Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/10/22 22:22:45.364 GMT+2

Euskal Herriaren / Nafar estatuaren eskola nazionala

Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua

Ikasberri, Azpeitiko ikastolako lehendakari eta zuzendaria

2004ean

 

Horrelako izen burua zenbaiti gordina eta arrotza egiten bazaio ere gero kontzeptua gero eta argiago ikusten ari garen sentsazioa dugu. Hau diogu hainbat lan aberasgarri eskuragai ditugulako irizpide horien oinarrizko justifikazio teorikoa argitzen dutenak.

Egunotan bertan Tomas Urzainkik, bere azken liburuan “ Navarra estado europeo” argi eta garbi demostraturik uzten du Nafar Estatuaren eta Euskal Herriaren kontzeptuen barnean dagoen oinarri politikoa. Bere hitzak jasoz “ Nafarroa ez da komunitate kultural bat soilik, ez da probintzia edo autonomia bat, gizarte politiko estatal europarra da”. Berak azaltzen du -51 froga bidez demostraturik-Nafarroa estatu izateari egiten zaion ukazioak 160 urte besterik ez dituela. Beraz, “Nafarroa dela gizarte osoaren berezko gorputz politikoa, batzuek komunitate kultural edo Euskal Herria bezala kontsideratzen duten arren nazioa”.

Horretan oinarritzen dugu ekitaldiari ematen diogun izena eta horregatik guztiagatik ikastolak ezin du eraman beste izenlagunik ondoan, ez publikoa eta ez pribatua. Izen-lagun horiek, gaurkoz, bi estatuek inposatutako sareei dagozkion terminoak direlako. Nafar estatuaren azken aztarnak galdu ziren denbora berbera da estatu modernoak sortzen hasi zireneko garaia eta bai Espainia eta bai Frantziako hezkuntza sistemak egituratzen hasi zirenekoa. 160 urte hauetan, auzoko bi estatuen lanen ondoan, euskal herritarrak ere geure eskola nazionalaren lehen saiakerak egiten hasi ginenen datu historikoak jasoak dira. Hain zuzen ere Eskola Nazionalaren ezaugarriak, irakasleen profila eta irakuntzan jorratu behar ziren gaiak .

Lehenengo Euskal Eskola izenarekin eta gerra ondoren Ikastola izenarekin herritarren saiakeraz mantentzen den sareak ezin du izen-lagunik eman ondoan, herri honen identitateari aizkorakada ematea suposatzen duelako. Indarrez estatu egitura kendu zigutenen sare bihurtzea suposatzen duelako.

Beraz, estatu egitura propioa berreskuratzen dugun bitartean, herritarron ekimenez bizirik mantentzen dugun ikastolari, ikastola soilik izateak garrantzi haundia du, herri eraikuntzarako beharrezkoa den kontzientzia suspertze lanetan, aurreneko pausua, dena berdina ez dela jabetzea delako. Ikastolei eutsi behar diogu, ez ondoen egiten duen jendea dagoelako bertan, baizik eta herri honen sarea direlako.

 Auzoko bi estatuek indarrez inposatutako Administrazioetatik epeka epeka publifikatzeko jasotzen ditugun eskaintzen aurrean arrisku larrian ipini dugu, Herri honek bere eskola-sare propioa izateko urte luzeetan herritarrrek egindako lana. Ikastolok bi jardunbide nagusi jaso ditugu oinordekotzat aurreko herritarrengandik. Lehenengo jardunbidea, Herri identitatea bermatzeko lurraldetasun osoa kontutan izanda, ikastola sarea bizirik mantentzearena. Eta bigarren jardunbidea, lekuan lekuko ikastola bakoitzeko proiektua aurrera eramatea, bertako ikasleak euskaldunak egiteko helburuarekin, hauek hezkuntza horren sujeto aktibo kontsideratuz.

Sare guztietan euskalduntze lanetan konprometiturik dagoen jendearen lana txalogarria eta beharrezkoa dela aitortu ondoren argi utzi beharra dago, hori ezin dela nahastu, herri honek bere sare propioa izatearekin.

Ikastola proiektua sare propio bezala indarrean mantentzeko ezinbestekoa da horretan gabiltzan guztiok eta bakoitzak zergatik eta zertarako gabiltzan argi izatea. Gure ikastolak ekitaldi honen iniziatiba izatearen arrazoi bakarra horixe da. Guk horren kontzientzia dugunez geuri dagokigu lanean konprometitzea. Urtero poliki poliki, ingurukoen erritmoa errespetatuz, kontzientziak suspertzen eta indarrak biltzen bidea egiten ari gara bailarako hiru ikastolok elkarrekin, Orio, Zarautz eta geu eta pozgarria da lortzen ari garena. Garrantzia, lan hau egiteak du eta ez nork eta non egiten den.

Nork: ur.2006/10/22 22:22:45.364 GMT+2
Etiketak: mendinueta eta bereziartua | Permalink