Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/11/26 13:35:21.133 GMT+1

Euskal Herriko gizartea eta ikastola: ezaugarriak eta bilakaera

Mirari Bereziartua Arotzena 

1993an Autonomi Erkidegoko Eskola Publiko bihurtzeko legearen aurrean Azpeitian ikastolari eustea erabaki genuenetik hamaika urte pasa dira. Urolan, 30 urtetako bideari beste hamaikaren jarraipena ikastolari eutsiz eman izanaren poza dugu. Jarraipen hori Euskal Herria/Nafarroa Osoan beste 100 ikastolarekin batera denon eskutik eramaten jarraitzen dugun bakarrak gara Azpeitia-Azkoitia-Zestoan.

 Ikastolaren aukerari eusteko berriro ere etxe berri bat ekiteari aurre egin behar izan genion eta azaroak 17an hamar urte egin ditu ikastolaren etxe berria inauguratu genuela. Hori dela eta garai haietan ikastolarekin jarraitzeko inguruko erasoei aurre egiten elkarrekin ibili ginen Bizkaia eta Gipuzkoako lau ikastoletakoek elkartu ginen ostiralean ikastolan, hausnarketa egiteko eta haria etengabe biziberrituta izateko.

Ondorengo bost ideia hauen inguruan mamitzen dut gaurko hausnarketa.

1.Aldaketa: Hezkuntzan aldaketa aldarrikatzen dut. Ikasleen eskutik behetik gora egindako aldaketa beraiek protagonista bihurtuz. Guk, herritarrok, halabeharrez estadurik gabeko egitura batean ekiten diogu ikastolatik geure Eskola Nazionala eta Unibertsitateari.

Egoera honetan aurrera egiteko gizarte ekintzaile baten beharra dugu. Hori lortzeko Unibertsitatean ikasleak protagonismo zuzena izatera animatzen ditut gizarte mota hori bultzatzeko. Hori ezin da lortu, ikasle pasiboak eta atomizatuak badira; hau da, elkarrekin hitzegiten ez badute; liburutik edo irakasleen apunteetatik bakarrik ikasten badute, irakasleen esanatera bakarrik funtzionatzen badute… hori garapenerako eragozpena da.

Eta ikasleak unibertsitatean protagonista izateko ikastoletatik saiakerak egitea eskatzen du, bat batean ez delako jarrera aldaketarik ematen. Aldaketa honetan kokatzen da irakasleon erronka nagusiena. Ikasleekin harremanak modu berri batetan egitean.

Bestalde, unibertsitateari dagokionez, ezagutu berri dugun datua da, munduko ehun unibertsitate onenen artean, espainiar bat bera ere ez dagoela.

Geurea eta egokia nolako zumearekin egingo dugu?.

2.Argi izan zer transmititu: XXI. mendean euskal identitatea bere osotasunean nola transmititu gure erronka nagusia da une honetan.

Hor daukagu euskal curriculuma eta geure sistema propioa gauzatzearen lana. Hau da, guraso eta irakasleen erronka haundi bat, ikasle euskaldunek eskubide hori dutelako eta guk bete-beharra.

 Hizkuntza-tranpa asko erabiltzetik, argi definitzera pasatzea, herri honentzat ezinbestekoa da. Dena ez da berdina, eta ordua bada, bakoitzari bere izena ematekoa, bestela geure izana ipintzen dugulako arriskuan.

Ez badakigu zer kultura transmititu, gaitasunen garapen orokorrerako, oinarrizko traba bihurtzen da . Hau da, ikaslearen behar pertsonalei erantzuten diona; geure kulturan oinarritzen dena; etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzen duena; pentsamentu kritikoa garatzen duena; emozioen abiltateetan harremanetarako trebatzen duena; komunikazio teknologietan, hizkuntzetan eta balio etikoetan norberaren garapen onena emateko prestaten duena, gizaki, gizartekide eta gizadikide bezala. Eta hori guztia bermatzeko, herri bezala geure burua arautzeko ahalmena behar izatearen kontzientziarekin.

3.Etorkizunerako norabidearen haria historiarekin lotu: Herri batek bere norabidea topatu nahi badu bere historia kontutan izan behar du. Bere izaera bizi-berrituta mantentzeko transmisioa egoki egitearen helburua bete behar da. Bizi dugun une honetan gerorako zer gorde kontutan izatea eskatzen du. Izan zirelako gara, eta garelako, izango dira. Gerorako zer espero dugun gaur erabakitzea, hori da gure izatearen transmisioa. Beraz, ez da lehen aldian korapilatzeko, baizik eta gure herriaren haria etengabe bizi-berritua mantentzeko.

4.Gizarte-sare eragilea : gizarte zibilaren sarearen aldekoa naiz. Ikastola mundutik ikasi dut herri honetan giza-talde batek bere burujabetasunetik ekiteak duen indarra. Herri honen historian oso argi azaltzen da herrigintza ez dela bakarrik adostasun politikoetatik etortzen. Ikusia eta ikasia dugu politikagintza haundietatik baino gehiago aurreratzen dela gizarte ekileen eskutik, kolektiboek herri kontzientzia argia dutenean, lanean konprometitu eta ondo egitearen konfiantzan aritzen direnean.

Herri bezala hainbeste estimatzen dugun burujabetasunaren indarra, herritarren protagonismoan dago, lekuan-lekuko gizarte lanetan, elkarteetan…. Horren errespetutik dabiltzen politikariek jasotzen dute, itzulian, beraiekiko errespetua.

Horretan erakutsi dute gurasoek, ikastoletan gakoa non dagoen eta zenbateraino den garrantzitsua ikastola aurrera ateratzerakoan, beraiengan oinarritzen den herrigintza.

5.Politikariak bere lekuan kokatzea: Dauzkagun gora-behera guztien errua ezin diegu politikariei bota, baina nabarmena da kosta egiten zaiela beraien lekua eta zeregina zein den onartzea eta denen gainetik ibiltzeko duten joera aldatzea.

Egokia deritzot, politikariek, gizartearen gainetik bisionario eta salbatzaile papera uztea eta gizarte heldu baten aurrean kokatzea. Heldutik heldura gizartea tratatzen hastea. Herritarrok geure buruaren protagonista izanik, geuk egin nahi dugun ibilbidean, politakariek, laguntzaile izatera aldatuz, bidea askoz ere emankorragoa izango delakoaren uztea dut.

Hainbat alditan politikariek ikastola moztu nahiean bota dizkiguten erronken aurrean, herritar asko eta asko gaude ikastola lotu egin dugunak. Orain, bermea topatu nahi dugu.

Nork: ur.2006/11/26 13:35:21.133 GMT+1
Etiketak: mirariba | Permalink