Nagore Ferreira: “Emakumea eta transmisioa, Euskal Herrian. Hizkuntza eta baloreak”. Ikerketa honek aztertzen du orokorrean emakumeak zein paper bete duen euskararen transmisioan. Ikuspuntu antropologiko batetik aztertzen du transmisioa. Interesgarriak eta beharrezkoak dira mota hauetako ikerketak, behar-beharrezkoak. Lan honek dakarren berrikuntzarik nabarmenena da hiru andreekin egindako sakoneko elkarrizketak egin izana. Estimatzekoak dira elkarrizketa hauek. Bestela, nahiko lan orokorra da eta bilketa lan polita egiten du, batez ere arlo teorikoan. Beste ikerketa zehatzago batzuk abiatzeko oinarria ipintzen du.
Eunate Irazabal: “Emakumea eta euskal irakaskuntza”. Nolabait esatearren, aurreko lanaren osagarria izan daiteke honako hau. Aurrekoak aintzat hartzen zuen emakumeak izan duen eragina transmisio naturalean eta honako honek, berriz, emakumeen eragin hori transmisio kulturalean. Historikoki emakumeak euskarazko irakaskuntzan izan duen eragina zehatz-mehatz azaltzen du egileak. Datuak ematen ditu eta lan zehatza egiten du. Gaur egungo egoerari dagokionez, datuak ematen ditu, oso interesgarriak eta zentzu batean denon intuizioekin bat egiten dutenak: emakumeak gehiengo dira hezkuntzan (unibertsitatea, lanbide heziketa eta kirol hezkuntzan izan ezik), baita helduen euskalduntze-alfabetatzean ere. Horien gaineko irakurketa ere egiten du Eunate Irazabalek, baina agian horretan apur bat hankamotz geratzen da. Gehiago sakontzeko moduak okurritzen zaizkit: kopuruak ezberdinak al dira euskarazko eta erdarazko irakaskuntzan? Eta Euskal Herrian eta beste herri batzuen artean? Eta, hala balitz, zeren arabera azaldu ahal dira ezberdintasunak edo berdintasunak? Dena den, aurrekoa bezala, hizkuntza genero ikuspegitik aztertzeko saiakera polita da honako hau ere.
Kattalin Arizmendiarrieta: “Euskalkiak eta gazteak”. Titulua orokorra bada ere, ez pentsa teoria orokorrik topatuko duzunik lan honetan. Euskalkiak eta gazteak baino, Ondarroako gazteak eta euskalkiak izan beharko litzateke izenburu aproposagoa. Ikerketa soziolinguistiko hutsa da honako hau. Hiznet-eko ikerketetan oso gutxi izango dira ikerketa soziolinguistiko hutsak direnak eta hauxe da honako hau. Ondarroan jartzen du fokua egileak, Ondarroako gazteengan hain zuzen ere. Interesgarria da ikustea euskara “natural” bizi duten gazteen ohiturak, esamoldeak eta arazoak. Euskararen arnasbideak jagoteko pistarik eta trikimailurik topatzeko bide egokia izan daitezke mota hauetako ikerketak. Dena den, niri soziolinguistika hutsa ez zait horrenbeste arduratzen, soziologia eta diziplinartekoak nahiago.
Mikel Leunda: “Soraluzeko gaztetxoak eta euskara”. Oso ikerketa osatua ekarri du Mikel Leundak. Lasarte-Orian egiten diren antzerakoa da ikerketa. Oso tresna erabilgarria da hizkuntza baten indarra eta estatusa neurtzeko, gaztetxoen artean. Ikerketak ematen dituen emaitzen artean, behin eta berriz nabarmentzen den ama-hizkuntzaren aldagaia. Ama-hizkuntzak hein handi batean baldintzatzen du euskararen gaitasun erlatiboa, eta gaitasun erlatiboak hein handi batean erabilera. Transmisioa berriro ere hizkuntzaren osasunaren neurri eta hizkuntzaren erabileraren neurri. Nago garrantzi gutxiegi ez ote diogun eskaintzen.

Post a comment