Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/03/25 14:03:27.648 GMT+1

dantzan.com, zorioneko salbuespena

Hilabete honetan bete ditu dantzan.comek hamar urte. Esan beharrik ez dago, Euskal Herriko dantzarientzako ezinbesteko informazio-iturria dela eta, hamarkada bateko ibilbidean, albiste-emaile, gordailu, edo iritziak emateko eta konpartitzeko gunea izan da, besteak beste.

Normalizazioa ahotan dugun garai honetan, normaltzat hartzen ditugu mota guztietako wegbuneak. Beste modu batera esanda, Internet gure bizitzan txertatu da urte gutxiko epean, eta telefonoa edo presio-eltzea bezain beharrezkoa iruditzen zaigu. Baina hamar urte atzera eginda, gutxik aurreikusi zezaketen zein bilakaera izango zuen delako "sareen sareak".

Testuinguru horretan sortu zuen dantzan.com Oier Araolaza dantzari eta ikertzale eibartarrak. Ondoan zituen Eibarko Internet erabiltzaile, nolabait esateko, aitzindariak. Baina kultura txiki bateko jarduera txiki bati buruzko webgunea sortzea eta, batez ere, hamar urtetan edukiz elikatzea eta mantentzea, zorioneko salbuespena da.

Hamaikatxo webgune eta aplikazio ikusi dugu jaiotzen 2001etik hona, eta horietako askok ezin izan du aurrera egin. Izan ere, esango nuke Internetek ekarri duen iraultzaren sukarrarekin ahaztu egin zaigula webguneak komunikabide mota bat direla, berritzeko eta eguneratzeko pertsonen lana behar dutenak.

Koartel nagusia Eibarren izanda, Euskal Herri osoan hedatuta dagoen lan-talde baten  ahaleginari eta konstantziari esker, dantza gustatzen eta interesatzen zaigunok baditugu, eguneratuta: agenda, albisteak, argitalpenen fitxak, argazki-sorta eder bat (artxibo dei geniezaioke, dagoeneko), bideoak (produkzio propiokoak batzuk), elkarrizketak edo hemeroteka. Horren adierazgarri, merezi du dantzan.comek 2010ean izandako estatistikak begiratzea. Urte bereko Sustatu anaia handienarenak begiratuta, kopuru garrantzitsua da, webgune bakoitzaren helburu-publikoa eta jorratutako gaiak kontuan hartuta.

Hamar urteren ondoren, mugarri ez dugu esango, baina erreferentziazko webgunea da dantzan.com, bai barne-egitura konplexu eta heterodoxoa duen euskal dantzaren munduan, baita ere, neurri batean, euskal kuturgintzako webguneen artean. Besteak beste, edukien antolamendu sotil eta erabilerraza mantendu duelako. Bestelako webguneetan lan egin izan dut, beste batzuk berritzea edo sortzea ere tokatu izan zait, eta esan dezaket, dantzan.comen itxurazko sotiltasuna edo sinpletasuna aurreikuspen egoki baten ondorioa dela. Horrez gain, zerbait esan nahi duen edonork sor dezake blog bat, eta foroak ere, azken boladan aktibitate askorik ez duen arren (dena esanda, foroak berak gainbeheran daudelako), dantzaren munduko jendearen arteko iritziak partekatzeko lanetan segitzen du. Hari horri segika, Internet oraindik garatzen eta osatzen ari den neurrian, dantzan.comeko kideek sarearen erabilera eta berrikuntzetara egokitzeko lanetan segitzen dute, eta horren araberako webgunea egiten.

Bizi dugun krisia aitzakia ederra da askorentzat laguntzak murrizteko, horrelakoetan hezkuntzan eta kulturan inbertitu behar dutela esatea oso polite gelditzen delako, baina praktikan murrizketa latzak egiten ari dira alor guztietan (zailena egin dute, alegia, erabat urria zena eskastea). Ekimen askok sobera eta askotan erakutsi dute aurrera atera dituzten proiektuen sendotasuna, erabilgarritasuna eta sinesgarritasuna. Horien artean dago dantzan.com, eta espero dezagun, guztiarekin ere, urte luzez hala izatea. Izan ere, Araolazaren hitzak hartuta, “Administrazioak beste aldera begiratu arren errealitatea egoskorra da, eta ikusten denez, errealitate honi dantza egitea gustatzen zaio”.

Nork: bloGari.2011/03/25 14:03:27.648 GMT+1
Etiketak: dantza webgunea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/09 11:37:35.741 GMT+1

Salduenak

Durangon entzundakoa, duela urte batzuk, idazle bati eta musikari bati.

Idazleak: “Zorionak! Salduenak gaitunk!”

Musikariak (etsipen hasperen batekin): “Bai, salduenak gaitunk…”

Nork: bloGari.2008/12/09 11:37:35.741 GMT+1
Etiketak: salduenak durango | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/17 11:30:14.312 GMT+2

Quinto, levanta

(Testu hau hemen ere jarri dut)

Ez zaigu berehala ahaztuko joandako ostiral arratsaldea.

Donostiako Konstituzio plazan egin behar genuen emanaldirako ordu erdi inguru falta zen eta soinu proba egiten ari ginela, jende multzo bat ikusi genuen soinu-mahaiaren ondoan. Jotzen jarraitu genuen, besterik gabe, baten bat mareatu zela pentsatuta. Anaia garrasika etorri zitzaigun, baina.

“Ixo, joder! Guti da!”. Jose Mari Gutierrez, Guti, gure taldeko atabalarietako bat zen. Ostiralean ez zuen jo behar, baina emanaldia ikustera etorri zen. Ketxu, beste atabalariari esan omen zion, ohiko legez, atabala ondo afinatzeko. Ehun metro ere egin ez zituenean erori zen soinu-mahaiaren ondoan. Denbora gelditu zen handik aurrera; zerua belztu eta negar egin zuen.

Bizipoza zuen Gutik, inork bazuen. Esaten da eta topikoa dirudi ia.  Baina hala zen. Denontzat zeukan beti komentario, broma edo irribarre bat. Nik ez dut gogoratzen inoiz haserre ikusi izana eta umetatik ezagutzen dugu. Arkaitzen jotzen zuen, aurretik Argiako ikuskizunetan, Añorgako aurreskuan eta eskatzen zioten edozein lekutan. Joan zen urtean gurekin etorri zen Cantonigroseko jaialdira. Taldeko aitatxo. Gela berean egon ginen eta goizero-goizero ernegatzen ninduen soldadutzako kantu berarekin: “Quinto levanta, tira de la manta...”. Kantu hura izan nuen buruan ostiral iluntzean ordubete luzez Konstituzio plazan.

Baina Guti ez zen jaiki.

2008ko irailaren 12ko ostiral iluntzea ez zaigu inoiz ahaztuko. Guti, ez zaitugulako inoiz ahaztuko.

---------------------------------------------

Hemen Beñatek egindako bertsoa:


Atabalaren tarrapatatan

sortzen zitzaigun algara

Zaparradaren tarrapatatan

heldu zen ur gazitara

Taupada baten tarrapatatan

joan zaren arren jada

Atabalaren zaparradaren

taupadan biziko gara

Nork: bloGari.2008/09/17 11:30:14.312 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/08/21 23:49:36.676 GMT+2

Nola den...

Slogan moduko bat egin behar eta hara non topatu dudan esaldi hau: “¿Por qué las cosas son como son y no de otra manera?”.

Zergatik dira gauzak diren bezalakoak eta ez bestelakoak? Erraz erantzungo luke batek, “bestelakoak balira diren bezalakoak izaten jarraituko lukete”.

Enfin. Bloga nolabait inaguratu behar nuen eta normalean inspirazioa ez da kontenplaziotik etortzen .

Nork: bloGari.2008/08/21 23:49:36.676 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)