Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/11/01 19:22:15.437 GMT+1

Zer ulertzen dugu euskal eskola nazionalaz

Josu Albero

Ikasberri,Azpeitiko Ikastola

Azpeitian,2005eko irailean

Zer ulertzen dugu “euskal eskola nazionala”-z mintzatzen garenean? Erantzunak oso anitzak izan litezke, baina nik lau ardatz hauetan oinarritutako eskola irudikatzen dut: Euskalduna, Nazionala, Herrigintzakoa eta Autonomoa.

Euskalduna: Belanauldi berriak eskolan euskalduntzeko sortu ziren ikastolak Francoren diktadurapean. Garai hartan Hego Euskal Herrian eskola guztiak erdaldunak ziren, ikastolak oasi txiki bat izanik gure hizkuntza zigortua eta jipoituarentzat. Gaur egungo egoera gure Herriko zati handi batean desberdina da. Iparraldean eta Nafarroako alderdi batzutan ikastolek aspaldiko ohitura izaten jarraitzen badute ere (euskaraz ikasteko ez baita beste aukerarik), E.A.E-an eta Nafarroako beste alderditan euskara gureak ez diren ikastetxeetan sartu da ere. Hots, Gasteizen, Donostian edo Iruñean oinarrizko zein goiko ikasketak euskaraz burutu daitezke ikastola batean sartu gabe. Bistan da, beraz, ikastolek “plus” bat eskaini behar dutela D eredua eskaintzen duten eskola publiko ala pribatuen aurrean. Horregatik, oinarriak eta helburuak oso zehatzak izan behar dira: euskal eskola nazionalaren iritziz euskara ez da komunikazio tresna hutsa, gure nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuena baizik, Herria egiten gaituen funtsezko elementua.

Beraz, ez da nahikoa euskaraz irakastea, gure gazteria euskaraz bizierazi behar dugu, euskaldun aktiboak lortu behar ditugu. Gure haurrek euskaraz gelan ikasi eta erdaraz jolasten badute kalean (eskola publikoaren D ereduan gertatzen denaren antzera), ikastolak porrot egiten du funtsezko helburu batean: belaunaldi berrien euskalduntzean. Euskal eskola nazionalak burutu behar duen euskalduntze aktibo horrek oraindik ere eskatzen du –zoritxarrez- jarrera militantea eta hizkuntz kontzientziazioa bere maila guztietan: zuzendaritzan, irakaslegoan eta gurasoengan. Egoera diglosiko batean dagoen gurea bezalako hizkuntzak ahaleginak, antolakuntza eta lana behar ditu normalizatzeko. Hori da ikastolek eskaintzen duten “plus”a eskola publiko ala pribatuaren D ereduaren aurrean: konpromiso irmoa beren ikaslegoaren euskalduntze osorako.

Nazionala: Administrazio-mugaz gainetik, Euskal Herria zazpi lurraldetan finkatutako errealitate kultural eta historikoa dugu. Ikastolek Euskal Herriaz duten ikuspegia nazionala da, eta ezarritako mugak gainditzen ditu. Euskal kultura eta nortasuna E.A.E.-ra murrizteak (gure Herriaren hegoaldean) edo Iparraldera (gure Herriaren iparrean) faltsua eta alderdikoia izateaz gain, oso ikuspuntu motza adierazten du. Gure Herrian jarduten duen frantses ala espainol eskola erregionalistaren aurrean (publikoa ala pribatua), euskal eskola nazionalak Euskal Herriko ikuskera integrala asumitzen du; ikuskera hori ikasgaietan ez ezik, baita ikastolen hedapenean ere isladatzen da, beren sarea gure Herriko txoko guztietara zabaltzen baita –muga guztien gainetik-, Santurtzitik Maulera eta Baionatik Tuterara.

Herrigintzakoa: Kalitatezko hezkuntza euskalduna ez da bakarrik euskaraz emandako hezkuntza: gure Herriaren kulturari –kultura zentzu zabalean ulertuta- atxikitzen dion hezkuntza da ere. Hemen, Historia, Geografia edo Ingurunea irakas daiteke euskara txukunean Euskal Herria aipatu gabe. Hori ez da gure eredua. Eskola ez da erakunde neutroa edo aseptikoa kulturarekiko, balio kultural oso jakinak ematen baititu, hemen, Albaceten edo Singapur-en. Horregatik, euskal eskola nazionalak euskal kulturarekiko atxikimendu estua eta sakona dauka. Euskal kulturaren transmisioa bermatzen saiatzen da gure eskola; ondo ulertuz euskal kultura ez dela elementu folklorikoa, Herri egiten gaituen zutaberik sendoena baizik. Politizazio salaketak ez ditugu onartuko: euskal eskola nazionalak ez baitu politikagintzan jarduten, herrigintzan baizik. Uste baitugu gure kultura ezagutuz eta maitatuz hezkuntza irekiago eskainiko dugula gure inguruko eta mundu zabaleko kulturekiko: “Herritik mundura” esaldiak isladatzen duenak bat egiten du gure pentsamoldearekin. “Euskal Curriculuma” osatzeko azken boladan egindako ahaleginak txalotzen ditugu. Bide egokia iruditzen zaigu, eta gure aportazioak egiten ere jarraituko dugu.

Autonomoa: Duela hamar urte arte, “Buesa Legea”k eskola publikoa/eskola pribatua dilema ezarri zuen arte, ikastolek hasierako gogoa eta izaera mantendu zuten, guraso kooperatiben antzera jarduten Estatuko eskola publikotik eta eskola pribatu erdaldunetatik at, euskarari eta euskal kulturari gogor eutsiz. 1993-az geroztik zenbait ikastolek 3 probintzik osatzen duten Erkidegoko eskola sarean sartzea erabaki zuten, beste batzuk ikastola gisa jarraituz eta jatorrizko independentzia hura mantenduz. “Sare publikoa/sare pribatua”ren eztabaida ez da berria, eta tarteka berpizten da gure hezkuntz komunitatean. Baina gaur eta hemen, euskaldunok burujabetza politikoa ez dugunean, eztabaida hori falazia hutsa da. Auzi hori kanpoko interferentziarik gabe haien hezkuntza politikak garatu ditzaketen herrietan bakarrik planteatu daiteke, horiek besterik ezin baitute horri buruz eztabaidatzeko luxua eduki. Ez da, ordea, gure kasua. Holako auzia plazaratu Euskal Herriko gizartean elizaren atarian dagoen eskale gizajoari bere iritziz kabiar beltza ala gorria gozoagoa den galdetzea bezalakoa da, hots, gustu txarreko adar jotzea.

Horregatik, gaur egun euskal eskola nazionalak bere autonomiari eutsi behar dio, espainiar administrazioarekiko, hiru probintzitako erkidegoko administrazioarekiko, nafarroa garaiko erkidegoko administrazioarekiko, zein frantses administrazioarekiko.

Autonomia honek gure hezkuntza egitasmoa aurrera eramaten lagunduko digu kanpoko interferentziarik gabe, edo ahalik eta gutxienekin.

Sosa apur baten truke gure autonomia hipotekatzeak kinka larrian jarri lezake gure egitasmoa, tokian tokiko botere politikoaren menpe kokatuz. .

Nork: ur.2006/11/01 19:22:15.437 GMT+1
Etiketak: j albero | Permalink