Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/06/26 21:45:48.967 GMT+2

08-06-25

Inoiz ez zion egiarik esan.

Ez eta agurraren orduan.

Masail banatan musu bana

Eta laster arte sotil bat.

 

Behin ere ez zuen eskutik heldu,

Edo adatsa laztandu.

Ahots goxo eta hizkera leun haiekin

Konformatu zen.

 

Ezin izan zion inoiz ilargirik hitz eman,

Ozeanoetan galduriko uharte bakartirik eskaini,

Edo Balendin deunaren egunean

Bonboi kutxarik kurtsiena erregalatu.

 

Baina aski zuen elkarrekin egondako uneekin

Lapurtutako irri bakoitza garaipen bat zen berarentzat.

Txikitasun horiek egiten zutelako sentitzen zuena horren handi... 

Horren handi non, azkenerako, agian, handiegi bihurtu zen.

Nork: Jonan.2008/06/26 21:45:48.967 GMT+2
Etiketak: olerkia poesia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/28 20:35:05.553 GMT+2

Salvador Puig Antich

Udaberri hartan gorrotoa erein arren,

Maitasuna bildu zuten ordainetan.

 

 

Nork: Jonan.2008/05/28 20:35:05.553 GMT+2
Etiketak: poesia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/25 22:05:00.397 GMT+1

Auto ilaretan

Auto ilaretan

Marrei segika

Hutsuneei zirika

Asfalto beltzetan.

 

Inoiz lotu ez ziren

amoranteak ziren.

 

Errotuladore

Bati gora-behera

Batetik bestera

Gorri, berde, more.

 

Gurarik gertuen

margotu zintuen.

 

Lainotik lainora

Salto ta irrintzi

Infernuan bizi

Ginen hain gustora.

 

Bekatuz bekatu

Zer ba engainatu?

 

Teilatuetan oinak

Zoruan burua

Agurtuz negua

Eginik eginak.

 

Otsaila hartako

Hogeita hamarrerako.

 

Putzu lohi bateko

Zapaburu artean

Kilimak oinpean

Ume izateko.

 

Agurturik trenak

Eta amets denak.

 

Esadazu astiro

Baina esadazu

Irri bat hartzazu

Ta eguzkira igo.

 

Zenbat, non, noiz arte?

Garenaren parte.

  

Erantzungailuan

Mila eta bat mezu

Ilargiari kexu

Ozen pulpituan.

 

Azkeneko intxaurrak

Eta azken agurrak.

Nork: Jonan.2008/03/25 22:05:00.397 GMT+1
Etiketak: olerkia poesia | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/10/16 22:51:20.475 GMT+2

Berdinetik berdinera

Pentsatu dut ze arraio
goazen behingo etxera
honek edukiko du eta
marratxo batzuk jartzera,
berak ze arin dioen
ohartzera ohartzera,
itxaron ezazu pixkat
prestatu behar dut zera.
Etxea ondo prstatuta
daukat neskato gainera
zuk ezagutuko duzu
nik daukat kriston bainera,
horregatik egin zazu
salto uretara aurrera
behingoz arituko gara
berdinetik berdinera

 

Unai Iturriaga

Nork: Jonan.2007/10/16 22:51:20.475 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/10/11 22:14:16.304 GMT+2

Ehun aldiz agur

Ehun aldiz agur
esaten denean
dorre bat jausten da
etorkizunean.
Gure mundua den
ontzi galduaren
ondoko penaren
hiriren batean.

Ehun aldiz agur
esan ez banizu ez nizun inoiz esan
ta ehun aldiz ehun,
ez naiz sekula joan izan.
Horregatik agur
esan banizun ez nizun ezer esan
inor ez dago ziur,
edo ez du nahi ziur izan.

Arima galdu zait,
gogorik ez daukat
ez dut ezer salbu,
azken puntu txar bat.
Odol tanta bat naiz,
zapi zuri baten
zure malkoei
gezurrak esaten.

Ehun aldiz agur
esan ez banizu ez nizun inoiz esan
ta ehun aldiz ehun,
ez naiz sekula joan izan.
Horregatik agur
esan banizun ez nizun ezer esan
inor ez dago ziur,
edo ez du nahi ziur izan.

Mikrofono aurrean
haragi puska bat,
euliz inguratua
amets egin dut bart.
Saioak badoaz
saioen ondotik,
ametsak galdu dira
gelako leihotik.

Ehun aldiz agur
esan ez banizu ez nizun inoiz esan
ta ehun aldiz ehun,
ez naiz sekula joan izan.
Horregatik agur
esan banizun ez nizun ezer esan
inor ez dago ziur,
edo ez du nahi ziur izan.   Karidadeko Benta

Nork: Jonan.2007/10/11 22:14:16.304 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/04 22:52:28.798 GMT+2

Zauriak

Zauriak, zauriak osatzeko izan ohi dira

Baina nik zauri hau behar nuen

Eta irri batekin baino ezin dut osatu,

Bai, aske sentitzeak eragiten duen irriarekin…

 

Digitalizazioaren aro honetan dena digitalizatu da,

Sentimenduak kableen barrutik doaz,

Ferekak antza pantaila baten aurrean egonez sentitzen dira

Eta maitasun kopurua GBetan neurtzen da.

 

Pagoei jada ez zaie hostorik erortzen udazkenean

Eta umeek, negar egitearen plazera galdu dute...

Coca-Colak munduko esplotatzaile handiena izateari hutsi dio

Eta Iraken ez dago bonbarik...

 

Gauzak aldatzen dira edo aldatzen doaz, aldatzen ditugu azken batean...

Baina ezer ez da berdin behin itsasgorak urruneko ilargia irentsi duenean.

 

Ez dira berdin kondenak, ez dira berdin ziztadak...

Ez egutegiko zenbakiak, ez etxeko leihotik goizero ikus litekeen zementuzko oihana.

Nork: Jonan.2007/10/04 22:52:28.798 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/03 21:45:38.002 GMT+2

Egunak

Hileak dira ez zeniola bizitarik egiten. Udaberrian ikusi zenuen azken aldiz. Urtaro horretako txatxukeri erromantikoek bihotza ukitu zizuten antza eta urreratzea erabaki zenuen. Ez zeneukan bere berri jakiteko gogo askorik. Bazenekien non zegoen. Urte 2 dira ez dela lekuz aldatu. Gainera, Anderrek ematen dizu bere berri elkar ikusten duzuenetan. Badakizu jakin, Anderrek inoiz ez dizula barkatu. Anaia, anaia da. Badakizu baita ere modu bakarra dagoela Anderrekiko harremana lehengora bueltatzeko. Baina beno, gaur etortzea erabaki duzu. Edo erabakiarazi dizute. Ez da gutxi.

 

Trenean ezeri zara. Leku asko egon arren, norabidearen kontra jesartzea erabaki duzu. Kilometroak igarotzen ikusten zabiltza. Etxe bat eskerretara atzean laga, baserri zahar bat eskuinetara... Badakizu jakin hori ez dela bide egokia. Joana, iragandako zerbait dela. Zaila dela aldatzea. Zure buruari min ematen zabiltza. Baliteke hori nahi izatea. Egindako bekatuaren penitentzia egin nahi duzu. Joño Mikel! Ez zela zure errua izan! Ez ezazu zure burua horrela zigortu. Ez du zentzurik. Ez du merezi.

 

Mila aldiz galdera bera egin diozu zeure buruari. Mila aldiz madarikatu egun hura. Hau horrela izan balitz, horrela irten balira, utzi ez banio... Bizitza baldintzaz beterik dagoela ohartu zara. Baldin eta hau, baldin eta bestea... bizitza baldintzaturik dago. Patuan sinetsi izan duzu beti, bakoitzaren geroa idatzirik dagoela dioten horretarikoa zara. Baina ez zaude ados zuri egotzi dizutenarekin. Urte bi dira ez duzula lo ongi egiten. Urte bi gauero amesgaiztoren batekin esnatzen zarela. Baina ohartu zaitez Mikel, hemen zaudela, konturatu zaitez bizitzak bigarren aukera bat eman dizula zuri, patu edo dena delako horrek bizitza berri baten aurrean utzi zaituela. Ez ezazu aukera hau galdu. Saia zaitez iraganeko akatsak konpontzen, ahalegindu bizitzari norabide berri bat aurkitzen.

 

Ezin duzu. Aspaldi eman zenuen amore. Etsipenak gain hartu zizun egun hura behin eta berriz madarikatzen duzu. Buruan duzun gauza bakarra gaur ez zenukeela bisitarik egin behar da, bisita zuri egin beharko zizuketela. Egoskorra zara!

 

Negua da. Euriak ez du atsedenik hartzen. Inguru dena putzuz beterik daude. Begi bistan dituzu azken egunetako elurteak zuritutako mendi gainak. Zuri daude goialdeak, zuri zure burua; hotz egiten du kalean –negua da-, hotz zure barnean. Baina hotz hori erre nahian dabil zure barruan pizturik dirauen sugarrak. Zentzu bako antitesi bat dirudien arren horrela dago zure barrena. Horrelatsu zaude zu. Zuhaitzak biluzik daude –negua da-, biluzik dago zure egunerokotasuna. Etxean ez dute zure berririk ez bada amak deitzen dizulako, lagunekin ez zara asteetan batu, lankideekin ez duzu hitzik trukatzen... Bai Mikel, negua da zure bizitzan. Luzaroan irauten dagoen negu hotz, gogor eta zuria.

 

Trena geltokitik gero eta gertuago dago. Laster du amaiera burukomina eragiten dabilkizun triki-traka hotsak. Trena habiatu denetik zurekin batera egon da, bidaia-lagun izan duzu musika desatsegin hori. Etengabeko borrokan garaile izan da trenean ozta-ozta entzun zenezakeen musika klasikoaren kontra. Berehala jaiki beharko duzu ahulki gogor eta deserosotik. Berehala murgilduko zara berriz ere errealitate gogor eta deserosoan.

 

Gelditu da trena. Zabaldu dizute atea. Pausu bat egin duzu aurrera. Pausu bakar hori nahikoa izan duzu nasara irteteko. Bertan geratu zara pixka batean. Zutik. Geldi. Irmo. Atzera egitea pentsatu duzu une batez. Etxera eramango lizukeen trenaren zain egotea igaro zaizu burutik. Mikel mela-mela geratzen zabiltza. Ohartu zara. Eta berriz ere bideari ekin diozu. Aspaldian egon ez zaren arren ez duzu bidea ahaztu. Hankak berez doaz. Guardasola trenean utzi duzula konturatu zara. Berdin dio. Olentzerotan etxekoek oparitu dizuten gabardina ona izango denaren esperantza duzu.

 

*****

            Txikitatik ezagutzen zuten elkar Mikelek eta Igorrek. Haurtzaindegitik unibertsitatera heldu arte elkarrekin egin zituzten ikasketa denak. Txikitako makina bat bihurrikeri  konpartitu zituzten. Biak bat ziren. Karakola eta barea. Mortadelo eta Filemon. Mikel eta Igor.

 

            Laguntasun handi horregatik kosta zitzaion horrenbeste Mikeli gau hartakoa bere errua ez zela izan onartzea. Min ematen zion Igor ohe hartan batek daki noiz arte imajinatzeak. Geldi. Gorpu bat bailitzan. Zerraldo. Min ematen zion. Beldurra ematen zion. Ezin zuen irudikatu zati batean bederen (lar zebilen luzatzen gauza onerako zati hura) ez zuela izango pilota partidurik norekin jokatu, ostiral gauetako kalaka haiek urruti geratu zirela.

 

            Azkeneko ikusi zuenean oroitzapen txarrez, tristez, hotzez itzuli zen etxera. Gau osoa begirik bildu gabe igaro zuen. Erietxeko 222. gela. Elurtua. Izoztua. Fluoreszentearen argiak lurrean islatzen ziren, bere begietarako norabidea hartuz. Eski-estazio batetan eguzki izpiek elurrezko maindire zuria jotzen dutenean lez. Paraje antzekoak dira, ospitalea eta mendi elurtua. Denboraren nozioa galdu egiten da bietako edozein tokitan. Erraz galdu zintezke. Zuriak itsutu egiten zaitu. Infinitate horretan nora ezean aurkitzen zara. Mendebaldeak ekialdearekin topo egiten duen tokian, iragana etorkizunarekin bat egiten duen unean, ez aurrera ez atzera.

 

            Mila hodi. Mila korapilo. Kanpotik gorpura. Kanpora gorputik. Plastikozko hoditxoen autopista bat ematen zuen, nondik era guztietako likidoak trafiko geldiezinaren  irudi ziren.

 

            Beldurgarria. Higuingarria. Baina Igor zen. Igor zegoen infernu haren erdian. Izozturik sugarren artean. Urte pare bat lehenago, berarekin hara eta hona zebilen hura zen azken bisitaldi hartan bere aurrean ohean etzanda zegoena. Erdi hilik. Erdi bizirik.

 

            Anbulantziak garraiatu zuen azken urteetan etxebizitza duen horretara. Okasioak eskatzen zuen argi eta doinuekin. Ohore denekin. Minutu batzuk lehenago, auto barruan zegoen. Gorputz guztian zehar beira eta metal zatiak barneraturik zituela. Aurpegi odoldua. Arropa erabat urratuak. 24 urte guztiz puskatuak.

 

            Mikelek zorte gehiago eduki zuen. Ebaki batzuk eta ubeldura mordoez aparte ezer gutxi izan zuen. Harrezkero duen zama edo samina egun hartako mina baino latzagoa da.

 

            Bere kabuz irten ahal izan zuen autotik Mikelek. Eta amorruaren amorruz dudatan jarri zuen aldameneko gorpuari laguntzera joan edota ondoko automobilaren gidariari muturrak txikitzen habiatzea. Ezbai inuzente horrek ez zuen askorik iraun. Berehala hartu zuen mugikorra eta larrialdietakoak hiru minutu ingurura han zeuden.

 

            Larunbat gaua zen. Uztailean galduriko egun sinple bat. Giro sargoria egiten zuen. Zerua izarrez beterik. Ilargiari aldiz egun batzuk geratzen zitzaizkion borobiltasun perfektura iristeko. Egun ederra Renault  Laguna hark semaforo gorria jan izan ez balu. Zuzen zuzenean, ziztu-bizian gure autoko ezkerreko atea kolpatu zuen. Kolpatu eta barrura arte sartu.

 

*****

            Bizi direnak agertzen direla! Urte bete agertzen ez zarela Mikel! Pasa, pasa barrura! Ez zaitez atean gera!...Mikel!? Hor al zaude? Behin etorriko eta kasurik ere ez? Horrenbeste mereziko genuen bada honezkero lagunek ezta?

 

            Alperrik nabilela iruditzen zait, ez dit erantzungo, entzungo balit sikiera...

 

            Mikel, nire egoeraren erantzule sentitzen zara, baina inolako funtsik gabe... senideek sarri esan didate kolpatu zigun autoko gidariak positiboa eman zuela analisietan... ze zerikusi zeukan kalamidade hark zurekin? Beno, badakit ez didazula galderarik egingo, ez eta ezer kontatuko... baina ni behintzat nire bakarrizketez gogaitua nago eta nire hitzak edo pentsamenduak bederen norbaitekin  partekatzeko desiraz nago. Desiraz nago zulo honetatik irteteko, desiraz amonaren babarrun platera dastatzeko... zainetan sartzen didaten likidoek ez dute inolako zaporerik... nazkagarria da eguneko otordu denen menua berdin-berdina izatea.

 

            Denbora ugari izan dut hemen nagoenetik buruari jira-biratan aritzeko, eta berriz bira eta berriz jira... gauza ederra dela bizitza konturatu naiz, eta behar bezala zaindu ez dudan altxor preziatu batek eskutik ihes egin izan balit moduan sentitzen naiz. Gauzen balioaz beraiek gabe geratzen garenean ohartzen garela esan ohi da, topiko bat dirudi baina... egi borobila baino ez da. Ez da erraza zure burua konbentzitzea maindire zurizko ohe batetik zuzenean zure hilobira joan zintezkeela. Ez da erraza ere, egin gabe geratu zaizkizun horiei buruz pentsatzen jarri, eta egin ez izanaren inpotentziaz esnatzea egunero; esnatu edo...

 

            Bai, damu naiz. Damu mila eta bat gauzetaz, behar zen momentuan barkatu esan ez izanaz, egoki zenean maite zaitut hitzak ahoskatu ez izanaz... besarkada bat ematea bezalako gauza sinplerik ba al da? Edota noizbehinka bada ere, telefonoa hartu eta zelan zaude? galdetzea...

 

            Mikel, garaiz zaude, ez ezazu zure bizitzako ezer gutxietsi, damuak damutu orduko bakarrik du konponbidea, behin damutu ondoren... beranduegi da. Azalean geratzeko ohitura dugu, gure baitan ezkutatzeko joera, ireki itzazu begiak, eta ikusi zure aurrean zabal litekeen mundu berri hori. Sinets ezazu mundu berri horretan. Bestela ikus nazazu ni; ikus dezakezuna soilik naiz, berdin dio egia esan -eta arrazoi duzu- nire aldamenean jarri edo ateko markoaren babesean jartzea, edonondik ere ohe gainean zerraldo erdi hilik -erdi bizirik- datzan gorpu bat baino ezin liteke atzeman. Egunez egun bertan lotan igarotzen ditut orduak Edurne Zuri bainintzen, baina bere printzea noiz etorriko den jakin gabe.

 

            Beraz, hartu itzazu hitzok, -pentsamenduok esan beharko nuke ziurrenik- lagun baten aholku eran, eta ez ezazu gehiago zure burua egurtu, horrek ez baitu eta inolako azalpenik. Zertarako eri bi bat egon litekeen tokian?

 

*****

- Kaixo Mikel. Aspaldian ez zaitut inguruotan ikusi. Egia esan hemen denak berdintsu jarraitzen du. Medikuek diote okerrera behintzat ez duela egin, badakizu, bertan egunak joan eta egunak etorri, koma egoera honetatik noiz esnatu zain. Bizitzen jarraitzeko beste aukera omen ditu lurpean bukatzeko. Baina bitartean, itxoitea besterik ez dugu...

 

Egia esan, denbora asko igaro da azkenekoz elizara joan nintzenetik, fedeak ere aspaldi egin zidan ihes, baina edozeri lotzeko gai omen gara anaiak... aspaldian sendagileekin beste hitz egiten dut goiko horrekin, laguntzaren baten bila edo... baina halere alferrik nabilela iruditzen zait sarritan.

 

Gela elurtu honetara sartzen naizen aldiro eta bera hor izozturik ikustean... izugarrizko negargura etortzen zait, baina egia esan eta zergatia jakin gabe, eutsi egiten diot, Mikelek ikusten nauelakoan... baina alperrik da dena, alperrik errezoak, negarrak, eta tamalez medikuen lana ere alferrekoa delakoan nago.

 

Behar bada, eta damuak alperrik izan arren, ez naiz anai ona izan. Behar bada ez dugu ulertzen jakin. Behar bada...

 

Besoak ikusten dizkiodanean, sentimendu arrotz batek gain hartzen nau, higuinak, amorruak, tristeziak... ubeldurak, zauriak...  iraganaren oroigarriak...

 

Elurturik daude mendi gainak Igor, zoragarri daude, esan al dizu Mikelek? Oroitzen nola txikiak ginela, amonak egindako eskularru eta bufanda jantzirik elur artean jolastera joaten ginen? Oroitzen Igor ? Gaur hotz egiten du. Euria ari du. Eta parkeko putzuren batetan itotzeko gogoak dauzkat. Laino grisetara igo eta bertatik iragana ikusi nahi dut etorkizuna gurea delakoan...

 

-         Etxean geratu izan bagina...

 

 

 

 

             

 

Nork: Jonan.2007/10/03 21:45:38.002 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/02 21:54:31.751 GMT+2

Bizitza baten tokatzen zaigu

 

Bizitza baten tokatzen zaigu

zortez edo zoritxarrez

ez nazazue zorotzat hartu

eskatzen dizuet mesedez

norabiderik ezin aurkitu

txalupa galdu baten lez

nola, norentzat eta zergatik…?

faltsukeriarik behintzat ez.

 

Zeinen gustura joango nintzake

itsaslabarren artera,

itsaso urdinak dakarren kresal

usain gazia usaintzera

eta holako momentu baten

amildegi  hortatik behera,

jaiotakoan kendu zidaten

askatasuna hartzera.

 

Bizi nahi nuke giltzapeturik

neronen bakardadean

noizbait izuri nituen malko

gutxi hoien babesean

denaren errudun zu zarela

senti arazten dizunean

zerbait ez doa batere ondo

heriotza maite denean.

Nork: Jonan.2007/10/02 21:54:31.751 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/01 20:19:55.383 GMT+2

Eternitatea neurtzerik bada

 Eternitatea neurtzerik bada

erlojuaren orratzekin,

denbora zaindu ahalko bagenu

gure ilusio galduekin…

Zenbat iraungo lukeen galdezka

hainbat zartada eta hainbat min,

eskuetan zehar barneratu eta

ametsa gurea egin.

 

Tik-tak hotsean murgiltze horretan

paradisu ala infernu?

Galdera ororen erantzun oro

ziur jakingo bagenu.

Zeri itxaron, noren zain egon...

baina ez zen sekula heldu,

igaro ziren itxaropenak

eta bertan ginen usteldu.

 

Itsasoa eta lurraren arteko

marra horretan oina pausatu,

preso dagoen lore bakoitza

bere arantzatik askatu,

gatzaren gozoa eta belardiaren

gazitasuna dastatu,

ezinezkoa denarekin amets

eta momentua ezin gozatu.

 

Dena eman eta ezer jaso ez

badugu hainbat meritu,

batzuetan garaile atera eta

beste batzuetan zauritu.

Adar berri bat jaio da baina

haizeak arin eraman du...

Atea ireki eta poliki

inor ez dagoela ohartu...

 

Hori izanen da eternitatea

batzuetan serio, besteetan irri,

heriotzak beti nahi izan du

ahalik eta denbora gehien bizi.

Akats bakoitza ordaintzen dugu

tamalez nahikoa garezti,

denborak segundu ugari ditu

eta guk denbora gutxi...

Nork: Jonan.2007/10/01 20:19:55.383 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/09/30 21:54:09.524 GMT+2

Ez dago ilusio faltsurik

Emaidazu eskua eta hau gertatu zeneko
lekura eramango zaitut
baina zuk nahiago dena ederki ikustea
begiak itxita
zin egidazu ez dela berriz gertatuko
baina soilik ezpainak
mugitzen dituzu ezta?
Utzidazu esaten lekukoek ez dutela
beti berdin ikusten.
Orain ez dago ilusio faltsurik
zure itxaropenak zoroen solaspausa.
Zerraldoa bahitua izan da kalean
denen aurrean eta zu mutu zaude orain.
Zeinek ulertuko du
nagitsuak ixilik jarraituko dira.
Zeinek pagatuko du inozentzi
galduaren preziua.
Atraku bat izan da eta ez da inoiz
ezer errekuperatuko
eta nork daki mendekua bilatzea
egokia den ala ez.
Ez dago ilusio faltsurik.

Nork: Jonan.2007/09/30 21:54:09.524 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)