TXIRI TXIRI EH?! BERBAIZUK 10 URTE, HAMAIKA PROIEKTU

2.010arekin batera datorkigu gure elkartearen 10. urteurrena. Orain dela 10 urteko apirilaren goiz fresko baten Deustuko hamarnaka euskaldun Bidarten bildu zituen argazkiak eman zion hasiera Deustuari Euskara Dariola taldeak ernaldutako elkarteari. Ordutik hona hainbat eta hainbat egitasmo eta ekimen sortu, bultzatu, antolatu, asmatu eta bideratu ditu Berbaizuk. Batzuk arrakastatsuak, beste batzuk bidean gelditu zaizkigunak. Baina betiere hasierako ildoari eutsiz: euskaldunok euskarak batzen gaituelako printzipioan oinarriturik, euskaraz bizitzeko bidean gure ekarpena egin eta gure ingurunean euskarazko harreman sare berriak sortu eta egonkortzeko lan egin.

Hortik abiatu ginen, eta horri eusten diogu 10 urte beranduago, etorkizunak bide berriak urratzeko ahalegina eskatuko digula jakinik. Erronka berri zein zahar, euskaraz bizitzeko nahiak bildu gaitu Berbaizun, eta erronka horiei guztiei dakigun eran helduko diegu: 10 urte hauetan Berbaizuren ekimen ezberdinetatik pasa diren ehunaka pertsonek egin dutena eginez, euskara erdigunean jarri eta parte hartze zuzenaren bidez. Hortik abiatuta bihurtzen dugu egunero errealitate gure euskaraz bizitzeko nahia.  Eta hortik abiatuta egingo dugu aurrerako guztia ere.

2.000. urtean 50 bazkide eta langile bakarrarekin ekin genion bideari. 10 urte beranduago 260 bazkide, 3 langile, gurea den lokala, 2.500 etxeetara banatzen den Prest aldizkaria (100. zenbakira helduko dena), hamarnaka berbalagun, Txantxiku Aisialdi Taldea, Deustuko Hezkuntza Eragileen Unibertsoa, Kar Kar Gazte Arloa, Kantuzaleen Txokoa, Irakurleen Txokoa, Patinaje Ikastaro iraunkorra, hiru blog ezberdin eta beste ekimen batzuk ere indarrean ditugu. Ez da gutxi. Baina ez da aski. Euskarak eta euskaldunok behar dugulako. Gehiago nahi dugulako. Etorriko dira berriak!


Utzi iruzkina: