Museoetan barrena

denetik 1456131883257 denetik - borthuzai | 2007-02-26 19:09
3

“Lápiz” aldizkariaren azken alean bada museoen inguruko “El arte, la exhibición y la romería” izenburudun artikulu interesgarri bat. Bertan museoaren kontzeptuan sakontzen da, azken batetan gaur egungo museoak, bere esanahi etimologiko hutsak dioen musen tenplo huts izatetik haratago baitoaz. Argi dago museoetan gauzarik garrantzitsuenak bertako artelanak direla, baina artelan horiek ikusten-jasotzen ditugun tokien garrantzia ere, museo-artelan elkarrekintza ere oso garrantzitsua da.

Artikulu honetan diotenez, museoaren kontzepzio klasikoa white box edo kaxa zuriarena da. Honen arabera, museoak ezin du ikuslea artelanetik despistatuko duen ezer eduki: horma zuzenak eta zuriak izan behar dute, apaingarri gutxirekin… garrantzia guztia arte lanak izateko, ikusleak arte lanean "sartzea" errazteko, ikusleak artearen “mistikotasuna” sentitzeko.

XX. mende hasieran ordea, arte abstraktuaren sorrerarekin museoaren ideiak ere iraultza bat jasan zuen. Museoak, beren barnean artea biltzetik, arte biltoki huts izatetik, artea izatera pasa ziren.

Eta aldaketa honen adibiderik garrantzitsuena New York-eko Guggenheim museoa dugu. Bertan Frank Lloyd Wright-ek, bere arte ikuskerari zegokion eraikuntza bat diseinatu zuen. Bere ustez artea perfekzio espiritualtasunerako bidea zen eta arte lan abstraktuak ibilbide horretako eskailerak. Era honetan, bere eraikuntza goranzko espiral mistiko bat bezala pentsatua dago.


Ideia honek noski, bere garaian aurkako asko izan zituen eta azkenean espiralaz gain igogailu bat ere ipini behar izan zuten, nahi duenak ibilbidea goitik behera egin dezan. Kuriosoa da baita ere Wright-ek, hormetako kolore gisa zuria beharrean marfil kolore xuabeak nahi zuela, margolan baten atzetik kolore zuria ipintzean fondoa lehen planora pasatzen zelako eta hori musika sinfonia batetan nota agudoak etengabe atzetik entzutea bezain gorrotagarria zela zioelako. Argiztapenari dagokionez berriz, iritzi garbia zuen arkitekto estatubatuarrak. Argiztapen artifiziala eguraldi txarreko egunetan soilik erabili behar zen eta argi naturalari erabateko garrantzia eman "argi finko batek argituriko koadro bat koadro "finkoa" baino ez da" eta "margolariak berak ikusi zuen argi aldakor berarekin, hura ikusiko zela uste zuenarekin" aurkeztu behar zen jende aurrean.

Argiztapenaren inguruko justu aurkako autua dago ordea egina Alzuzako Jorge Oteiza museoan. Kasu honetan museoa, arte lan jakin batzuentzat soilik eraikia dago noski, eta Sáenz de Oiza arkitektoak primeran ezagutzen zuen Oteizak egindako lan guzti hori hartu behar izan zuen gogoan museoa eraikitzerakoan. Honela, museoari, Arantzazuko proiektuan, elkarrekin lan egin zuten hartan, Oteizaren tailerrak omen zirudien kobaren irudia eman nahi izan zion, elizetan ohikoa den “argia = espiritualtasuna” binomioa irauliz eta tenplo profano bat eginez, argia aldeetatik sartu araziz eta hau gai kritiko bihurtuz. Beraz, argi artifizialaren aldeko apustua egin zuen arkitekto nafarrak, argi artifizialak joku gehiago ematen dielako Oteizaren eskulturei.
 


Museoak aipatzen jarri ezkero berriz, ezinbestekoa zaigu baita ere Bilboko Guggenehim museo post-modernoaren inguruan zerbait esatea. Bertan Frank Gehry-k ezin hobe hartu zituen kontutan Bilbo hiria eta bertako hiritarrak. Izan ere arkitektoa, Bilbo hiria jasaten ari zen krisi eta oinarrizko aldaketen jakitun, labe garaien itxierak… eta bertako biztanleak mundu guztiaren aurrean arro sentitzeko moduko eraikuntza bat egin nahi izan zuen, eta nire ustez baita lortu ere, jada mundu guztiko arkitektura liburutan agertzen den eraikuntza delako hau. Museo honek Bilbo hiriaren ideia ere ondo barneratua du, errepide aldera eraikin geometriko klasikoak ipinita daudelako eta ibaiaren aldean berriz forma kurbatu organikoak besteak beste.

 


Museoaren barneari dagokionez, kuriosoa eta aipatzeko modukoa da eraikuntza honetan zati handi bat hutsik dagoela, eta hutsik diodanean ez naiz bertako geletako espazioaz mintzo, ezertan erabili gabe dagoen espazioaz baizik. Izan ere, bertan izan bazarete konturatuko zineten eraikuntzak kanpotik duen itsura ez datorrela bat barnean dagoenarekin, ez dela batere erraza kanpoko formak barneko distribuzioarekin lotzea, eta kontua da, eraikuntzak kanpotik 53 metroko garaiera badu, azken pasabidea 26 metrotara soilik dagoela eta beraz, alturaren erdia besterik ez dagoela artelanez betea. Bigarren erdia, 27 metro, huts-hutsik dago eta ezin da erabili! (Inori bere hegazkina Guggenheimaren sabaiaren aurka botatzea okurrituko balitzaio beraz ez litzateke artelanik kaltetuko behintzat! :-)

Beno, oso interesgarriak dira aipatu ditugun hiru adibideetako kontuak, baina zer gertatzen da azken batetan bertako artelanarekin? Errealitatea zera da, turismo artistikoak museoak jendez gain jartzen dituela egunero eta museo klasiko razionalista haietan helburu zen artearen “mistikotasuna” somatzea ia ezinezko bihurtu dela, ikuslea ez dela artelanean barneratzen. Arazo honi erantzun nahiean, museoek walkman edo telefono batzuk ipini dituzte eskuragarri jendea artelanaren inguruan informatzeko, nork bere barnean sakondu dezan, baina ondorioa ordea zera da, honela, batzuen ustez arteak ezinbesteko duen autoerreferentzialtasuna ez dela ematen, artea esplikatu egiten dela, eta ez bizi. Hau artearentzako kalte handi izanez. Halere esan behar da, batzuetan, artera iritsi ezintasun horrexek berak ikuslearengan halako gose bat pizten duela eta halako batetan helburua lortzen.


Bestalde, guzti honekin burura datorkit Bilboko Guggenheim museo bertan bideo batetan Richard Serrari entzuna: Arkitektura ez dela artea, ez delako erabat askea eta funtzio batzuk bete beharra dituelako. Elkarrizketatzailearen aurpegia noski (nirea bezala) harridurazkoa zen. Ez dakit.

------------------------------------

Carlos Jiménez-en "El arte, la exhibición y la romería" artikuluan, "Guggenheim Bildumaren Maisu-Lan Modernoak" liburuan eta han hemenka irakurri-entzun-ikusitakoetan oinarritua.

indezent

indezent 2007-02-27 16:51 #1

Artikulu interesgarria Borthuzai. Hala ere interesgarriena Gugenjaimen (nahi dudan bezala idazten dut, zerbaitetarako pasa ditut 4 urte Bilbon) sobran zereken metro karratu guztik dittuk. Haizea metro karratuak okupatzen eta gu etxe bat ezin erosi. Diru publikoarekin egindako gauzak funtzionalagoak izan beharko liratekelakoan nago.

borthuzai

borthuzai 2007-02-28 08:09 #2

<p>bai, harrazoia izan dezakek, batzuei diru publikoak eskuetatik ura baitlitzan ihes egiten ziek. Baina Guggenheim efektoa ere baloratu behar, eta hontan artelanez gain eraikuntzak ere garrantzia izan dik, eta ikuspuntu honetatik bai izan dekela "funtzionala" ezta? (kanpotarrak poltsikoak beteta bilbotik zehar...)</p>

<p>(hurrengo post-a "El Prado-ren Airea" edo horrelako zerbait. :-)</p>

indezent

indezent 2007-02-28 09:45 #3

Funtzionala norentzako? Nik etzeukiat pintxo tabernarik Deustuko zubian. Nei ere ederra iruitzen zaiek Guggenjaimen baina horrelako gauzak egitean bertako arazoak presenteago izan beharko lituzketela iruditzen zait. Komentario bat da sin mas.


Utzi iruzkina: