Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/10/27 22:23:29.215 GMT+2

IKASTOLA, CURRICULUMA ETA MATERIAL PROPIOAK

“SAIOKA” ETA “IKER” TALDEA GOGORATUZ

 

Zamudio, 2006eko irailaren 16an

2006-07 ikasturtearen hasierarako ekitaldia

Xabier Garagorri


Pertsonak gogoratzen duguna omen gara. Hala dio José Antonio Marinak. Gure izaeraren aberastasuna, izan ditugun esperientzien eta horietaz gordetzen dugun oroimenaren tamainakoa omen da. Gizakion disko gogorra memorian gordetzen duguna da. Esan dezakegu memorian gordetzen duguna garela.

 Gizabanakoentzat baliagarria dena, herri, gizatalde eta erakundeentzat, oro har, eta beraz ikastolentzat ere, baliagarria da. Ikastola mugimenduaren sendotasuna, bizi izan ditugun esperientzien aberastasunaren eta, bereziki,  esperientzia horietaz gordetzen dugun oroimenaren tamainakoa izango da. Oroimen laburreko herriek eta erakundeek ez dute norabide garbirik, eta une bakoitzeko haize boladaren baitan, ipar orratzaren antzera mugitzen dira alde batera eta bestera, harrapakin erraza bihurtuz.

 I.- Saioka eta Iker taldea gogoratuz

 Ikastolen bizitzan, ikastola bakoitzak bere aldetik, eta ikastolek mugimendu eta talde moduan, baditugu markatu gaituzten esperientziak. Horien artean, sakona izan da ezparik gabe “Saioka” proiektuak utzi duen arrastoa. Proiektu horren sortzaile, kudeatzaile eta egile izan den IKER taldeak merezi du euskal irakaskuntzari egindako ekarpenaren aitorpena. Aitorpen hori har daiteke talde horri egiten zaion omenaldi moduan, eta hala da, baina era berean ikastolen eta, oro har, euskal irakaskuntzaren memoria eta izaera aberasteko bide bat  da. Aitorpen hau “Saioka” ikasmaterialak erabili zituzten irakasleen eta ikasleena ere bada. Irakasle haietako asko oraindik lanean jarraitzen dute ikastoletan eta beste eskoletan ere. Saiokak bizirik jarraitzen du irakasle horien eguneroko praktikaren eraginez eta jasotako ondare pedagogiko hori irakasle berriengana eskualdatzen jarraitzen du.  Ikasle haiek gaur egun 30 urte inguruko gurasoak dira eta Saiokak haiengan utzitako arrastoa beraien seme-alabengan jarraituko du. Saiokaren eragina bizirik dirau.

 Zein izan da “Saiokaren” ekarpena?.

Hedapenari dagokionez, zabala. 1974-84 hamarkadan, Saiokako testuliburuak izan ziren euskaraz irakasteko gehien erabiltzen zirenak. Saioka testuliburuak erabili zituzten irakasle eta ikasle kopurua handia izan zen. Kontuan hartu, adibidez 1980-81. ikasturtean, guztira 243 ikastola eta 65.273 ikasle zirela eta ikastola horietako gehienetan Saioka erabiltzen zela. Geroztik ikastola haietako asko sare publikora pasa ziren, eta esan daiteke Saiokaren eragina euskal irakaskuntza osora hedatu zela. Ekoizpenari dagokionez, jaso ditudan datuen arabera, 1974. urtetik hasita 1982. urterarte, hau da 9 urtetan, 24 testuliburu, 2 gidaliburu, 2 disko sortzen dituzte. Guztira 5.755 orrialde osatzen dute. Testuliburuak ez diren beste ikasmaterialak ere plazaratzen dituzte. 

 Kopuru horiek handiak dira, baina Saiokako Iker taldearen ekarpena baloratzeko orduan, nire iritziz, arrazoi kuantitatiboak baino kualitatiboak garrantzi gehiago daukate.

-         Bazeuden testuliburu solteak, batez ere, Matematika eta Esperientziak (Natur eta Gizarte Zientziak) lantzeko, bazeuden bildumak ere, baina ez  zuten hezkuntza egitasmo oso bat osatzen. Saioka proiektua izan da euskal ikasmaterialgintzaren ibilbidean lehenengoa Oinarrizko Hezkuntza Orokorra bere osotasunean hartzen (6-14 urte) eta arlo guztiak besarkatzen. Hori meritu handia da.

-         Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua bideratzeko planteamendu pedagogiko sendoan oinarritzen dira. Gaur egun ere Piaget-en oinarritutako ekintzaren eta saiakeraren  ikuspegi eraikitzaileak eta Freinet-en oinarritutako talde lana eta sozializazioaren ikuspegiak gaurkotasun osoa mantentzen dute. Ikuspegi pedagogiko horren meritua areagotzen da, garaiko testuliburuetan erabiltzen zen “fitxen” metodologiarekin erkatzen bada.

-         Euskal Herri osoa besarkatzen duen curriculum plateamendua egiten dute. Ikustekoa da nola zaintzen den euskal lurralde desberdinen arteko informazioaren oreka.

-         Euskara batuaren aldeko apustua egiten dute eta eskarmenturik gabeko esparru horretan, batere samurrak izan ez ziren bide berriak irekitzen dituzte.

-         Eragileek eta egileek “Iker” taldea osatzen dute eta itzulpen lana alde batera utziz, hain zaila baina era berean hain eraginkorra den sorkuntza lana egiten dute.

-         Talde honen lana ez da materialak plazaratzera mugatzen, irakasleen prestakuntza ere besarkatzen  dute.

-         Ez dira testuliburuak sortzera mugatzen, beste era bateko material osagarriak ere kontuan hartzen dituzte.

-         Testuliburuetan ohikoak ziren edizioen ezaugarri teknikoak eraberritzen dituzte: irudiak, maketa …Garai hartako testuliburuekin parekatuz, askoz ere biziagoak, alaiagoak, atseginagoak, originalagoak dira.

-         Enpresa planteamendua egiten dute, profesionalak kontratatuz eta lanaren truke dirua ordainduz. Horrek ez du esan nahi egileek bere kontura bolondres lana ugari egin ez zutenik.

-         Saiokaren  egileen zerrenda aztertzen bada, Saiokaren eskola benetan oparoa izan dela esan daiteke. Orduan egile moduan ibilitakoak, gaur egun itzal handiko pertsonak dira, euskal irakaskuntzan eta beste esparru batzuetan ere.

 Saiokaren eta Iker taldearen ekarpenak haizeak eraman ez ditzan, liburu batean jasotzeko eta plazaratzeko asmoa dugu datorren udaberrirako.

    II.- Ikastolak eta ikasmaterialak orain

 Pertsonen eta erakundeen aberastasuna bere buruaz duten oroimenaren tamainakoa dela esaten nuen hasieran. Pertsonen eta erakunde bizien ezaugarriak ez dira, ordea, bere buruaz duten memoriara mugatzen, memoria horretan oinarrituz, ekimen berriak sortzeko duten gaitasunean baizik. Memoriaren eginkizuna ez da oroimen hutsean geratzea, atzera begira geratzen diren zaharren antzera, behar berrietan oinarrituz egitasmo berriak sortzea baizik.

 Gaur Saioka proiektua gogoratzen ari gara, baina Saiokak izan du ikastoletan jarraipena. Horien artean batzuk ikastolen memorian gertukoak zaizkigu (adibidez, Oinarri, Haurtxoa, Axelko, Otsoko, Beleko...) eta beste batzuk, egun erabiltzen ditugu. Luze joko luke Ikastolen Elkarteko eta Elkar argitaletxearen artean eta Ikastolen Elkarteek eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak bere aldetik  plazaratutako ikasmaterialen aipamena egitea. Hobe eskutan duzuen 2006-07. ikasturteko katalogoa begiratzea, egiten ari garen lanaz jabetzeko. Bertan ikusiko dituzue formato desberdinetako ikasmaterialak: paperean inprimatutako testuliburu eta lan-koadernoak, CD-audioak, bideoak, CD-ROMak, joko didaktikoak…. Guztira 300 titulu baino gehiago dira. Horien kalitatearen bermea eta lekuko, Ikastolen Konfederazioaren Lehendakariak aipatu duen bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Europako Elkarteak eta Espaniako Gobernuak emandako sariak dira. Oraindik publiko egiterik ez daukagu, baina denbora gutxi barru zehaztasunez jakitera emango dugu, ingelesez plazaratzen diren ikasmaterialak saritzeko Sari ospetxuena, aurten Ikastolen Elkarteak egindako ikasmaterial bati eman zaiola.

 Lanaren tamaina irudikatzeko, esan ikasturte honetan 75 pertsona inguru ibiliko direla ikasmaterialgintzan, batzuk denbora osoz, baina gehienak denboraren zati batean, ikasmaterialen sorkuntza lanetan. Horietako askok ikastoletako irakasle lana eta ikasmaterial sorkuntza lana bateratzen dituzte. Ez dago, nire ustez, irakasle bat ondo formatzeko testuliburuak egiten jartzea bezalakorik. Bestetik, egile horiekin egiten den inbertsioa oso biderkatzailea suertatzen da, izan ere egile horiek ez dira sorkuntza lanera mugatzen, baizik eta sorkuntza lanarekin batera irakasleen prestakuntzan ere aritzen dira. Hauek dira ikastola mugimenduaren lokomotora eraikitzen dutenak eta lan horren aitorpena eta esker ona merezi dute.

 III.- Euskal Curriculuma eta etorkizuneko ikasmaterialgintzaren erronka

 Ona da eskutan dugun ikasmaterialen altxorra baloratzea, harro  eta pozik egotea, baina beti ere geroa zainduz. Etorkizun hurbilean, badugu erronka berri bat:  Euskal Curriculumaren egitasmoak sortuko duen  ikas material berrien erronka hain zuzen ere..

 Argi dago Euskal Curriculumaren egitasmoa indarrean jartzeko testuliburuak izango direla giltzarria. Argi dago Euskal Curriculuma oinarrizkoa eta komuna Euskal Herri osorako adosten bada, orain arte ezagutu dugun testuliburugintzaren ikuspegian  aldaketa sakonak eragingo dituela. Baina gai horretaz sakon eta patxadaz pentsatu behar da. Hemen aurreratuko ditudan ideiak, gehiago dira pentsatzen hasteko.

 Euskal Curriculumaren egitasmoa indarrean jartzen laguntzeko sortu beharko diren ikasmaterialak, nire iritziz,  ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

 1.- Euskal Herri osorako eta era berean lekuan lekuko baldintzetarako balio duten ikasmaterialak:

Curriculumaren oinarria (hezkuntzaren xedeak, hezkuntza konpetentzia orokorrak eta eduki metadiziplinarrak)  eta enborra (curriculum oinarrizkoa eta komuna) Euskal Herri osorako berdina izatea aurreikusten da. Horren arabera, egiten diren testuliburuak Euskal Herri osorako balio beharko lukete. Baina era berean, curriculuma lekuan lekuko, hau da, herri edo bailara bakoitzaren kultur ezaugarrien, lurralde bakoitzaren curriculum ofizialaren eta hezkuntza sareen ezaugarrien arabera berezia izango den neurrian, testuliburuak ere ezaugarri bereziak izango lituzkete esparru bakoitzean. 

 2.- Egile taldearen ezaugarriak: koordinazioa eta malgutasuna:

Euskal Herri osorako curriculum oinarrizkoa eta komuna eta lurralde bakoitzeko curriculum ofizialak jasoko dituzten testuliburuak prestatzeko, lurralde bakoitzeko  egileez osatutako talde sendoa beharko litzateke. Talde honek lekuan lekuko egileei laguntza eman beharko lieke bakoitzaren euskalkien egoera (lexikoan bereziki) eta kultur ezaugarri propioak testuliburuetan txertatu ahal izateko.

 3.- Ikasmaterialen euskarriak:

Curriculum diseinu bakarrean oinarrituz, Euskal Herri osorako eta leku bakoitzeko behar desberdinei batera erantzuteko, testuliburuen euskarria malgutasun handikoa izan beharko litzateke, hau da, teknologia berrien laguntzaz aldaketak erraz sartzeko modukoa eta autonomiaz inprimatzeko modukoa.

 4.- Ikasmaterial osagarriak:

Irakasle gehienek, batetik,  ez dute euskal kultura ezagutzeko aukera handirik izan eta, bestetik, berariazko euskal kultur ezaugarriei buruz plazaratutako informazio gehiena ez dago era didaktikoan idatzita eta oso sakabanatuta aurkitzen da. Alde horretatik, jakintza sail baten inguruan informazioa eman dezaketen liburu monografikoak plazaratzea beharrezkoa litzateke.

 5.- Irakasleen prestakuntza :

Bai testuliburuen zein ikasmaterial osagarrien sorkuntza eta irakasleen prestakuntza uztartu beharrekoak dira. Ikasmaterialak irakasleen eskuetan jartzen diren tresnak edo lanabesak dira. Tresna horien erabilpenaz informazioa eta formazioa ematen ez bazaio, tresna horiek ez ditu ondo erabiliko eta  ikasmaterial horien sorkuntzan egindako ahalegina alferrikakoa izan daiteke.

 IV.- Ikastola, curriculuma eta ikasmaterial propioak

 Bukatzeko, gaurko ekitaldian azpimarratu nahi izan dugun ideia nagusia aipatu nahiko nuke: curriculum eta ikasmaterial propioak izatea ikastolen eta, oro har, euskal irakaskuntzaren garapenerako giltzarria da. Bere curriculum propioa eraikitzen ez duen herriak nekez ziurtatu dezake herri horren izaera osatzen duten hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa eta biziberritzea.

 Euskal Curriculumaren egitasmoan bi asmo uztartu behar dira:

a) Proiektu komun baten arragoa izango den Euskal Herrian bizi garen guztiok partekatuko dugun gutxieneko euskal curriculuma oinarrizkoa eta komuna.

b) Lekuan lekuko kultur ezaugarriak, hau da, herrialde bakoitzeko curriculum ofiziala, herri bakoitzeko kultur espezifikoa, etorkinen kulturak eta gizabanakoen desberdintasuna.

 Lehen asmoak Euskal Herri osoari begiratzen dio. Bi estatu eta hiru administrazioen izan arren, zer daukagu eta eduki nahi dugu elkarrekin Euskal Herrian bizi garenok?. Bigarren asmoak, aldiz, aurrekoaren osagarri den aniztasunari.

 LOE legearen eraginez EAEko eta Nafarroako curriculum ofizialak prestatzen hasiko den une hau, aukera paregabea da Euskal Herri osorako oinarrizkoa eta komuna izango dena eta lurralde bakoitzeko curriculum ofizialen artean uztarketa egiteko, bide paraleloak saiestuz.

 Curriculum propioa bai, baina hori indarrean jartzeko ikasmaterialak behar dira. Garrantzizkoa izango da Euskal Herrian kokatuta dauden argitaletxeak  eta euskara eta euskal kultura ondo ezagutzen duten egileek ikasmaterial horiek sortzea eta plazaratzea. Euskal Herrian eta kanpoan bere egoitza duten argitaletxeetako ikasmaterialak aztertu dira eta oso argi ikusten da Euskal Herriko eta Espaniako enpresek lurraldeari, hizkuntza eta kulturari, historiari eta gizarte-antolamenduari ematen dioten trataera oso desberdina dela. Kanpoko enpresen ikuspegiz, Euskal Herria Euskal Autonomi Erkidegora mugatzen da. Bertoko argitaletxeetan, aldiz, ondo bereizten da Euskal Herriaren izaera etno-kulturala eta Euskal Herriko egoera politikoa eta administratiboa. Parisko edo Madrileko argitaletxeen esku uzten bada testuliburuen argitalpena nekez garatu ahal izango da Euskal Curriculuma. Eta ez da ahaztu behar Euskal Herrian euskaraz argitaratzen diren testuliburuen portzentaia gero eta murritzagoa dela. Adibidez, XX. mendearen amaieran, egindako azterketa batean ikus daiteke Madrilen argitaratzen direla euskarazko testuliburu gehienak.

 Etorkizuneko erronkak, horiek edo antzekoak izango dira. Iker taldea bere garaian erne egon zen bezala, guk ere orain eta aurrera begira erne egon beharko dugu.

 

 IKER TALDEA

 1.- SAIOKA PROIEKTUA

 Saioka 1:

-         1974. Gidaliburua, Cinsa, Bilbo, 124 or.

-         1974. Proiektuak eta gaiak. Cinsa,Bilbo,  264or.

-         1974. Osagarriak eta ariketak, Cinsa, Bilbo,  216 or.

 Saioka 2

-         1975. Gidaliburua, 161 or.

-         1975. Proiektuak eta gaiak, Cinsa, Bilbo, 220 or.

-         1975. Osagarriak eta ariketak, Cinsa, Bilbo,  200 or.

-         1978 Matematika 2, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Bilbo, 151 or.

-         1975, 2 Musika kasete

 Saioka 3

-         1975. Proiektuak eta gaiak 1, Cinsa, Bilbo,152 or.

-         1975. Osagarriak eta ariketak 1, Cinsa, Bilbo, 160 or.

-         1976. Proiektuak eta gaiak 2, Cinsa, Bilbo, 183 or.

-         1976. Osagarriak eta ariketak 2, Cinsa, Bilbo, 160 or.

-         1979, Matematika 3, Elexpuru, Zamudio, 168 or.

 Saioka 4

-         1976. Sozial Arloa, Cinsa, Bilbo, 216or.

-         1976. Natur Arloa, Cinsa, Bilbo, 268 or

-         1976. Osagarriak eta ariketak, Cinsa Bilbo, 223 or.

-         1980, Matematika 4, Elexpuru, Zamudio, 232 or.

 Saioka 5

-         1977. Sozial Arloa, Cinsa, Bilbo, 311 or.

-         1977. Natur Arloa, Cinsa, Bilbo, 320 or.

-         1977. Osagarriak eta ariketak, Cinsa, Bilbo, 232 or.

 Saioka 6

-         1978. Natur Arloa, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Bilbo, 224 or.

-         1978. Plastika eta Dinamika, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Bilbo, 256 or.

-         1979. Hizkuntza, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Bilbo, 240 or.

-         1979. Sozial Arloa, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Bilbo, 298 or.

 Saioka 7

-         1980. Natur Arloa 7, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, Donostia, 296 or.

-         1982. Gizarte Arloa 7, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, Donostia, 304 or.

Saioka 8

-         1981, Natur Arloa, 8, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, Donostia, 340 or.

 Guztira  2 gidaliburu, 24 testuliburu (5.755 or.), eta 2 kasete.


2.- BESTE IKAS MATERIALAK 

-         1973. EGUNEROKO GAUZAK 1

Armangue, Rosa

Itzulpena: Mendiguren, Xabier eta Setien, Jacinto

Cinsa/La Galera, Bilbo/Barcelona, 100 or.

 

-         1974: IKUS IKAS

Mendiguren, Xabier

Cinsa, Bilbo, 40 or.

 -         1975: HEZIKETA, ZERBITZU ETA KULTUR ERAGINTZA

Iker

Gráficas Ekin, Bilbo, 200 or.

 -         1975: EGUNEROKO GAUZAK 2

Armangue, Rosa

Itzulpena: Mendiguren, Xabier

Cinsa/La Galera, Bilbo/Barcelona, 91or.

 

Nork: ur.2006/10/27 22:23:29.215 GMT+2
Etiketak: x garagorri | Permalink