2008/05/29 13:00:49.190 GMT+2
Gero eta garbiago daukat gizakien arteko eztabaida guztiak bi jarrera
nagusiren arteko talkara ekarri daitezkeela funtsean: esentzialistak
alde batetik eta konstrukzionistak, bestetik. Terminologia hori
oraintxe asmatu dut, eta, beraz, ez dauka inongo zorroztasun
zientifikorik. Baina Alice in Wonderland-eko Humpty Dumpty-k esan
zuenez, hitzek daukate agintean dagoenak eman nahi dien esangura.
Beraz, blog honetan behintzat nik agintzen dudanez, ba, oraintxe
azalduko dut zer jarrera adierazi nahi ditudan bi termino horiekin
(guztiz asmatuak ere ez dira izango, segurutik; estimatzen dudan
norbaiti entzun edo irakurritako zerbaiten desitxuraketa izango dira).
- "Esentzialistak" dira "gauzak holan dira naturak edo biologiak edo
patuak hala erabaki duelako eta ez daukate bueltarik, ezin daitezke
aldatu"
eta
- "Konstrukzionistak" dira "gauzak konstrukto kulturalen
ondorioz dira oraintxe diren modukoak, eta, beraz, aldatu egin
daitezke, konstrukto horiek dekonstruitu eta beste batzuk eraikiz
gero".
Blog honetako beste edozer irakurri duenak edo pixka bat
ezagutzen nauenak berehala jakingo du ni bigarren taldean nagoela.
Areago, gero eta sendoago nago gizon-emakumeoi dagokigunez, oso-oso-oso
gutxi direla "esentzialak" eta beraz "aldaezinak" diren gauzak, are
fisikoenak ere. Izaki kulturalak gara, eta kulturtasun horrek blaitzen
ditu gure gauza guztiak, baita fisiko edo biologikoenak ere. Esaterako,
metro eta erdiko emakume batek 80 kilo izan ditzake Rubensen garaian
eta gurean. Gurean balearen familiakotzat joko lukete gehienek, lodi
egongo litzateke ia zalantza izpirik gabe. Rubensen garaikideei
galdetuta, berriz, top modela litzateke. Beraz, "andre hau lodi dago?"
galderak oso erantzun desberdinak izango lituzke orduan eta orain, eta
komentzimendu beretsuaz emanak, segurutik.
Ez
dut ildo honetatik jarraituko, bestela hainbeste kezkatzen eta
apasionatzen nauen generoen fluidotasunaren gaian sartu eta hortxe
korapilatuko nintzateke. Eta gaur ez dut honetaz idatzi nahi.
Gaur
Muhammad Ali-z hitz egin gura dut.
Uste
dut honez gero nahiko jakina dela Muhammad Ali-ri Casius Clay izena
eman
ziotela jaio zenean, eta gerora, erabakitzeko ahalmena izan zuenean,
berak aldatu zuela Muhammad Ali izena hartzeko, musulman bihurtzearekin
batera. Era berean, uste dut honez gero nahiko jakina izango dela
kontzientzia eragozpena
jarrita Vietnamgo gerrara joateari uko egiteagatik boxeoko munduko txapeldun
titulua kendu ziotela, bost urteko kartzela zigorra ezarri eta
beraren kontrako difamazio kanpaina lideratu zuela Estatu Batuetako
gobernuak eta munduko eskumak. Baina honetan guztian niretzat
harrigarriena da
zelako mina, zelako min jasanezina ematen dien esentzialista gogorrei
inork dekonstruitu eta kolokan jartzeak eurek esentzialtzat duten gauza
bat.
Adibidez, pertsona baten hain ikur ikusgarria den hori, aldi berean
hain intimoa
eta hain pertsonala:
izena.
Iaz liburu bat erosi nuen
Bluestockings liburudendan:
What´s My Name, Fool? Sports and Resistance in the United States, Dave
Zirin kirol kazetariak idatzia. Azalean Muhammad Ali-ren argazkia ageri
da, aho zabalik, zerbait oihukatzen egotearen itxura osoan, izenburuko
galdera, adibidez.
Gurera gehienbat heldu den Ali-ren irudia buru gutxiko erraldoi-indarzaku-harroputz-mundu jalearena izan da,
nolabait esateko. Zoroaren begi distiratsuez "Handiena naiz! Munduko
erregea naiz!" aldarrikatzen zuen izaki kontrolagaitzarena. Horretaz
esan beharra dago, batetik, arrazoirik ez zitzaiola falta Ali-ri:
handiena zen bere arloan, munduko erregea. Beraz, guztiz justifikatuta
iruditzen zait Ali-k hori esatea (aurreratu beharko nuke niretzat
apaltasuna ez dela per se bertute bat,
esentzian, esan nahi
dut; gogoan dut, hala ere, zelan eskandalizatzen zuen gure ama boxeo zalea Ali-ren
apaltasun falta horrek). Bestalde, eta batez ere, hori ez zen Ali-ren
kezka bakarra inondik inora. Askoz kezka eta pentsamendu potoloagoak
zeuzkan, beste horrek baino askoz ere pupa handiagoa egiten zutenak.
Honakoak adibidez (Zirin-en liburutik hartua):
Zergatik eskatzen didate uniformea jantzi
eta etxetik 40.000 kilometrora joateko bonbak eta balak jaurtitzera
Vietnamgo beltzaranei, Louisvillen negro jendea deritzotena txakurren
moduan tratatzen dutenean eta giza eskubide huts direnak ukatzen
dizkiotenean? Ez, ez naiz joango etxetik 40.000 kilometrora beste nazio
gaixo bat hiltzen eta kiskaltzen laguntzera, zertarako-eta ugazaba
zuriek munduan zehar jende koloreduna menderatzen jarrai dezaten.
Gaiztakeria horrekin amaitzeko eguna heldu da. Abisatu didate halako
jarrera hartzea milioika dolar kostatuko zaidala. Baina behin esan dut
eta berriro esango dut: nire jendearen benetako etsaia hementxe dago.
Ez naiz nire erlijioaren, nire herriaren edo neure buruaren lotsaria
bihurtuko inoren tresna izanik justizia, askatasun eta berdintasunaren
alde borrokan ari direnak esklabo egiteko... Pentsatuko banu gerrak
askatasuna eta berdintasuna ekarriko dizkiela gutarren 22 miloi
laguni, ez nindukete deitu behar, bihar bertan emango nuke izena. Ez
daukat ezer galtzeko sinesten dudana defendatzeagatik. Beraz,
kartzelara joango naiz. Laurehun urte daramatzagu kartzelan".
Ez
zen, ez, isiltzekoa Muhammad Ali. Izengoiti asko jarri zizkioten
horregatik: "Louisvilleko ezpainak", "Ahoa", "Cassius
Gaseosus"... Hogeita hamarreko hamarkadan izandako beste boxeo
txapeldun beltz bat, Joe Louis, isil-isila izandakoa zen, berriz. Zuriek
bakarrik osatutako manager taldea zeukan, oso arau zorrotzak
jartzen zizkiona: sekulan ezin zioten egin argazkirik emakume zuri batekin,
ezin zitekeen bakarrik joan inoiz taberna batera, eta ezin zezakeen
berba egin norbaitek lehenago berari hitz egin ezean. Joe Louis otzanak
honela esan ohi zuen: "nire managerrak hitz egiten du nigatik. Nik ring-ean
egiten dut berba".
Muhammad Ali-k ring barruan eta ring-etik kanpo egiten zuen berba bere buruagatik.
Behin hauxe esan zuen:
Non
uste duzue egongo nintzatekeela datorren astean, jakingo ez banu aldarri
eta zarata egiten? Segurutik nire herrian egongo nintzateke kristalak
garbitzen eta baijauna-ka ezandrea-ka, eta nire lekua zein den ikasten.
Jakina,
Joe Louis toleragarriagoa zen Muhammad Ali baino. Eta Ali-ri erakutsi
egin behar zitzaion bere lekua zein zen, izenetik hasita. Lehen aldia
zen mundu mailako eliteko kirolari batek izena aldatzen zuena.
Txapeldunari Ali edo Clay deitzeak adierazten zuen zein zen norberaren
jarrera eskubide zibilen gaian, beltzen askapenerako borrokan eta Vietnamgo
gerraren auzian. Oso adierazgarria da New York Times, New York Times
dibinoa, txapelduna
Clay izenaz aipatzen tematu izana hark izena aldatu eta urteetara artean ere. Gauza
bera imajina dezaket egiten hemengo egunkariren bat...
Testuinguru
hartan Ali-ren etsaiek oso gauza tipikoa egin zuten (haren izena lohitu eta barregarri uzten saiatzeaz
gain, hori ere oso tipikoa da): bere arraza bereko kontrario "zintzo"
batekin aurrez aurre jartzea. Kontrario hori Floyd Patterson zen,
txapelduna izandakoa, bere burua bandera estatubatuarrean bilduta
honelako aupada bota ziona Ali-ri:
Borroka hau gurutzada bat
da, titulua musulman beltzengandik berreskuratzeko. Katolikoa naizen
aldetik, borroka egingo dut Clay-ren kontra nire aberriarekiko
eginkizun bat betetzeko. Amerikari itzuliko diot koroa.
Baina
ez zion inori itzuli. Borrokaren gauean Ali-k txikitu egin zuen
bederatzi roundetan zehar. Eta egun hartan ere berba egin zuen
ring-ean, bi moduetara. Ukabilkada joan, ukabilkada etorri, hauxe
oihukatzen ei zion Patterson-i:
Hala ba, Amerika! Hala ba, Amerika zuria... Zein da nire izena? Clay da nire izena?
ZEIN DA NIRE IZENA, LERDO HORI?
Larrosak beste izen bat izango balu ez bailitzateke larrosa izango, lerdo hori!
Horretaz egon naiz ni pentsatzen gaur, Muhammad Ali-ren ausardia bulartsua gogoan, hementxe, Basquing in the sweet sun of late May.
Nork: AnaIsMorales.2008/05/29 13:00:49.190 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/14 11:34:19.097 GMT+2
Lapislazuliz hornitutako kopa hartuta
haren zain nago
urmaelaren ondoan, lurrinaz eta arratsaz,
haren zain nago
mendiko bideei ekiteko prest dagoen zaldiaren
pazientziaz
haren zain nago
printze errefinatu eta ederraren dotoreziaz
haren zain nago,
hodei mehez betetako zazpi almohadaz,
haren zain nago
intsentsu emearen su sarkorraz,
haren zain nago.
Zaldien lepoari darion sandalo usain arraz
haren zain nago.
Ez larritu. Berandutzen bada
itxaroizu
eta behar baino lehenago heltzen bada
itxaroizu,
eta ez egizu ikaratu haren trentzetan lo dagoen txoria.
Itxaroizu,
lasai senti dadin, loraldi betean dagoen jardina bezala.
Itxaroizu
bere bihotzean aire bitxi hau arnastu dezan.
Itxaroizu
gona igo dezan eta haren hankak ageri daitezen, lainoz
laino.
Itxaroizu
eta eraman ezazu leiho batera, esnetan bustitako ilargia
ikus dezan.
Itxaroizu
eta ardoa baino lehen emaiozu ura, ez
begiratu haren bularrean lotan datzan eper pareari.
Itxaroizu
eta goxo laztanduiozu eskua
pausatzen duzunean kopa marmolean,
ihintzaren pisua kentzeko bezala.
Itxaroizu
eta egiozu berba, txirulak
biolin-hari beldurtuari bezala,
biharko egunak gordetzen dizuenaren lekuko bazinete
legez.
Itxaroizu
eta landu haren gauaren harria eraztunez eraztun.
Itxaroizu
harik eta gauak esan arte:
zuek biok baino ez zarete geratzen munduan.
Eta orduan eraman ezazu, goxo, zure herio desiratura
eta itxaroizu…
Mahmud Darwish, “Kamasutra lezioak”, Arrotz baten ohantzea
Nork: AnaIsMorales.2008/04/14 11:34:19.097 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/15 21:03:21.518 GMT+1
Azaroko ostiral gris eta goibela zen.
Lanetik atera nintzenean gaututa zegoen, egundo ulertu ez dudan eta
energia aurrezteko omen den ordu aldaketari esker. Lainoak, euria,
giro bustia, goardasolen basoa zebrabideetan. Grand Centraleko
metrorantz nindoan astiro, ni ere eguna bezala goibel, ingurukoei
zeharka begiratuz, ostiral gauerako nik baino askoz ere plan hobeak
zituztelako errezeloetan. Negu ofiziala artean etorri barik egon
arren, igartzen zen ate ostean zegoela, izotzezko atzazal zuriak
zirrikitutik sartu guran.
Ez dakit zergatik, baina, kaletik
nenbilela, ostera etorri zitzaidan gogora azken boladan bueltaka eta
bueltaka ninderabilen Malcolm X-en hitzaldia. Haren pentsamenduaren
zorroztasunak sortzen zidan miresmena haren kontrako isiltasun eta
desitxuratze kanpainak eragiten zidan suminaren parekoa zen. Gizon
ikaragarri argia, umoretsua, baina mesederik eskatzeko gogorik ez
zeukana. "Ni ez naiz amerikarra", esana zuen, eta ai-ai-ai,
ze pupa egiten zuen horrek. Zuk onartzea eskatzen duen pertsonak
aukera ematen dizu tolerantea izateko. Zure onarpenaz saritu
dezakezu, zu bezalakoa izateko behar beste meritu eginez gero. Baina,
kontxo, onartua izateko batere interesik ez duenak ez dizu ezer
ematen. Areago, zalantzan jartzen du zu unibertsoko onena zaren egia
eztabaidaezin hori. Eta eskatzen etorri beharrean, berea
erreklamatzen datorrenak, berriz, ematearen keinu bihotzbera ere
ukatzen dizu. Ezin zaitezke ona izan!! Eta horrek amorru handia
ematen du. Nik neuk neukan ikusita amorru hori: African-American?
Zer uste dute horiek direla? Bereziak? Historia
aipatua nien eta Hura guztia orain dela 100 urte amaitu
zen! izan zen erantzuna. Zor
historikoa aipatu nuen eta Alferrikaldutako umeak dira
horiek erantzun zidaten.
Memoria historikoa,
arbasoekiko lotura, kulturaren
harrotasuna aipatuak nituen eta Asmazio hutsa da guztia!
Fikzioa! esana
zidaten.
Askotan gertatzen zaidan legez, sutuz
joan nintzen nire barruko irudimenezko eztabaidan (nire bizitzako une
eta leku desberdinetan pertsona desberdinekin gai horretaz izandako
hika-mika guztiak biltzen zituena). A, baina esatekoak eta bi gehiago
esaten nizkien nire kontrario guztiei. Aho bete hortz uzten nituen
nire argudioekin. Berakatzak zuentzat bigot zikinok!!!
Ozen berba egiten hasia nintzela
jabetzearekin batera, nire ohiko metro sarrera pasatua nuela ere
ohartu nintzen. Bosgarren etorbidea 42. kalearekin biltzen den
kantoian nengoen. Ezkerretara begiratuta, Empire State Building-en
mamua ageri zen, tontorra lainozko izaretan bildua. Eskumatara eta
apur bat atzerago, Chrysler Building-en gezi punta lausoa,
alabastrozko lanpara batean piztutako argia bezala. Erraldoi bi
horien forma desdibujatuei begira, bat-batean larri jartzen hasi
nintzen. Buruko arina zetorkidala antzemanik, aurrez aurre neukan
liburutegi publikoko eskailerak igotzen hasi nintzen, barruan une
batez jesartzeko esperantzaz. Atera heldu nintzenean begi zuriko
andre nagusi batek agurtu ninduen irribarre goxoaz eta buru keinu
batez. Aurrera, barruan epel dago, esan zidan. Bitxiena da
hitz horiek ez zituela ahoskatu. Eskuez esan zituen, nolabaiteko
keinuez, baina, ez dakit zelan, ulertu egin nion.
Arrazoia zeukan. Barruan epel eta goxo
zegoen. Alabaina, daramatzazun poltsa guztiak arakatzen dizkizun
betiko zaindaria eta bebarru itzela aurkitu beharrean, egongela txiki
bat aurkitu nuen. Mahai zuri batzuk zeuden, jateko gauza goxoez
hornituak (amerikar alternatiboen tofu eta azenario saihestezinak
barne) eta lore sortez apaindua. Edariak ere baziren, eta hainbat
lagun zeuden hizketa ederrean bizpahiruko taldetxotan han-hemen.
Etorri, zure zain egon gara, esan zidan lehengo dama berak,
ostera ere eskuez. Igitai eta mailuaren eranskailu txiki bat zeukan
paparrean. Besotik heldu zidan eta besteengana eraman ninduen.
Hartu egizu kopa bat txanpan!
esan zidan irribarre zabalaz bi metrokoa iruditu zitzaidan andre
beltz mardul batek. Eskerrik asko, esan nion pozik. Bitxia da,
baina ez nuen sentitzen normalean ezezagunen artean izan ohi dudan
barruko larritasuntxoa. Lagun artean bezala nengoen, artean edan
barik neukan txanpanak dagoeneko bere eragin askatzailea sortu balu
bezala. Gura duzu zuk beste bat, Helen? galdetu zion kopa eman
zidan andreak bertaraino eraman ninduen beste emakumeari. Bera ere
eskuez mintzo zitzaion Heleni, baina modu bitxi batean, haren eskua
hartuta eta ahurrean markatuz zeinuak. Izan ere, Helenen begiak tinko
zeuden puntu bati josita. Orduantxe egin zitzaidan argia: Ene, zu
Helen Keller zara eta! esan nion hunkituta. Barkatu, zera...,
erantsi nuen lotsaz, eta Helenen eskua hartuta, zeinu hizkuntzaz
errepikatu nion esandakoa. Harrigarria da horretan neukan
eskudantzia, baina, ez dakit zergatik, ni ez nengoen batere
harrituta.
Horixe bera naiz, bai
-erantzun zidan Helen Kellerrek zeinuz- pista ederra eman
dizu Sojournerrek, e? Beste
aldera jiratu nintzen eta txanpana emana zigun andre sendoari
erreparatu nion berriro. Jakina, zelan ez nintzen, bada, konturatu:
hantxe zegoen nire Sojourner Truth miretsia!
Barreka hasi ginen
hirurok eta topa egin genuen pozik. Orduan smoking zuriko kamarero
bat hurbildu zitzaigun, vol-au-vent-ez betetako erretilu bat
eskaintzen: Gau on, ene xarmantak, esan zigun irribarretsu,
Ttipiak dira bainan biziki dastagarriak. Hartu, hartu lotsa gabe.
Esaneko, bana
hartu genuen gutiziaz. Beti esaten dut: ez dago Patching Placeko
euskal kamareroak baino zerbitzari atseginagorik, entzun nuen
orduan nire alboan. Ile beltz eta luzeko gizon batek esana zuen.
Alkondara zuria zeraman, eta praka-jaka marroiak, gorbatarik gabe.
Iduneko urdin bat zeukan samari estu lotua. Eskerrik aunitz,
Squanto, zu bai zalduna, erantzun zion kamareroak. Izan
nintzen, Piarres, izan nintzen zaldiduna, bai... erantzun zion
Squantok begi ameslariez.
Oso animatua
zegoen giroa eta ni ere gero eta biziago nengoen, txanpanaren
eraginez segurutik. Bazter batean Malcolm X eta Martin Luther King
ikusi nituen. Ez dakit ze kontu izango zuten, baina algara batean
zeuden, negarra dariela barrearen barrez. Eskuaz agurtu nituen.
Malcolm X-ek begi keinu batez erantzun zidan, eta Luther Kingek
baiezkoa eginez buruaz. Ikasi duzu ezer denbora honetan? esan
zidan Malcolmek irribarre maltzurraz distantziatik. Burmuina estutzen
hasi nintzen zerbait zuhur eta zorrotza erantzun guran, filosofia oso
bat bilduko zuen esaldi biribilen bat edo, baina ezer okurritu ez,
eta hau baino ez nuen esan: Ikeako mahai bat eta lau aulki montatu
nituen behin!
Tira, hori
nahikoa da bilera bat egiteko! Ezta, doktorea? erantzun zuen
Malcolmek, Luther Kingeri ere zuzenduz. Horixe baietz, gehitu
zuen Kingek. Eta, gainera igonez gero, hitzaldia emateko ere balio
du, edo, aulkietan jesarrita, behar beste erresistitzeko.
Honek daukan indarra edukiz gero,
mahairik ere ez duzu behar hitzaldia emateko, tartekatu
zuen motots handiko andre betaurrekodun batek, Sojourner seinalatuz.
Gona luzearen azpian galtzerdi urdin biziak ikusten zitzaizkion, oso
nabarmenak. Barkatu,
esan nion, Ezagutzen zaitudala uste dut, baina ez nago
ziur...
Etorri hona, Frances, gu neskokin
topa egitera. Hau Frances Gage dozu esan
zidan Sojournerrek, Gage andreari lepoan tapa-tapa eginez bere esku
itzelaz. Berba eman zidan Ohioko batzar hartan. Ez zan hura
otso zulo makala ba!
Gage andrea, urte askotarako,
esan nion. Ikaragarri gustatzen zaizkit zure galtzerdi
urdinak. Haren begiek irribarre
egin zidaten antioju biribilen atzetik.
Jazzeko
pieza alai batek gela betetzen zuelarik, aurrean neukan opil eta
croissanten mendixkara luzatu nuen eskua eta bat hartu nuen. Mmm,
zein ederra! Berehala ezagutu nuen: nire auzoko Court Streeteko
pattisserie frantsesekoa!! Nork ekarriko ote zituen? Eskuan neukan
puskari begira nengoen horretaz pentsatzen, halako batean beste
pentsamendu batek jo ninduenean. Deskarga elektriko antzeko bat izan
zen. Inguruari begiratu nion, festa gisako hartan bildutako jende
atseginari eta bat-batean izuak hartu ninduen.
Zer
da hau, zer da hau baina? egin
nuen aldarri. Izerditan neuzkan eskuak.
Isiltasuna zabaldu
zen gelan. Zuek, lagunok, oso maiteak zaituztet, oso atseginak
izan zarete nigaz eta asko ikasi dut zuen guztiongandik... baina...
zera... zuek... hilda zaudete!! Non nago? Hilda nago ni ere? Hiltzear
nago? Auto batek jo nau Grand Centralera heldu baino lehen?
Ba, zer nahi duzu esatea... Ni ez
naiz inoiz hilko, erantzun zidan
Malcolm Xek duin.
Bale, zentzu
metaforikoan ez, baina..., zu, teknikoki, zera, hild... hasi
nintzen erantzuten.
Aizu, aizu, aizu..., esan
zuen Marjorie Elliottek ahots goxoz pianoari ekinez berriro,
ni behintzat ez nago batere hilda.
Ezta ni ere,
what the fuck!,
erantsi zuen izkina batetik Immortal Techniquek hip-hop keinu batez,
eta aurrean zeuzkan jiradiskoekin scratching doinuak gehitzen hasi
zitzaion Marjorieren musikari.
Gu ere
bixi-bixi gaituzu, esan zidan amama batek The Raging Grannies
zioen pankarta baten atzetik.
Eta nik? Oso
hilda ematen dut? Oh my God, hori esan berri zuena mahai baten
gainean nonbaitetik azaldu berria zen go-go boy bat zen, go-go boy
huuura, zehatz esanda. Nire larritasunean, parentesi bat egin nuen
eskuaz musua bidaltzeko, dolar baten prezio modikoan inoiz laztantzen
utzia zidan bere bularraren mirakulua gogoan.
Edozelan ere, nire
nahasmendua gero eta handiagoa zen eta zorabioa gainera etortzen
igarri nuen berriro.
Orduan, zer? Despedida bat da hau?
Mugaren bat zeharkatzera noa?
galdetu nien berriro inguruko lagunei antsiaz betea.
Ez estutu, egin
dezagun topa! esan zidan Helen Kellerrek adiskidetsu. Gelakide
guztiek kopak eta basoak altxatu eta Squantok nirea bete zidan. Topa
egin genuen eta, buruko arinari amore emanda, zurrut egin nuen nire
kopatik begiak itxita, goitik jausten hasia zen konfeti euriak burua
estaltzen zidala.
Begiak zabaldu
nituenean kalean nintzen, bakarrik, liburutegi publikoaz bestaldeko
espaloian. Euria zen eta blai eginda nengoen. Ezkerretara begiratuta,
Empire State Building-en mamua ageri zen, tontorra lainozko izaretan
bildua. Eskumatara eta apur bat atzerago, Chrysler Building-en gezi
punta lausoa, alabastrozko lanpara batean piztutako argia bezala.
Batari begiratu, besteari begiratu eta bat-batean jiraka hasi
zitzaidan inguru guztia: kaleak, jendea, eraikinak... Dardara batean
nengoen goitik beheraino eta, konortea galtzera nindoala sentiturik,
begiak itxi nituen. Ez nuen, baina, konorterik galdu. Une batzuk
horrela igarota, zutunik jarraitzen nuen kalean, arnasa hartzen, nire
buruaren jabe. Zabaldu nituen begiak ostera, ezkerretara Empire eta
eskumatara, apur bat atzerago, Chryslerren irudia bilatu guran.
Begiak itxi nituen
berriro aurrean neukana sinetsi ezinik. Ez, ez, ezinezkoa zen. Adorea
bildu eta astiro-astiro ireki nituen, lehenago bata eta gero bestea.
Alferrik. Egi-egia zen, edo, behintzat, nire zentzumenek egun
horretan eskaini nahi zidaten bezain egia, eta haiek nituen
errealitaterako zubi bakar. Aurrean, bata ezkerretara eta bestea
eskumatara, baina urrunago, La Union y el Fenixeko Kupula eta
Santiagoko Katedraleko dorrea neuzkan, hurrenez hurren. Beldur
ikaragarria sentitu nuen, bihotzean daramadan eta hazten ikusi
ninduen hiri (egia esan, hiritxo) hartako kale mortu eta bustian.
Bular esturak itota, negarrez hasi nintzen, aurpegia eskuez estaliz.
Orduan pausoen
zarata entzun nuen eta erne jarri nintzen, bihotza taupaka. Posta
kaletik figura bat ikusi nuen nigana etortzen, baina, gaua izanik eta
beltzez jantzita zegoela, ezin nezakeen ondo bereiztu. Gau bakartian
lanean temati segitzen zuen semaforoari kasu egin barik, figurak
errepide mortua zeharkatu zuen urrats lasai eta sendoez. Oihal bat
zeukan lepotik dingilizka, ibilera kementsuak airean dantzan jartzen
ziona.
Ikasi duzu
bizikletan, Basque Woman? esan zidan irribarrez aurrez aurre
jarri zitzaidanean.
Maitasun geruza
batek inguratu ninduen.
Ez ba,
Superboy, ez ba. Baina, orain konturatzen naizela, mapak ulertzen
ikasi dut erantzun nion.
Eskua luzatu zidan
eta elkarri helduta barneratu ginen Bilbo Zaharrean. Gure gainean,
kupularen gaineko aingeruaren beso luzatuak Empire State Buildingeko
orratzaren antz pixka bat zuela iruditu zitzaidan. Eskumatara,
urrunago, katedraleko dorrea distira zuri misteriotsuaz nabarmendu
zen zeru beltzaren kontra.
Nork: AnaIsMorales.2008/01/15 21:03:21.518 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/14 17:36:43.727 GMT+1
Zelan eman ahal dizkiozue eskerrak gizon bati zuena den gauza bat emateagatik? Orduan zelan emango dizkiozue eskerrak zuena denaren parte bat baino ez emateagatik? Ez duzue ezer aurreratu, eman dizuetena zuena baldin bazen. Hori ez da aurreratzea. Eta asko gustatu zait zelan esan duen Anaia Lomaxek, zelan esan duen atzera egin dugula eta 1954an ginen leku berean gaudela. Atzerago gaude 1954an baino. Segregazioa handiagoa da orain 1954an baino. Arrazari buruzko ezinikusi, gorroto eta indarkeria handiagoa da gaur, 1964an. Non dago aurrerapena?
Eta orain beltz gazteak badatoz etorri. Ez dute entzun nahi "beste masailaren" kontu hori, ez. Jacskonvilleko horiek gaztetxoak ziren, Molotov cocktailak botatzen ibili zirenak. Beltzek ez dute hori sekula egin orain arte. Baina erakusten du jokabide berri bat azaldu dela. Pentsabide berri bat dago bidean. Estrategia berri bat dago bidean. Hilabete honetan Molotov cocktailak izango dira, hurrengoan esku granadak, eta hurrengoan beste zerbait. Botoak edo balak izango dira. Askatasuna edo heriotza. Heriotza honi buruzko diferentzia bakarra da oraingoan erreziprokoa izango dela. Badakizue zer den "erreziprokoa"? Anaia Lomaxen berbetako bat da. Ostu egin diot. Normalean ez dut halako hitz handirik erabiltzen, normalean ez naizelako jende handiarekin ibiltzen. Jende xumearekin ibiltzen naiz. Konturatu naiz jende xume pilo bat bilduta jende handi pilo bati itzelezko egurra eman dakiokeela. Ez dute ezer galtzeko, eta dena dute irabazteko. Eta berehala esango dizute: "tangoa egiteko lagun bi behar dira; ni banoa zu ere bai".
Eskubide zibilen zentzu osoaren interpretazio berri hau egitean, nazionalista beltzek, nazionalismo beltzaren filosofia besarkatzen dutenek, uste dute eskubide zibilek aukera berdintasuna esan gura dutela, Anaia Lomaxek aipatu duenez. Hara, eskubide zibilek aukera berdintasuna esan nahi badute, badugu arrazoirik eskubideok lortzen saiatzeko, guk inbertitutakoa batzen baino ez gabiltza eta. Gure amek eta gure aitek izerdia eta odola inbertitu zuten. Hirurehun eta hamar urte eman ditugu lanean herri honetan txakur txiki bat ere hartu barik ordainetan. Txakur txiki bat ere hartu barik, diot. Eta uzten diozue gizon zuriari hona etortzen esatera zein aberatsa den herri hau, baina inoiz ez zarete gelditzen pentsatzera zelan aberastu zen hain arin. Zuek aberastu zenutelako, horregatik.
Ikusi oraintxe bertan hemen bilduta dagoen jendea. Pobreak dira. Banan banan hartuta, pobreak dira. Gutako bakoitzaren astebeteko soldata hutsaren hurrengoa da. Baina hemengo guztion soldatak batuz gero, otzara asko beteko ditugu. Asko da hori. Hementxe bertan dagoen jendearen urtebeteko soldatak batzen badituzu, aberastu egingo zara. Aberats baino aberatsagoa izango zara. Gauzari horrela begiratuta, pentsa orain zelan aberastuko zen Osaba Sam, ez hemengo jende mordoskarekin, baizik eta milioika beltzekin. Zuen eta gure aita eta amekin, horiek ez zutelako zortzi orduko txandetan lan egiten, horiek goizeko "ez da ezer ikusten¨-etik gaueko "ez da ezer ikusten"-era lan egiten zuten, eta hutsaren truke, gizon zuria aberastuz, Osaba Sam aberastuz. Horixe izan da gure inbertsioa. Horixe gure ekarpena, gure odola.
Ez da bakarrik gure lana doan eman genuela, gure odola eman genuen. Armetara deitzen zuen bakoitzean, gu ginen lehenak uniformea janzten. Gizon zuriaren gudu zelai guzti-guztietan hil ginen. Gure sakrifizioa handiagoa izan da gaur egun Amerikan dagoen beste inorena baino. Gure ekarpena handiagoa izan da, eta gure ordaina txikiagoa. Eskubide zibilek, nazionalismo beltzaren aldekoentzat, hau esan nahi dute: "Emaguzu orain. Ez itxaron datorren urtera arte. Emaguzu atzo, eta hori ere berandu da".
Tarte bat hartuko nuke orain gauza bat esateko. Zurea den gauza bat eskuratu nahian zabiltzanean eskubide hori ukatzen dizuna kriminala da. Ulertu ezazue hori. Zurea den gauza baten atzetik zabiltzanean eskubide legal guztiak dauzkazu zurea dela aldarrikatzeko. Eta zurea dena ukatzeko zerbait egiten duena legea hausten dabil, beraz kriminala da. Eta halaxe nabarmendu zuen Auzitegi Nagusiaren erabakiak. Legez kanpo utzi zuen segregazioa.
Horrek esan gura du segregazioa legearen aurkakoa dela. Horrek esan gura du segregazionistak legea hausten dabiltzala. Segregazionista kriminala da. Ezin dakioke beste izenik eman. Eta segregazioaren aurkako manifestazioak egiten dituzuenean legea alde daukazue. Auzitegi Nagusia alde daukazue.
Orain: nork egiten dizue traba legea bete nahi duzuenean? Polizia Departamentuak berak. Poliziak, txakurrekin eta makilekin. Segregazioaren kontrako manifestazioa egiten duzuenean, dela eskolen segregazioaren kontra, etxebizitzen segregazioaren kontra edo dena delakoa, alde daukazue legea, eta aurka egiten dizuena ez dago legearen barruan. Legea hausten dabiltza; ez dira legearen ordezkari. Segregazioaren kontrako manifestazioan zaudetenean inork polizia txakur bat zuen kontra botatzeko ausardia daukanean, hil ezazue txakurra. Hil ezazue, benetan diotsuet, hil txakurra. Berriro diot, bihar kartzelan sartzen banaute ere: hil ezazue txakurra. Horrela geldituko dituzue. Orain: hemen dauden pertsona zuriek halako ekintzarik ikusi gura ez badute, joan alkatearengana eta esaiozue agindu diezaiola poliziari txakurrak barruan uzteko. Hori da egin behar duzuena. Egiten ez baduzue, beste norbaitek egingo du.
Honelako erabaki bat hartzen ez baduzue, zuen umetxoak hazten direnean, begiratuko dizuete eta esango dute: "lotsagarria". Honelako jarrera argi eta garbia hartzen ez baduzue; ez dut esan nahi kalera joan eta indarkeriaz jokatzen hasi behar zaretenik; baina aldi berean diot ez zenuketela indarkeria-ezaren bidetik jo behar, zuekin indarkeria-ezaren neurriren bat erabiltzen ez den bitartean. Nik indarkeriarik gabe jokatzen dut nirekin indarkeriarik gabe jokatzen dutenekin. Baina indarkeriaz hartzen nautenean, orduan zoratu egiten naiz, eta ez naiz nire ekintzen jabe. Eta halaxe egin beharko lukete beltz guzti-guztiek. Legearen barruan zaudela dakizunean, zure eskubide legalen barruan, zure eskubide moralen barruan, justizia zure alde dagoela dakizunean, orduan eman bizia sinesten duzunaren alde. Baina ez zaitez bakardadean hil. Zure heriotza erreziprokoa izan dadila. Horixe esan nahi du berdintasunak. Batentzat balio duenak bestearentzat ere bai.
Eremu horretan sartzen garen neurrian, lagun berriak beharko ditugu, aliatu berriak. Eskubide zibilen borroka maila goragoko batera eraman behar dugu: giza eskubideen mailara. Eskubide zibilen borrokan diharduzuenean, agian ez dakizue, baina Osaba Samen jurisdikziora mugatzen zabiltzate zuen burua. Zure borroka eskubide zibilen aldeko borroka den bitartean, kanpoko inork ezin du zure alde hitz egin. Eskubide zibilak herri honetako barne arazoen arloan sartzen dira. Gure anaia afrikarrek, gure anaia asiarrek eta gure anaia latinoamerikarrek ezin dute ahoa zabaldu Estatu Batuen barne arazoetan sartzeko. Eta eskubide zibilak diren neurrian, Osaba Samen jurisdikzioko kontua dira.
Baina Nazio Batuek badute Giza Eskubideen Karta deritzon gauza bat; giza eskubideez arduratzen den batzorde bat dauka. Beharbada itaundu egingo diozue zuen buruari zergatik Afrikan, Hungarian eta Asian egindako basakeria guztiak NBEren aurrean aurkeztu diren eta beltzen arazoa, berriz, sekula ez den aurkezten NBEn. Konspirazioaren barruan sartzen da hori. Betiko liberal amarruzale begi urdin horrek, zuen eta nire laguna ei denak, gure alde ei dagoenak, gure borroka bultzatzen ei dabilenak eta guri aholkuz laguntzen, horrexek berak ez dizue inoiz giza eskubideen konturik aipatzen. Eskubide zibiletan inguratzen zaituzte. Eta hainbeste denbora ematen duzue eskubide zibilen arbolari begira zaunka, jakin ere ez dakizuela lur berean giza eskubideen arbola hazten dela.
Eskubide zibilen borroka giza eskubideen mailara eramaten denean, aurkeztu ahal izango dugu herri honetako gizon beltzaren arazoa NBEko nazioen aurrean. Batzar Nagusiaren aurrean aurkeztu ahal izango dugu. Osaba Sam munduko epaitegira eraman ahal izango dugu. Baina hori giza eskubideen mailan bakarrik egin daiteke. Eskubide zibilek bere mugen barruan lotzen zaituzte, bere jurisdikzioan. Eskubide zibilek haren poltsikoan sartzen zaituzte. Eskubide zibilek esan gura dute Osaba Sami zu ondo tratatzeko eskatzen zabiltzala. Giza eskubideak jaiotzez dituzu. Jainkoak eman dizkizun eskubideak dira. Lur honetako nazio guztiek onartutako eskubideak dira giza eskubideak. Eta norbaitek zure eskubide zibilak urratzen dituenean munduko epaitegiaren aurrera eraman dezakezu.
Osaba Samen eskuei odola darie, herri honetako gizon beltzen odola. Munduko hipokritarik handiena da. Eta ausardia dauka -bai, hala da!- mundu librearen buruzagi agertzeko. Mundu librea! Eta zuek hor, "Egingo dugu" kantatzen. Zabal ezazue eskubide zibilen borroka giza eskubideetara. Eraman Nazio Batuetara, gure anaia afrikarrek gure alde egin dezaketen lekura, gure anaia asiarrek gure alde egin dezaketen lekura, gure anaia latinoamerikarrek gure alde egin dezaketen lekura, eta 800 txinatar gure alde egiteko zain dauden lekura.
Jakin dezala munduak zein odoleztatuta dituen eskuak Osaba Samek. Jakin dezala munduak zelako hipokresia dagoen hemen. Izan bedi botoa edo bala. Jakin dezala berak botoa edo bala izan behar dela.
Gure auzia Wasghington DCra daramazuenean erruduna den kriminalaren etxera daramazue; otsoarengandik ihes egin eta azeriarengana joatea bezalakoa da. Konpontxo eginda daude denak. Zurikeria politikoa praktikatzen dute guztiek eta zu pepelerdo baten moduan geratzen zara munduaren aurrean. Hemen zabiltza Amerikatik bueltatxo bat ematen, halako batean armadara deitu eta atzerrira bidaltzen zaituzte, berunezko soldadutxo baten moduan, eta bertara heltzean jendeak galdetzen dizunean zergatik ari zaren borrokan irribarre lerdo batez erantzun behar duzu. Ez, eraman ezazue Osaba Sam epaitegira, eraman ezazue munduaren aurrean.
Botoa diodanean askatasuna esan nahi dut, besterik ez. Ez dakizue -eta honetan ez nator bat Lomaxekin- botoak dolarrak baino gehiago balio duela? Frogatu nezake? Bai. Begiratu NBEri. Nazio Batuetan herri pobreak daude; herri pobre horiek euren botoen indarrak batu ditzakete eta gelditu egin ditzakete herri aberatsak. Nazio batek boto bat, boto guztiek berdin balio dute. Eta Asiako eta Afrikako eta munduko alderdi ilunagoetako anaia horiek bat egiten dutenean, euren botoen indarra nahikoa izango da Sam geldiarazteko. Edo Errusia geldiarazteko. Edo munduko beste edozein zati. Beraz, botoa garrantzitsuagoa da.
Baldin eta oraintxe, herri honetan zuek eta ni, 22 milioi afroamerikar -ze horixe gara, Amerikan dauden afrikarrak-... Afrikarrak zarete, besterik ez. Eta, egia esan, urrunago helduko zarete zuen buruari afrikar deitzen badiozue beltz deitzen badiozue baino. Afrikarrek ez dute egurrik hartzen. Zuek baino ez duzue hartzen egurra. Afrikarrentzat ez dute eskubide zibilen legerik onartu behar. Oraintxe bertan afrikar bat gura duen lekura joan daiteke. Egin behar duzuen gauza bakarra da buruan trapu bat jantzi eta listo: nahi duzuen lekura joan zaitezkete. Beltz izateari utzi, besterik ez. Izena aldatu. Adibidez, hartu Hugagaguba izena. Horrek erakutsiko dizue ze tontoa den gizon zuria. Gizon tonto batekin zabiltzate tratuan. Oso azal beltzekoa den nire lagun batek behin turbantea jantzi zuen eta Atlantako taberna batera sartu zen, horiek euren burua "des-segregatu" deitzen hasi aurretik. Zurien jatetxe batera sartu zen, mahai aurrean jesarri, janaria zerbitzatu zioten eta galdetu zuen: "zer gertatuko litzateke hona beltz bat sartuko balitz?" Eta hantxe dago bera, ikatza baino beltzago, baina buruan turbantea daukala. Zerbitzariak aurpegira begiratu eta zera erantzun zion: "Halakorik! Muturbeltzak atrebitu ere ez dira egiten hona sartzen gero!"
Beraz, bere aurreiritzi eta juzkuekin egunetik egunera burua eta argitasuna galtzen dabilen gizon batez ari gara. Ikaratuta dago. Ingurura begiratu eta ikusten du zer gertatzen ari den herri honetan, zelan denboraren pendulua zuen alderantz doan. Menia sinatu behar izan zuen. Zer da hori? Amerikak ez du meniarik sinatzen baina! Gaiztoa da. Baina orain jada ez da gaiztoa. Gaiztoa da hidrogeno bonba darabilen neurrian, baina ezin du erabili beldurrez-eta ea Errusiak berea erabiliko duen. Errusiak ezin du berea erabili, beldurrez-eta Samek berea erabiliko duen. Beraz, arma gabe daude biak. Ezin dute arma erabili, bakoitzaren armak indargabetu egiten duelako bestearena. Beraz, zelaian bakarrik gerta daiteke ekintza. Eta gizon zuriak ezin lezake beste gerrarik irabazi zelaian. Joanak dira egun horiek. Gizon beltzak badaki, gizon marroiak badaki, gizon gorriak badaki, eta gizon horiak badaki. Beraz, gerrillen gerra egiten diote. Hori ez da Samen estiloa. Gerrilleroa izateko, bularra izan behar duzu, eta Samek ez dauka. Nik diotsuet.
Informazio apur bat eman gura dizuet gerrillen gerraz, zeren... baina lehenago, lehenago.... Bularra eduki behar da gerrilleroa izateko, bakarrik zaudelako. Ohiko gerragintzan tankeak dauzkazu eta jende mordo bat ondoan zuri laguntzeko: hegazkinak buru gainean eta zera horiek denak. Baina gerrilleroa bakarrik dago. Fusila, zapatilak eta katilu bat arroz, hori baino ez duzu behar... eta bular handia. Pazifikoko irla horietako batzuetan, amerikar soldaduak lurreratzen zirenean, batzuetan japoniar bakar batek armada osoa gelditzen zuen. Eguzkia ezkutatu arte itxaron, eta eguzkia joandakoan parean zeuden. Aiztotxoa hartu eta sasirik sasi irristatzen zen, eta amerikarrarengandik amerikarrarengana. Soldadu zuriek ezin zuten horrekin. Pazifikoan gerra egindako soldadu zuri bat ikusten duzunean, dardakadan dago, gaixo dago nerbioetatik, itzelezko beldurra sartu ziotelako gorputzean.
Gauza bera pasatu zitzaien frantsesei Indotxina frantsesean. Urte batzuk lehenago arroza ereiten egondako laborariak elkartu egin ziren eta Indotxinatik bota zuten frantses armada guztiz mekanizatua. Ez da behar halakorik: gerragintza modernoak gaur egun ez du funtzionatzen. Gerrillaren garaia da hau. Gauza bera egin zuten Aljerian. Aljeriarrak beduinoak besterik ez ziren, arma hartu eta mendietara jo zuten, eta De Gaullek eta bere gerra makineria handiosoak ezin izan zituen gerrilla horiek gainditu. Mundu honetako inongo lekutan ez du irabazten gizon zuriak gerrillen gerra. Ez da haren abiadura. Gerrillen gerra Asian eta Afrikako zenbait lekutan eta Latinoamerikako zenbait lekutan zelan nagusitzen ari den ikusita, guztiz inuxentea izan behar zara edo benetan asko gutxietsi behar duzu gizon beltza pentsatzen ez baduzu egun batean itzarri egingo dela eta ikusiko duela edo botoa edo bala izan beharko dela.
Amaitzeko, gauza pare bat esan gura nuke orain dela gutxi New Yorken zabaldu dugun Meskita Musulmanaren inguruan. Egia da musulmanak garela eta gure erlijioa islama dela, baina ez dugu erlijioa politikarekin, ekonomiarekin edo gure jarduera sozial eta zibilarekin nahasten... jada ez. Gure erlijioa gure meskitarako uzten dugu. Gure zerbitzu erlijiosoak amaitu ondoren, musulman bezala hartzen dugu parte ekintza politiko, ekonomiko, sozial eta zibikoan. Gure komunitateko jendea zigortzen duten gaitzekin, gaitz politiko, ekonomiko eta sozialekin, amaitzeko helburua duen edonorekin elkartzen gara, edonon, edonoiz, edozein bidez.
Nazionalismo beltzaren filosofia politikoak esan nahi du beltzak bere komunitateko politika eta politikariak kontrolatu beharko lituzkeela; ez besterik. Komunitate beltzeko gizon beltza berriro hezi beharra dago politika zientzian, jakin dezan politikak zer eman behar dion ordainetan. Ez bota botorik sastarretara. Botoa bala bezalakoa da. Ez eman botorik jomuga ikusi arte, eta jomuga urrunegi badago, gorde egizue botoa patrikan.
Nazionalismo beltzaren filosofia politikoa eliza kristauetan irakasten ari dira. NAACPen irakasten ari dira. COREren bileretan irakasten ari dira. SNCC-Ikasleen Koordinazio Batzorde Ez-biolentoaren bileretan irakasten ari dira. Musulmanen bileretan irakasten ari dira. Ateo eta agnostikoak besterik biltzen ez diren lekuetan irakasten ari dira. Leku guztietan irakasten ari dira. Beltzak nazkatuta daude gure askatasuna lortzeko erabiltzen ohitu garen duda-mudazko, oin punttetako, epelkeriazko planteamenduarekin. Askatasuna nahi dugu orain, baina ez dugu lortuko "Egingo dugu" kantatuz. Borroka egin behar dugu egin arte.
Nazionalismo beltzaren filosofia ekonomikoa oso sinple eta garbia da. Bakarrik esan nahi du gure komunitatearen ekonomia kontrolatu behar dugula. Zergatik kontrolatu behar dituzte zuriek gure komunitateko denda guztiak? Zergatik kontrolatu behar dituzte zuriek gure komunitateko bankuak? Zergatik egon behar da gure komunitatearen ekonomia gizon zuriaren menpean? Zergatik? Gizon beltz batek ezin badu bere denda eraman komunitate zuri batera, esadazue zergatik eramango duen gizon zuri batek bere denda komunitate beltzera. Nazionalismo beltzaren filosofiak berarekin dakar komunitate beltza ekonomia gaietan ber-hezteko programa bat. Ikustarazi behar zaio gure jendeari gure komunitatetik dolar bat ateratzen dugun bakoitzean gu bizi ez garen komunitate batean gastatzeko, gu bizi garen komunitatea pobreagotu egiten dela, eta dirua gastatu dugun komunitatea, berriz, areago aberastu.
Eta gero galde egiten diozue zuen buruari zergatik zuek bizi zareten lekua ghettoa edo auzo txiroa den beti. Eta zuei eta niri dagokigunez, ez dugu gure dolarra galtzen bakarrik gure komunitatetik kanpo gastatzen dugun bakoitzean; gizon zuriak gure komunitateko denda guztien kontrola dauka, eta, beraz, dolarra gure komunitatean gastatzen dugunean ere, iluntzean dendariak dolarra hartu eta hiriaren bestaldera eramaten du, beste toki batera. Hormaren kontra gaitu.
Hortaz, nazionalismo beltzaren filosofiak esan gura du eliza guztietan, erakunde zibiko guztietan, elkarte guztietan sasoia dela gure jendea ohartzeko gure komunitatearen ekonomia kontrolatzearen garrantziaz. Gu baldin bagara denden jabeak, gu bagara gure negozioen arduradunak, gure komunitatean industriaren bat sortzen saiatzen bagara, gutarrentzako lanpostuak sortzen ari garen egoera batera pasatuko gara. Zure komunitatearen kontrola hartzen duzunean, ez zara hasi behar zentroko inongo latigomariri greba edo boikota egiten, edo haren enpresan lan egitea belauniko eskatzen.
Nazionalismo beltzaren filosofia sozialak bakarrik dio elkartu egin behar garela desagerrarazteko gure komunitatearen morala suntsitzen dauden gaitzak, bizioak, alkoholismoa, drogazaletasuna eta gainerako guztiak. Guk geuk jaso behar dugu gure komunitatearen maila, igo egin behar dugu gure komunitatearen maila, geure gizartea edertu behar dugu, gure lagunarteetan pozik egon gaitezen, bueltaka ibili barik bere barruan nahi ez gaituen lagunartean sartzeko zirrikitu baten bila. Beraz, hauxe diotsuet: nazionalismo beltzaren berri ona zabaltzean asmoa ez da gizon beltzak gizon zuria ber-ebaluatzea -ezagutzen duzue dagoeneko- gizon beltzak bere burua ber-ebaluatzea baino. Ez aldatu gizon zuriaren pentsaera: ezinezkoa da hori. Eta Amerikaren kontzientzia moralari dei egitearen kontu guzti hori dela eta: Amerikaren kontzientzia erreka jota dago. Kontzientzia arrasto guztiak galdu zituen aspaldi. Osaba Samek ez dauka kontzientziarik.
Ez dakite morala zer den. Ez dute gaitz bat desagerrarazten gaitza delako, edo legez kanpokoa delako edo inmorala delako; desagerrarazten dute baldin eta euren existentzia arriskuan jartzen badu, besterik ez. Beraz, denbora galtzen zabiltzate Osaba Sam bezala moraltasun kontuan kiebra jota dagoen gizon baten kontzientzia moralari deiez bazabiltzate. Kontzientziarik izango balu, aspaldi edukiko zuen zuzenduta kontu hau, inork gehiago estutu barik. Beraz, ez ez gizon zuriaren gogoa aldatu behar. Geure gogoa aldatu behar dugu. Ezin diogu guri buruzko iritzia aldatu. Guk elkarren gainean dugun iritzia aldatu behar dugu. Begi berriez ikusi behar dugu elkar. Neba-arreba moduan ikusi behar dugu elkar. Berotasunez elkartu behar gara, guk geuk arazo hau konpontzeko behar dugun batasuna eta harmonia eratu ditzagun. Zelan egin genezake hori? Zelan saihestu genezake jeloskortasuna? Zelan saihestu genitzake gure komunitatearen barruko susmoak eta banaketak? Nik esango dizuet.
Ikusi dut zelan joaten den Billy Graham hirietara berak Kristoren Ebanjelioa deitzen dion baina nazionalismo zuria besterik ez den hori zabaltzera. Mundu guztia astintzen du baina sekula ez du eliza bat sortzen. Eliza bat sortzen saiatuko balitz, eliza guztiak aurka aterako litzaizkioke. Beraz, Kristoz berbetan hasten da eta esaten du Kristo onartzen duena joateko Kristo dagoen edozein elizatara; eta horrela lortzen du elizak berari laguntzea. Beraz, hartuko dugu orritxo hori Billy Grahamen eskuliburutik.
Gure ebanjelioa nazionalismo beltza da. Ez dugu inongo erakunderen existentzia kolokan jarri nahi, baina nazionalismo beltzaren ebanjelioa zabaltzen ari gara. Nazionalismo beltza predikatzen eta praktikatzen dagoen eliza bat ikusten duzuenean, bertako kide egin. NAACP nazionalismo beltzaren ebanjelioa predikatzen eta praktikatzen badago, egin zaitez NAACPko kide. CORE nazionalismo beltza predikatzen eta praktikatzen badago, egin zaitezte COREko kide. Egin zaitezte gizon beltzaren aurrerapenaren aldeko ebanjelio bat daukan edozein erakundetako kide. Eta bertara bazoazte eta ikusten baduzue oin-punttetan eta erdibideetan dabiltzala, irten hortik, hori ez delako nazionalismo beltza. Beste leku bat aurkituko dugu.
Eta horrela, erakundeak ugaldu egingo dira eta gora egingo dute tamainan eta kalitatean eta abuzturako, asmoa daukagu nazionalismo beltzaren biltzarra egiteko, nazionalismo beltzaren filosofia politiko, ekonomiko eta sozialean interesa daukaten herrialde osoko ordezkariekin. Ordezkariok bildu ondoren, mintegi bat egingo dugu; eztabaidak izango ditugu; mundu guztiari entzungo diogu. Ideia berriak eta konponbide berriak eta erantzun berriak entzun gura ditugu. Eta orduan, egoki ikusten badugu beltzen alderdi nazionalista sortzea, sortu egingo dugu beltzen alderdi nazionalista. Botoa edo bala izango da. Askatasuna edo heriotza izango da.
Garaia da zuek eta nik utz diezaiogun herri honetan jesarrita geratzeari senatari latigomari batzuk, iparraldeko latigomariak eta hegoaldeko latigomariak Wasghington DCn jesartzen diren bitartean euren gogoz erabaki arte zuek eta nik eskubide zibilak izan behar ditugula. Ez dago gizon zuririk niri esango didanik ezer nire eskubideez. Neba-arrebok, gogoan izan beti hau: gizon zuriari askatasuna emateko senataririk edo kongresistarik eta presidenteen aldarrikapenik behar ez bada, gizon beltzari askatasuna emateko ez da behar ez legerik ez Auzitegi Nagusiaren erabakien aldarrikapenik. Jakinarazi egiozue gizon zuriari: hau askatasunaren herria bada, izan bedi askatasunaren herria; askatasunaren herria ez bada, aldatu hori.
Prest gaude elkarlanean jarduteko arazoari zuzenean heltzeko benetako interesa daukan edonorekin, edonon eta edonoiz, indarkeriarik gabe etsaiak indarkeriarik ez darabilen bitartean, indarkeriaz etsaiak indarkeriara jotzen duenean. Zuekin lan egingo dugu hautesleen zerrenda egiteko kanpainan, zuekin lan egingo dugu errenta-grebetan, zuekin lan egingo dugu eskolen boikotetan; ez dut sinesten inongo integraziotan; kezkatu ere ez nau egiten, badakidalako ez duzuela lortuko, edozelan ere; ez duzue lortuko hiltzearen beldur zaretelako; hiltzeko prest egon behar zarete, gizon zuriari zuen presentzia inposatu gura badiozue, hemen Clevelanden Mississipiko latigomari horiek bezain biolento jarriko delako. Hala ere, lan egingo dugu zuekin eskolen boikotetan eskola sistema segregatuaren kontra gaudelako. Eskola sistema segregatuak burua elbarritua duten umeak sortzen ditu. Baina ez dut esan nahi eskola bat segregatua dela horra doazen ume guztiak beltzak direlako. Eskola segregatuak esan nahi du eskola kontrolatzen duela harekin inongo zerikusirik ez daukan jende batek.
Utzi esplikatzen. Barruti edo komunitate segregatua da komunitate bat non jendea bizi den baina kanpotarrek kontrolatzen duten komunitatearen politika eta ekonomia. Alderdi zuriari inoiz ez diote komunitate segregatua deitzen. Beltzen alderdia da komunitate segregatua. Zergatik? Gizon zuriak bere eskola kontrolatzen du, bere bankua, bere ekonomia, bere politika, bere gauza guztiak, bere komunitatea. Baina zu beste inoren kontrolpean zaudenean zu zara segregatua. Dagoenetik eskasena edo txarrena emango dizute, baina zurea izateagatik ez zaude segregatua. Zurearen kontrola izan behar duzu. Gizon zuriak berea kontrolatzen duen legez, zuk ere zurearen kontrola izan behar duzu.
Badakizue zein den segregazioa desagerrarazteko modurik onena? Gizon zuriak beldur handiagoa dio segregazioari integrazioari baino. Segregazioak esan gura du bere paretik kentzen zaituela, baina ez zaitu bidaltzen bere jurisdikziotik kanpo egoteko bezain urrun; banaketak esan nahi du alde egiten duzula. Eta gizon zuriak arinago utziko dizu integratzen, banatzen utzi baino. Beraz, zuekin egingo dugu lan eskola sistema segregatuaren kontra, kriminala delako, guztiz suntsigarria delako, pentsa litezkeen modu guztietan, halako hezkuntza elbarritzailea jasaten duten umeen bururako.
Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxienekoa, gauza bat esan behar dut eskopeta eta pistolen inguruko eztabaida biziaren inguruan. Nik honetaz esan dudan gauza bakarra da gobernuak beltzen bizitzak edo ondasunak defendatzeko gogorik edo gaitasunik erakutsi ez duen aldeetan sasoia dela beltzek euren burua defenda dezaten. Konstituzioaren emendakinen bigarren artikuluak eskopeta bat edo pistola bat izateko eskubidea aitortzen digu zuei eta niri. Konstituzioaren arabera, legala da eskopeta bat edo pistola bat izatea. Horrek ez du esan nahi eskopeta bila joan behar zaretenik eta batailoi bat osatu behar duzuenik kalera joateko jende zuriaren bila, nahiz eta eskubidea izango zenuten, esan gura dut, justifikatuta egongo zinateketen. Baina hori ilegala litzateke eta guk ez dugu gauza ilegalik egiten. Gizon zuriak gura ez badu gizon beltzak eskopeta eta pistolarik erosterik, egin dezala gobernuak bere lana.
Horixe da guztia. Eta ez utzi gizon zuriari zuengana etortzen galdetzera ea zer uste duzun Malcomek dioenaz. Ai, ene, Osaba Tom ederrak eginda zaudete gero! Egundo ez lizueke halakorik galdetuko pentsatuko balu "amen!" erantzungo diozuela. Ez, Osaba Tom bihurtu nahi zaituzte. Beraz: kontua ez da eskopetadunen taldeak osatzea eta kalera irtetea inoren bila, baina, 1964an sasoia da, gizona baldin bazara, beste gizon hari jakinarazteko.
Bere lana egin gura ez badu gobernuak eta zuei eta niri eman gura ez badigu gure zergek ordaindu behar omen duten babesa, mila milioikada horiek denak defentsako aurrekontuan gastatzen baditu, ezin izango da ba marmarrean hasi zuek eta nik 12 edo 15 dolar gastatzeagatik tiro bakarreko edo tiro biko pistola batean. Ulertuko duzuela espero dut. Ez joan hortik jendeari tiro egiten, baina irakurtzen dugunean -neba-arrebok, eta batez ere hemen zaudeten gizonak; zuetako batzuek Kongresuko Ohorezko Dominak daramatzazue, eta honenbesteko bizkar handiak dauzkazue, zera baino bular zabalagoa, giharrak zera baino handiagoak- eliza batean bonba bat ipini dutela eta odol hotzean hil dituztela, ez pertsona nagusi batzuk, baizik eta lau neskatila, otoitzean zeudenean gizon zuriak irakatsi zien Jainko horri berari, eta zuek eta nik ikusten dugunean gobernukoak datozela eta ez dutela aurkitzen hori egin duena.
Hara, gizon hau Eichman aurkitzeko gai da, Argentinako lekuren batean ezkutatu arren. Bizpahiru soldadu amerikar hiltzen dituzte han, Vietnam hegoaldean, inoren kontutan sartzen dabiltzan soldaduak, eta gerra barkuak bidaliko ditu gizon honek, muturra sartuko du inoren etxean. Kubara bidali nahi zituen tropak, berak hauteskunde libre deitzen dien hori antolatzera behartzeko, latigomari txatxu honek, bere herrian bertan hauteskunde librerik ez daukanak.
Ez. Zuen bizitza osoan berriz ere ikusten ez banauzue ere, bihar goizean hiltzen banaute ere, gauza bat esaten hilko naiz: botoa edo bala, botoa edo bala.
1964an beltz bat jesarrita geratu behar bada ikusten zelan senatari latigomariren batek blokeatzen dituen jende beltzaren eskubideei dagozkien legeak, zera, hobe dugu zuek eta nik gure burua lotsaren lotsaz urkatzea. Berba egiten duzue 1963an Washingtonera egindako manifestazioaz; ez duzue ezer ikusi. 1964an gehiago dator.
Eta oraingoan ez dira iaz bezala joango. Ez dira joango kantatzen "Egingo dugu". Ez dira joango lagun zuriekin. Ez dira joango beste inork egin dizkien pankartekin. Ez dira joango joan-etorriko txartelekin. Joaneko txartelekin joango dira. Eta ez badute nahi armada ez biolento hori bertara joatea, esaiezue eten dezatela blokeoa.
Nazionalista beltzak ez dira zain geratuko. Lyndon B. Johnson Alderdi Demokratako burua da. Eskubide zibilen alde badago, joan dadila Senatura datorren astean eta garbi esan dezala. Oraintxe bertan joan dadila eta esan dezala. Joan dadila bertara eta salatu dezala bere alderdiaren hegoaldeko adarra. Joan dadila oraintxe bertan eta jarrera moral bat har dezala. Oraintxe, ez gero. Esaiozue: ez itxaron hauteskundeetara arte. Gehiegi itxaroten badu, neba-arrebok, bera izango da erantzule herri honetan sortzen denean egoera bat zeinek klima desberdin bat ekarriko duen, eta klima horrek lurrean ernalduko ditu hazi batzuk zeinetatik haziko diren jende honek ametsetan ere sekula ikusi ez dituen landareak. 1964an botoa edo bala da.
Eskerrik asko.
Nork: AnaIsMorales.2007/11/14 17:36:43.727 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/07 03:17:33.520 GMT+1
Malcolm X-ek 1925ean Ohion emandako hitzaldia, hil baino urtebete eskas lehenago.
Moderatzaile jauna, Anaia Lomax, neba-arrebok, lagunok eta etsaiok: ezin dut sinetsi hemen zaudeten guztiok nire lagunak zaretenik, eta ez dut inor bazterrean utzi gura. Galdera, nik ulertzen dudanaren arabera, hauxe da: "Beltzen matxinada: hemendik nora?" edo "Eta orain, zer?" Nire uste apalean hemendik aurrerakoa edo botoa edo bala izango da.
Botoa edo bala esateak zer esan nahi duen azaltzen saiatu aurretik gauza bat argitu gura nuke neure buruaz: musulmana naiz oraindik ere; islama da oraindik nire erlijioa. Hori da nire sinestea. Adam Clayton Powell apaiza den bezala eta New Yorkeko Abyssinian Baptist Churcheko burua, baina aldi berean parte hartzen duen herri honetako beltzentzat eskubideak lortzeko borroka politikoan; eta Martin Luther King doktorea kristau apaiza den bezala han behean, Georgiako Atlantan, eta herri honetako beltzen eskubide zibilen alde borrokatzen duen beste erakunde bateko burua ere bai aldi berean; eta Aita Galamison bezalaxe -uste dut haren entzutea izango duzuela- bera ere New Yorkeko apaiza, eskoletako boikotetan guztiz sartuta egon dena hezkuntzako segregazioarekin amaitzeko; bada, ni ere apaiza naiz, ez apaiz kristaua, musulmana baino; eta nire sinestea da ekintza behar dela fronte guztietan eta behar diren baliabide guztiekin.
Oraindik ere musulmana banaiz ere, gaur ez naiz etorri nire erlijioaz berba egitera. Ez naiz etorri zuek erlijioz aldaraztera. Ez naiz etorri bat ez gatozen ezertaz argudiatu edo hitz egitera, badelako sasoia gure arteko desadostasunak alde batera utzi eta konturatzeko hobe dugula lehendabizi ikustea arazo bera dugula, gu guztion arazo bat, eta arazo horregatik gorriak ikusiko dituzuela, baptistak izan, nahiz metodistak, musulmanak edo nazionalistak. Ikasiak izan, nahiz eskolatu gabeak izan, boulevardean bizi nahiz kaleko zuloan bizi, gorriak ikusiko dituzue nik legetxe. Barku berean gaude guztiok eta gorriak ikusiko ditugu guztiok gizon berbera dela eta. Eta suertatzen da gizona zuria dela. Hemen, herrialde honetan guk guztiok pairatu dugu zapalkuntza politikoa gizon zuriaren eskutik, esplotazio ekonomikoa gizon zuriaren eskutik, degradazio soziala gizon zuriaren eskutik.
Orain: horrek ez du esan gura zurien kontrakoak garenik. Baina esan gura du esplotazioaren kontrakoak garela, degradazioaren kontrakoak garela, zapalkuntzaren kontrakoak garela. Eta gizon zuriak nahi ez badu bere kontrakoak izan gaitezen, utzi diezaiola gu zapaldu eta esplotatu eta degradatzeari. Kristauak nahiz musulmanak nahiz nazionalistak edo agnostikoak edo ateoak izan, lehendabizi gure desadostasunak ahazten ikasi behar dugu. Desadostasunik badugu, eduki ditzagun armairuan; jende aurrera azaltzen garenean, ez dezagun eztabaidarik izan harik eta gizon horrekiko eztabaida amaituta izan arte. Kennedy presidentea zena gai izan bazen Khrushchevekin bildu eta garia trukatzeko, gu duda barik gauza gehiagok batzen gaituzte Kennedy eta Khrushchev baino.
Arin baino arinago ezer egiten ez badugu, uste dut onartu beharko duzuela behartuta egongo garela edo botoa edo bala erabiltzera. 1964 honetan bata edo bestea da. Ez da denbora amaitzear dagoela: amaitu egin da!
Mila bederatziehun eta hirurogeita laugarren urte hau pil-pilean dago, Amerikak inoiz ikusi ez duen moduan. Irakiten, sekula ez bezala. Zergatik? Politika urtea ere badugu. Urte honetan politikari guztiak itzuliko dira Komunitate Beltza deritzonera euren koplekin boto batzuk ateratzera zuei eta niri. Urte honetan politikari zuri xuri horiek itzuliko dira zuen eta nire komunitatera euren gezurrezko aginduekin, gure esperantza elikatzera gero huts egiteko, euren amarru eta traizioekin, betetzeko asmorik ez duten euren agindu faltsuekin. Eta gure egonez horiek elikatzen dituzten neurrian, gauza bakarra ekar dezake horrek: eztanda; eta orain, gaur egun Amerikan, badugu -eta barkatu, Anaia Lomax- beste masaila jartzen jarraitzeko asmorik ez duen beltz mota bat.
Ez utzi inori esaten irabazteko aukerarik ez dagoenik. Armadara deitzen badizuete, Koreara bidaliko zaituzte eta 800 milioi txinatarri aurre egitera behartuko zaituzte. Ausartak izan bazaitezkete han, hementxe ere izan zaitezkete ausartak. Hemengo oztopoak ez dira hangoak baino handiagoak. Eta hemen egiten baduzue borroka, behintzat jakingo duzue zergatarako zaudeten borrokan.
Ez naiz politikaria, ezta politika ikaslea ere; izatez, ez naiz ezer askoren ikaslea. Ez naiz demokrata. Ez naiz errepublikanoa, eta amerikartzat ere ez daukat neure burua. Zuek eta ni amerikarrak bagina, akabo arazoa. Barkutik jaitsi berriko arraxista horiek amerikarrak dira segituan; poloniarrak amerikarrak dira segituan; errefuxiatu italiarrak amerikarrak dira segituan. Europatik ateratako guztia, begi urdineko edozein gauza, amerikarra da segituan. Eta zuek eta ni, hainbeste denbora emanda hemen, eta oraindik ez gara amerikarrak.
Hara, niri ez zait gustatzen neure burua engainatzea. Ez naiz jesarriko zurekin mahaian, zu jaten ikusi nik platera hutsik daukadala, eta esan bazkaldu egin dugula. Mahaian jesartzeak ez zaitu bazkari kide egiten, non-eta ez duzun platerkada horretatik zerbait jaten. Amerikan egoteak ez zaitu amerikar egiten. Amerikan jaioa izateak ez zaitu amerikar egiten. Zera, hemen jaiotzeagatik amerikarra bazinete, ez genuke legerik behar izango; ez zen Konstituzioa aldatu behar izango; oraintxe bertan ez zenukete izango eskubide zibilen legearen blokeoa Washington DCn. Ez dute eskubide zibilen legerik onartu behar poloniar bat amerikar bihurtzeko.
Ez, ez naiz amerikarra. Amerikartasunaren biktima diren 22 milioi pertsona beltzetako bat naiz. Demokraziaren biktima diren 22 milioi pertsona beltzetako bat, hipokresia mozorrotua besterik ez den horren biktimetako bat. Beraz, ez nago hemen amerikar bezala zuen aurrean hitz egiten, edo abertzale bezala, edo bandera musukatzaile bezala, edo bandera astintzaile bezala. Ez, ez. Sistema amerikar honen biktima bezala nago berbetan. Eta biktimaren begiekin ikusten dut Amerika. Ez dut amets amerikarrik ikusten; ametsgaizto amerikarra ikusten dut.
Hogeita bi milioi biktima hauek itzartzen hasi dira. Begiak zabaltzen hasi dira. Hasi dira ikusten lehen begi aurrean eduki besterik egiten ez zutena. Politikoki helduak izaten hasi dira. Ohartzen hasi dira joera politiko berriak daudela kosta batetik bestera. Joera politiko berri hauek ikustearekin batera, ikusi dute hauteskundeak dauden bakoitzean emaitzak hain direla estuak non botoak berriro zenbatu behar diren. Massachussettsen berriro zenbatu behar izan zituzten jakiteko gobernadorea nor izango zen, hain izan ziren estuak emaitzak. Gauza bera gertatu zen Rhode Island-en, Minessotan, eta beste toki askotan. Eta gauza bera Kennedy eta Nixonekin presidenterako aurkeztu zirenean. Hain izan ziren estuak emaitzak, botoak berriro zenbatu behar izan zituztela. Bueno, zer esan gura du horrek? Esan gura du zuriak oso berdinduta daudenean eta beltzek boto multzo bat daukatenean, beltzon esku dagoela erabakitzea nor jesarriko den Etxe Zurian eta nor joango den txakurraren txabolara. Gizon beltzaren botoak ipini zuen oraingo gobernua Washington DCn. Zuen botoak, zuen boto lerdoak, zuen boto ezjakinak, zuen boto alferrikalduak jarri zuen Washington DCn gobernu bat, egoki ikusi duena pentsa litezkeen lege guztiak onartzea eta zuek azkenerako uztea, eta gero gainera blokeatzea. Eta zuen eta nire liderrek ausardia dute harat-honat txaloka ibiltzeko esaten zenbat aurreratzen ari garen. Eta zelako presidente ona daukagun. Texasen ona ez bazen, ezin daiteke ona izan Washington DCn. Texas lintxamendu estatua delako. Mississippiren oihal berekoa da, ez besterik; Texasen Texaseko azentuaz lintxatzen zaituzte, eta Mississippin Mississippiko azentuaz lintxatzen zaituzte, hori guztia. Eta lider beltz hauek ausardia dute Etxe Zurira joateko texastar batekin kafea hartzera, harropoltsa hegoaldetar horrekin -hori baino ez da eta- eta gero hona etorri zuei eta niri esatera guretzako hobea izango dela, ze, hegoaldekoa denez, hobeto daki hegoaldetarrekin zelan tratatu. Ze motatako logika da hori? Izan dadila Eastland presidente, bera ere hegoaldekoa da eta. Hobeto jakingo luke haiekin zelan tratatu Johnson horrek baino.
Oraingo administrazioan Ordezkarien Etxean 257 demokrata daude eta bakarrik 177 errepublikano. Etxeko botoen bi herenen kontrola dute. Zergatik ezin dute onartu zuei eta niri lagunduko digun legeren bat? Senatuan 67 senatari Alderdi Demokratakoak dira. Errepublikanoak, 33 baino ez. Ene, demokratek poltsikoan daukate gobernua, eta zuek sartu zenioten. Eta zer eman dizuete ordainetan? Lau urte gobernuan eta oraintxe hasi dira eskubide zibilen inguruko legeren batez hitz egiten. Orain, gainerako guztia amaitu dutenean, paretik kendu dutenean, orain jesarriko dira eta uda guztia emango dute zuekin jolasean: filibustero deitzen dioten betiko gezur jolas erraldoia. Horiek konpontxo eginda daude. Burutik pasatu ere ez dakizuela egin konpontxo eginda ez daudela, ze eskubide zibilen blokeoan buru dabilena Richard Russel izeneko Georgiako gizon bat da. Johnson presidente egin zenean Washington DCra heltzean eskatu zuen lehen gizona "Dicky" izan zen: Dicky, ikusi ze laguntxoak diren. Horixe da bere mutila, bere konpai, bere aixkidea. Baina jokoa betiko gezur joko zaharra da. Batek sinestarazten dizu zure alde dabilela eta amainatuta dauka jokoa; bitartean, bestea hain dago sutsu zure kontra, non promesik bete ere ez duen egin behar.
Beraz, 1964 honetan badugu garaia esnatzeko. Eta ikusten dituzuenean hurbiltzen halako konspirazioekin, jakin dezatela begiak zabalik dituzuela. Eta ezagutu zaitzatela: hori ere argi eta garbi. Botoa edo bala izan behar da. Botoa edo bala. Halako adierazpide bat erabiltzearen beldur bazarete, beste herrialde batera joan beharko zinatekete; kotoi zelaietara itzuli beharko zinatekete; kalezulora itzuli beharko zinatekete. Beltzen boto guztiak lortzen dituzte eta gero beltzek ez dute ezer jasotzen ordainetan. Washingtonera joan zirenean egin zuten guztia izan zen beltz potolo batzuei lanpostu potolo batzuk ematea. Beltz potolo horiek ez zuten lanpostu potolorik behar, bazuten lanposturik. Hori kamuflajea da, hori amarrua da, hori azpikeria da, hori aurpegia garbitzea da. Ez ditut demokratak larrutu nahi errepublikanoen alde jartzeko. Laster batean noa beste horiekin. Baina egia da: zuek demokratak aurrena jarri eta eurek zuek, berriz, azkena.
Begiratu kontuari den bezala. Zein aitzakia daukate, Kongresua eta Senatua kontrolpean izanda? Zein aitzakia ematen dute zuek eta nik galdetzen diegunean "Aizue, zer egingo duzue zuen aginduak betetzeko?" Dixiekratei botatzen diete errua. Zer da dixiekrata? Demokrata bat. Dixiekrata demokrata mozorrotua besterik ez da. Demokraten buru ofiziala dixiekraten burua ere bada, dixiekratak alderdi demokrataren partea direlako. Demokratek ez dituzte egundo bota dixiekratak alderditik. Dixiekratek alde egin zuten behin, baina ez zituzten demokratek kanporatu. Pentsa ezazue, hegoaldeko segregazionista narrasti horiek txikitu zituzten iparraldeko demokratak. Baina iparraldeko demokratek ez dituzte inoiz dixiekratak txikitu. Ez: begiratu kontuari den moduan. Gezur joko batean dabiltza, gezur joko politikoa, eta zuek eta ni erdian gaude. Sasoia dugu, zuek eta nik, esnatzeko, gauzari den moduan begiratzen hasi eta den moduan ulertzen saiatzeko; eta orduan den moduan ekin ahal izango diogu.
Washington DCko dixiekratek gobernuko batzorde giltzarriak kontrolatzen dituzte. Dixiekratek batzorde horiek kontrolatzeko arrazoi bakarra da lehentasuna dutela. Lehentasuna izateko arrazoi bakarra da beltzek botorik eman ezin duten estatuetakoak direla. Gobernu hau demokrazian oinarrituta ere ez dago. Gobernu hau ez dago osatuta herriaren ordezkariekin. Hegoaldeko jendearen erdiek ezin dute botorik eman ere. Eastland Washingtonera ere ezin daiteke joan. Giltzarrizko leku horiek betetzen dituzten senatari eta kongresisten erdiak modu ilegalean daude hor, Konstituzioaren kontra daude hor.
Joan den astean, ostegunean zortzi, Washington DCn izan nintzen eztabaidatzen ari zirenean ea utziko zuten legea bozketara ekartzen ala ez. Eta Senatua batzen den aretoaren atzeko gelan Estatu Batuetako mapa erraldoi bat dago, eta mapa horretan markatuta daude beltzak zein lekutan dauden herrialde osoan zehar. Eta erakusten du hegoaldeko estatuak direla, hots, beltz gehien dauzkaten estatuak, senatari eta kongresistak dauzkatenak blokeoa egiten eta beste era guztietako amarruak erabiltzen beltzek botorik eman ezinik jarraitzeko. Negargarria da. Baina orain ez da guretzat negargarria; gizon zuriarentzat da negargarria, ze hemendik gutxira, beltza esnatuxeago dagoenean eta zein atekatan dagoen ikusten duenean, ikusten duenean zein zulotan dagoen, zein jokotan dagoen sartuta ikusten duenean, orduan beltzak beste taktika bat asmatuko du.
Senatari eta kongresista hauek apurtzen ari dira estatu edo konderri jakin horretako jendeari botoa emateko eskubidea bermatzen dioten Konstituzioaren emendakinak. Eta Konstituzioak badu bere baitan behar den tresneria estatu bateko ordezkaria kanporatzeko estatu horretako jendearen boto eskubidea zapaltzen ari denean. Lege berririk ere ez da behar. Oraintxe bertan pertsona bat baldin badago Kongresuan botoa emateko eskubidea zapalduta daukan estatu edo barruti batekoa, pertsona hori bota egin beharko lukete Kongresutik. Eta pertsona hori botata, oztopo bat kenduko genuke herri honetan benetako lege esanguratsurik ezartzeko bidean. Izan ere, horiek bota arren, ez da lege berririk behar, zeren pertsona horiek beltzak gehiengoa -eta ez gutxiengoa- diren konderri edo barrutietako ordezkari beltzek ordezkatuko lituzkete.
Hegoaldeko estatu hauetako gizon beltzak botoa emateko eskubide guztiak izango balitu, Washington DCko giltzarrizko dixiekratek, esan nahi baita, Washington DCko giltzarrizko demokratek, boterea galduko lukete. Utziko lioke alderdi politiko indartsua izateari. Ikusten duzuenean zenbateko boterea galduko lukeen Alderdi Demokratak dixiekraten hegala edo adarra edo elementua galduko balu, ohartuko zarete zelan demokraten interesen kontra doan beltzei botorako eskubidea ematea demokratak Gerra Zibiletik hona jaun eta jabe izan diren estatuetan. Ezin zara alderdi horretako kidea izan hori aztertu barik.
Berriz diot: ez naiz demokraten kontrakoa, ez naiz errepublikanoen kontrakoa, ez naiz ezeren kontrakoa. Euren zintzotasunaz zalantza egiten besterik ez nabil, eta gure jendearekin erabili duten estrategiaz, aginduak egin dizkiotenean inoiz betetzeko asmorik izan gabe. Demokratak boterean mantentzea dixiekratak boterean mantentzea da. Ez dut uste Anaia Lomax zintzoak ukatuko duenik. Demokratentzako botoa dixiekratentzako botoa da. Horregatik orain, 1964 honetan, bada garaia zuek eta ni politikoki helduagoak izan gaitezen eta ohar gaitezen zertarako den botoa; eta botoa ematen ez badugu, helduko gara egoera batera non bala bota beharko dugun. Botoa edo bala da aukera.
Iparraldean beste era batera egiten dute. Hor gerrymander1 izeneko sistema daukate, auskalo ze izen den hori. Esan nahi du beltzen asko biltzen direnean eremu batean eta botere politiko handiegia hartzen hasten direnean han datorrela gizon zuria barrutien arteko lerroak aldatzera. Agian esango duzue: "zergatik jarraitzen duzu esaten gizon zuria?" Gizon zuriak egiten duelako. Egundo ez dut beltzik ikusi lerrorik aldatzen. Lerroetara hurbiltzen ere ez diote uzten eta. Gizon zuriak egiten du hori. Eta normalean gizon zuria da irribarre gehien egiten dizuna, eta tapa-tapa egiten dizuna lepoan, eta zure adiskidea omen dena. Adiskidetsua izan daiteke, baina ez da zure adiskidea.
Beraz, funtsean hauxe sartu nahi dizuet buruan: zuek eta nik Amerikan aurrez aurre daukaguna ez da segregazionisten konspirazio bat; gobernuaren konspirazioa da. Filibustero lanetan dabiltzan guztiak senatariak dira, beraz gobernua. Washington DCn trikimailutan dabiltzan guztiak kongresistak dira, beraz gobernua. Zuen bidean oztopoak jartzen dabiltzan guztien artetik ez dago inor gobernukoa ez denik. Beragatik borroka egin eta hiltzera atzerrira bidaltzen zaituzten gobernu horixe dabil konspiratzen zuei botorako eskubidea ez emateko, aukera ekonomikoak ukatzeko, etxebizitza itxurazkorik izaten ez uzteko, behar den moduko hezkuntza ukatzeko. Ez da enpresaburuengana jo behar ere; gobernua bera da, Amerikako gobernua, herri honetan beltzek pairatzen duten zapalkuntzaren eta esplotazioaren eta degradazioaren erantzule. Eta aurpegiratu egin beharko zeniokete. Gobernu honek huts egin dio Beltzari. Ustezko demokrazia honek huts egin dio Beltzari. Eta liberal zuri horiek guztiek huts egin diote, duda barik, Beltzari.
Beraz, nora goaz hemendik? Hasteko, lagunak behar ditugu. Aliatu berriak behar ditugu. Eskubide zibilen borroka osoak interpretazio berria behar du, interpretazio zabalagoa. Beste ikuspegi batetik begiratu behar diogu eskubide zibilen kontuari: barrutik eta kanpotik. Nazionalismo beltzaren filosofia aldarrikatzen dugunok eskubide zibilen borrokan parte hartzeko modu bakarra borroka horri interpretazio berria ematea da. Interpretazio zaharrak ez gintuen kontuan hartu. Kanpoan utzi gintuen. Beraz, modu berrian interpretatuko dugu eskubide zibilen borroka, barruan sartzen eta bertan parte hartzen utziko digun moduan. Eta duda-mudatan eta oin punttetan eta epelkerietan ibili diren odolbako horiei dagokienez, ez daukagu asmorik hala jarraitzen uzteko: duda-mudatan eta oin punttetan eta epelkerietan.
1Gerrymandering hitza alde batetik dator sistema lehen aldiz erabili zuen estatuko gobernadorearen izenetik (Gerry) eta estatu horrek (Massachussets) daukan formatik (arrubioa, salamander ingelesez). I. O.
Nork: AnaIsMorales.2007/11/07 03:17:33.520 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2007/10/16 06:46:15.487 GMT+2
Mendebalde honetan kultura
judu-kristauan haziak garela gauza jakina da, baina beti harritzen
nau judu-kristautasun horrek noraino blaitzen dituen gure eguneroko
bizitza ustez laikoaren azken zirrikituak ere. Bizi-bizirik daukagun
kontzepzio kristauetako bat sakrifizioarena da, edo bestela esanda,
pertsona nobletzen omen duen sufrimenduaren ideia. Horren indarra
argi baino argiago erakusten duen testuinguruetako bat amatasunarena
da. Orain dela gutxi ETB1-eko programa ezagun batean elkarrizketa
egin zieten hainbat emakume haurduni, esperientzia paregabe horren
inguruko xehetasunak azal zitzaten. Galderetako bat erditze uneari
buruzkoa zen: “Eta minaren aurrean, zer? Anestesia epiduralik
hartzeko prest?” Erantzunak, eta erantzun moduak, oso
adierazgarriak izan ziren: anestesiarik erabiliko ez zutela
aldarrikatzen zuten emakumeak irribarrez eta harro mintzo ziren,
aukera zail baina zuzena egitea lortu duen pertsonaren satisfakzioaz.
Berriz, epiduralaren aukera aintzat hartzen zuten emakumeak (batek
ere ez zuen eman baiezko biribilik) lotsati antzean ageri ziren,
“zergatik ez” tankerako espresioak tartekatuz eta begirada kamera
errukibakoaren paretik aldenduz. “Batek daki, igual orain ezetz
esan arren, gero ezin izango dut mina gehiago jasan eta eskatu egingo
dut azkenean”, zioen batek, halako ahulezia justifikatu nahian.
Ilusio optiko bat izango zen, baina halako batean, elkarrizketatuen
gainean jainkoaren begia gordetzen duen hirukia ikusi nuen, eta
honako esaldi hau suzko letretan idatzita: “Emaztekiari ere erran
zioen: Usutuko ditut zure gaitzak eta zure izorrak: oinhazetan erdiko
zare”.
Gurean agindu biblikoari itzuri egin
nahi dionak bekatariaren marka darama, beraz. Egia da, bai, asko eta
asko direla –garela– tentazioari amore ematen diotenak, baina
horixe da, tentazioa edo jausialdia, eta amatasunaren ideal puruak,
printzipioz, bere horretan dirau: “Ez zara zu gai izango besteek
pasatu dutena pasatzeko ala?” da amatxogaien gimnasia-saioetan
sarrien entzuten den esaldietako bat. Gutxiago izango zara, hortaz:
belaunaldi degeneratu honek eman duen ama-espezie galduxe horretako
beste kide bat.
Bitxia da oso, baina tamaina bateko
sufrimendu fisikoa ekar dezaten gainerako ebakuntzetan anestesia ez
da behin ere arazo morala izaten. Duela gutxi nire ezagun bati
meniskoko ebakuntza egin diote, anestesia epiduralarekin hain zuzen,
eta inori ez zaio bururatu ere egin ahuldade horretaz galdetzea, ez
eta anestesia justifikatzeko argudiorik eskatzea ere. Jakina, ahaztu
zait esatea nire lagun hori gizona dela, eta aipuak honela jarraitzen
zuela: “oinhazetan erdituko zare, eta izanen zare gizonaren
eskupeko, eta gizona izanen da zure nausi”.
Nork: AnaIsMorales.2007/10/16 06:46:15.487 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/10/15 13:47:47.062 GMT+2
Hizkuntzaren erabilera ez da inozentea [prest!20,
2002ko azaroa]
Pentsamendua eta hizkuntza txanpon
beraren alderdi biak dira. Darabilgun hizkuntza moduak errealitateaz
dugun ikuskera moldatzen du, eta, alderantziz, adimenari esker
hizkuntza egokitzeko gai gara, adierazi gura ditugun kontzeptuak
zorrotzago emate aldera. Zelako hizkera erabiltzen dugun,
errealitatearen alderdi batzuk nabarmenduko ditugu, beste batzuk
ilunpean utzi eta areagoko batzuk argi berritan erakutsi. Estatu
Batuetan esklabo izandako afrikarren oinordekoek “afroamerikarra”
terminoa aldarrikatu dutenean “beltza” terminoaren ordez, ez da
izan euren belztasunaz lotsatzen direlako. Aitzitik, “beltz”
terminoa txikiegi geratzen zitzaien aldarrikatu gura zutena
adierazteko, alegia, euren komunitatea ez duela xehetasun kromatiko
huts batek definitzen, jatorri, kultura eta historia jakin batek
baino. Argi dago “afroamerikarra” esatean pertsona horiek ez
dutela nahi inork ahazterik euren historia eta kultura ez zirela
Estatu Batuetako kotoi zelaietan sortu, ez zirela bertara
kasualitatez iritsi, eta ez daudela prest euren iraganari uko
egiteko. Bere ebokazio ahalmenari esker, hitz horrek bistaratu egiten
ditu osterantzean gorderik geratuko liratekeen eta komunitate jakin
batentzat oso garrantzitsuak diren zenbait xehetasun.
Jokabide horrek ez dauka aparteko ezer.
Giza talde batek objektu, kontzeptu edo errealitatearen interpretazio
berriak sortzen dituenean eurentzako izen berriak sortu behar ditu
ezinbestean. Izan ere, hizkuntza produktu kultural bat besterik ez
da, eta bera darabilen gizartearen ispilua. Ez da inondik ere
“esentzia” aldaezin bat, eta hiztunek, adimen eta kontzientziaren
jabe direnez gero, esku har dezakete —eta hala egiten dute
etengabe— hizkuntza egokitu eta aldatzeko. Ikuspegi horretatik,
onartezinak dira “hizkuntza halakoa da berez” bezalako
baieztapenak, sarritan entzuten direnak (normalean zirkulu
kontserbakorretan) norbait hizkuntza sexistaren kontrako gomendioak
egitera ausartzen denean. Orain dela gutxi, pertsona batek
unibertsitateko bilera batean proposatu zuen ikasketen gaztelaniazko
izen ofizialak egokitzea emakumeak ere euren baitan hartzeko. Gaur
egun indarrean diren “Título de Ingeniero de
Telecomunicaciones” erako maskulinoen ordez, “Título de
Ingeniería de Telecomunicaciones” generikoa gomendatzen
zuen. Bilerakide bat sutan jarri zen, aldaketarako proposamena
barregarri uzten saiatuz, eta “gaztelania halakoa dela”
argudiatuz. Harritzekoa: bilerako beste momentu batzuetan “titulación
de enfermera” eta “puesto de secretaria” behin eta berriro
aipatu zirenean, sumindutako pertsona horrek ez zuen inongo herrarik
erakutsi.
Bistan denez, jatortasunarena oso
aitzakia ahula da inmobilismoa justifikatzeko, baina areago ere
esango dut: kolektiboren batek hizkuntzaren erabilera jakin batzuetan
bere burua gutxietsita edo baztertuta ikusten duela aldarrikatzea
nahiko arrazoi izan beharko litzateke haren eskakizunei arreta
jartzeko. Azken buruan, begirune kontua besterik ez da, Aretha
Franklinek zioen legez.
Nork: AnaIsMorales.2007/10/15 13:47:47.062 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/10/12 21:45:38.353 GMT+2
Basque Woman in the Sun azkenaldi honetan ohi baino aztoratuago dabil. Berak asko esan, bai, polikronikoa dela, baina gero ardura txikiena sortzen zaionean ez da gai ardura horretaz besterik pentsatzeko: jan, lo, lan, bizi... ardura horren inguruan egiten du dena. Ez da, ez, BWSi ezer latzegirik gertatzen zaionik, ez. Edozein pertsonaren ohiko arazoak, besterik ez. Bizitza. Baina, horixe, azkenaldion kontu asko darabiltza buruan eta dio ez dela gauza kontzentratzeko. Gauzak horrela, eskutxoa eskaintzea erabaki dut (beste hainbestetan bezala).
"Aizu, BWS", esan diot. "Gura baduzu, nik edukiko dizut bloga eguneratuta".
Espero nuen bezala, mesfidantzaz begiratu dit, badakigu BWS zein harroxkoa den. "Ez dakit ba, Basque Woman Reporter. Eskertzen dizut asmo ona, baina...".
"Nik, berriz, ez dizut eskertzen konfiantza", erantzun diot garraztasunez. "Baina lasai: ez dut nik idatziko, zure testuak izango dira".
"Nireak? Nik ezin dut oraintxe ezer idatzi, beteegia daukat burua zeraren...". Bekokia ilundu zaio bere "arazoak" gogoratze hutsarekin.
"Ez orain idatzitakoak, aspaldian baino. Zuk ez zenuen ba urtebetez idatzi hilean artikulu bat Prest! aldizkarirako?"
"Bai...".
"Bueno, ba testu horiek eskegi ditzakegu. Zuk eman dokumentuak eta nik ipiniko ditut".
"A, ze ideia ona!" argitu zaizkio begiak BWSi (ez diot esan ideia Lost Hawkek eman zidanik; gutxitan aitortzen dit ezer onik emakume honek, eta unearen eztia dastatu nahi nuen). "Baina, zera...", jarraitu du beherantz begira. "Eeem... ez dakit non dauzkadan, uste dut galdu egin ditudala testu elektronikoak".
Horra hor BWS bere betetasun diztirantean. Enfin. Eskerrak profesionala naizen eta bere burua estimuan daukan edozein kazetarik bezala, kontaktuak ditudala. Dei bat hemen, mezu bat hor, eta berehala harremanetan jarri naiz Prest! aldizkariko zuzendari prestu Hektor Ortegarekin. Hori bai kazetari fina: berehalako batean helarazi dizkit BWSek urtebetean idatzitako testu guztiak. Eta eurekin batera, xehetasun jakingarri bat: hilabete bat falta da. Dirudienez, BWSek kale egin zuen hilabete batean.
"Bai, nahiko alprojatxoa zen lan egiteko" adierazi dit Ortega jaunak elkarrizketa esklusiboan. "Beti ibili behar ginen haren atzetik. Azken-azken unean entregatzen zituen beti artikuluak, eta, gainera, hirutik bitan luzeegiak ziren. Ondo zekien 300 berba zela muga, baina, hala ere, beti moldatu behar genuen orrialdea bere artikuluari espazio gehiago uzteko. Nahiko sasoi estresagarria izan zen hura, bai. Ah, eta behin aurkeztu ere ez zuen egin artikulua".
"Ezin dut sinestu!", erantzun diot barrutik pozez gainezka.
"Bai, hala da. Ez dut orain xehetasunik emango, baina aleetako bat bere lana barik atera behar izan genuen".
Grabagailua amatatu dudanean BWSi buruzko gauza mamitsu gehiago kontatu dizkit Hektor Ortegak, baina dotoreziak hemen esatea galarazten dit. Begiratua eman diet artikuluei eta, zer esango dut, orraztu eder bat ondo etorriko litzaiekeela iruditu zait. Jakina, burutik pasatu ere ez nik hor eskua sartzea. Gozo jarriko litzateke señora. Eta, bestalde, berari esaten badiot orain dela bost urte idatzitako testu horiek zuzendu eta eguneratzeko (batzuk unean-unean gertatutako gauzei lotuta daude), aldapa gora-gora egingo zaio eta azkenean esango dit hobe dela ezer ez ateratzea. Beraz, erabaki dut haien artetik itxurosoenak aukeratzea eta dauden-daudenean ateratzea, nik gura dudan hurrenkeran, hori bai. Eta hurrengo atalean daukazue lehena. Eskerrik beroenak, nola ez, Lost Hawkeri ideiagatik eta Prest! aldizkariari eta bertako zuzendari Hektor Ortega lankide bikainari, testuak eskuratzeagatik.
Hemendik aurrerakoak ez du zerikusirik Basque Woman Reporterrekin.
Nork: AnaIsMorales.2007/10/12 21:45:38.353 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/10/05 14:36:24.194 GMT+2
Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude: freebatasuna
Nork: AnaIsMorales.2007/10/05 14:36:24.194 GMT+2
Etiketak:
freebatasuna
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/10/01 04:35:31.409 GMT+2
Harira ez datozen
arrazoiengatik, behinola auzolanean jardutea egokitu zitzaidan
Brooklyneko klub sozial batean. Uda aurretik hona lokala txukuntzeko
premia zegoela eta, presidenteak auzolanerako dei irekia egin zien
kide eta lagun guztiei laguntzera etortzeko, eta larunbat arratsalde
batean bost laguneko jendetza bildu ginen han.
Niri komunak garbitzea
egokitu zitzaidan.
Emakumeen komunek
garbitzeko premia zeukaten, baina hautsa zeukatelako, beste barik.
Gizonen komunek, berriz, hats nazkagarria, hormako txizatokiak txiza
arkaikoz beteta, paper zatiak ezkinetatik, ur putzuak lurrean...
Puaj. Nire bizitzako esperientzia nazkagarrienetako bat izan zen,
ia-ia botaka hasi nintzen.
Orain, gauzak gertuagotik
aztertuta (eta oso gertutik aztertzeko aukera izan nuen, alajaina),
honako xehetasunoi erreparatu nien gizonen komunean:
a) txizatokietako baten
bonba ez zebilen;
b) txizatokietan gomazko
halako alfonbratxu inutil batzuk zeuden, segurutik Columbusek bere
lehen bidaian ekarritakoak, zuloak erdi taponatzen (zertako arraio
daude?);
c) gizonen komunean ez
zegoen zepilorik;
d) paperik ere ez zegoen;
e) konketan ez zegoen ez
jaboirik, ez eskuak lehortzeko paperik.
f) komunen alboan baldosa
batzuk falta ziren lurrean, eta ohol puska bat zegoen ipinita
gainean. Ohola bustita zegoen denbora inmemorialetik eta seguru horrek karibeko limoien usaina behintzat ez zuela zabalduko.
Lehendabizi, paniko unea
gainditu behar izan nuen. Itzelezko muelle gogorra daukan ate
horietako bat zeukan komunak, eta, beraz, ezin zitekeen zabalik
eduki. Aulki sendo bat hartu eta ate irekiaren kontra jarri nuen,
zabalik eusteko. Tira, hori hobeto zegoen. Kanpoan mundua zegoen
oraindik, eta aire garbia, eta lagunen ahotsak, bakarrik ez nengoela
gogorarazteko. Eskuak gomazko eskularruetan sartu, neure burua
lixibaz eta trapuz hornitu eta, ahoan "Bizkaia Maite"
hartuta, lanari ekin nion. Eta fris eta fris, txas eta txas-en
artean, horretaz guztiaz pentsatzen hasi nintzen.
Lehenengo eta behin
gogoratu nuen Lost Hawkekin orain dela urte asko izandako
elkarrizketa bat. Esaten zidan Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslea
zenean komunei begiratzea nahikoa zela jakiteko administrazioak ze
errespetu gutxi zien ikasleei. Ikasle batek komuna etxean bezala
erabili nahi baldin bazuen, hau da, "normal" erabili gura
bazuen, Errektoregora joan beharko zen: ikasleen komunetan ez zegoen
ez paperik, ez zepillorik, ez jaboirik, ez eskuak lehortzekorik.
Nolabait esateko, ikasleen komuna "zulo bat" izatera
mugatzen zen. Horren atzean ezkutatzen zen pentsaera, ziostan Lost
Hawckek, zera zen: "ikasleak animaliak dira. Zertarako ipiniko
diezu ezer, dena apurtu eta zikinduko badute? Zertarako konponduko
ditugu apurtuta dauden gauzak? Txerri horiek berriro apurtu
ditzaten?" Esaten zidan Lost Hawkek uda batean Saint Cloud
unibertsitatera joan zela eta ikasleen egongelan moketa ikusi zuela,
eta beheko sua, eta berari EHUko silioiak etorri zitzaizkiola burura,
guztiak zigarroekin zulatuta...
M. J. Larrak, XIX. mendeko
kazetari eta idazle espainiarrak, bazeukan artikulu bat "¡En
este país...!" izena zuena. Bertan kritika garratza
egiten zien "¡En este país...!" delako esaldia
komodin bezala erabilita estereotipoen lo zorroan jarraitzeko hautua
egiten zutenei. Hau da, "herri honetan holan edo halan dira
gauzak, zertarako egingo duzu ezer". "Larrak 'En este
pais...!'-en zioen bezala", esaten zidan Lost Hawkek, "horrela arazoa ez da arazo".
Honetaz guztiaz pentsatzen
nuen, ispiluak, komunak, konketak eta azulejoak garbitzen nituen
bitartean, paperontziak hustu eta lurra lanbasaz garbitzen nuen
bitartean. Halako batez konturatu nintzen toki hartan gizonen eta emakumeen
komunek egitura desberdina ere bazutela. Emakumeen komunak
aurregelatxo moduko bat zeukan kabinetara heldu aurretik, eta han
horma erdia hartzen zuen ispilu bat, apalategi bat gauzak uzteko eta
hormaren erditik lurreraino heltzen zen armairu handia. Armairu
horretan, alde batean, eskuak lehortzeko paper kutxak, eskuetarako
jaboiak eta komuneko paper erroiluak zeuden; beste aldean, berriz,
garbikari botilak, estropajuak, trapuak, eskularruak etab. Nonbait,
abiapuntua zen gela horren erabiltzaileak pertsona oso garbizaleak
zirela: bai euren burua garbitzearen zaleak eta bai lekuak
garbitzearen zaleak, horretarako zegoen tresneria ugaria kontuan
hartuta.
Gizonen komunean, berriz,
ez zegoen halako aurregelatxorik, ez gauzak uzteko apalik ez halako
armairurik. Abiapuntua, nonbait, beste hau zen: gela horren
erabiltzaileak ez zirela batere garbitzearen zaleak, ez euren
buruarentzat ez lekuentzat, han ez baitzegoen ez baterako ez
besterako lekurik ez tresnarik.
Emakumeenetik hartu
nituen, beraz, erroiluak, jaboiak eta eskuetarako zapi mordo bat, eta
gizonenera eraman nituen. Orain arazoa beste bat zen: non utzi?
Erroilu bana ipini nituen komunetan eta jaboia jarri nuen konketan.
Eskuetarako zapiak, berriz, ez nekien non utzi. Horman bazegoen esku
zapien makina bat, baina apurtuta. Gainean ipini nuen zapi multzoa.
Eta ordezko erroiluak? Bueltaka hasi nintzen komunetik, horretarako
erabil nezakeen leku baten bila. Alferrik. Azkenean, kanpotik aulki
bat hartu, komunera eroan, eta hantxe ipini nituen. Garbikari botila
bat ere ekarri nuen, eta estropaju garbi bat. Besterik ezinean,
konketaren azpian utzi nituen, lurrean.
Feminista erradikala naiz,
eta oso harro diot hau. (Bide batez, konturatzen naiz hori oso esaldi
atipikoa dela. Normalean emakumeek desclaimer batekin hasi ohi
dituzte gero guztiz feministak diren diskurtsoak: "ez naiz
feminista, baina...". Backlashak gerra hori ere irabazi
du). Erradikala naiz, emakumeen autodeterminazioa arlo guztietan eta
azken ondorioetaraino aldarrikatzen dudalako, eta arazoaren sustraira
jo gura dudalako. Literalki naiz erradikala. Esan gabe doa, ez dudala uste emakumeak buruz motelagoak direnik edo burmuinaren ordez intuizioa darabiltenik; baina, era berean, ez dut inondik inora
uste gizonek sexua eta emakumeek maitasuna bilatzen dutenik, gizonak
azalekoak eta emakumeak sakonak direnik, emakumeak egokiagoak direnik umeak jagoteko eta abar. Eta, batez ere-batez
ere, ez dut sinesten direnik delako hori. Genero batekoek eta
bestekoek euren jokabideetan ezaugarri desberdinik ageri baldin badute,
hori genero kontu hutsa da, hots, kulturala. Gizonak eta emakumeak
desberdin hezten gaituzte, desberdin tratatzen gaituzte, desberdin
irudikatzen gaituzte hedabideetan, publizitatean eta abar, eta
bakoitzari gauza desberdinak kontatzen dizkiote "benetan"
direnari buruz. Behin eta berriro esaten digute (modu esplizitu edo
inplizituan, era asko daude mezuak helarazteko) neskatoak garbiak eta
mutikoak astakiloak direla, neskatoak xamurrak eta amatiarrak direla
eta mutikoak desatxikiak eta ahaztuorrak, neskatoei euren itxura
zaintzea eta euren etxearena zaintzea gustatzen zaiela (gortinak
erosi, gelak dekoratu) eta mutikoak desastre hutsa direla euren
buruarentzat eta etxearentzat. Estereotipo horiek guztiak mila
eratara perpetuatzen dira, helburua ez baita bakarrik ikustaraztea
hori holan "dela" izatez, hau da, berezkoa zaiola gure
izaera eta biologiari; beste mekanismo askoz eraginkorrago bat ere
badabil lanean: hori guztia barneratzearena, alegia. Pertsonek
barneratu egiten dituzte mezu eternalki errepikatu horiek eta
azkenean portaera horiek erreproduzitzen amaitzen dute eta euren
roletara egokitzen, "halakoak garelako". Pygmalion efektua.
Feminista konstruktibista
radikala naiz, beraz. Horrek esan nahi du uste dudala gizonak eta
emakumeak guztiz berdinak direla eta euren desberdintasun bakarrak
egitura kultural eta sozioekonomikoetatik datozela (hezkuntza,
hedabideak, gizartearen presioa), mekanismo horiek genero bakoitzari
buruzko estereotipoak iraunarazten dituztelako eta eurekiko
konformitatea saritzen dutelako. Horrek, jakina, ez du esan gura "ok,
berdinak garenez, ez dago arazorik". Inondik inora ere ez.
Sinpleki esanda, berdinak gara baina engainatu nahi gaituzte hala ez
garela pentsa dezagun. Diferentziak (gizona oldarkorra da, emakumea,
berriz, goxoa) biologiari leporatzen bazaizkie, Ama Naturari, gureak
egin du: horren kontra ez dago ezer egiterik. Ezin diozu gizon bati
eskatu etxeko lanetatik dagokion partea egiteko edo bere ekintzen
erantzukizuna hartzeko, hori ez dagoelako bere izaera naturalean
(ja!). "Halakoak garelako" azalpen esentzialistak atea
ixten dio edozer kuestionatzeari, eta irtenbide bakarra segregazioa
da: gizonak alde batetik eta emakumeak bestetik. Ez zait batere
interesatzen eta gainera bide itsua iruditzen zait (horixe
proposatzen du feminismo frantses batek, feminisme de la diference
delakoak). "Nire" iritziz (kakotxa artean ipintzen dut,
hori feminismo konstruktibistak proposatzen duena delako),
dekonstruitu egin behar ditugu gu halakoak eta haiek halakoak
direlako gezur handi hori hedatzen duten egiturak. Faltsua dela
frogatu behar dugu. Anatomy is not destiny, Mr. Freud. Frogatu behar
dugu berdintasunezko hezkuntzak eta gure eskubide guztien
aldarrikapenak (emakumeena sexua bakarrik nahi izateko eta ez
txukunak eta pinpirinak ez izateko eta gizonen eskubidea gortinak
aukeratzea gustatzeko, amodio eternalak bilatzeko eta euren burua
apaintzeko, gogoa badute) sortuko dituela eskubide berdinak eta
diferentzia inbididualak dituzten pertsona libreak. Feminismoa
humanismo bat da.
Eta gaiztoren batek esan
lezake orain: "eta hori guztia pentsatu zenuen zer-eta gizonen
komunak garbitzen zenituen bitartean, larunbat arratsalde batean?
Uau, ze iraultzailea!!"
Eta gaizto horri
erantzungo nioke baietz, eta nirekin batera emakume bat eta lau gizon
egon zirela, hozkailua, suetea, zaztarlekua eta lurzoruak
igurtzitzen, Brooklynen, larunbat arratsalde batean, Basquing in the Sun.
Nork: AnaIsMorales.2007/10/01 04:35:31.409 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak