Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/10/29 18:05:05.699 GMT+2

First we take Manhattan?

Petra Elserrek artikulu interesgarria plazaratu du aste honetan sustatun. Euskaldunon bizi-mailaz eta abar mintzatzen zen artikulua.

Interesgarria da gai honi oratzea. Berak esaten zuenaren arabera euskal hiztunen elkartea ekonomikoki aberatsa da eta ikasketa mailan ondo prestatua. Gainera, euskal elite berri-berria dugu, aurrekoarekin zerikusirik ez duena: laikoa, sexuen parekotasunean orekatua, ipar-mendebaldeko balioetan hezia (Manhattanera edo Berlinera begiratzen duena, Madrilera baino gehiago), eleanitza eta nazioartean esperientziaduna, hainbat master eta tituluren jabea, eta enpresetan, unibertsitatetan eta instituzio publikoetan lanpostu garrantzitsuak dauzkana.


Argazkilaria: Aturkus

Bai, Petrak arrazoia dauka, egoera guztiz homogeneoa ez bada. Gipuzkoan, Nafarroa iparraldean eta Bizkaiko zenbait eskualdetan hau nahiko nabarmena da, Bilbo aldean eta Gasteiz aldean, ordea, ez horrenbeste. Baina tira onar dezagun hori hala dela. Hala ere, berak aitortzen du elite berri hau oraindik gaztea da (40 urtetik beherakoa) eta ez dago (gaude) elitearen erpinean inondik ere.

Eta Petrak geroago esaten du honako hau: Euskarak eta euskal gizarteak azken hogeita hamar urteotan izan duen bilakaeran, aurrerapen prozesuan eta lorpen guztietan, ziur asko eragin handia izan du, eta bide egokia zen, lehentasuna erdi eta goi-mailako klasetan jartzeak: hezkuntzan, kulturan, aisialdian eta ekonomian. Geografikoki bizi garen lekuan eta munduko ekonomia sistema kontuan hartuz, klase horiek gabe, zoritxarrez, hizkuntza komunitate batek ezin du bizirik iraun.

Ados nago Petrarekin. Baina ... elite horrek euskaraz betetzen ditu bere bizitzako funtzioak? ala maila sinbolikoan geratzen da euren euskaltasuna? Lan munduan ze hizkuntzatan mintzo dira horiek? Eta aisialdian? Eta kultur kontsumoan? Eta ...

Eta baita beste hau esan ere: segurtasun ekonomikorik gabeko klase baztertuetan, lanerako adina duten pertsonen artean, hizkuntza nagusia gaztelania da, edo, etorkinen eraginez, munduko beste hainbat hizkuntza.

Ados nago Petrarekin. Baina ... gaztelania ez da bakarrik klase baztertuen hizkuntza. Bizkaian, Araban eta Nafarroan elite ekonomikoaren hizkuntza ia bakarra da, eta Gipuzkoan hein handi batean ere bai. Gauza biak aipatu behar dira, zintzoak izango bagara.

Nork: garaigoikoa.2010/10/29 18:05:05.699 GMT+2
Etiketak: soziologia euskalduntasuna bizi-maila eliteak sustatu hizkuntza elser sl soziolinguistika petra | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (1)

Erantzunak

Eskerrik asko, nire artikulua blog honetan aipatzeagatik eta argazki polit horrekin apaintzeagatik ;-) Horren bidez ere ezagutu dut blog interesgarri hau.

Aipatzen duzun hirugarren puntuari buruz, ohar txiki bat egin nahi dut:

Lurraldeei buruz hitz egiten dugunean, Iparraldea ere sartzen da, nahiz eta egoera oso diferentea izan. Baina hala ere, nik uste antzeko fenomenoak gertatzen dira, nolabait denboran atzeratuta (leku askotan oraindik galtze-prozesu agudo gertatzen da eta ez biziberritzea) . Zuberoan adibidez duela 20-15 urte arte euskara oraindik baserritar-langileen hizkuntza (beheko klaseena, alegia) izan zen, baina justu haien artean (herrietan edo kalean behintzat) gehien galdu da euskara azken 15 urtetan eta  gaur egun euskaraz bizi edo etxean eta kalean euskara erabiltzen dutenak (nire behaketa, besterik ez....), ertain-klaseko familia gazte eta ikasketa onekoak dira, ikastolak eta euskal kultura inguruan mugitzen direnak. Beheko bizi maila eta ikasketa urriko pertsonak, ordea, proportzionalki, neurri handiago batean frantsesera pasa dira.


Nork: Petra Elser.2010/11/04 22:56:55.178 GMT+1

Apropos ez nuen aipatu Ipar Euskal Herriko egoera. Alde batetik, ezberdina delako eta beste batetik horren ondo ezagutzen ez dudalako. Baina bai, arrazoia duzu Petra, horretan ere.

Eta pozten naiz blog hau deskubritzeagatik, eta pozten naiz erantzuna uzteagatik, nahi baino gutxiago jasotzen ditut eta. Jarraituko dugu ibiltzen .......

Nork: txerra.2010/11/05 12:36:46.374 GMT+1

Urtzi Urrutikoetxeak ere aipatu du gaia igande honetako bere zutabean: Aberatsen hizkuntza.

Nork: txerra.2011/03/21 09:39:41.148 GMT+1

Errenferentziak:

...an-1"> 2 All 0 Influential $(window).load(function(){$('#side-ad-block').oneriot_ads();}); First we take Manhattan? - Garaigoikoa blogak.com/garaigoikoa/first-we-take-manhat...

Erreferentzia:  Twitter Trackbacks for First we take Manhattan? - Garaigoikoa [blogak.com] on Topsy.com 2010/10/29 20:37:28.253 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru