Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/10/22 22:19:47.045 GMT+2

Ikastola, memoria historikotik hasiz eta etorkizuneko erronkari eutsiz, Nafar Estatua / Euskal Herriaren eskola nazionala egiten

Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua

Azpeitian, 2003an

Nafarroa Osoak/Euskal Herriak, herri guztiak bezalaxe, hezkuntza zerbitzua antolatu beharra dauka bere nortasuna bermatzeko. Hitz gutxitan esanda: gaur egungo euskaldunak egiteko helburua duen eskola nazionala eta unibertsitatea. Eta hori euskara irakastea baino zerbait gehiago da. Norbere nortasunari eransten zaizkio gainontzeko ezaugarri guztiak.

Gobernu guztiek antolatzen dute hezkuntza sistema norbere herriaren nortasuna gordetzeko. Horretarako antolaketa, edukiak eta funtzionamendua kontrolatzen dituzte, balore diferenteetan oinarrituz norbere ideologiaren arabera.

Euskal Herria inguratzen eta menperatzen duten bi estatuetako gobernuek, bai espainolak eta bai frantsesak horixe egiten dute. Euskal Herria kontrolatzen duten hiru Administrazio publikok, bi estatuek ezarritako baldintzen arabera egituratzen digute nagusiki gaur egungo hezkuntza sistema osoa. Gobernu frantsesak, frantsez nortasuna bermatzen dela kontrolatzen du eta Gobernu espainolak, espainol nortasuna bermatzen dela kontrolatzen du.

Estatu espainolean erreforma politikoa egin zenean Estatutoaren bidez eta ondorengo garapenean, beti zaindu izan du estatuko biztanle guztien espainoltasuna bermatzea. Autonomia Estatutoen bitartez zenbait ahalmen ematen joan badira ere, espainoltasuna kuestionatu gabe gelditzen dela oso ondo zaintzen dute beti, kontrol mekanismo oso zehatzak erabiliz Administrazio publiko guztietan.

Gobernu espainola eta frantsesa gero eta ausartagoak izaten ari dira beraien nortasuna bermatzeko mekanismoak eta jarrerak inposatzerakoan. Eskola eremuari dagokionez, argi ikusi bagenuen Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etorri diren dekretu eta legeetan. Nafarroa osoak/Euskal Herriak ez du osorik hartzen duen Administraziorik.

 Historikoki Europan izan genuena eta indar militarrez kendu zitzaiguna ez bakarrik ez dugu errekuperatu, horrez gain hala izan zela ahaztuarazteko egoeran ipini gaituzte. Hori dela eta urte horietan guztietan gizarteak eman duen eboluzioaren arabera, munduan sortzen joan diren zerbitzu sistema administratiboak, hezkuntza adibidez, gure nortasunaren arabera egiteko ikuspegia bera ere galtzeko zorian gaude. Eta hau esaten dugu, gure erreferentzia bakarrak oraingo estatuen araberakoak egiten ditugulako. Pendiente daukagu oraindik geure erreferentzi propiotik nola egin nahi ditugun. Eta hemen dator gure koxka. Ez dugu askotan ezagutu ere egiten geure herriaren benetako historia. Pirineotako herri jakintsuaren historia. Bere buruaren jabe gizaldiz gizaldi egiten asmatu zuen herriarena.

Argi dago, zerbait nahi izateko lehenengo kontzientzia izan behar dela. Horregatik ezin du inork Pirineotako herri zahar horren kide legez harro sentitu eta hori aldarrikatzeko jarrera izan, ez badu ezagutzen bera herri horretako kide denik. Asko dira hori jakin ere ez dakitenak gezurrezko historiaz inguratu gaituztelako urte luzeetan. Zenbaitengan, gehienez ere iraun duen sentimentu bakarra euskararekikoa izan da eta horren arabera gabiltza bidea egiten. Baina historiaren egiak eman die munduko herri askori bizi-indarra eta bide hori indartu beharra daukagu.. Euskaldunon komunitate kulturalak eta gizarte politikoak historikoki izan du ez bakarrik bere nortasun propioa, baita ere funtzionatzeko modu propioa eta ikastoletan horrela isladatu da. Ikastolen prozesu historikoari begiratuta argi ikusten da ikastolen etorkizuna erabat lotuta doala Euskal Herriak nazio bezala bere burujabetasuna lortzeko daraman prozesuarekin.

Bide horretan herritarrak ez gara geldirik egon. Ikastolen ibilbide historikoan herritartasuna du ikastolak bere ezaugarri nagusienetakoa. Beraz, helburua bada euskaldunak egitea, bai helburu horri, eta baita hori lortzeko martxan ipintzen den funtzionatzeko moduari dagokion ezaugarria da herritartasuna. Biak elkar loturik. Hau da, helburu nagusia bermatzen dela kontrolatzeko, euskal herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoa, herritarrek beraiek zuzenean zaintzen dutena.

 Egoera juridiko-politiko-administratiboa dagoena egonik, ikastolen mugimendua da Nafarroa Osoa / Euskal Herriaren lurraldetasuna bere osotasunean hartuz herritarrak elkarte europar bezala antolatuta, geure herria abiapuntutzat eta helburutzat hartuz nortasun ezaugarriak gordetzeko lanetan konprometituta dabilena. Hau da, Euskal Eskola Nazionala egiten duena bere egunerokotasunean herritartasunari esker.

Horrez gain eta horren harira, badira beste zenbait ezaugarri garrantzitsuak direnak. Bat euskal nortasuna bermatzearena bada, bestea geure ikasleekiko jarrera. Hain zuzen ere beraien etorkizuna burua altxaturik, bere buruaren jabe izaten ikasten lagunduko dien jarrera. Beraz menpekotasuneko jarrerak ez dute lekurik izan behar gure ikastoletan. Eta hori guztia bermatzeak hezkuntzan suposatzen duen eraldaketa benetan eman dadin izugarri garrantzitsua da gurasoek proiektu guzti hori eskutik eramatea. Hain zuzen ere ikastola proiektua bera, bere osotasunean eskutik eramatea, horretarako bertako pertsonal guztiaren atxekimentua lortuz proiektu horrekiko.

Ikastolak bakarrak gara gurasoek zuzenean erabakitzeko ahalmen hori izaten. Eta hori izan da historikoki ikastolaren mugimendua momentu gordinenetan ere bizirik mantendu duena.

Euskaldunok, hezkuntza eremuan egin dugun ekarpen original hau, geuk uste baino garrantzitsuagoa delakoan gaude batez ere lurralde txikietan hedatzen diren herri zaharrak beraien nortasuna gordetzeko behar duten antolaketan.

Ikastolok, herritarren errekonozimendua badugu eta momentua oso egokia da geure politiko abertzaleengandik ere, ikastolak, euskal eskola nazionalaren abanguardia bezala tratatuak izateko. Eguneroko lanetan modu honetan konprometitzen den jendea begirunez eta duintasunez tratatu beharra dauka nazio eraikuntzan dabilen edonork.

 Hori guztiagatik, oraindik, Nafarroa Osoak / Euskal Herriak bere Eskola Nazionala eta Unibertsitatea izateko beharrezkoak direnez ikastolak, hori gogoratuz biltzen gara 2003an, Azpeitian bigarren Euskal Eskola Nazionalaren aldeko egunean.

 

Nork: ur.2006/10/22 22:19:47.045 GMT+2
Etiketak: 2003 mendinueta-bereziartua | Permalink