Joxe Manuel Odriozola
2005eko abenduaren 3an
BAT:euskal curriculuma herri alienatu baten curriculuma
1. Euskal curriculuma ez da herri normal baten curriculuma
2. Euskal curriculumak herri alienatu bat bere egoera alienatu horretatik ateratzeko curriculuma izan behar luke
3. Horretarako, euskal nazio-identitatearen egitura osatzen duten elementuen eta osagarrien eraikuntza da bide bakarra
4. Elementu edo osagarri horiek honako hauek dira besteak beste: euskara, kultura euskalduna, ideologia eta pentsaera euskalduna, kontzientzia nazional euskalduna, euskal historia, euskal lurraldea, euskal nazio politikoa...
5. Elementu horiek taxutzen duten egitura da Euskal Herriaren oinarria, eta gainerako elementuak ez dira batere eragingarriak euskal eskola nazionala eraikitzeko
6. Beraz, euskal eskola nazionala eraiki nahi bada, euskal nazioaren arkitektura osatzen duten oinarrizko kultura-harri horiek finkatu behar dira lehen-lehenik
7. Euskal identitatearen egitura osatzen duten elementu horiek alienatuta baldin badaude, eta gure kasuan ez dago horren zalantzarik, elementu horien garapenik gabe euskal curriculumaren gainerako ekarpen akademiko guztia hutsaren hurrengoa gertatuko litzateke.
BI: Euskal curriculum ez-alienatu baten eredua
1. Euskara: ahozko eta idatzizko gaitasun komunikatibo askia (gutxienez erdararen pareko gaitasuna)
2. Kultura euskalduna: kultura euskalduna euskaraz bizitza osoa egiteko balio duen kultura-eredua da, herri euskalduna bizitza sozial eta kulturalaren erreferentzia-barruti bihurtzen duen kultura nazionala. Gainerako kultura-definizio guztiak soberan daude definizio honen aldamenean
3. Euskal ideologia: Ideologia mota hau ideologia abertzalearen harikoa da, herri euskaldunaren nazioa eraiki nahi duen pentsatzeko eta jokatzeko eredua, euskal nazio-identitatean bizi nahi duen subjektuaren kontzientzia, gainerako nazio-nortasunak euskal identitate hegemonikoaren mende ipintzen dituen estrategia ideologikoa
4. Euskal historia: ez dago historikoa ez den errealitate nazionalik eta sozialik; gaurko Euskal Herriaren errealitatea bera historikoa da, historia jakin baten ondorioz eraikia; dena da prozesu historiko baten emaitza, eta prozesu historiko horren kontzientziarik gabe ez dago etorkizuna eraikitzerik, ezinezkoa delako egungo egoera ezagutzea
5. Euskal lurraldea: lurraldetasuna ez da kontzeptu fisiko edo geografiko hutsa; lurralde-atxikimendua ezin da garatu aldi berean lurralde hori nazio-hizkuntza, nazio-kultura eta nazio-historia jakin batzuekin uztartzen ez bada: lurraldetasun-kontzientzia gainerako elementu horien araberakoa izango da
6. Euskal nazio politikoa: eskolaren egitekoa batez ere euskal nazioaren identitate linguistikoa, kulturala eta historikoa garatzea izan arren, identitate-dimentsio horiek ez dira bideragarriak egiten identitate politikoaren laguntzarik gabe: hau da, euskaldunak euskal aberria izan behar du bere komunitate politikoa, euskalduntasuna eta abertzaletasuna txanpon bakar baten bi aurpegi direlako.
HIRU: Euskal curriculuma: euskaldun osoaren eskola
1. Euskaldun osoa euskal nazio-identitateko egitura osatzen duten elementuak modu orekatuan garatzen dituen subjektua da
2. Euskaldun osoak ez du dimentsio linguistiko euskalduna bakarrik hartzen bere baitan; horretaz gain eta horrekin batera, euskaldun izateari dagozkion gainerako dimentsio nagusien (kultura, ideologia, historia, geografia...) garapena eskatzen du euskaldun oso izateak
3. Subjektuaren garapena partziala baldin bada, helburua ez da mamitzen: esate baterako, euskaraz gaitasun komunikatibo ona lortu du halako ikasleak, baina ikasle horrek berak gainerako elementuak bereganatu ez baditu, euskal identitatearen egitura pitzatu eta indargabetu egiten da
4. Egitura hori modu orekatuan garatzean datza beraz euskal curriculumaren helburua: dimentsio linguistikoa, kulturala, ideologikoa, historikoa eta nazionala beren baitan garatzen dituen curriculuma bakarrik defini daiteke euskal curriculumtzat
5. Euskal curriculuma, hasieran esan dugun bezala, nazio-alienazioa jasan duen herri bateko eskola alienatuari dagokion curriculuma da: curriculum anti-alienatzailea
6. Badakit curriculumaren kontua era honetara planteatzea zorakeria irudituko zaiela gai horretan adituak diren akademikoei, baina, badakit orobat gauzak era honetara planteatzen eta egiten ez badira, planteamendu akademiko horiek ez dutela ezertarako balio gure egoeran
7. Larrialdiko nazio-egoerari larrialdiko eskola-curriculuma aplikatzen ez bazaio, gainerako guztia hitz polit eta apainetan agortzen da .