Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/10/25 00:36:49.519 GMT+2

euskaldunak

Angel Rekalde

Idazlea

2006ko urrian Berriatik jasoa

Oso gustuko dugu hemengook nor garen, euskalduna izatea zer den, nondik gatozen eta abarri buruzko ikerketak eta espekulazioak egitea... Ziur aski, horren arrazoia existentzia ukatzen digutela da, azkenik lausotuta geratu arte. Ez da ironia, ez iseka. Gure komunitateari buruz ari garenean, oso-oso kontuz ibili behar dugu beti, bestela arrazistak, esentzialista zaharkituak edo nartzisismoak jotako gaixoak deituko baitigute beharbada.

Dagoeneko ez dakigu gure herria benetakoa ote den, nonbait ba ote garen, edota auskalo zeren susmagarriren bat auzipetu nahian karguak eta akusazioak bilatzen dituen epaile baten elukubrazio irudimentsua. Kontua da beti gure jatorria gora eta gure jatorria behera gabiltzala, eta zerk egin gaituen herri, orain edo iragan urrunean (zenbat eta antzinakoago izan, hainbat hobe) jakin nahian. Behar baino gehiago agian, ez dakit.

Garena egiten gaituena euskara delakoa oso erantzun erabilia da, egokia eta politikoki zuzena (lasai esan daitekeena, ez-arrazista, baina bai arriskutsua hizkuntzarentzat; gure etsaiek hortik erasotzen digute, euskararen kontra sekulakoak eginez, eta gure hizkuntza ez dago halako tratu txarretarako), baina komunitatetik kanpo uzten du jendearen zati handi bat.

Galdera horien inguruan antolatu da Villabonan Historiari buruzko ikastaro bat, urtean zehar, asteroko hitzaldietan, hainbat historialari eta espezialista bildu dituena. Euskaldunak, sustraiak eta memoria. Ikastaro trinkoa da, edozein publiko interesaturentzako irekia, astez aste mota guztietako azterlanak, ikerketak eta teoriak jorratzen dituena.

Jardunaldi horietan gure herriaren jatorria bilatzen da (eta bere arazoena, hori ere ez baita gai makala), historiografia ofizialistaren ekarpenetara ez mugatzearen irizpideaz. Halaber, euskara aztergai dago, eta baita toponimia, antropologia eta beste hainbat irakurketa ere.

Hitzaldi horietako batean, Pello Iraizoz antropologo eta eskultoreak existitzen ez den herri honen (Marc Legasseren bertsio kaustikoan) deskribapena eman zuen. Gauza interesgarriak esan zituen. Memoriarik gabeko herria herri menperatua da. Lascauxeko kobazuloak, Barandiaranen hondeaketak, hilarriak (ia gure herrian soilik aurkitu den lurperatze-eredua osatzen dutenak. Beste leku batzuetan horrelakoak badaude ere, gure artean soilik munduko gainerako tokietan baino hilarri gehiago daude) izan zituen aipagai.

Urdiaingo San Juanetako emakumezkoen dantzaz hitz egin zuen, belarra gari bihurtzen duen horretaz, eta horrek matriarkalismoak milaka urtetan utzi duen arrastoa aipatzeko aitzakia eman zion.

Mitologia propioaz hitz egin zuen, beste edozein erlijiorena bezain oparoa eta interesgarria izanik ere, kristautasunak prestigioa kenduta, gure oroimenean haur-ipuinen estatusean geratu denaz.

Geure burua definitzeko garaian, Iraizozek euskararen aldeko apustua egin zuen, Lingua Navarrorum delakoaren aldekoa; euskalduna: euskara duena. Baina, halaber, historiaren, kulturaren eta mendetan zehar Nafarroak, euskaldunen Estatu independenteak alegia, eskaini zigun marko politikoaren aldekoa.

Izate kolektiboa guztiok parte hartzen dugun eraikuntza soziala da, gure bizi-baldintzetan oinarrituta. Estatuak esparru kolektibo zehatza eskaintzen du, herriari nazionalki, kulturalki eta kolektiboki eratzen ahalbidetzen diona. Halako espaziorik gabe, horrelako herri-proiektu batek jai dauka.

Publikoaren artetik, norbaitek zioen globalizazioaren garaiotan ia ez dagoela kultur desberdintasunik, eta denok pentsamolde uniforme berberaz bizi garela, ikus-entzunezko industria indartsuak eta hedabideek bideratutako desio, sinesmen, ilusio, printzipio moral eta gainerako kultur elementuekin.

Gustatu zitzaidan Iraizozen erantzuna. Arraina uretan bezala, ez gara jabetzen arnasa hartzen dugun gure inguruneaz. Baina horrek ez du esan nahi ingurune hori ez dagoenik. Adibide bat jarri zuen. Euskal herri honetako tradizio antimilitaristak, indarkeriari, okupazioei eta armadei aurre egitekoak, soldaduska egitera behartzen zuen armada espainola garaitu du. Intsumisoen borrokak herri honetan sustraituta dauden kultur kode batzuetan dauka abiapuntua. Mendetan zehar eratu den kultur ezaugarri batek armada bati irabazi dio.

Bada kulturan sinesteko arrazoia, baita garai globalizatu honetan ere.

Nork: ur.2006/10/25 00:36:49.519 GMT+2
Etiketak: rekalde | Permalink