Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/01/18 22:22:48.926 GMT+1

Bidea







Zuk aukeratu duzula esango dizute
baina tokatu zaizun bidea da
gora edo behera joan soilik erabaki ahal izan duzu
igotzen ari zara
ipuinek kontatu zizutenez, zerua goian dagoelako
eta zer dago behean orduan?
Itsasoa, lurra, infernua ala ezer ez.
Inori ez zaio jaistea bururatzen, jaistea eta erortzea gauza bera balira bezala.

Buelta erdi eta behera zoaz
itsasora, lurrera, infernura edo inora ez
hormak itsusiak dira, gorakoan bezalakoak
baina orain ez duzu lehengo ezinegon erretzaile hori sentitzen
aldaparen amaierara iristeko nahia
ibilian zoaz baina besterik gabe
barrenak ez baitzaitu behartzen orain ahalik eta urrunen iristera, gailurrik gailurrena zapaltzera
behera doana, izan ere, ez da inor munduaren begietara
bidea gorakoan soilik ikusten duenaren begietara.

Ez omen dut arrazoirik zure ustez. Bidea aukeratu ezinaz gain, norantza ere ezin omen dugu aukeratu, gora joan beharra dago nahitaez, izateari uzten baitio behera doanak.

Zuk esan didazu, behera zoazen horrek eta nirekin gurutzatuko zarenak minuturen bat barru.



Nork: errailak.2011/01/18 22:22:48.926 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Agian bai,
zortea izango dugu eta
bidean gurutzatuko gara.

Agian zu goraka eta ni beheraka,
edo, ni goraka eta zu beheraka.
Topo egingo dugu,
eta zorte pixka bat gehiagorekin eztabaidatzen geratuko gara.

Orduan zuk zu beheraka eta ni goraka,
edo alderantziz, ni beheraka eta zu goraka,
abiatuko gara.

Baina, kasurik onenean, biotako batek iritzia aldatu,
eta bidearen zati bat konpartitu ahal izango dugu

Nork: Joseba.2011/01/21 08:52:54.490 GMT+1

Iritzitik harago doa daramagun noranzkoa,
aldatzeko
iritzia aldatzearekin ez delako aski,
bizimodua ere aldatu behar da.

Nork: errailak.2011/01/22 11:14:56.980 GMT+1
www.blogak.com/errailak

maiz, gaztetan amestutako bide koloretsuak

barrikada formalez ukatzen dizkigute.

Baina okerrena da, guk ere norabidea aldatu,

eta ondorengoei atzetik segi diezaguten eskatuko diegula

Nork: orhiko sorgina.2011/01/26 22:14:18.004 GMT+1

segi diegu segiko digute
ta okerreko bide hau ez da amaituko
pausuak errepikatzeari uzten diogun arte.

Nork: .2011/01/27 22:52:35.890 GMT+1
www.blogak.com/errailak

utziko al diogu?

Nork: orhiko sorgina.2011/02/15 14:54:09.902 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru