dugu.

Eta horrela, erakundeak ugaldu egingo dira eta gora egingo dute tamainan eta kalitatean eta abuzturako, asmoa daukagu nazionalismo beltzaren biltzarra egiteko, nazionalismo beltzaren filosofia politiko, ekonomiko eta sozialean interesa daukaten herrialde osoko ordezkariekin. Ordezkariok bildu ondoren, mintegi bat egingo dugu; eztabaidak izango ditugu; mundu guztiari entzungo diogu. Ideia berriak eta konponbide berriak eta erantzun berriak entzun gura ditugu. Eta orduan, egoki ikusten badugu beltzen alderdi nazionalista sortzea, sortu egingo dugu beltzen alderdi nazionalista. Botoa edo bala izango da. Askatasuna edo heriotza izango da.

Garaia da zuek eta nik utz diezaiogun herri honetan jesarrita geratzeari senatari latigomari batzuk, iparraldeko latigomariak eta hegoaldeko latigomariak Wasghington DCn jesartzen diren bitartean euren gogoz erabaki arte zuek eta nik eskubide zibilak izan behar ditugula. Ez dago gizon zuririk niri esango didanik ezer nire eskubideez. Neba-arrebok, gogoan izan beti hau: gizon zuriari askatasuna emateko senataririk edo kongresistarik eta presidenteen aldarrikapenik behar ez bada, gizon beltzari askatasuna emateko ez da behar ez legerik ez Auzitegi Nagusiaren erabakien aldarrikapenik. Jakinarazi egiozue gizon zuriari: hau askatasunaren herria bada, izan bedi askatasunaren herria; askatasunaren herria ez bada, aldatu hori.

Prest gaude elkarlanean jarduteko arazoari zuzenean heltzeko benetako interesa daukan edonorekin, edonon eta edonoiz, indarkeriarik gabe etsaiak indarkeriarik ez darabilen bitartean, indarkeriaz etsaiak indarkeriara jotzen duenean. Zuekin lan egingo dugu hautesleen zerrenda egiteko kanpainan, zuekin lan egingo dugu errenta-grebetan, zuekin lan egingo dugu eskolen boikotetan; ez dut sinesten inongo integraziotan; kezkatu ere ez nau egiten, badakidalako ez duzuela lortuko, edozelan ere; ez duzue lortuko hiltzearen beldur zaretelako; hiltzeko prest egon behar zarete, gizon zuriari zuen presentzia inposatu gura badiozue, hemen Clevelanden Mississipiko latigomari horiek bezain biolento jarriko delako. Hala ere, lan egingo dugu zuekin eskolen boikotetan eskola sistema segregatuaren kontra gaudelako. Eskola sistema segregatuak burua elbarritua duten umeak sortzen ditu. Baina ez dut esan nahi eskola bat segregatua dela horra doazen ume guztiak beltzak direlako. Eskola segregatuak esan nahi du eskola kontrolatzen duela harekin inongo zerikusirik ez daukan jende batek.

Utzi esplikatzen. Barruti edo komunitate segregatua da komunitate bat non jendea bizi den baina kanpotarrek kontrolatzen duten komunitatearen politika eta ekonomia. Alderdi zuriari inoiz ez diote komunitate segregatua deitzen. Beltzen alderdia da komunitate segregatua. Zergatik? Gizon zuriak bere eskola kontrolatzen du, bere bankua, bere ekonomia, bere politika, bere gauza guztiak, bere komunitatea. Baina zu beste inoren kontrolpean zaudenean zu zara segregatua. Dagoenetik eskasena edo txarrena emango dizute, baina zurea izateagatik ez zaude segregatua. Zurearen kontrola izan behar duzu. Gizon zuriak berea kontrolatzen duen legez, zuk ere zurearen kontrola izan behar duzu.

Badakizue zein den segregazioa desagerrarazteko modurik onena? Gizon zuriak beldur handiagoa dio segregazioari integrazioari baino. Segregazioak esan gura du bere paretik kentzen zaituela, baina ez zaitu bidaltzen bere jurisdikziotik kanpo egoteko bezain urrun; banaketak esan nahi du alde egiten duzula. Eta gizon zuriak arinago utziko dizu integratzen, banatzen utzi baino. Beraz, zuekin egingo dugu lan eskola sistema segregatuaren kontra, kriminala delako, guztiz suntsigarria delako, pentsa litezkeen modu guztietan, halako hezkuntza elbarritzailea jasaten duten umeen bururako.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxienekoa, gauza bat esan behar dut eskopeta eta pistolen inguruko eztabaida biziaren inguruan. Nik honetaz esan dudan gauza bakarra da gobernuak beltzen bizitzak edo ondasunak defendatzeko gogorik edo gaitasunik erakutsi ez duen aldeetan sasoia dela beltzek euren burua defenda dezaten. Konstituzioaren emendakinen bigarren artikuluak eskopeta bat edo pistola bat izateko eskubidea aitortzen digu zuei eta niri. Konstituzioaren arabera, legala da eskopeta bat edo pistola bat izatea. Horrek ez du esan nahi eskopeta bila joan behar zaretenik eta batailoi bat osatu behar duzuenik kalera joateko jende zuriaren bila, nahiz eta eskubidea izango zenuten, esan gura dut, justifikatuta egongo zinateketen. Baina hori ilegala litzateke eta guk ez dugu gauza ilegalik egiten. Gizon zuriak gura ez badu gizon beltzak eskopeta eta pistolarik erosterik, egin dezala gobernuak bere lana.

Horixe da guztia. Eta ez utzi gizon zuriari zuengana etortzen galdetzera ea zer uste duzun Malcomek dioenaz. Ai, ene, Osaba Tom ederrak eginda zaudete gero! Egundo ez lizueke halakorik galdetuko pentsatuko balu "amen!" erantzungo diozuela. Ez, Osaba Tom bihurtu nahi zaituzte. Beraz: kontua ez da eskopetadunen taldeak osatzea eta kalera irtetea inoren bila, baina, 1964an sasoia da, gizona baldin bazara, beste gizon hari jakinarazteko.

Bere lana egin gura ez badu gobernuak eta zuei eta niri eman gura ez badigu gure zergek ordaindu behar omen duten babesa, mila milioikada horiek denak defentsako aurrekontuan gastatzen baditu, ezin izango da ba marmarrean hasi zuek eta nik 12 edo 15 dolar gastatzeagatik tiro bakarreko edo tiro biko pistola batean. Ulertuko duzuela espero dut. Ez joan hortik jendeari tiro egiten, baina irakurtzen dugunean -neba-arrebok, eta batez ere hemen zaudeten gizonak; zuetako batzuek Kongresuko Ohorezko Dominak daramatzazue, eta honenbesteko bizkar handiak dauzkazue, zera baino bular zabalagoa, giharrak zera baino handiagoak- eliza batean bonba bat ipini dutela eta odol hotzean hil dituztela, ez pertsona nagusi batzuk, baizik eta lau neskatila, otoitzean zeudenean gizon zuriak irakatsi zien Jainko horri berari, eta zuek eta nik ikusten dugunean gobernukoak datozela eta ez dutela aurkitzen hori egin duena.

Hara, gizon hau Eichman aurkitzeko gai da, Argentinako lekuren batean ezkutatu arren. Bizpahiru soldadu amerikar hiltzen dituzte han, Vietnam hegoaldean, inoren kontutan sartzen dabiltzan soldaduak, eta gerra barkuak bidaliko ditu gizon honek, muturra sartuko du inoren etxean. Kubara bidali nahi zituen tropak, berak hauteskunde libre deitzen dien hori antolatzera behartzeko, latigomari txatxu honek, bere herrian bertan hauteskunde librerik ez daukanak.

Ez. Zuen bizitza osoan berriz ere ikusten ez banauzue ere, bihar goizean hiltzen banaute ere, gauza bat esaten hilko naiz: botoa edo bala, botoa edo bala.

1964an beltz bat jesarrita geratu behar bada ikusten zelan senatari latigomariren batek blokeatzen dituen jende beltzaren eskubideei dagozkien legeak, zera, hobe dugu zuek eta nik gure burua lotsaren lotsaz urkatzea. Berba egiten duzue 1963an Washingtonera egindako manifestazioaz; ez duzue ezer ikusi. 1964an gehiago dator.

Eta oraingoan ez dira iaz bezala joango. Ez dira joango kantatzen "Egingo dugu". Ez dira joango lagun zuriekin. Ez dira joango beste inork egin dizkien pankartekin. Ez dira joango joan-etorriko txartelekin. Joaneko txartelekin joango dira. Eta ez badute nahi armada ez biolento hori bertara joatea, esaiezue eten dezatela blokeoa.

Nazionalista beltzak ez dira zain geratuko. Lyndon B. Johnson Alderdi Demokratako burua da. Eskubide zibilen alde badago, joan dadila Senatura datorren astean eta garbi esan dezala. Oraintxe bertan joan dadila eta esan dezala. Joan dadila bertara eta salatu dezala bere alderdiaren hegoaldeko adarra. Joan dadila oraintxe bertan eta jarrera moral bat har dezala. Oraintxe, ez gero. Esaiozue: ez itxaron hauteskundeetara arte. Gehiegi itxaroten badu, neba-arrebok, bera izango da erantzule herri honetan sortzen denean egoera bat zeinek klima desberdin bat ekarriko duen, eta klima horrek lurrean ernalduko ditu hazi batzuk zeinetatik haziko diren jende honek ametsetan ere sekula ikusi ez dituen landareak. 1964an botoa edo bala da.

Eskerrik asko.

Nork: AnaIsMorales.2007/11/14 17:36:43.727 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/07 03:17:33.520 GMT+1

MALCOLM X: botoa edo bala (1)

Malcolm X-ek 1925ean Ohion emandako hitzaldia,  hil baino urtebete eskas lehenago.

Moderatzaile jauna, Anaia Lomax, neba-arrebok, lagunok eta etsaiok: ezin dut sinetsi hemen zaudeten guztiok nire lagunak zaretenik, eta ez dut inor bazterrean utzi gura. Galdera, nik ulertzen dudanaren arabera, hauxe da: "Beltzen matxinada: hemendik nora?" edo "Eta orain, zer?" Nire uste apalean hemendik aurrerakoa edo botoa edo bala izango da.

Botoa edo bala esateak zer esan nahi duen azaltzen saiatu aurretik gauza bat argitu gura nuke neure buruaz: musulmana naiz oraindik ere; islama da oraindik nire erlijioa. Hori da nire sinestea. Adam Clayton Powell apaiza den bezala eta New Yorkeko Abyssinian Baptist Churcheko burua, baina aldi berean parte hartzen duen herri honetako beltzentzat eskubideak lortzeko borroka politikoan; eta Martin Luther King doktorea kristau apaiza den bezala han behean, Georgiako Atlantan, eta herri honetako beltzen eskubide zibilen alde borrokatzen duen beste erakunde bateko burua ere bai aldi berean; eta Aita Galamison bezalaxe -uste dut haren entzutea izango duzuela- bera ere New Yorkeko apaiza, eskoletako boikotetan guztiz sartuta egon dena hezkuntzako segregazioarekin amaitzeko; bada, ni ere apaiza naiz, ez apaiz kristaua, musulmana baino; eta nire sinestea da ekintza behar dela fronte guztietan eta behar diren baliabide guztiekin.

Oraindik ere musulmana banaiz ere, gaur ez naiz etorri nire erlijioaz berba egitera. Ez naiz etorri zuek erlijioz aldaraztera. Ez naiz etorri bat ez gatozen ezertaz argudiatu edo hitz egitera, badelako sasoia gure arteko desadostasunak alde batera utzi eta konturatzeko hobe dugula lehendabizi ikustea arazo bera dugula, gu guztion arazo bat, eta arazo horregatik gorriak ikusiko dituzuela, baptistak izan, nahiz metodistak, musulmanak edo nazionalistak. Ikasiak izan, nahiz eskolatu gabeak izan, boulevardean bizi nahiz kaleko zuloan bizi, gorriak ikusiko dituzue nik legetxe. Barku berean gaude guztiok eta gorriak ikusiko ditugu guztiok gizon berbera dela eta. Eta suertatzen da gizona zuria dela. Hemen, herrialde honetan guk guztiok pairatu dugu zapalkuntza politikoa gizon zuriaren eskutik, esplotazio ekonomikoa gizon zuriaren eskutik, degradazio soziala gizon zuriaren eskutik.

Orain: horrek ez du esan gura zurien kontrakoak garenik. Baina esan gura du esplotazioaren kontrakoak garela, degradazioaren kontrakoak garela, zapalkuntzaren kontrakoak garela. Eta gizon zuriak nahi ez badu bere kontrakoak izan gaitezen, utzi diezaiola gu zapaldu eta esplotatu eta degradatzeari. Kristauak nahiz musulmanak nahiz nazionalistak edo agnostikoak edo ateoak izan, lehendabizi gure desadostasunak ahazten ikasi behar dugu. Desadostasunik badugu, eduki ditzagun armairuan; jende aurrera azaltzen garenean, ez dezagun eztabaidarik izan harik eta gizon horrekiko eztabaida amaituta izan arte. Kennedy presidentea zena gai izan bazen Khrushchevekin bildu eta garia trukatzeko, gu duda barik gauza gehiagok batzen gaituzte Kennedy eta Khrushchev baino.

Arin baino arinago ezer egiten ez badugu, uste dut onartu beharko duzuela behartuta egongo garela edo botoa edo bala erabiltzera. 1964 honetan bata edo bestea da. Ez da denbora amaitzear dagoela: amaitu egin da!

Mila bederatziehun eta hirurogeita laugarren urte hau pil-pilean dago, Amerikak inoiz ikusi ez duen moduan. Irakiten, sekula ez bezala. Zergatik? Politika urtea ere badugu. Urte honetan politikari guztiak itzuliko dira Komunitate Beltza deritzonera euren koplekin boto batzuk ateratzera zuei eta niri. Urte honetan politikari zuri xuri horiek itzuliko dira zuen eta nire komunitatera euren gezurrezko aginduekin, gure esperantza elikatzera gero huts egiteko, euren amarru eta traizioekin, betetzeko asmorik ez duten euren agindu faltsuekin. Eta gure egonez horiek elikatzen dituzten neurrian, gauza bakarra ekar dezake horrek: eztanda; eta orain, gaur egun Amerikan, badugu -eta barkatu, Anaia Lomax- beste masaila jartzen jarraitzeko asmorik ez duen beltz mota bat.

Ez utzi inori esaten irabazteko aukerarik ez dagoenik. Armadara deitzen badizuete, Koreara bidaliko zaituzte eta 800 milioi txinatarri aurre egitera behartuko zaituzte. Ausartak izan bazaitezkete han, hementxe ere izan zaitezkete ausartak. Hemengo oztopoak ez dira hangoak baino handiagoak. Eta hemen egiten baduzue borroka, behintzat jakingo duzue zergatarako zaudeten borrokan.

Ez naiz politikaria, ezta politika ikaslea ere; izatez, ez naiz ezer askoren ikaslea. Ez naiz demokrata. Ez naiz errepublikanoa, eta amerikartzat ere ez daukat neure burua. Zuek eta ni amerikarrak bagina, akabo arazoa. Barkutik jaitsi berriko arraxista horiek amerikarrak dira segituan; poloniarrak amerikarrak dira segituan; errefuxiatu italiarrak amerikarrak dira segituan. Europatik ateratako guztia, begi urdineko edozein gauza, amerikarra da segituan. Eta zuek eta ni, hainbeste denbora emanda hemen, eta oraindik ez gara amerikarrak.

Hara, niri ez zait gustatzen neure burua engainatzea. Ez naiz jesarriko zurekin mahaian, zu jaten ikusi nik platera hutsik daukadala, eta esan bazkaldu egin dugula. Mahaian jesartzeak ez zaitu bazkari kide egiten, non-eta ez duzun platerkada horretatik zerbait jaten. Amerikan egoteak ez zaitu amerikar egiten. Amerikan jaioa izateak ez zaitu amerikar egiten. Zera, hemen jaiotzeagatik amerikarra bazinete, ez genuke legerik behar izango; ez zen Konstituzioa aldatu behar izango; oraintxe bertan ez zenukete izango eskubide zibilen legearen blokeoa Washington DCn. Ez dute eskubide zibilen legerik onartu behar poloniar bat amerikar bihurtzeko.

Ez, ez naiz amerikarra. Amerikartasunaren biktima diren 22 milioi pertsona beltzetako bat naiz. Demokraziaren biktima diren 22 milioi pertsona beltzetako bat, hipokresia mozorrotua besterik ez den horren biktimetako bat. Beraz, ez nago hemen amerikar bezala zuen aurrean hitz egiten, edo abertzale bezala, edo bandera musukatzaile bezala, edo bandera astintzaile bezala. Ez, ez. Sistema amerikar honen biktima bezala nago berbetan. Eta biktimaren begiekin ikusten dut Amerika. Ez dut amets amerikarrik ikusten; ametsgaizto amerikarra ikusten dut.

Hogeita bi milioi biktima hauek itzartzen hasi dira. Begiak zabaltzen hasi dira. Hasi dira ikusten lehen begi aurrean eduki besterik egiten ez zutena. Politikoki helduak izaten hasi dira. Ohartzen hasi dira joera politiko berriak daudela kosta batetik bestera. Joera politiko berri hauek ikustearekin batera, ikusi dute hauteskundeak dauden bakoitzean emaitzak hain direla estuak non botoak berriro zenbatu behar diren. Massachussettsen berriro zenbatu behar izan zituzten jakiteko gobernadorea nor izango zen, hain izan ziren estuak emaitzak. Gauza bera gertatu zen Rhode Island-en, Minessotan, eta beste toki askotan. Eta gauza bera Kennedy eta Nixonekin presidenterako aurkeztu zirenean. Hain izan ziren estuak emaitzak, botoak berriro zenbatu behar izan zituztela. Bueno, zer esan gura du horrek? Esan gura du zuriak oso berdinduta daudenean eta beltzek boto multzo bat daukatenean, beltzon esku dagoela erabakitzea nor jesarriko den Etxe Zurian eta nor joango den txakurraren txabolara. Gizon beltzaren botoak ipini zuen oraingo gobernua Washington DCn. Zuen botoak, zuen boto lerdoak, zuen boto ezjakinak, zuen boto alferrikalduak jarri zuen Washington DCn gobernu bat, egoki ikusi duena pentsa litezkeen lege guztiak onartzea eta zuek azkenerako uztea, eta gero gainera blokeatzea. Eta zuen eta nire liderrek ausardia dute harat-honat txaloka ibiltzeko esaten zenbat aurreratzen ari garen. Eta zelako presidente ona daukagun. Texasen ona ez bazen, ezin daiteke ona izan Washington DCn. Texas lintxamendu estatua delako. Mississippiren oihal berekoa da, ez besterik; Texasen Texaseko azentuaz lintxatzen zaituzte, eta Mississippin Mississippiko azentuaz lintxatzen zaituzte, hori guztia. Eta lider beltz hauek ausardia dute Etxe Zurira joateko texastar batekin kafea hartzera, harropoltsa hegoaldetar horrekin -hori baino ez da eta- eta gero hona etorri zuei eta niri esatera guretzako hobea izango dela, ze, hegoaldekoa denez, hobeto daki hegoaldetarrekin zelan tratatu. Ze motatako logika da hori? Izan dadila Eastland presidente, bera ere hegoaldekoa da eta. Hobeto jakingo luke haiekin zelan tratatu Johnson horrek baino.

Oraingo administrazioan Ordezkarien Etxean 257 demokrata daude eta bakarrik 177 errepublikano. Etxeko botoen bi herenen kontrola dute. Zergatik ezin dute onartu zuei eta niri lagunduko digun legeren bat? Senatuan 67 senatari Alderdi Demokratakoak dira. Errepublikanoak, 33 baino ez. Ene, demokratek poltsikoan daukate gobernua, eta zuek sartu zenioten. Eta zer eman dizuete ordainetan? Lau urte gobernuan eta oraintxe hasi dira eskubide zibilen inguruko legeren batez hitz egiten. Orain, gainerako guztia amaitu dutenean, paretik kendu dutenean, orain jesarriko dira eta uda guztia emango dute zuekin jolasean: filibustero deitzen dioten betiko gezur jolas erraldoia. Horiek konpontxo eginda daude. Burutik pasatu ere ez dakizuela egin konpontxo eginda ez daudela, ze eskubide zibilen blokeoan buru dabilena Richard Russel izeneko Georgiako gizon bat da. Johnson presidente egin zenean Washington DCra heltzean eskatu zuen lehen gizona "Dicky" izan zen: Dicky, ikusi ze laguntxoak diren. Horixe da bere mutila, bere konpai, bere aixkidea. Baina jokoa betiko gezur joko zaharra da. Batek sinestarazten dizu zure alde dabilela eta amainatuta dauka jokoa; bitartean, bestea hain dago sutsu zure kontra, non promesik bete ere ez duen egin behar.

Beraz, 1964 honetan badugu garaia esnatzeko. Eta ikusten dituzuenean hurbiltzen halako konspirazioekin, jakin dezatela begiak zabalik dituzuela. Eta ezagutu zaitzatela: hori ere argi eta garbi. Botoa edo bala izan behar da. Botoa edo bala. Halako adierazpide bat erabiltzearen beldur bazarete, beste herrialde batera joan beharko zinatekete; kotoi zelaietara itzuli beharko zinatekete; kalezulora itzuli beharko zinatekete. Beltzen boto guztiak lortzen dituzte eta gero beltzek ez dute ezer jasotzen ordainetan. Washingtonera joan zirenean egin zuten guztia izan zen beltz potolo batzuei lanpostu potolo batzuk ematea. Beltz potolo horiek ez zuten lanpostu potolorik behar, bazuten lanposturik. Hori kamuflajea da, hori amarrua da, hori azpikeria da, hori aurpegia garbitzea da. Ez ditut demokratak larrutu nahi errepublikanoen alde jartzeko. Laster batean noa beste horiekin. Baina egia da: zuek demokratak aurrena jarri eta eurek zuek, berriz, azkena.

Begiratu kontuari den bezala. Zein aitzakia daukate, Kongresua eta Senatua kontrolpean izanda? Zein aitzakia ematen dute zuek eta nik galdetzen diegunean "Aizue, zer egingo duzue zuen aginduak betetzeko?" Dixiekratei botatzen diete errua. Zer da dixiekrata? Demokrata bat. Dixiekrata demokrata mozorrotua besterik ez da. Demokraten buru ofiziala dixiekraten burua ere bada, dixiekratak alderdi demokrataren partea direlako. Demokratek ez dituzte egundo bota dixiekratak alderditik. Dixiekratek alde egin zuten behin, baina ez zituzten demokratek kanporatu. Pentsa ezazue, hegoaldeko segregazionista narrasti horiek txikitu zituzten iparraldeko demokratak. Baina iparraldeko demokratek ez dituzte inoiz dixiekratak txikitu. Ez: begiratu kontuari den moduan. Gezur joko batean dabiltza, gezur joko politikoa, eta zuek eta ni erdian gaude. Sasoia dugu, zuek eta nik, esnatzeko, gauzari den moduan begiratzen hasi eta den moduan ulertzen saiatzeko; eta orduan den moduan ekin ahal izango diogu.

Washington DCko dixiekratek gobernuko batzorde giltzarriak kontrolatzen dituzte. Dixiekratek batzorde horiek kontrolatzeko arrazoi bakarra da lehentasuna dutela. Lehentasuna izateko arrazoi bakarra da beltzek botorik eman ezin duten estatuetakoak direla. Gobernu hau demokrazian oinarrituta ere ez dago. Gobernu hau ez dago osatuta herriaren ordezkariekin. Hegoaldeko jendearen erdiek ezin dute botorik eman ere. Eastland Washingtonera ere ezin daiteke joan. Giltzarrizko leku horiek betetzen dituzten senatari eta kongresisten erdiak modu ilegalean daude hor, Konstituzioaren kontra daude hor.

Joan den astean, ostegunean zortzi, Washington DCn izan nintzen eztabaidatzen ari zirenean ea utziko zuten legea bozketara ekartzen ala ez. Eta Senatua batzen den aretoaren atzeko gelan Estatu Batuetako mapa erraldoi bat dago, eta mapa horretan markatuta daude beltzak zein lekutan dauden herrialde osoan zehar. Eta erakusten du hegoaldeko estatuak direla, hots, beltz gehien dauzkaten estatuak, senatari eta kongresistak dauzkatenak blokeoa egiten eta beste era guztietako amarruak erabiltzen beltzek botorik eman ezinik jarraitzeko. Negargarria da. Baina orain ez da guretzat negargarria; gizon zuriarentzat da negargarria, ze hemendik gutxira, beltza esnatuxeago dagoenean eta zein atekatan dagoen ikusten duenean, ikusten duenean zein zulotan dagoen, zein jokotan dagoen sartuta ikusten duenean, orduan beltzak beste taktika bat asmatuko du.

Senatari eta kongresista hauek apurtzen ari dira estatu edo konderri jakin horretako jendeari botoa emateko eskubidea bermatzen dioten Konstituzioaren emendakinak. Eta Konstituzioak badu bere baitan behar den tresneria estatu bateko ordezkaria kanporatzeko estatu horretako jendearen boto eskubidea zapaltzen ari denean. Lege berririk ere ez da behar. Oraintxe bertan pertsona bat baldin badago Kongresuan botoa emateko eskubidea zapalduta daukan estatu edo barruti batekoa, pertsona hori bota egin beharko lukete Kongresutik. Eta pertsona hori botata, oztopo bat kenduko genuke herri honetan benetako lege esanguratsurik ezartzeko bidean. Izan ere, horiek bota arren, ez da lege berririk behar, zeren pertsona horiek beltzak gehiengoa -eta ez gutxiengoa- diren konderri edo barrutietako ordezkari beltzek ordezkatuko lituzkete.

Hegoaldeko estatu hauetako gizon beltzak botoa emateko eskubide guztiak izango balitu, Washington DCko giltzarrizko dixiekratek, esan nahi baita, Washington DCko giltzarrizko demokratek, boterea galduko lukete. Utziko lioke alderdi politiko indartsua izateari. Ikusten duzuenean zenbateko boterea galduko lukeen Alderdi Demokratak dixiekraten hegala edo adarra edo elementua galduko balu, ohartuko zarete zelan demokraten interesen kontra doan beltzei botorako eskubidea ematea demokratak Gerra Zibiletik hona jaun eta jabe izan diren estatuetan. Ezin zara alderdi horretako kidea izan hori aztertu barik.

Berriz diot: ez naiz demokraten kontrakoa, ez naiz errepublikanoen kontrakoa, ez naiz ezeren kontrakoa. Euren zintzotasunaz zalantza egiten besterik ez nabil, eta gure jendearekin erabili duten estrategiaz, aginduak egin dizkiotenean inoiz betetzeko asmorik izan gabe. Demokratak boterean mantentzea dixiekratak boterean mantentzea da. Ez dut uste Anaia Lomax zintzoak ukatuko duenik. Demokratentzako botoa dixiekratentzako botoa da. Horregatik orain, 1964 honetan, bada garaia zuek eta ni politikoki helduagoak izan gaitezen eta ohar gaitezen zertarako den botoa; eta botoa ematen ez badugu, helduko gara egoera batera non bala bota beharko dugun. Botoa edo bala da aukera.

Iparraldean beste era batera egiten dute. Hor gerrymander1 izeneko sistema daukate, auskalo ze izen den hori. Esan nahi du beltzen asko biltzen direnean eremu batean eta botere politiko handiegia hartzen hasten direnean han datorrela gizon zuria barrutien arteko lerroak aldatzera. Agian esango duzue: "zergatik jarraitzen duzu esaten gizon zuria?" Gizon zuriak egiten duelako. Egundo ez dut beltzik ikusi lerrorik aldatzen. Lerroetara hurbiltzen ere ez diote uzten eta. Gizon zuriak egiten du hori. Eta normalean gizon zuria da irribarre gehien egiten dizuna, eta tapa-tapa egiten dizuna lepoan, eta zure adiskidea omen dena. Adiskidetsua izan daiteke, baina ez da zure adiskidea.

Beraz, funtsean hauxe sartu nahi dizuet buruan: zuek eta nik Amerikan aurrez aurre daukaguna ez da segregazionisten konspirazio bat; gobernuaren konspirazioa da. Filibustero lanetan dabiltzan guztiak senatariak dira, beraz gobernua. Washington DCn trikimailutan dabiltzan guztiak kongresistak dira, beraz gobernua. Zuen bidean oztopoak jartzen dabiltzan guztien artetik ez dago inor gobernukoa ez denik. Beragatik borroka egin eta hiltzera atzerrira bidaltzen zaituzten gobernu horixe dabil konspiratzen zuei botorako eskubidea ez emateko, aukera ekonomikoak ukatzeko, etxebizitza itxurazkorik izaten ez uzteko, behar den moduko hezkuntza ukatzeko. Ez da enpresaburuengana jo behar ere; gobernua bera da, Amerikako gobernua, herri honetan beltzek pairatzen duten zapalkuntzaren eta esplotazioaren eta degradazioaren erantzule. Eta aurpegiratu egin beharko zeniokete. Gobernu honek huts egin dio Beltzari. Ustezko demokrazia honek huts egin dio Beltzari. Eta liberal zuri horiek guztiek huts egin diote, duda barik, Beltzari.

Beraz, nora goaz hemendik? Hasteko, lagunak behar ditugu. Aliatu berriak behar ditugu. Eskubide zibilen borroka osoak interpretazio berria behar du, interpretazio zabalagoa. Beste ikuspegi batetik begiratu behar diogu eskubide zibilen kontuari: barrutik eta kanpotik. Nazionalismo beltzaren filosofia aldarrikatzen dugunok eskubide zibilen borrokan parte hartzeko modu bakarra borroka horri interpretazio berria ematea da. Interpretazio zaharrak ez gintuen kontuan hartu. Kanpoan utzi gintuen. Beraz, modu berrian interpretatuko dugu eskubide zibilen borroka, barruan sartzen eta bertan parte hartzen utziko digun moduan. Eta duda-mudatan eta oin punttetan eta epelkerietan ibili diren odolbako horiei dagokienez, ez daukagu asmorik hala jarraitzen uzteko: duda-mudatan eta oin punttetan eta epelkerietan.

1Gerrymandering hitza alde batetik dator sistema lehen aldiz erabili zuen estatuko gobernadorearen izenetik (Gerry) eta estatu horrek (Massachussets) daukan formatik (arrubioa, salamander ingelesez). I. O.


Nork: AnaIsMorales.2007/11/07 03:17:33.520 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/10/16 06:46:15.487 GMT+2

Mater sacrificanda [prest!23, 2003ko otsaila]

Mendebalde honetan kultura judu-kristauan haziak garela gauza jakina da, baina beti harritzen nau judu-kristautasun horrek noraino blaitzen dituen gure eguneroko bizitza ustez laikoaren azken zirrikituak ere. Bizi-bizirik daukagun kontzepzio kristauetako bat sakrifizioarena da, edo bestela esanda, pertsona nobletzen omen duen sufrimenduaren ideia. Horren indarra argi baino argiago erakusten duen testuinguruetako bat amatasunarena da. Orain dela gutxi ETB1-eko programa ezagun batean elkarrizketa egin zieten hainbat emakume haurduni, esperientzia paregabe horren inguruko xehetasunak azal zitzaten. Galderetako bat erditze uneari buruzkoa zen: “Eta minaren aurrean, zer? Anestesia epiduralik hartzeko prest?” Erantzunak, eta erantzun moduak, oso adierazgarriak izan ziren: anestesiarik erabiliko ez zutela aldarrikatzen zuten emakumeak irribarrez eta harro mintzo ziren, aukera zail baina zuzena egitea lortu duen pertsonaren satisfakzioaz. Berriz, epiduralaren aukera aintzat hartzen zuten emakumeak (batek ere ez zuen eman baiezko biribilik) lotsati antzean ageri ziren, “zergatik ez” tankerako espresioak tartekatuz eta begirada kamera errukibakoaren paretik aldenduz. “Batek daki, igual orain ezetz esan arren, gero ezin izango dut mina gehiago jasan eta eskatu egingo dut azkenean”, zioen batek, halako ahulezia justifikatu nahian. Ilusio optiko bat izango zen, baina halako batean, elkarrizketatuen gainean jainkoaren begia gordetzen duen hirukia ikusi nuen, eta honako esaldi hau suzko letretan idatzita: “Emaztekiari ere erran zioen: Usutuko ditut zure gaitzak eta zure izorrak: oinhazetan erdiko zare”.

Gurean agindu biblikoari itzuri egin nahi dionak bekatariaren marka darama, beraz. Egia da, bai, asko eta asko direla –garela– tentazioari amore ematen diotenak, baina horixe da, tentazioa edo jausialdia, eta amatasunaren ideal puruak, printzipioz, bere horretan dirau: “Ez zara zu gai izango besteek pasatu dutena pasatzeko ala?” da amatxogaien gimnasia-saioetan sarrien entzuten den esaldietako bat. Gutxiago izango zara, hortaz: belaunaldi degeneratu honek eman duen ama-espezie galduxe horretako beste kide bat.

Bitxia da oso, baina tamaina bateko sufrimendu fisikoa ekar dezaten gainerako ebakuntzetan anestesia ez da behin ere arazo morala izaten. Duela gutxi nire ezagun bati meniskoko ebakuntza egin diote, anestesia epiduralarekin hain zuzen, eta inori ez zaio bururatu ere egin ahuldade horretaz galdetzea, ez eta anestesia justifikatzeko argudiorik eskatzea ere. Jakina, ahaztu zait esatea nire lagun hori gizona dela, eta aipuak honela jarraitzen zuela: “oinhazetan erdituko zare, eta izanen zare gizonaren eskupeko, eta gizona izanen da zure nausi”.

Nork: AnaIsMorales.2007/10/16 06:46:15.487 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/10/15 13:47:47.062 GMT+2

HIZKUNTZAREN ERABILERA EZ DA INOZENTEA



Hizkuntzaren erabilera ez da inozentea [prest!20, 2002ko azaroa]

Pentsamendua eta hizkuntza txanpon beraren alderdi biak dira. Darabilgun hizkuntza moduak errealitateaz dugun ikuskera moldatzen du, eta, alderantziz, adimenari esker hizkuntza egokitzeko gai gara, adierazi gura ditugun kontzeptuak zorrotzago emate aldera. Zelako hizkera erabiltzen dugun, errealitatearen alderdi batzuk nabarmenduko ditugu, beste batzuk ilunpean utzi eta areagoko batzuk argi berritan erakutsi. Estatu Batuetan esklabo izandako afrikarren oinordekoek “afroamerikarra” terminoa aldarrikatu dutenean “beltza” terminoaren ordez, ez da izan euren belztasunaz lotsatzen direlako. Aitzitik, “beltz” terminoa txikiegi geratzen zitzaien aldarrikatu gura zutena adierazteko, alegia, euren komunitatea ez duela xehetasun kromatiko huts batek definitzen, jatorri, kultura eta historia jakin batek baino. Argi dago “afroamerikarra” esatean pertsona horiek ez dutela nahi inork ahazterik euren historia eta kultura ez zirela Estatu Batuetako kotoi zelaietan sortu, ez zirela bertara kasualitatez iritsi, eta ez daudela prest euren iraganari uko egiteko. Bere ebokazio ahalmenari esker, hitz horrek bistaratu egiten ditu osterantzean gorderik geratuko liratekeen eta komunitate jakin batentzat oso garrantzitsuak diren zenbait xehetasun.

Jokabide horrek ez dauka aparteko ezer. Giza talde batek objektu, kontzeptu edo errealitatearen interpretazio berriak sortzen dituenean eurentzako izen berriak sortu behar ditu ezinbestean. Izan ere, hizkuntza produktu kultural bat besterik ez da, eta bera darabilen gizartearen ispilua. Ez da inondik ere “esentzia” aldaezin bat, eta hiztunek, adimen eta kontzientziaren jabe direnez gero, esku har dezakete —eta hala egiten dute etengabe— hizkuntza egokitu eta aldatzeko. Ikuspegi horretatik, onartezinak dira “hizkuntza halakoa da berez” bezalako baieztapenak, sarritan entzuten direnak (normalean zirkulu kontserbakorretan) norbait hizkuntza sexistaren kontrako gomendioak egitera ausartzen denean. Orain dela gutxi, pertsona batek unibertsitateko bilera batean proposatu zuen ikasketen gaztelaniazko izen ofizialak egokitzea emakumeak ere euren baitan hartzeko. Gaur egun indarrean diren “Título de Ingeniero de Telecomunicaciones” erako maskulinoen ordez, “Título de Ingeniería de Telecomunicaciones” generikoa gomendatzen zuen. Bilerakide bat sutan jarri zen, aldaketarako proposamena barregarri uzten saiatuz, eta “gaztelania halakoa dela” argudiatuz. Harritzekoa: bilerako beste momentu batzuetan “titulación de enfermera” eta “puesto de secretaria” behin eta berriro aipatu zirenean, sumindutako pertsona horrek ez zuen inongo herrarik erakutsi.

Bistan denez, jatortasunarena oso aitzakia ahula da inmobilismoa justifikatzeko, baina areago ere esango dut: kolektiboren batek hizkuntzaren erabilera jakin batzuetan bere burua gutxietsita edo baztertuta ikusten duela aldarrikatzea nahiko arrazoi izan beharko litzateke haren eskakizunei arreta jartzeko. Azken buruan, begirune kontua besterik ez da, Aretha Franklinek zioen legez.

Nork: AnaIsMorales.2007/10/15 13:47:47.062 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/12 21:45:38.353 GMT+2

PREST!

    Basque Woman in the Sun azkenaldi honetan ohi baino aztoratuago dabil. Berak asko esan, bai, polikronikoa dela, baina gero ardura txikiena sortzen zaionean ez da gai ardura horretaz besterik pentsatzeko: jan, lo, lan, bizi... ardura horren inguruan egiten du dena. Ez da, ez, BWSi ezer latzegirik gertatzen zaionik, ez. Edozein pertsonaren ohiko arazoak, besterik ez. Bizitza. Baina, horixe, azkenaldion kontu asko darabiltza buruan eta dio ez dela gauza kontzentratzeko. Gauzak horrela, eskutxoa eskaintzea erabaki dut (beste hainbestetan bezala).

"Aizu, BWS", esan diot. "Gura baduzu, nik edukiko dizut bloga eguneratuta".

Espero nuen bezala, mesfidantzaz begiratu dit, badakigu BWS zein harroxkoa den. "Ez dakit ba, Basque Woman Reporter. Eskertzen dizut asmo ona, baina...".

"Nik, berriz, ez dizut eskertzen konfiantza", erantzun diot garraztasunez. "Baina lasai: ez dut nik idatziko, zure testuak izango dira".

"Nireak? Nik ezin dut oraintxe ezer idatzi, beteegia daukat burua zeraren...". Bekokia ilundu zaio bere "arazoak" gogoratze hutsarekin.

"Ez orain idatzitakoak, aspaldian baino. Zuk ez zenuen ba urtebetez idatzi  hilean artikulu bat Prest! aldizkarirako?"

"Bai...".

"Bueno, ba testu horiek eskegi ditzakegu. Zuk eman dokumentuak eta nik ipiniko ditut".

"A, ze ideia ona!" argitu zaizkio begiak BWSi (ez diot esan ideia Lost Hawkek eman zidanik; gutxitan aitortzen dit ezer onik emakume honek, eta unearen eztia dastatu nahi nuen). "Baina, zera...", jarraitu du beherantz begira. "Eeem... ez dakit non dauzkadan, uste dut galdu egin ditudala testu elektronikoak".

Horra hor BWS bere betetasun diztirantean. Enfin. Eskerrak profesionala naizen eta bere burua estimuan daukan edozein kazetarik bezala, kontaktuak ditudala.  Dei bat hemen, mezu bat hor, eta berehala harremanetan jarri naiz Prest! aldizkariko zuzendari prestu Hektor Ortegarekin. Hori bai kazetari fina: berehalako batean helarazi dizkit BWSek urtebetean idatzitako testu guztiak. Eta eurekin batera, xehetasun jakingarri bat: hilabete bat falta da. Dirudienez, BWSek kale egin zuen hilabete batean.

"Bai, nahiko alprojatxoa zen lan egiteko" adierazi dit Ortega jaunak elkarrizketa esklusiboan. "Beti ibili behar ginen haren atzetik. Azken-azken unean entregatzen zituen beti artikuluak, eta, gainera, hirutik bitan luzeegiak ziren. Ondo zekien 300 berba zela muga, baina, hala ere, beti moldatu behar genuen orrialdea bere artikuluari espazio gehiago uzteko. Nahiko sasoi estresagarria izan zen hura, bai. Ah, eta behin aurkeztu ere ez zuen egin artikulua".

"Ezin dut sinestu!", erantzun diot barrutik pozez gainezka.

"Bai, hala da. Ez dut orain xehetasunik emango, baina aleetako bat bere lana barik atera behar izan genuen".

Grabagailua amatatu dudanean BWSi buruzko gauza mamitsu gehiago kontatu dizkit Hektor Ortegak, baina dotoreziak hemen esatea galarazten dit. Begiratua eman diet artikuluei eta, zer esango dut, orraztu eder bat ondo etorriko litzaiekeela iruditu zait. Jakina, burutik pasatu ere ez nik hor eskua sartzea. Gozo jarriko litzateke señora. Eta, bestalde, berari esaten badiot orain dela bost urte idatzitako testu horiek zuzendu eta eguneratzeko (batzuk unean-unean gertatutako gauzei lotuta daude), aldapa gora-gora egingo zaio eta azkenean esango dit hobe dela ezer ez ateratzea. Beraz, erabaki dut haien artetik itxurosoenak aukeratzea eta dauden-daudenean ateratzea, nik gura dudan hurrenkeran, hori bai. Eta hurrengo atalean daukazue lehena. Eskerrik beroenak, nola ez, Lost Hawkeri ideiagatik eta Prest! aldizkariari eta bertako zuzendari Hektor Ortega lankide bikainari, testuak eskuratzeagatik.
Hemendik aurrerakoak ez du zerikusirik Basque Woman Reporterrekin.

Nork: AnaIsMorales.2007/10/12 21:45:38.353 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/10/05 14:36:24.194 GMT+2

FREEBATASUNA!


Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude: freebatasuna

Nork: AnaIsMorales.2007/10/05 14:36:24.194 GMT+2
Etiketak: freebatasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/01 04:35:31.409 GMT+2

Feminism in the restroom

Harira ez datozen arrazoiengatik, behinola auzolanean jardutea egokitu zitzaidan Brooklyneko klub sozial batean. Uda aurretik hona lokala txukuntzeko premia zegoela eta, presidenteak auzolanerako dei irekia egin zien kide eta lagun guztiei laguntzera etortzeko, eta larunbat arratsalde batean bost laguneko jendetza bildu ginen han.

Niri komunak garbitzea egokitu zitzaidan.

Emakumeen komunek garbitzeko premia zeukaten, baina hautsa zeukatelako, beste barik. Gizonen komunek, berriz, hats nazkagarria, hormako txizatokiak txiza arkaikoz beteta, paper zatiak ezkinetatik, ur putzuak lurrean... Puaj. Nire bizitzako esperientzia nazkagarrienetako bat izan zen, ia-ia botaka hasi nintzen.

Orain, gauzak gertuagotik aztertuta (eta oso gertutik aztertzeko aukera izan nuen, alajaina), honako xehetasunoi erreparatu nien gizonen komunean:

a) txizatokietako baten bonba ez zebilen;

b) txizatokietan gomazko halako alfonbratxu inutil batzuk zeuden, segurutik Columbusek bere lehen bidaian ekarritakoak, zuloak erdi taponatzen (zertako arraio daude?);

c) gizonen komunean ez zegoen zepilorik;

d) paperik ere ez zegoen;


e) konketan ez zegoen ez jaboirik, ez eskuak lehortzeko paperik.

f) komunen alboan baldosa batzuk falta ziren lurrean, eta ohol puska bat zegoen ipinita gainean. Ohola bustita zegoen denbora inmemorialetik eta seguru horrek karibeko limoien usaina behintzat ez zuela zabalduko.

Lehendabizi, paniko unea gainditu behar izan nuen. Itzelezko muelle gogorra daukan ate horietako bat zeukan komunak, eta, beraz, ezin zitekeen zabalik eduki. Aulki sendo bat hartu eta ate irekiaren kontra jarri nuen, zabalik eusteko. Tira, hori hobeto zegoen. Kanpoan mundua zegoen oraindik, eta aire garbia, eta lagunen ahotsak, bakarrik ez nengoela gogorarazteko. Eskuak gomazko eskularruetan sartu, neure burua lixibaz eta trapuz hornitu eta, ahoan "Bizkaia Maite" hartuta, lanari ekin nion. Eta fris eta fris, txas eta txas-en artean, horretaz guztiaz pentsatzen hasi nintzen.

Lehenengo eta behin gogoratu nuen Lost Hawkekin orain dela urte asko izandako elkarrizketa bat. Esaten zidan Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslea zenean komunei begiratzea nahikoa zela jakiteko administrazioak ze errespetu gutxi zien ikasleei. Ikasle batek komuna etxean bezala erabili nahi baldin bazuen, hau da, "normal" erabili gura bazuen, Errektoregora joan beharko zen: ikasleen komunetan ez zegoen ez paperik, ez zepillorik, ez jaboirik, ez eskuak lehortzekorik. Nolabait esateko, ikasleen komuna "zulo bat" izatera mugatzen zen. Horren atzean ezkutatzen zen pentsaera, ziostan Lost Hawckek, zera zen: "ikasleak animaliak dira. Zertarako ipiniko diezu ezer, dena apurtu eta zikinduko badute? Zertarako konponduko ditugu apurtuta dauden gauzak? Txerri horiek berriro apurtu ditzaten?" Esaten zidan Lost Hawkek uda batean Saint Cloud unibertsitatera joan zela eta ikasleen egongelan moketa ikusi zuela, eta beheko sua, eta berari EHUko silioiak etorri zitzaizkiola burura, guztiak zigarroekin zulatuta...


M. J. Larrak, XIX. mendeko kazetari eta idazle espainiarrak, bazeukan artikulu bat "¡En este país...!" izena zuena. Bertan kritika garratza egiten zien "¡En este país...!" delako esaldia komodin bezala erabilita estereotipoen lo zorroan jarraitzeko hautua egiten zutenei. Hau da, "herri honetan holan edo halan dira gauzak, zertarako egingo duzu ezer".  "Larrak 'En este pais...!'-en zioen bezala", esaten zidan Lost Hawkek, "horrela arazoa ez da arazo".


    Honetaz guztiaz pentsatzen nuen, ispiluak, komunak, konketak eta azulejoak garbitzen nituen bitartean, paperontziak hustu eta lurra lanbasaz garbitzen nuen bitartean. Halako batez konturatu nintzen toki hartan gizonen eta emakumeen komunek egitura desberdina ere bazutela. Emakumeen komunak aurregelatxo moduko bat zeukan kabinetara heldu aurretik, eta han horma erdia hartzen zuen ispilu bat, apalategi bat gauzak uzteko eta hormaren erditik lurreraino heltzen zen armairu handia. Armairu horretan, alde batean, eskuak lehortzeko paper kutxak, eskuetarako jaboiak eta komuneko paper erroiluak zeuden; beste aldean, berriz, garbikari botilak, estropajuak, trapuak, eskularruak etab. Nonbait, abiapuntua zen gela horren erabiltzaileak pertsona oso garbizaleak zirela: bai euren burua garbitzearen zaleak eta bai lekuak garbitzearen zaleak, horretarako zegoen tresneria ugaria kontuan hartuta.

Gizonen komunean, berriz, ez zegoen halako aurregelatxorik, ez gauzak uzteko apalik ez halako armairurik. Abiapuntua, nonbait, beste hau zen: gela horren erabiltzaileak ez zirela batere garbitzearen zaleak, ez euren buruarentzat ez lekuentzat, han ez baitzegoen ez baterako ez besterako lekurik ez tresnarik.

Emakumeenetik hartu nituen, beraz, erroiluak, jaboiak eta eskuetarako zapi mordo bat, eta gizonenera eraman nituen. Orain arazoa beste bat zen: non utzi? Erroilu bana ipini nituen komunetan eta jaboia jarri nuen konketan. Eskuetarako zapiak, berriz, ez nekien non utzi. Horman bazegoen esku zapien makina bat, baina apurtuta. Gainean ipini nuen zapi multzoa. Eta ordezko erroiluak? Bueltaka hasi nintzen komunetik, horretarako erabil nezakeen leku baten bila. Alferrik. Azkenean, kanpotik aulki bat hartu, komunera eroan, eta hantxe ipini nituen. Garbikari botila bat ere ekarri nuen, eta estropaju garbi bat. Besterik ezinean, konketaren azpian utzi nituen, lurrean.

Feminista erradikala naiz, eta oso harro diot hau. (Bide batez, konturatzen naiz hori oso esaldi atipikoa dela. Normalean emakumeek desclaimer batekin hasi ohi dituzte gero guztiz feministak diren diskurtsoak: "ez naiz feminista, baina...". Backlashak gerra hori ere irabazi du). Erradikala naiz, emakumeen autodeterminazioa arlo guztietan eta azken ondorioetaraino aldarrikatzen dudalako, eta arazoaren sustraira jo gura dudalako. Literalki naiz erradikala. Esan gabe doa, ez dudala uste emakumeak buruz motelagoak direnik edo burmuinaren ordez intuizioa darabiltenik; baina, era berean, ez dut inondik inora uste gizonek sexua eta emakumeek maitasuna bilatzen dutenik, gizonak azalekoak eta emakumeak sakonak direnik, emakumeak egokiagoak direnik umeak jagoteko eta abar. Eta, batez ere-batez ere, ez dut sinesten direnik delako hori. Genero batekoek eta bestekoek euren jokabideetan ezaugarri desberdinik ageri baldin badute, hori genero kontu hutsa da, hots, kulturala. Gizonak eta emakumeak desberdin hezten gaituzte, desberdin tratatzen gaituzte, desberdin irudikatzen gaituzte hedabideetan, publizitatean eta abar, eta bakoitzari gauza desberdinak kontatzen dizkiote "benetan" direnari buruz. Behin eta berriro esaten digute (modu esplizitu edo inplizituan, era asko daude mezuak helarazteko) neskatoak garbiak eta mutikoak astakiloak direla, neskatoak xamurrak eta amatiarrak direla eta mutikoak desatxikiak eta ahaztuorrak, neskatoei euren itxura zaintzea eta euren etxearena zaintzea gustatzen zaiela (gortinak erosi, gelak dekoratu) eta mutikoak desastre hutsa direla euren buruarentzat eta etxearentzat. Estereotipo horiek guztiak mila eratara perpetuatzen dira, helburua ez baita bakarrik ikustaraztea hori holan "dela" izatez, hau da, berezkoa zaiola gure izaera eta biologiari; beste mekanismo askoz eraginkorrago bat ere badabil lanean: hori guztia barneratzearena, alegia. Pertsonek barneratu egiten dituzte mezu eternalki errepikatu horiek eta azkenean portaera horiek erreproduzitzen amaitzen dute eta euren roletara egokitzen, "halakoak garelako". Pygmalion efektua.

Feminista konstruktibista radikala naiz, beraz. Horrek esan nahi du uste dudala gizonak eta emakumeak guztiz berdinak direla eta euren desberdintasun bakarrak egitura kultural eta sozioekonomikoetatik datozela (hezkuntza, hedabideak, gizartearen presioa), mekanismo horiek genero bakoitzari buruzko estereotipoak iraunarazten dituztelako eta eurekiko konformitatea saritzen dutelako. Horrek, jakina, ez du esan gura "ok, berdinak garenez, ez dago arazorik". Inondik inora ere ez. Sinpleki esanda, berdinak gara baina engainatu nahi gaituzte hala ez garela pentsa dezagun. Diferentziak (gizona oldarkorra da, emakumea, berriz, goxoa) biologiari leporatzen bazaizkie, Ama Naturari, gureak egin du: horren kontra ez dago ezer egiterik. Ezin diozu gizon bati eskatu etxeko lanetatik dagokion partea egiteko edo bere ekintzen erantzukizuna hartzeko, hori ez dagoelako bere izaera naturalean (ja!). "Halakoak garelako" azalpen esentzialistak atea ixten dio edozer kuestionatzeari, eta irtenbide bakarra segregazioa da: gizonak alde batetik eta emakumeak bestetik. Ez zait batere interesatzen eta gainera bide itsua iruditzen zait (horixe proposatzen du feminismo frantses batek, feminisme de la diference delakoak). "Nire" iritziz (kakotxa artean ipintzen dut, hori feminismo konstruktibistak proposatzen duena delako), dekonstruitu egin behar ditugu gu halakoak eta haiek halakoak direlako gezur handi hori hedatzen duten egiturak. Faltsua dela frogatu behar dugu. Anatomy is not destiny, Mr. Freud. Frogatu behar dugu berdintasunezko hezkuntzak eta gure eskubide guztien aldarrikapenak (emakumeena sexua bakarrik nahi izateko eta ez txukunak eta pinpirinak ez izateko eta gizonen eskubidea gortinak aukeratzea gustatzeko, amodio eternalak bilatzeko eta euren burua apaintzeko, gogoa badute) sortuko dituela eskubide berdinak eta diferentzia inbididualak dituzten pertsona libreak. Feminismoa humanismo bat da.

Eta gaiztoren batek esan lezake orain: "eta hori guztia pentsatu zenuen zer-eta gizonen komunak garbitzen zenituen bitartean, larunbat arratsalde batean? Uau, ze iraultzailea!!"

Eta gaizto horri erantzungo nioke baietz, eta nirekin batera emakume bat eta lau gizon egon zirela, hozkailua, suetea, zaztarlekua eta lurzoruak igurtzitzen, Brooklynen, larunbat arratsalde batean, Basquing in the Sun.

Nork: AnaIsMorales.2007/10/01 04:35:31.409 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/09/24 04:39:10.531 GMT+2

Abuztuan Rockefeller Center-en

  

Abuztuan Superboyren bisita izan nuen berriz ere. Gau batean azotean jesarrita nengoela izarrei begira, halako batez bere figura nahastezinak urratu zuen ziztuan zeru urdin iluna, eta azotearen ertzetik agurtu ninduen irribarretsu, kapa beltza haizeak harrotuta. Ohi baino distiranteago zeukan irribarrea, aurreko bisitan hutsune bi egondako lekuetan oraingoan hagin berri, zuri eta eder bi ageri baitzituen.

"Ikasi duzu bizikletan, Basque Woman in the Sun"? -galdetu zidan handik segundo batera, erruki barik.

"Eeem... zera..." hasi nintzen totelka, nire ezezkoa zelan apaindu jakin gabe. "Ikasi, ikasi... ". Burua jaitsi nuen egia ezkuta ezina adieraziz.

"Oooo. Nik uste nuena", erantzun zuen etsita.

"Baina patinatzen badakit. Patinatzen joan gaitezke!", ekin nion, Superboyren dezepzioa leuntzeko irrikaz.

"Baina hori betikoa da! Gauza berriak ikasi behar dituzu, BWS!! Ni beti nago gauza berriak ikasten!".

Aitortu behar nuen hori egia zela, eta Superboyren botereen aurrerapenak berriz ere harrituta ninduela. Esaterako, berbetan geunden bitartean, libretatxo bat atera eta batuketak eta kenketak egiten hasita zegoen jo eta ke ikaragarrizko abilidadeaz. Altuago eta guzti ikusten nuen. Ilusio optikoa, inondik ere.

"Baina beste gauza batzuk bai ikasi ditut!", jarraitu nuen. "Esaterako, Ikeako mahai bat eta lau aulki montatu ditut nik bakarrik", defendatu nintzen. "Eta areago: txarto ekarri zidaen eta telefonoz deitu nuen protesta egiteko. Eta beste bat ekarri zidaten. Zer diotsazu horri, e?"

Superboyk begiak areago ireki zituen azken partea entzutean. Banekien horrekin txundituta geratuko zela. Edozelan ere, disimulatzen saiatu zen.

"Ez dago txarto... baina ez da oso dibertigarria", erantzun zidan.

"Ui, zuri irudituko zaizu, Superboy. Ni ikaragarri dibertitu nintzen. Zazpi orduko dibertsioa izan nuen zapatu batean".

"Tira, denbora gutxi dugu eta goazen buelta bat ematera", eten zuen eztabaida. "Eutsi niri lepotik" esan zidan, besoa luzatuz, hegaldirako prest.

Lepotik esku biekin heldu orduko Brooklyneko zerua zeharkatzen ginen biok, Manhattanerainoko bidean. Kontu handiz ibili behar ginen, zeru-horratzen baten kontra jo eta nire lagun Pollocken koadro bat eginda geratu nahi ez bagenuen. Begien itxi-ireki batean bosgarren abenidan ginen.

"Tantta bat Rockefeller Centerren?", esan zidan.

Nola ezetz esan Superboyri. Gainera, ikaragarrizko proposamena iruditzen zitzaidan.

Azken buelta dotore batez Rockefeller Centerreko plazan lurreratu ginen, neguan patinatzeko pista egoten den biribilean udan jartzen duten terraza superfashionean. Erdian jazz talde bat zegoen jotzen.

"Uau, ze pozik nagoen hemen, Superboy!" esan nion. "Zu ez?"

"Ni batez ere zu zein pozik zauden ikusita" erantzun zidan. Jope, zelako erantzun polita.

Zerbitzari irribarretsu bat etorri zitzaigun segituan, gure eskupekoaz zeukan gutiziaren tamainako amabilidadeaz armatuta. Niretzat limonada eskatu nuen, eta jakinda Superboy fruten uraren zalea dela, galdetu nion zerbitzariari ea zein zuku zituen.

Blackberry
blueberry
raspberry
strawberry
cramberry
boysenberry
cherry;


apple
grape
grapefruit
pinapple


Superboy eta biok aho zabalik geratu ginen poesia jario horren aurrean. Eta nire harridura areagotu egin zen Superboyk zera esan zuenean:

"Pinapple juice, please".

"Oo, Superboy", esan nion, zerbitzari poetak alde egin arte itxaron ezinik. "Zenbat ingeles ikasi duzun!"

"Bah, ezerrez...", erantzun zuen apal. Baina bere hagin zuri berriek diz-diz egin zuten gure farola pribatuaren argipean.

Edari hotz-hotzak eskuan, musika gozoaren laztana belarrietan, eta Superboyrekin solasean perfektua zen gaua. Rockefeller Plazako iturri handiaren zaratak freskotasuna eransten zion giroari. Ur txorroten atzean Prometheusen urrezko irudia ikusten zen tarteka, zuzia eskuan.

"Aizu, Superboy: badakizu hori nor den?" galdetu nion, eskultura seinalatuz.

"Baaaai, BWS" erantzun zidan pina ura edateari utzi gabe.

"Nor?"

"Prometheeeus". Superboyk bokalak luzatzen ditu pazientzia handia bildu behar duenean. Haren botereetako bat da.

"Eta badakizu Prometheus nor izan zen, zer egin zuen?"

"Jakina. Galdetzea ere!", esan zidan, bekokiko txirikilo beltza hatzamarraz biribilduz. Presa gabe aulkitik zutundu eta kapa astindu zuen, tximurrak lisatzeko. Orduan besoa luzatu eta hegaz irten aurretik, zera erantzun zidan:

"Sua ostu ziena Basajaunei".

Eta Gothameko zeruan galdu zen. Iruditu zitzaidan han goian Batmanegaz elkartu zela eta bostekoa eman ziotela elkarri kolpe batez.


Baina, egia esan, ez nago oso seguru, ze apur bat logura ere banintzen han jesarrita, jazz doinuaz limonada edaten abuztuan, Basquing in the Moon.

Nork: AnaIsMorales.2007/09/24 04:39:10.531 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)