Itsasketa giroan badira antzinatetik datozkigun hitzak. Lehen, itsasontzi inguruetan usu erabiltzen zirenak baina, denborak ohiko izatetik ia desagertzeraino eraman dituenak; “Haga” dugu horietako bat.
Egurra izan da oraintsu arte nabigaziorako ezinbesteko oinarri. Egurrezko hagak edo ontzi-hagak, mastak, tantaiak deitu, denbora luzetan izan dira gure itsasertzetako jaun eta jabe. Zibilizazioen hastapenetatik, eta bereziki haizearen indarraz baliatzeko gai ziren itsasontziak prestatzeari ekin zitzaionetik, ezin da nabigaziorik ulertu egurrezko hagarik gabe. Hemen, gure harizti eta pagadien bizkar.
Bestalde eta merkataritzaren eraginez bereziki, zama garraioa izan zen belaontzi gero eta handiagoak egitearen arrazoia. Baina, zama-gaiak astunegiak izaten ziren sarritan, ontziak eskuz zamatu edo hustu ahal izateko eta haga bereziak, egurrez, burdinaz eta sokaz osatutako hustu-haga tinkoak zituzten eraikiak XIII-garren menderako, itsasontziak lehorreratzen ziren kai edo ur-hondo nagusienetan.
Gauza jakina da haga ikusgarri horiek garrantzi handikoak zirela jada XIII-garren mendearen aurretik eta “puntala” deitu izan zietela sortaldeko euskaldunek. Kostalde horretako herrietan “puntala auzoa” bat baino gehiago aurkitu daitekeelako oraindik ere. Ez Bizkaia aldean.
Deustukoari ere, “puntal” deitzen dio Bizkaiko jaunak bere agirian, baina susmoa dugu jatorrizko euskal izenak ez zuela horrekin zerikusirik, eta ez zela guztiz desagertu; “DEUSTUA”k ezkutatu baino ez duela egiten. Hemen, “puntala” izan zen guztiz desagertu zena, Zorrotzan bezala.
Dena dela, agirietako “deusto” eta ohiturazko “deustua”k badute elkarreraginik. HUSTU-HAGA hori USTU-A beharko zuen bertakoentzat, euskara idatzirik ez baitzuten ezagutzen. Eta hortik USTUAREN HONDOA, FONDO DE USTUA eta FONDO DE DEUSTO. “Daçordoiaga” eta “duribe” ere aipatzen baititu agiri zahar horrek berak, de azordoiaga eta de uribe beharrean.
Baina “ustua”k, “puntala” ez bezala, gurekin jarraitzen du. Egunero erabiltzen baitugu, gaztelaniazko aldaeran; Ustuaren auzoa, Ustuaren jaiak, Ustuaren unibertsitatea, …
Aldaketon harira, kontutan hartzekoa da prozesu hauek idazki arloak bultzatuta etorri direla eta itsas-merkataritza ingurua, agirietan oparoa dela oso aspalditik. Ez dago gogoratu beharrik bestalde, mende luzeetan zehar gaztelera izan dela nagusi bakarra idazkien munduan eta euskara eta euskaldunak, morroi.
Baliteke ere hondoa HUSTU edo HUSTUA izenez ezagutzea bertakoek. Ze jakina da “hustu” hitzak nabigazioarekin harremanak izan dituela, “deustua”, “deusto”, “fondear”, “fondeo”, “haga” eta “puntal” eta hainbeste hitzekin batera. “Aga” eta “a” atzizkiez gain.
Jakina da ere, Erdi Aroko eskribau askorentzat euskara ez zela guztiz arrotza baina, “u”-ren lekuan “o” jartzeko ohitura ere bazutela. Ezin dugu hori ziurtatu garai haietako euskarazko agiririk apenas dugulako. Litekeena da bertakoen ahoskera kontu soila izatea ere. Adibideak, joera bietakoak ditugu. Latinezko Oiasso; Oyarzun, Oiartzun da bertakoentzat antzinatik. Bizkaiko mintzairan eta itsas ertzean, “porto” eta “portu” zaharrak hurbil ditugu. Mutrikun ere, “u” hobetsi dute agirietako “o”-ren kaltetan, denbora asko ez dela. Handik gertu ostera, ondarrutarrek ez dute Ondarroa aldatu nahi. Halere, ziur ez dutela ondarroar deitzea gustuko.
Eta Deustun?
Hau baino ez zen Deusto bigarren milurtekoaren
hastapenetan.

Deustuko antzinako hondoa gaur egun eta puntala (hustu-haga) behar zuen lekuan. Erandioko mugan.
Gaur egun pena ere ematen du inguruak duen itxura. Berez hain leku aparta dena!
Hor, zakar artean, datza DEUSTUA
Gaztelarrararentzako FONDO DE USTUA
Zabor kamioiek zeharo narrastua.
Ez al du tratu hoberik merezi gajoak?
DENA ESANA AL DAGO “DEUSTUA”-REN INGURUAN?
---------------------------------------------------------------------
* Nahi duenak bidali berbaizu@euskalnet.net helbidera proposamena, eta zuen/gure blogean eskegi ahal da...

Erantzunak
Betidanik galdetu izan diot nire buruari zergatik esaten dugun Bilbon Abusu eta ez Abusua, Santutxu eta ez Santutxua, Larraskitu eta ez Larraskitua, Basurtu eta ez Basurtua, eta zergatik Deusturi esan behar diogun Deustua. Nabarmentzeko gogo hutsa? Hagarenak badu bere logika. Haga izan daiteke erantzuna. Nork jakin dezake?
Nork: Antonio.2010/11/13 11:45:05.202 GMT+1
DEUSTO-DEUSTU-DEUSTUA. “Deusto” da gure barrutiaren izenari buruz daukagun erreferentziarik zaharrena, idatzizkoari erreparatuz gero, baina ez dago zalantzarik belarriz jasotako ohizko izenari forma idatzia eman baino ez zuela egingo garaiko eskribauak. Agiriak balio praktikoa izatea bilatuko zuen hark eta horretarako, toki-izen zabalduenak aukeratuko zituen menpeko guztiek, letratu eta letragabeek erabakiak errespeta zitzaten.
“Deusto-deustu”, “basurto-basurtu”, izate beraren eta garai bereko gaztelania-euskara aldaerak ez direnik ezin da esan. Idatzia bata, letradun gutxiengo baten eginkizunetarakoa, eta ahozkoa bestea, herri xeheak iraunarazi duena. Bestelakoa da “deustua”ren kasua.
“Deustua” ez zaigu agertzen idatzizko “deusto”ri hain zuzen lotua, naiz eta antzekotasuna nabarmena izan. “Deustua” ere “deusto” idatzi aurrekoa izan daiteke eta deustuarrak “a” horri mendetan eutsi izan; Kasualitatez?
“Deustua” hori gerora zabaldutakoa bada; Ez du meritu makala. Ba horrela gertatu izanak badu bere logika.
Jatorrizko hitzen ahoskerak eta idatziz jasotakoenak ez dute bilakaera bera izan eta hustu-haga inguruetan merkataritza kontratuak idatziz ixten zirela kontutan izanda, litekeena da ahozko “ustua”, “d,usto” eta “deusto” bilakatu izana idatzietan.
Horrela balitz, “ustua”, “usto“, “deusto”, “deustu”, “deustua” izango litzateke bilakaera eta “deusto” eta “deustua”k bi izate desberdinei egokitu.
Horrela izan al zen?
Nork: DEUSTUBARRI.2010/11/15 09:44:57.619 GMT+1
“USTUA”, “USTO” ETA DEUSTO, DEUSTU-DEUSTUA
“Deusto” toki izenaren jatorriaren bila aritu nahi izateak, elizak eta Elizatearen aurreko garaietan murgildu beharra dakar. Itsaso-merkataritza, mastak eta hustu-haga ikur, Ibaizabalaren bazter honetako nagusi zenekoetan.
Galdua dugu zoritxarrez itsasketa munduaren inguruan sortutako agiritegi oparoa. Hortaz, galdua dugu ba toki-izen horren bilakaeraren lekuko izan zitekeen idatzizko iturri bakarra. Hori dela eta, ohituren altxorrera jotzea baino ez dugu, imajinazioa lagun.
Armadore, itsasgizon eta merkatarien arteko idazkietan egingo zuten “ustua”k eta “usto” ezezagunek, Bizkaiko jaunaren eskribauak jaso zuen “Deusto”rainoko bidea. “Deustu” eta “Deustua” euskaldunen memoriarako.
Deus ez zen gehiago “d” hizkiari buruz. Aldaketak, jainko eta jauntxo herri honetan oso motel burutu izan direla baino. Hizki hau bera ahoskatzen, eta idazten, latinaren eraginez ikasi omen genuen.
Nork: DEUSTUBARRI.2010/11/17 09:34:51.299 GMT+1
DEUSTO ETA PAGASARRI
Izan dira herriak bere hizkuntza oso goiz idatziz jasotzea lortu zutenak eta aspaldian desagertu baziren ere, euren izanaren arrastoa betirako utzi dizkigutenak. Idatzizko propioa erabili izanak, denboran hain urrutiko herri horien izaera eta historian sakontzeko aukera ematen digu gaur egun ere. Zer esanik ez, oraindik bizirik dauden hizkuntzak erabiltzen dituzten herrien kasuan.
Gu, oso berandu hasi ginen gure hizkuntzan idazten aldamenekoekin alderatuz, eta latinez, erromantzeez eta frantsesez eta gazteleraz gehienbat, idatzi digute historia. Orain arte gureari eustea lortu badugu, ahozko tradizio sendo bati esker izan da. Horrek dituen gabezia guztiekin.
Ez dugu inolako ziurtagiririk, baina lasai esan genezake Bizkaiko jaunaren eskribauak “Deusto” toki-izena jaso zuenerako, guztiz errotuta zuela honek nortasuna Elorrieta mendiaren magaleko ur-hondoan saiatzen ziren armadore, itsasgizon eta merkatarien artean. XIIIgarren menderako, erromantze-gaztelera idatzien aroa gainditua bai zuten. Hainbat hitz berriren jabe eginak ziren ordurako euskaldun haiek eta hainbat hitz berri erdal-euskaldunak moldatu eta bereganatuak zituzten ageri denez. Bizkaiko jaunaren agiri berak “fagasarri” ere aipatzen baitu lehen aldiz, “Deusto”rekin batera.
Gaurko “pagasarri” toki-izenaren jatorriak eta euskararen etenik gabeko eraginak ezin dira zalantzan jarri; Latinezko “fago”ri “sarri” euskalduna gehituz aberastu zuten euskal hiztegia. Baina ez zen hor geratu euskararen eragina; “fago” euskaldundu eta “paga” bihurtu bai genuen gerora.
“Deusto”ren euskal eragina ez daukagu hain garbi, “deustu” “deustua”k zerbaiten adierazgarri garbiak badira ere. Pagoek eta hustu-hagek, elkarrenganako zerikusi zuzenaz gain, erabateko garrantzia izan zuten nabigazioaren munduan.
Ez zaio gairik falta aitzakia gutxi behar duenari.
Nork: DEUSTUBARRI.2010/11/21 11:00:50.671 GMT+1
BESTEEN IZENAK
Identitateak ez dira garrantzitsuak, norberarena izan ezik; Arteak (eskultura, pintura, argazkiak) sukaldaritza, …., bai.
Izenak ere ez du batere garrantzirik, guri ez dagokigunean; Arteak eta besteak, bai. Hauek azalarazteari interes zuzena ikusten zaiolako.
Besteek nola izendatzen gaituzten ere ez du garrantzirik, baina guk gure burua nola izendatzen dugun, bai eta nahiz batzuk izen arrotza oparitzat hartu, ez dira guztiak eroso sentitzen besteek jarritakoarekin.
Hori da Deustu eta Deustuarekin mendeetan jarraitu izanaren arrazoia. Hori da hain denbora tarte luzean deustuarrak “deustués” eta “deustuesa” ez bihurtu izanaren arrazoia.
Ahaztu egiten zaigu sarri, baina norberaren izena babestu ahal izateak badu interesik, izana mantentzeak duen bezala. Atzo, bertsolariek gogoratu ziguten ez dela hainbeste denbora joan Bilbok Deustuko udala bereganatu zuenetik eta Deustuarrok harrokeriaz hartu dugula bilbotartasuna. Etekinak ikusita; Guztiok harro?
Nork: .2010/11/24 19:56:56.155 GMT+1
IZENEN BILAKAERAK.
Zuzenketa bat egin beharrean gaude. Joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan, “Ondarrés” pilotaria bazen, Europa eta Ameriketako frontoietan.
Gurera etorriz, 1925tik aurrera, “bilbainas y bilbainos de Deusto” bilakatzen dira deustuarrak. Geroztik, bi monarkia, bi diktadura, errepublika bat eta gerrarik krudelena ezagutu ditu Deustuak, zorigaiztoko kanalaz aparte.
Orain, behin-behineko demokrazia berezi honetan, “orgullosos tomateros” jatorrak ei gara. Emakume kargudun baten esanetan.
“Tomate”ren jatorriaren bila ibili beharrik ez!
Nork: Antonio.2010/11/25 09:50:53.618 GMT+1
USTUATIK TOMATERA.
Frankoren zuzenbide estatuaren gogorreneko bilbainadetan “los tomates de Deusto” azaldu zirenerako, gutako batzuk nagusitxoak gindoazan.
Garia edozein bazterretan, baina tomaterik apenas landatu izan zen gure baserrietan, Deustua Bilbotik hurbil zen garaietan. Unamunok Millan Astray ezagutu aurrekoetan. Euskal Herrian ez zegoen eta tomatea gordinik jateko gaur egun dagoen zaletasunik.
Tomatearen kultura, La Gaceta del Norte eta Hierrorekin batera azkar zabaldu zen inguru hauetan. Ustua ostera, aspaldi da Erandioko mugatik desagertuta.
Ustua zaharra, gai izango ote da tomate etorri berriaren erasoari aurre egiteko?
“Ez da hil eta ez da hilko, guk ez badugu nahi”. Lizardi.
Nork: DEUSTUBARRI.2010/11/26 19:01:19.436 GMT+1
TOMATERA BARRUTIA
Tomatera deitura oso egokia da gure barrutiarentzat, hobeto islatzen duelako bere gaur eguneko izaera Deustok baino. Eta ari da bere tokia egiten.
Ez dira nahastu behar tomatera eta tomate, nahiz eta bata bestearengandik eratorria izan.
Tomatera izenak, femeninoa gaztelaniaz noski, tomatearen landareari dagokio, bere adiera zabalduenean. Ekoizpenarekin ere badu zerikusirik; ekoizlearekin edo ugari den lekuarekin. Sorleku, gordeleku, …...
Giza-nahasmen uneak edo fruituarekiko zaletasuna adierazteko ere erabili izan da.
Euskaraz, ra atzizkiak helmuga izaera ematen dio tomateri. Ustuatik tomatera kasu. Ele bietarako da ba aproposa tomatera deitura.
Bestalde, ematen du tomatera-ren adiera horiek bat datozela Deustuaren historia markatu duen etengabeko desjabetze, eta desitxuratze, prozesuarekin. Udalerri izaera (1.500-1924), etorkizunik gabeko kanala (1929-1968-1998), agintearen hurbileko erakunde eta norbanakoek nahierara erabiltzeko lur-sailak, Zorrotzaurreko uhartea, hizkuntza, ……. eta, Deusto-Deustu-Deustuak sortzen duten nahasmena. Duda-mudazko ustuak, zer esanik ez.
Gu konturatzerako, gauzak behar diren lekuan jartzera etorri zaigu TOMATERA, behar bada. Ongi etorri eta eskerrik asko!
Baina, ez al dugu deika ustua koittadua? Lasai egon daiteke, gu gauden bezala; garai larriagoak ezagutu izan ditugu eta. Oker bagaude zuzenduko gaituzte, norbaitek gure burutazioen berririk baldin badu behintzat. Zorionez hizkuntzalariak, historialariak etab., sekula baino ugariagoak baitira gurean.
Nork: DEUSTUBARRI.2010/11/28 10:48:54.805 GMT+1