Euskal Eskola eta Unibertsitate Nazionala
"Bide guztiak ez dute Erromara eramaten".
Elias Mendinueta Alustiza
Ikasberri, Azpeitiko Ikastolako Lehendakaria
Ikastolen kurtso haserako ekitaldia egin berria dugu. Hainbat ikastolen 40. urteurrena gogoratu ere bai. Geurea kasu. “Ikastolak orain eta gero” erronkarako hausnarketa eta egiteko konpromisoa eskuartean. Kilometroak ere pasa berri ditugu eta Nafarroa Oinez berehala dator. Urtean zehar Euskal Herri osotik ikastolek bost festekin egindako ibilbidean, herritarrok ikastolaren jardunbidea nola estimatzen duten ozen esaten digute. Ondoren, ikastolok, eguneroko zirkuitoari ekiten diogu behin eta berriz. Jakin badakigu, edozer ibilbide ez direla Kilometroak. Era berean edozer bidek ez du herri honen eraikuntza gauzatzen. Edozer bidek ez du Erromara eramaten. Ez da hezkuntzan ere. Dena berdina ez da. Praktikan, hau da, ibilian hartzen diren bide guztiak ez gaituzte eramaten helmugara, ez Euskal Herriari dagokionez eta ez da ikasleari dagokionez ere.
Gure eguneroko hezkuntzako praktikak, ikaslearekiko zer jarrera eta zer nazio eraikitzen eta legitimatzen ditu?
Gai honen harira izugarri artikulu interesgarria Berrian uztailak 25ean J.M. Odriozolak idatzitakoa “legitimazio kontuak nazio eraikuntzan”. Zer pentsatua ematen du. Norbere eguneroko ibilbidean gureak ez diren Administrazioen hezkuntza sistemaren aukerak, zer nazio legitimatzen dute?. Euskal nazio-eraikuntza al dute helburu Foru eta Erkidegoko Administrazio Autonomoetan eta Iparraldean bi Estatuek dituzten hezkuntza sistemak? Titular edo jabe diren horien esku dena usteak berme gehiago ematen al digu gure naziogintzan?. Helburu horri sendoago erantzuteko bultzatu al zuten publifikazioa?
Euskal gizarteak, XX.mendera iristerakoan, auzoko bi estatuen 700 urtetako menpekotasuna jasaten egon ondoren bere identitateari eusteko, Pirinioen bi aldeetan euskaldun bezala bizirauteko, ordurarteko bakarkako lanak utzi eta urrats bat gehiago ematea erabaki zuten, erakundetzea. Hainbat erakunde sortu zituzten. Besteak beste Eusko Ikaskuntza. Honek estrategikoak izan ziren hainbat erabaki hartu zituen. 1918an Oinatiko Kongresuan hartutako erabaki bat Administrazioarenak ziren eskolen paraleloak egitekoa, ikastolak. Euskara, eskoletara sartzeaz gain, geure eskola egin nahi izan zuten. Gaur argiago esaten dugun Euskal Eskola Nazionala.
Gogoan izan behar dugu, orduko eta oraingo Administrazioek estatu berberarenak izaten jarraitzen dutela, Zapaterok euskaldunoi argitu berri digun bezala: “Subirautasuna, erabakitzeko ahalmena, bakarrik Espainiak du”.
Oinatitik gaurdaino egindako ibilbidea luzea izan da. Bitartean hazkuntza izugarria eman zuten ikastolek eta 1993ra iristean Autonomi Erkidegoan ikastolak desegiteko prozedura legala martxan ipini zen. 1993tik hamabost urte pasa ondoren merezi du Euskal Eskola Nazionalaz aritzean une historiko horretaz hausnarketa egitea. Zer dela eta ez du inork horren hausnarketa publikorik egiten?. Nola argitu norabidea eta nola indartu zertarako ari garen kontzientzia, denbora eta arreta horretan ipini gabe?. Eta hori egin gabe, nola eskatu gero ikastolarekin konprometitzea?. Zer da eta zertarako da ikastola?.
Herritar askoren helburua da. Hitzez gain, aldarrikapenei eguneroko konpromisoa erantsiz, urte hauetan guztietan herritar asko eta asko egiten ari garena.
Helmugak markatzen digu bidea eta helmuga herri honen identitatea bere osotasunean bermatzea da. Transmisioa eta garapena bermatzea. Garapen osoa, bizitza osoan, osotasuneko ikuspegitik, hau da, hiru osagaiak kontutan izan da: gizabanako, gizartekide eta gizadikide bezala; eta baita ere hiru eremu: BAT beharrak (pertsonalak eta kolektiboak, kulturalak eta fisikoak, egunekoak eta etorkizunekoak); BI filosofikoak (bizitza eta mundua interpretatzeko erak; ikuspegi etikoak); eta HIRU juridiko-politikoak (giza-eskubideak, elkarbizitza arautzeko eta erabakitzeko eskubideak- hezkuntzari dagokionez geurea arautzeko eta erabakitzeko eskubidea-).
Hori guztia bideratzeko behar du herri honek gaur egun Ikastola. Beste herri guztiak bezalaxe geure herri identitatearen transmisioa eta garapena bermatzeko. Horregatik geure nortasunean oinarritutako egiturak osatu eta erabakimena eskutik izanez, geu ari gara egiten. Euskara eta euskal kultura edozein eskoletan eman daitezke, guk ingelesa eta ingeles kultura sartzen ditugun bezala. Guk, ordea, ez dugu helburutzat ingeles identitatea bermatzea. Era berean, nazio espainolak bere izaera bermatzeko duen hezkuntza sistema, gure aukera bihurtzen dugunean, gure praktikak, inposatu zaiguna legitimatzen du. Bestela, dagoen egitura Administratiboari euskara eta txapela ipinita nahikoa balitz, zertarako behar ditugu lurraldetasuna eta autodeterminazioa?.
Jakina, bitartean, Administrazio horretan dauden ikasleei euskara eta euskal kultura eskaintzea garrantzizkoa da. Baina argi izanda, bertako profesionalak euskaldun konprometituak eta ikaslearekiko jarrera bikainekoak badira ere, horien lanak ez duela sistema geurea bihurtzen. Lanean dauden pertsonak errespetu guztia merezi dute eta egiten duten lanaren aitorpen zintzoa. Ikastola, Euskal Eskola Nazionala, ez da euskaldunen arteko norgehiagoka: Zeintzuk dira hobeak publikokoak, pribatukoak ala ikastolakoak?. Ez. Denetan konpromiso haundiko jendea dago. Baina horrek ez du kentzen, argi izatea, Administrazioaren eskolak diren eskola publikoen sareak, gurea ez den nazio-egitura garatzeko sistema direnik.
Ikastolok berriz zeri erantzuten diogu? naziotasuna ukatzen dioten herri honi bere eskola emateko helburuari eta geure seme-alaben hezkuntza eskutik eramatekoari. Zertarako ari garen galderari horrek erantzuten dio.
Dena berdina ez delako, herri honek mendeetan zehar jakin du, identitatea bere eskutik eramateko bideak asmatzen. Espainolen eta frantsesen inbasioak gaindituz, eta geuk egindako akatsetatik ikasiz XXI.menderaino bere burua bizirik ekarri du herri honek. Bidea egiterakoan bakoitzak erabakitzen du nondik eta norekin joan bidean, noski. Baina helmugaratzeko, bide batzuek bakarrik balio dute.
Helburua argi dugu eta baita ere bidean egiten ditugun akatsetatik ikasiz hobetuko dugula gure jardunbidea helmugara heldu arte. Betirako lana suposatzen du erronka honek. Ez da orain gaudenok hasitakoa.
Era berean guri lekukoa beste batzuek jasoko digute, haritik tiraka jarraituz seme-alabekin herrigintzan zuzenean konprometituta. Euskal Herriaz aritu gara eta ikasleari helduko diogu, ardatzaren beste burua delako eta ezin bestekoa, identitatearen ardatza harilkatzerakoan.
Hezkuntza ikaslean zentratuta ulertzen dugu. Beraien zerbitzurako. Ezagutzan jantziak eta harremanetan trebatuak izatea nahi dugu. Beraz, jarreraren ezaugarriak aukeratzean asko jokatzen dugu: Euskalduntasuna eta euskal zaletasuna, osasuna, justizia, askatasuna, erantzukizuna, sormena, ekimena, solidaritatea, zoriontasuna… Ikasleekiko edozer jarrerak, ez gaitu bideratzen aukeratu dugun helmugara. Esaten duguna eta egiten duguna barne-loturaz josi beharra daukagu, Herri bezala eta herritar bezala ere barne lotura emanez.
Nola lortu burujabetasuna, egunerokotasunean menpekotasun jarrerak erabiliz eta landuz? Inposatutako barne-araudiaren eskutik nola lortu erantzukizunez jokatzen duten ikasleak?. Euskaldun izanez bizi eta gozatu gabe nola lortu euskal zaleak izatea?.
Ikastolok, ia 50 urtetan sare propioa osatuz gure seme-alabentzat nahi duguna eskutik eramaten konprometitu gara. Dena ez da berdina, Ikastolak bere izena, izate jakin bati lotuta darama. Aipatu ditugun ezaugarriei. Erronka haundia da eta auzolanean, asmatzen dugunarekin gozatuz eta akatsetatik ikasiz, XXI.mendean, ikastola, Euskal Herria / Nafar Estatuaren Eskola Nazionalaren motorra martxan mantentzea, eta seme-alaben hezkuntza eskutik eramatea, indartsua eta pozgarria da.
Ikastolok helmuga Euskal Herriaren bihotzean dugu : Iruñean. Eta igandean, urriak 19, bertan gogoratuko dugu Oinez zirkuitoa egiterakon , berriro, zein den gure herriaren helmugarako balio duen bidea. Antolatzailea den Jaso Ikastolaren historian Jesus Atxak modu xume eta indartsuan definitzen duena: zertarako ari gara ikastolan lanean? : Euskarari Eskola egiteko. Eskoletara euskara eramatea garrantzitsua da. Ikastolok ordea, Euskarari Eskola egiten ari gara. Oso harro gaude eta ez bikain egiten dugulako dena, ez. Harro gaude orain daukagun haur hau erditzeak eta bizirik mantentzeak merezi izan duelako. Hau da, gure-seme-alaben euskalduntzea geure eskutik eramatea eta hori bermatzeko Herri honen eskola egiten konprometitzea.
Gure Herriak eta ikasleak merezi dute eta gure asmoa zertarako den, guztiok, ikasle, guraso eta langileok, gero eta argiago izateko lanetan pozik gabiltza.