2003ko Euskal Eskola Nazionalaren eguna.
Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua
1993an zergatik eta zertarako egin genuen ikastolaren aukera?
Auzoko bi estatuek Euskal Herrian dituzten Administrazioetatik behin baino gehiagotan jaso izan ditu ikastolen sareak publifikatzeko aukerak; bai Iparraldean, bai Nafarroa Garaian eta bai Autonomia Erkidegoan. Azken hamarkadetan, eskaintza bakoitzean, ikastola kopuru bat publifikatu da. Hala ere, inoiz ez bezalako eraso politikoarekin etorri zen 1993ko Autonomia Erkidegoko legea. Ikastoletako jendeak erantzukizun historikoa genuen esku artean, hain zuzen ere, beste herritar askoren lanari esker jasotako ikastolen proiektua aurrera eramatea. Armentiako Batzar Nagusi berezian ikastola guztien artean hartutako konpromisoa ikastolen sareari eustea izan zen. Hala ere, gero, ikastola bakoitzeko titularrek erabaki behar zutenean, zenbaitek alboan utzi egin zuen herritarren ardura historiko horri eustea.
Azpeitiko Ikasberri ikastolakook bi arrazoi nagusiren inguruan bildu genituen indarrak ikastolarekin aurrera egiteko. Hain zuzen ere, bi eskubide hauen alde egin genuen: batetik, ikasle euskaldunak bermatzeko geure sistema egituratzeko eskubidearen alde, eta bestetik, ikasleek eskubidedun pertsona bezala heztearen alde, araudipean tratatuak izateko bidea aldatuz eta horretan familiaren eskuartze arduraduna hartuz.
Hezkuntzako zentru guztiek planteamentu ideologiko jakin batzuen arabera funtzionatzen dute. Hala ere, hori ezkutatzen saiatzen direnak egon badaude. Frankoren garaian bezalaxe, une bakoitzean agintean dagoenaren aldeko planteamenduak beti “neutraltzat” hartuz. Hain zuzen ere, "pedagogia" eta "kalitate" hitzen inguruan ezkutatzen dira, denok jakin arren bien atzean modu bateko edo besteko oinarri ideologikoak daudela beti. Zergatik aurkeztu ote ditu PPk “kalitatearen legea” izenarekin aspaldian egin diren espainoltasunaren planteamendu gordinenak eta balore faszistenak?
Gure seme-alabak euskaldun egiteko ikusten dugun modu bakarra geure kulturan oinarritzea da. Kulturaren ildo estrategikoak euskara eta historian kokatuz. Ikastolon ibilbidean euskalduntasunaren bidea jorratzerakoan, euskara izan da orain arteko lehentasuna. Orain, euskararen erabileran eta geure memoria historikoan oinarritzea da estrategikoa. Hori bihurtu behar dugu Euskal Herriaren etorkizunaren motorra.
Historikoki, Gaztelatik markatutako estrategiak bere efikazia izan du. Trebeak izan dira auzoko bi Estatuak, euskaldunak elkarren arteko diferentzietan entretenitzen, lurraldeak administratiboki zatituz eta Euskal Herriaren ikuspegi osoa ez hartzeko moduak landuz. Horretarako geure historia distortsionatuta emateraino ailegatu dira.
Zenbait lekutan identitate kulturalaren memoria historiko bakar gisa hizkuntza gelditu da: euskara. Eta hainbat eta hainbat herritan hori ere ez. Eskubideek, ordea, ez dute galkortasun datarik. Eta hori da, folklore hutsean gelditu gabe, gure ikasleei irakatsi behar diegun euskal kultura.
Gure seme-alabak diren ikasleak gainera, balore jakin batzuen inguruan hezi nahi ditugu. Eskubidedun pertsona bezala tratatuak izatea nahi dugu. Ez orain arte bezala, araudipean hartuta, printzipioz gaizkileak balira bezala.
PPk inposatu nahi duen hezkuntza legean, LOCEn, agerikoagoa da joera hori. Serio aztertzekoa da, bestalde, zergatik horretaz publikoki hain kritika gutxi entzun den irakasleen aldetik. Araudiaren arabera menpeko pertsonak egitearen aldeko jarrerak baztertu eta pertsona arduradun bezala hezteko bideak jorratu nahi ditugu familiak zuzenean inplikatuz aldaketan.
Horregatik guztiagatik eutsi genion ikastolari 1993an. Argi ikusten genuen ikastolen prozesu historikoari begira, ikastolen etorkizuna erabat lotuta doala Euskal Herriak nazio bezala bere burujabetasuna lortzeko daraman prozesuarekin. Euskal Herriak, herri guztiek bezalaxe, hezkuntza zerbitzua antolatu beharra dauka bere nortasuna bermatzeko, bere eskola nazionala eta unibertsitatea egituratuz. Eta horren euskarri bakarra, beste estatu guztietan gertatzen den bezalaxe, euskal estatuaren egituraketa izango da.
Une honetan oso harro sentitzen gara ikastolaren aldeko apostua egiteagatik, eta gaurko honetan zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu ikastolen herentziari eusteko konpromisoa hartu zuten guztiei, guraso, profesional, ikasle eta herritar laguntzaileei. Eta bereziki egoera oso zailari aurre eginez, apostuan tinko egon ziren lagunei: Beasaingo ikastolakoei, Elorriokoei, Leioako Betiko ikastolakoei eta geure etxekoei, Ikasberri, Azpeitiko ikastolakoei.
Gainera, ez dugu esan gabe utzi nahi, nabarmenki amei esker atera zirela aurrera ikastola hauek, beraien apostua izan zelako indar nagusiena.
Eta herri honen historiak behar duen argitasunagatik eta zor diogun errespetuagatik, bakoitzari bere izena errespetatzen hasteko ordua bada, dena berdina ez delako.
Ikastolari eusteko aukera egin genuenok, IKASTOLA izaten jarraitzen dugu geure Administrazio propioa lortu arte publiko ezin dugulako izan.
Erkidegoko 1993kol legeari baietza eman ziotenentzat hori da beraien izena: EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA. Beraz, bakoitzari berea.
Herri honetan ezin gara dedikatu bakarrik kentzen digutena behin eta berriro sortzera: egunkariak, alderdi politikoak, ikastolak… Ala, ikastolei dagokionez, zer izango zen hobea: ikastola guztiak hiru administrazioen esku utzi eta gero Sanz moduko politiko baten esku gelditzean (adibide bakar bat ipintzearren!) ikastolak birsortzeari ekitea?
Lortu behar duguna zera da, geureak diren proiektuei gorputz juridiko-administratibo propioa ematea. Eta hori, gaur egun, beste herriek egiten duten bezalaxe, geure Estatua berreraikiz egin dezakegu.
Horregatik, historia kontutan izanik, gaurko errealitatea gure identitatearen arabera gauzatzeko, derrigorrezkoa duguna zera da, denon indarrak helburu nagusi hori lortzeko estrategien inguruan biltzea, buru-belarri konprometituz lan horretan.
Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, baina bakarrik gogoan badago gertatukoa. Indarpean bizi denak, bizirauteko, ezinbestekoa du ahazteari lekurik ez ematea. Memoria bizirik gordetzea.
Hezkuntza eremuari dagokionez beraz, argi dago Estatutuaren garapenetik hasita, bai LOGSEn, bai 1993ko Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, eta zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etortzen ari diren LOCEn eta hainbat dekretutan, estatu espainolak beti zaintzen duela espainoltasuna bermatzea, mekanismo politiko, juridiko eta administratibo tinkoak ipiniz eta kontrolatuz.
Bistakoa da herri honek bere hezkuntza gauzatzeko duen arazoa, nagusiki ideologiko-politikoa dela. Horregatik ezin du ikastolak publikoa izan, termino horrek Administrazioarena dela adierazten duelako eta guk Euskal Herri osoarena den hezkuntza-administrazio propiorik ez dugulako oraindik.
Gobernuetatik luzatutako eskaintzen aurrean, herritarrengandik jasotako IKASTOLA “izena” eta “izana” mantenduz, herritar bezala eutsi genion ikastolari, Euskal Eskola Nazionalaren abanguardia izaten jarraitu nahi dugulako, dena politikoen esku utzi gabe, Euskal Herriak berea duen egitura politiko-juridiko-administratiboa berriro eskuratzen duen bitartean guztion beharra daukalako.