Euskara "salbatzeko" dekalogoa

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2008-06-02 08:50
5

Littlebearrek esan ez bezala, Pako Aristik sinesten du hamar pausorekin gure hizkuntza salba daitekeela. Gainera, berak esaten du blogetan-eta kopiatzeko eta zabaltzeko. Ba, hori egin dugu kopiatu (nahiz eta guztiz ados ez egon).

Euskara salbatzeko dekalogoa

Pako Aristi

1-Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko, urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez, euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean.

2- Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da. Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio.

3- Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari, inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria: euskara=ikurrina=trikitixa=manifa.

4- Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du izan.

5- Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien jendeak ez dezala pentsa «ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote garrantzirik ematen», «zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola, gero izango dituzu hamar urte ikasteko». Legedi zabala hor dago; seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak.

6- Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna. Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak, reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen sentipena nagusitu dadin.

7- Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri, idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan ausartak.

8- Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak: euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura, euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit, Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea...

9- Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala, Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.

10- Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten moduan gizarte osora irits daitezen.

Benito

Benito 2008-06-02 14:13 #1

Txerrak guztiz ados ez dagoela esan eta horretan geratu.... ummmmmm.
Neuri behintzat, apur bat kantsagarriak egiten zaizkit kultur-kontsumoa, liburuak eta halakoei hainbeste erreferentzia. Kulturetismo apur bat nahi baduzu.

txerra

txerra 2008-06-02 14:52 #2

Esan esan ez dut esan, baina iradoki bai. Ez zait iruditzen dekalogorik behar dugunik, bestelako plan landuak baizik. Gainera, gutxienez bi punturekin ez nago bat ere ados: 8. eta 9.a. Eta zuk aipatu duzuna: kulturetismo lar badago kontu hauetan. Gazteek pornoa euskaraz kontsumitzea izan daiteke adierazlea, baina ez inondik inora konponbidea.

Benito

Benito 2008-06-02 18:41 #3

Bai, 7. puntuko hau adierazgarri: "Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri, idatzi edota produktuak erosi eta dastatu."
Gurean behintzat lau gauza horiek entzutea, hitz egitea, irakurtzea eta idaztea dira. Eta produktu horiekin egiten direnak beste hainbeste.

Benito

Benito 2008-06-04 02:35 #4

Kontradekalogoa egin du batek Uztarria.com-en.

txerra

txerra 2008-06-04 08:55 #5

Ea norbaitek kontradekalogoaren kontradekalogoa egiten duen. Ai ama. Batzuetan ilusoak izaten gara. Gaztetxoen komandoena broma izan behar zen, bestela a zer barreak (edo negarrak) egingo dute gazteen artean euskararen erabilera bultzatu nahi dutenak.

Utzi iruzkina: