Azpeitian, Euskal herrietako ikastola bana, elkarrekin batera, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna ospatzen.
Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua
Azpeitian, 2002an
Euskal Herriko ikastolen elkartean biltzen diren bost lurraldeetako ikastola bana datoz Azpeitira hil honen 21ean, elkarrekin Euskal Eskola Nazionalaren eguna ospatzera. Hain zuzen ere, Arabatik: La Puebla de Labarkako Assa ikastola. Bizkaitik : Leioa-Getxoko Betiko ikastola. Iparraldetik : Hazparne ikastola. Nafarroa Garaitik: Tuterako Argia ikastola eta Gipuzkoatik : Ikasberri, Azpeitiko ikastola.
Ekitaldi xumea izango da. Ez jendetza haundirik ez izen haundirik. Ikastolen familia girokoa. Sinbolikoa, baina bakoitzaren eguneroko lanean mamitzen den sinboloz betea. Arbolan heldutako sagarra zuzenean jaso eta jaten denean modukoa. Itxura handirik ez baina gusto ederrekoa.
Ikasberri,Azpeitiko ikastolako Hau da! kultur elkartearen ekimena izan da hau. Ikastolari eusteko apostua egin genuenetik argi izan dugu Ikasberrikoek zer nahi dugun eta ekitaldi hau ere horren inguruan ulertzen da.
Kilometroak 2000 antolatu genuenean, euskal hezkuntza nola interpretatzen genuen azaldu genuen eta berriro gogora ekarri nahi dugu gaur. Ozenki azaldu nahi dugu gure errreferentzia ez dela PPren kalitatearen legea kritikatuz geldituko zaiguna.
Ikastolok aspalditxotik ari gara naziogintzan, gure eguneroko lanean. Euskal Eskola Nazionalaren bidea egiten ipintzen ari gara aspaldidanik gure indarrak. Euskal Herriak, bere nortasuna bermatzeko, herri guztiak bezala bere eskola nazionala behar du , herri nortasuna bermatu eta gure ikasleak justizia eta askatasun baloreetan heziko dituen eskola. Justizian beraien artean diferentziak egin gabe bakoitzari zor zaiona begirunez eskaintzeko. Eta askatasunean, etorkizunari burua altxatuta begiratzen ikasi dezan txikitatik, inoren eta ezerren menpekotasunik onartu gabe. Solidarioki, gizartekide eta gizadikide gisa, funtzionatzen ikasiz.
Estatu espainolean erreforma politikoa ipini zenean eta ondorengo garapenean, beti zaindu izan dute estatuko biztanle guztien espainoltasuna bermatzea. Autonomia Estatutoen bitartez zenbait ahalmen ematen joan dira, beti ere, espainoltasuna kuestionatu gabe gelditzen zela zainduz.
Gobernu espainola eta frantsesa gero eta ausartagoak izaten ari dira beraien nortasuna bermatzeko mekanismoak eta jarrerak inposatzerakoan. Eskola eremuari dagokionez, argi ikusi bagenuen Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etorri diren dekretu eta legeetan. Euskaldunok behin eta berriz egiten dugun oposizioa, bi gobernu horiek markatutako eskubiaren eta ezkerraren markoan kokatu izan dugu.
Geure nortasunetik egiteak onura gehiago ekarriko dizkigu seguru. Geure nazio kulturala sustatzen, badugu zeregina, nazio politikoa errekuperatzen egiten dugunarekin batera. Ikastolok gure bidetik joan nahi dugu eta hori gure ikastolatik bi eratara interpretatu dugu.
Alde batetik, ikastolok sorreratik egindako lan guztien emaitzak Administrazioaren esku ez utzita. Horregatik Erkidegoko 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legea alde batera uztea erabaki genuen.
Bestalde, ikastolen mugimendu nazionalarekin jarraitzea aukeratu genuen, ulertzen genuelako ikastolen etorkizuna erabat lotuta doala Euskal Herriak nazio bezala bere burujabetasuna lortzeko daraman prozesuarekin.
Ikastolen izaerari eustera bultzatu gaituen beste arrazoi bat ere badugu. Hain zuzen ere ikastolaren barruko aldaketa eragitea da. Eta guraso bezala interes nagusiena gure seme-alabak direnez, aldaketaren erronka nagusia beraiek tratatzeko eran oinarritzen dugu
Hori da PPren kalitate legearekin daukagun beste diferentzia nagusia. Bat euskal nortasuna bermatzearena bada, bestea bertako ikasleak, etorkizuna burua altxaturik, bere buruaren jabe izaten ikastea da, beraz menpekotasuneko jarrerak baztertuz.
Egoera politikoen azpian historiko landu diren baloreetatik kanpo ez gara inor egon. Beraz ezin dugu pentsa barrua aldatuta daukagunik. Irakaskuntzan ikasleekiko jarreretan ez da ia aldaketarik eman. Menpekotasun baloreen sustraiak aspalditik dauzkagu. Arazoa da, aldaketa asko diseinatu arren irakaskuntzan, gai horretan ia-ia aldaketarik ez dela eman. Ikasle guztiei eta bakoitzari eskaini behar diogu zerbitzua eta hori jarrera egokietan oinarrituz. Txiki-txikitatik hasita bezero bezala begirune osoz tratatuz, eta ez menpeko bezala.
Horrek irakasleekiko formakuntza plan serioa eta gaurkotua eskatzen du. Egun ditugun giza-harremanak eskatzen dituen trebeziak diferenteak dira eta hezkuntza ez da gai honetan batere eguneratu.
Zenbait irakasleren borondatezko dedikazio pertsonalak izan dira bakarrik eta hori eskertzekoa da, baina behar dena egitura osoa aldatzea da.
Hori guztia bermatzeko derrigorrezkoa ikusten dugu, gurasoek bere erabakimenarekin helburuak bideratzea . Euskaldunon komunitate kulturalak eta gizarte politikoak historikoki izan du, ez bakarrik bere nortasun propioa, baita funtzionatzeko modu propioa ere .Eta ikastoletan horrela isladatu da.
Gurasoek ikastolan duten zuzenean erabakitzeko ahalmen hori izan da, historikoki ikastolaren mugimendua momentu gordinenetan ere bizirik mantendu duena. Eta funtzionatzeko era honekin, herri bezala hezkuntza eremuan egin dugun ekarpena, geuk uste baino garrantzitsuagoa delakoan nago.
Bestalde ezinbestekoa izan da orainarte eta, gerora begira ere, irakasleak bere konpromisoaren garrantziaz jabetzea, helburuekin atxikituz.
Ikastolok, herritarren errekonozimendua badugu eta momentua oso egokia da geure politiko abertzaleengandik ere, ikastolak, euskal eskola nazionalaren abanguardia bezala tratatuak izatekoa. Eguneroko lanetan modu honetan konprometitzen den jendeari, begirune eta duintasuneko tratamentua zor zaio naziogintzan dabilen edonorengandik.
Hori guztiagatik, dira, oraindik, beharrezkoak ikastolak Euskal Herrian, eta hori gogoratuz biltzen gara Azpeitian Euskal Eskola Nazionalaren aldeko ekitaldi xume baina sinbolikoan.