Presioa indartzeko kontrabotere herritarra gorpuztu!

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-02-03 09:24

Administrazio publikoen diru murrizketak direla eta alerta gorria piztu da euskalgintzan. Horren harira hainbat sektore estrategikorekiko kezka zabaldu eta erantzuteko premiaz hausnarketak ugaritu dira azken asteotan. Euskarazko komunikabideen kasuak hartu du protagonismo berezia,baina ez da inola ere arlo bakarra.

Plazaratu diren iritzien artean bereziki garrantzitsua iruditu zaigu euskararen aldeko presioa artikulatu eta aktibatzearen inguruko beharra azaleratu izana.

Hala ere,hausnarketa mugatuegiak gaindituz, euskalgintzak berak behar duen ASTINALDI orokor baten beharra ere agerian gelditzen ari da eta diskurtso AUTOKONPLAZIENTEEI ere planto egiteko garaia dela deritzogu.

Garrazki esango dugu, euskalgintza eredu bat ere agortuta dago.

Administrazio zapaltzaileekiko konplizitate bilaketa, subentzioekiko menpekotasuna, despolitizazioaren apologia, hizkuntz gatazkaren oinarrien ezkutatzea eta baita burokratizatze joera bera ere neurri handiegian euskalgintzaren zati baten ezaugarri bihurtu dira.

Azken finean gauzak sinpleak ere badira. Euskararen aldeko proiektu bat euskararen etsaien laguntzekiko dependientea izatea ez al da zentzugabe xamarra?

Horrek jakina beste hausnarketa batera garamatza:administrazioak behartzeko estrategiara eta baita herri euskaldunak dituen eta ez dituen administrazio baliabideetara hain zuzen ere. Hortxe dago irakurketa egoki baten ezinbesteko oinarria:

Euskal Herria, herri euskalduna, menperaturiko herria da eta asimilazioa helburu duten hizkuntz politikak jasaten ditu. Beraz, politika horren zerbitzura dauden bitartekoak BORROKATZEAK berebiziko garrantzia du.Argiago esan dezagun beharrezko bada: hizkuntz gatazka areagotzeari ez diezaiogun izurik izan.

Askotan gatazkarik eza bere baitan helburu bilakatzen da,baina gurea bezalako zapalketa egoera gainditzea hari aurre egingo dion indar batetik soilik lor daiteke.Bi indarren talkak sortzen du gatazka eta bien arteko indar-harremanaren araberakoa izaten da ondorioa:zapalketaren jarraipena (diglosia,minorizazioa,erdalduntzea) edo egoeraren iraultzea (berreuskalduntzea).

Zentzu horretan SEKTORE ikuspegia gaindituz, HERRI ikuspegia indartu behar dela deritzogu. Euskararen aldeko eragileak ekonomikoki itotzea ez da euskalgintzara mugaturiko erasoa, herria hau erdalduntzeko estrategia etnozidaren ondorio eta bitartekoa baizik. Horregatik euskararen aldeko herri-mugimenduaren zeregin nagusia herri euskalduna borroka horretarako mobilizatu eta antolatzean datzala uste dugu KONTRABOTERE HERRITAR indartsu bat mamituz.

Puntu horretan, Kontseiluak presio beharraz esandakoa hain beharrezkoa den jarrera ofentsiboago baterako urrats gisa oso aipagarria izan daiteke. Baina ikuspegi mailan mezu ezegokiak ere zabaldu dituela esan behar da.

“Euskalgintzan milaka lanpostu daudela eta ehundura ekonomiko bat osatzen dugula” eta ondorioz euskalgintzak “lobby” bihurtu behar duela esatea adierazgarria iruditzen zaigu.Ikuspegi kasik enpresarial batek hartu duen indarraren adierazlea.

Abian dira hausnarketak eta apalki,baina garbiki, guk ere badugu gure iritzia emateko:

Presio euskaltzalea aktibatu,kontrabotere herritarra gorpuztu,ikuspuntu burokratizatu eta enpresarialak alboratu, BORROKA eta MILITANTZIA BULTZATU!


Utzi iruzkina: