Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/06/03 17:18:56.975 GMT+2

ERABILERAREN IDENTITATEA

ERABILERAREN  IDENTITATEA

Joxe Manuel Odriozola

 

Gauza asko daude Itun Berritu Baterantz izeneko txostenean atentzioa eman didatenak. Dokumentu horretan XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak jasotzen dira. Eta, oker ez banago, iritzi eta ideologia  askotariko jendearen galbahetik pasatutako dokumentua da. Artikulu batean, bistan denez,  bizpahiru puntu baizik ezin ditut tratatu, eta haietara errendituko naiz.

 

         Lehenik, identitatearen auziaz jardun nahi nuke. Txostena honela mintzo da kontzeptu horren inguruan: “Inolako identitate-euskarririk onartu beharko balitzaio euskarari, identitate ireki eta integratzaile bat eraikitzeko baliagarria dena izango litzateke soil-soilik onargarria eta, beraz, partaidetza kontzientzia sendotzeko balio duena; hau da, norberaren adskripzio askeari uko egitea eskatzen ez duen identitate-sistema eta, beraz, bere barnean adskripzio guztiak maila berean biltzeko gai dena, euskal herritar huts sentitzetik espainiar huts sentitzerainoko adskripzio guztiak naturaltasunez onartzen dituena”.

 

         Hizkuntzaren eta identitatearen arteko harremanok gogoeta-gai nituen bitartean, Argia (2009-02-22) astekariaren oraintsuko ale batean hau irakurri berri dut: “Euskararen erabilera esplikatzeko, identitatea da aldagai psikosozial edo soziopsikologiko indartsuena. Hortaz kontziente garen?” (Maria Jose Azurmendi). Ez dut uste kontziente garenik. Eta ahotan hartu dudan txostenean identitatearen gaia tratatzen duten moduan tratatuta, are gutxiago. Identitatearen gaia txori-kaka bailitzan erabiltzen dute, eta identitatearen lekua eta eragina onartzekotan, diote,  onar ditzagun mota guztietako nazio-identitateak.

 

         Justo Bolekia Boleka-k bi identitate bereizten ditu gai horretan. Hiztunaren eta hizkuntzaren arteko hartu-emanetan sor litezkeen bi eratako atxikimenduak. Bati endoglosiko esaten dio eta besteari exoglosikoa  (El futuro de las lenguas, 2008). Hemen bereziki aurreneko identitate motaren izaera ezagutzea komeni zaigunez, esan dezagun identitate mota hori hiztunaren jatorrizko komunitatearen etnokulturarekin  hertsiki lotuta dagoela. Hiztunaren jarrera eta leialtasuna bermatuta daude hizkuntzarekiko identifikazio-mota  horri esker. Hiztunaren sozializazioarekin bat dator: hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan partekatzen dituen balioak bere egiten ditu hiztunak.  Identitate-prozesu exoglosikoa, berriz,  doi-doi aurreko horren  alderantzizkoa da:  hizkuntza arrotzaren ezarpenarekin bat datorren identitate-eredua izango litzateke, atzerriko hizkuntzak ikastean gauzatzen denaren ezpalekoa.

 

         Itun Berritu baterantz txostena onartu dutenek ez dakit badakiten  horren berri, alegia, hiztunak hizkuntzarekiko daukan identifikazio-maila erabakigarria dela hizkuntza minorizatuaren erabilera-kasuetan.  Ez baldin badakite, hau da, uste baldin badute edozein nazio-identitate baliagarria dela hizkuntza minorizatura hurbiltzeko, zer pentsatu ematen du gure kultura soziolinguistikoak.  Esan dezagun, orobat, oso  oker dabiltzala, baldin eta  hizkuntzaren definizio instrumentalista hutsarekin baldin badabiltza. Eta hizkuntza bat dagoen tokian beste bat  egotea gauza normala eta naturala dela uste baldin badute.  Hona nire susmoa: Euskara 21 gogoetan parte hartu duten batzuk behintzat  jakinaren gainean daude hemen  esandakoaz, baina  beraiek daukaten nazio-identitatearekin bat datorren hizkuntz estrategia denez gero, bertan goxo.

 

         Euskararen herrira, hau da, hizkuntza minorizatu baten herrira datozenak ez datoz interes pragmatikoak eraginda batez ere. Hizkuntza minorizatu batek ez baitauka halako erakarpen-indarrik. Beraz, euskararen herriak bereganatzen dituen benetako hiztunak, euskaraz bizi nahi dutenak, identitate-interesek hartaraturik datoz, eta horien artean ez dago nazio-identitate espainola edo frantsesa duen hiztunik, betiko salbuespenak salbuetsita. Identitate aniztasunaren koplak ez du argitzen eskuartean daukagun problema, horretan saiatzen direnek horixe sinestarazi nahi badigute ere.

 

         Atentzioa eman didan bigarren gaia: euskaldun izatearen  kontzeptua definitzeko erabili duten irizpidea. Hauxe dio hitzez hitz txostenak: “Ikuspegi horretatik, komenigarria litzateke, apika, argitzea nori deitzen diogun, ikuspegi soziolinguistikotik  “euskaldun” XXI. mende hasieran. Euskarara hurbildu den oro hartu behar dugu euskalduntzat, nahiz eta hurbiltze horretan maila pasiboraino baino iritsi ez. (…) Horiek horrela, garai batean, eta hoberik otu ezean, erabili ohi ditugun “ia euskaldun” bezalako kontzeptuak alde batera uzteko modukotzat jotzen ditugu gaur: trebetasun handiagoko eta txikiagoko euskaldunak daude, hizkuntza guztien hiztunen artean gertatzen den bezala, nahiz eta beharbada ez hain era nabarmenean”.

 

Erabilerak adierazten duena ez da  bakar-bakarrik euskararen osasun-egoera. Erabilerak adierazten du, orobat, hiztunaren zer-nolakoa ere, hizkuntzak, ikasi, erabiltzen diren neurrian baizik ezin direlako ikasi. Euskaldun izatea ez da euskara-jakite kontua, maiz esan izan dugunez, hizkuntza bat modu akademikoan eta formalean (eskola, euskaltegia....) jakiteak besterik gabe ez duelako inor hizkuntza horretan sozializatu denik frogatzen. Hizkuntza bat bigarren hizkuntza gisa jakitea, berriz, hizkuntza osagarri gisa bereganatzea alegia, izatez, atzerriko hizkuntza bat jakitearen  antzekoa da oso (identitate exoglosikoa), eta hiztun horrek ez dio benetako  ekarpenik egiten hizkuntza horren kulturari eta komunitateari: “Gureak ez diren hizkuntza batzuetan mintzatzen garenean, ez gara ezer gurea ematen ari. Beste batena den zer edo zer baizik” (Carme Junyent).

 

 Bigarren hizkuntzaren bigarren  izaera  edo identitate hori  ez dagokio batez ere ikasi dueneko kronologia-prozesuari, baizik eta hiztunaren mundu sinbolikoan (pentsamenduaren mundu kognitiboa eta emozionala)  hizkuntza horren funtzioen izaerak mugatzen  ditu hiztunaren ezaugarri soziolinguistikoei  eta psikolinguistikoei.  Bigarren hizkuntza, gurean, euskara, ez da hiztunak munduarekin dituen hartu-emanak ontzeko gai, hizkuntza diglosikoaren ajeak medio, bigarren mailako komunikazio eta kultura-pentsamenduak ehuntzen dizkiolako hiztun diglosikoari. Jakina, hemen ere euskal intelligentsia-tzat jotzen dugun hiztun-taldetxoaren salbuespena salbuetsita.

 

                   Amaitzeko: “Ez dago, zorionez, euskaldun elebakarrik. Hau da, euskal hiztun guztiak elebidunak dira, eta gainera, bertakoa ere baden beste hizkuntza batean –sendoa, ordea, berau– dira elebidun”.

 

         Ez baldin bagenekien, orain badakigu: munduko herri bat euskaldun egin zuten hiztunak hil dira eta orain zorioneko gara, dirudienez. Bestalde,  hemengoa den beste hizkuntza dela eta,  maisuak eta maisuak daude noski, eta nik ez nuke Errenteriakoa aukeratuko auzi honetan, Urepeleko artzaina baizik: frantsesa “guretik deus ez duen hizkuntza” baldin bada,  ez dakit zergatik izan behar duen gurea espainolak.  Azken ohar bat, amaitu baino lehen: ez da batera harritzekoa dokumentu hori espainolismoaren ordezkariek onartu izana.

 

 

 

 

 

 

Nork: ur.2009/06/03 17:18:56.975 GMT+2
Etiketak: joxe manuel odriozola | Permalink