Gazte gara gazte .......

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2008-06-10 08:37
3

Aurrekoan irakurri nuen “gaztetxoen komandoak” osatzeko proposamen zoroa. Euskara bultzatzeko komandoak, badaezpada ere. Kontzientzia sortzeko komandoak, alegia. Proposamenak ez du ez hanka ez buru, baina tira.

Honi oso lotuta galdera hau: Zergatik ez dute gazteek euskaraz egiten? Zenbat aldiz entzun dugu. Herri honetan oso ohituak gaude geure buruak zigortzera eta alarmen aldabak jotzera. Gazteek ez dute euskararik egiten, gureak egin du, eta halako mezu apokaliptikoak. Komandoak osatzeko deia barne.

Hala ere, nik behin bati (Iñaki Eizmendiri??? Dabid Anauti) entzun nion justu kontrakoa. Hau da: bere ustez, harrigarria da oraindik orain euren artean euskaraz egiten duten gazteak egotea. Eta hori da ikertu beharrekoa. Zerk bultzatzen du gazte horiek euskaraz egitera? Zer arrazoi daude portaera horren atzean? Zer baldintza sozial eta zer baldintza linguistiko.

Eta hau guztia zertara dator? Ba, orain gutxi irakurri dut Klusterrak, Topaguneak, Urtxintxak eta Ebetek egin duten txosten antzekoa. Eta oso aproposa iruditu zait. Eta oso interesgarria. Eta oso nahasia. Eta oso sortzailea. Eta ausarta, eta berritzailea, eta eraikitzailea, eta erakargarria, … Eta bidea hortik izan daitekeela uste dudalako.

Txosten osoa.

Ebetek egindako txostena:

Aurrera begirako ildoen proposamena

Sarrera

Gazteen hizkuntza erabileraren perspektiba eta prospektiba proiektuarekin jarraitzera begira, proiektuaren arduradunek (Soziolinguistika Klusterra, Urtxintxa Eskola eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak), ebete hizkuntza-zerbitzuei eskatu diote jardunaldietako tailerra dinamizatzeaz gain, aurrera begirako ildo batzuk proposatzea.

Ondorengo orrietan proposamen horiek egiten dira, orain arte proiektuaren inguruan egindakoa abiapuntu eta oinarri hartuz.

Proposamenen helburua proiektu hori bideratzen laguntzea da, hau da, ideia batzuk ematea eta hainbat bide antolatzen laguntzea. Noski, proposamenak besterik ez dira eta, eztabaidatzeaz gain, egoki ikusten direnak garatu egin beharko dira.

• Proposamenen abiapuntua

Gazteen artean euskararen erabileran eragitea da helburua. Proiekturako egindako esperientzia eta ikerketen helburua hori da, eta geroztik proiektuaz aritu direnek (jardunaldietan, adibidez) hori izan dute jomuga.

Baina gazteen euskararen erabileran eragiteak oso bide ezberdinak hartu ditzake. Adibidez, hainbat jarduerek jomuga bezala kuadrilletan eragitea dute, baina horrek ez du ziurtatzen, jarduerak arrakasta izan arren, kuadrillatik kanpo euskara gehiago erabiliko dutenik.

Horregatik, ikuspegi zabalago bat hartu behar da, eta gero horren barruan erabaki zein izan daitezkeen esperientziak eta jarduerak. Hau izan daiteke norabidea: gazteek euskara eta gehiago erabiltzeko jokabide aktiboak hartzea. Hau da, beraien eguneroko bizitzan eta harremanetan euskara gero eta gehiago eta gero eta gehiagorekin erabiltzea.

Horri begira, xirimiriaren ideia aproposa izan daiteke: euskara, euskarari buruzko mezuak, erreferenteak... hainbat bideetatik eta hainbat modutara iristaraztea gazteei. Horri begira interbentzio batzuk kuadrillara zuzendu beharko dira, beste batzuk eskola orduz kanpoko jardueretara (aisia, kirola, musika, antzerkia...), komunikabideetara...

Horri begira, hainbat bide landu daitezke. Besteak beste, bost hauek:

1. Euskaldunon komunitatea eta mezuak
2. Interbentzioak
3. Tresnak eskaintzea
4. Elkarlana eta goxotasuna
5. Sormena arlo guztietan

Euskaldunon komunitatea eta mezuak

Gazteei, euskarara erakartzeko, hau da, euskararekiko jokabide aktiboak hartzeko, nolako mezuak eman behar dizkiegu

Hasteko, euskaldunon komunitateak ahalik eta mezu koherenteenak eman beharko lituzke, eta askotan ez da horrela izaten.

Gazteek euskararekiko jokabide aktiboak izatea nahi badugu, euskaldun kontzientziatuok ere hori egin beharko genuke, hau da, euskara gero eta gehiago erabiltzeko jokabidea hartu. Onartu beharko genuke ez garela euskaldun erabat koherenteak (gehienok behintzat), hau da, ez dugula euskaraz egiten euskaraz izan daitezkeen harreman guztietan edo euskaraz izan daitezkeen edo ez dakigun harreman guztietan eta, hori onartzetik hasita, bakoitzak bere erritmora gero eta euskara gehiago erabiltzeko jokabidea hartu beharko luke.

Norbera prozesu horretan murgiltzeko tresnak behar ditugu eta, gaur egun, gero eta eskurago ditugu tresna horiek: TELP tailerrek adibidez (Taller del espai lingüistic personal), oso tresna aproposak eskaintzen dituzte horretarako. Tresna horien bidez, euskara gero eta gehiago erabiltzea baizik. Hori da gakoetako bat, euskara gero eta gehiago erabiltzea (euskararekiko militante izatea) ez da zama bat, gustura egin daitekeen zerbait baizik. Hori da gakoetako bat, euskara gero eta gehiago erabiliz ahalegin horretan gustura sentitzeaz gain, nire buruarekin ere gusturago sentitzea, nahi nukeena (euskaraz bizitzea) eta egiten dudana gero eta koherenteagoak baitira.

Euskaldun kontzientziatuok hori egingo bagenu, gainontzeko euskaldunengan eragina izango genuke, baita gazteengan ere. Azken batean, bide hori garatuta askoz errazagoa izango da publizistengana jotzea eta saldu nahi ditugun mezuak lantzeko laguntza eskatzea eta hori ondo egitea. Aurreko diskurtso eta tresna horiek ez baditugu garatzen, zer eskatu behar diegu publizistei? Orain arte balio ez digun horri beste itxura bat eman eta berdin eskaintzen jarraitzea?

Hau da lehenengo proposamena, beraz. Euskararekiko jokabide aktiboak sustatzera begira, tresna batzuk eskaintzea, hainbatek frogatuak eta euskaldun izatea eta euskara erabiltzea erakargarriagoa egingo dutenak.

Interbentzioak:

Inork ez du zalantza jartzen beharrezkoak edo, gutxienik, oso lagungarriak direla gazteen euskararen erabileran eragiteko interbentzioak. Interbentzio horiek, ezaugarri hauek gutxienez beharko dituzte:

• Esplizituki eragiteko interbentzioak eskaini daitezke edo xirimiri moduan. Hau da, jarduera batzuk euskararen gaia esplizituki lantzea izan dezakete oinarrian (Kuadrillategi egitasmoak, adibidez) baina euskararen erabilera landu daiteke hori egingo dela esplizitu egin gabe ere (hainbat aisiako edo kiroleko jardueretan euskararen erabilera landuz, adibidez). Bi bideak dira interesgarriak. Bigarrenean gazte askorengan eragin dezakegu baina agian helburu xumeekin, eta lehenengoan berriz gazte gutxiagorengana iritsiko gara, baina helburuak handiagoak izango dira.
• Jarduera guztien oinarrian gozamenak egon behar du. Jarduera horietan gustura aritu behar dute gazteek, euskaraz gustura aritu behar dute. Euskararekin harreman ona izatea lortu behar dugu.
• Erabileran eragiten eraginkorrak izan behar dugu. Zer eta nola egin daitekeen argi izan behar dugu. Horretarako metodologiak garatzea beharrezkoa da, baita adierazleak, neurgailuak eta abar ere. Ttakun Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako Hezitzaileek asko egin dezakete metodologia oso adibide egokia da.
• Baina ezin da naturaltasuna galdu. Jardueren oinarrian gozamena egotea helburu bat baino tresna bat den moduan, metodologiak eta adierazleek ere tresna bat izan behar dute eta ez helburu bat. Beraz, horiek lantzea eta aplikatzea ere ondo egin beharko da, laguntza bat baino oztopo bat bihurtu ez daitezen: errealitatearen azterketa egiteko tresna sinple eta azkarrak, erabileran eragiteko estrategia malguak...
• Gazteentzako jarduerak antolatzea ez dago gaizki, baina gazteekin antolatzea askoz aproposagoa eta eraginkorragoa izan daiteke, batez ere jardueren arrakastari begira eta benetan gazteen interesetara egokitzera begira. Zer eta nola egin planifikatzerakoan, gazteen parte-hartzea nola bideratu ere landu beharko da eta, ahal bada, une horretan bertan inplikatzea da egokiena.

Hauek izan daitezke interbentzioen edo jardueren ezaugarri nagusiak. Oinarriak eta norabidea argi eduki beharko dira eta sortu-frogatu-egokitu-frogatu dinamika erabili beharko da behin eta berriz.

Tresnak eskaintzea:

Euskal komunitatetik hainbat mezu jasotzeaz gain eta interbentzioen bidez erabileran eragiten saiatzeaz gain, euskara gero eta gehiago erabiltzeko eta euskararekiko jokabide aktiboak izateko tresnak eskaini eta helarazi behar zaizkie gazteei. Ezaugarri ezberdinetako tresnak izango dira eta, besteak beste, hiru hauek garatzea egokia izan daiteke:

• Gazte hizkera: Euskarak gazte hizkera berritzeko eta hedatzeko dituen zailtasunak argi daude. Eta gazteek euskara gero eta gehiago erabiltzera begira gazte hizkera aberats bat eskura izateak eta hori aldatzeko eta moldatzeko bideak edukitzeak zenbat lagunduko lukeen ere argi dago. Hori garatzeko bidean sortzen dira zalantzak: Gazte hizkera estandarra bai edo ez? Ez al da kontraesan bat? Baina ez bada horrelako zerbait lantzen zein izan daiteke bidea? Zerbait egin behar dela onartzen du gehiengoak. Beraz, froga batzuk behintzat egin daitezke (edo ikerketaren bat). Hainbat erakunde ari dira gazte hizkeraren edo hizkera informalaren gaia jorratzen (Urtxintxa, Ttakun, Mihiluze, Mantxut...) eta koordinatutako ahalegin batzuk egin daitezke: hainbat esamolde aukeratzea eta bide ezberdinetatik hedatzen ahalegintzea (xirimiri moduan hau ere: komunikabideak, hezitzaileak...). Izango al luke eraginik? Modu horretako frogen arabera, garatu beharreko bide egokia zein den ikusi ahal izango da edo, gutxienez, eztabaida bideratzeko hainbat esperientzia hartu ahal izango dira oinarri moduan. 18
• Ahozkotasuna: Oso gai garrantzitsua da erabilerari dagokionez, baina ikastetxeen lan eremuan sartzen da batez ere. Euskararen irakaskuntzan ahozkotasunari eta euskaraz komunikatzeari lehentasuna ematea lortuko balitz, gramatikaren eta zuzentasunaren aurrean, gazteen artean erabilera sustatzerako aurrelan oinarrizko bat egina legoke.
• Euskara eta gaztelania edo frantsesa gatazkan jartzen direnean nola jokatu jakitea: euskararekiko jokabide aktiboak dituenak, euskara edo erdara hautatzea dagokionean, euskararen aldeko hautua egiten du. Ez da soilik lehenengo hitza euskaraz egitea (horretarako borondatea izan arren askori zaila gertatzen zaion gaia), euskaraz ondo ez dakienarekin nola jokatu jakitea, ulertu arren gaztelaniara jotzen duenarekin nola egin jakitea, ulertzen ez duenari zer eta nola esan jakitea, kritika baten aurrean nola erantzun jakitea, eta abar. Horrelako egoeretan nola jokatu jakiteak konfidantza eta lasaitasuna ematen du eta euskara gero eta gehiago erabiltzeko bidea ematen du. Kasu honetan ere, TELP tailerrek tresna interesgarriak proposatzen dituzte. Tresna horiek hartu eta nori eta nola transmititu landu beharko litzateke.

Elkarlana eta goxotasuna:

Bide horretan guztian erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da. Jardunaldietan aipatu zen moduan, elkarlan horrek goxotasuna behar du: inplikatuta dauden erakundeen arteko konfidantza, norabide berean aritzea, malgutasuna...

Normalean inor ez dago elkarlanaren kontra, baina askotan ez da biderik aurkitzen edo ez da asmatzen elkarlan horretan.

Hainbat proiekturen kasuan asmatu dute bide horretan (herri askotan lortu da udalaren eta hainbat erakunderen arteko elkarlana) eta klabe nagusiak zeintzuk diren aztertzea egokia izan daiteke. Baina argi dago klabe teknikoak baino (funtzioak, organigramak...), klabe emozionalek dutela garrantzia (norabide berean aritzea, elkarlan hori denentzat onuragarria dela ikustea), eta abar.

Beraz, ikerketak egin ahal izango dira eta ondorio batzuk atera baina, batez ere, mezu batzuk landu beharko dira eta batera eta bestera zabaldu (hau ere publizisten laguntzaz?), elkarlan horren onurak erakutsiz eta horretarako pauso zehatzak proposatuz.

Sormena:

Arlo guztietan sormena beharko dugu. Baina sormena modu positiboan ulertuta. Hau da, askotan sormena baliabide gutxi izatearen ordezko moduan ikusten da, baina ez luke horrela behar. Benetan eraginkorrak izateko sormena erabili beharko da:

• Mezuak lantzeko eta hedatzeko.
• Jarduera eraginkorrak eta gazteekin batera egindakoak izateko.
• Gazteentzako tresnak garatzeko eta helarazteko.
• Erakundeen arteko elkarlana bideratzeko.

Sormena erabili ahal izateko, norabidea argi edukitzea da garrantzitsua eta ikuspegi positiboarekin lan egitea. Norabidea argi edukita eta egiten duguna positiboa izango dela benetan sinetsita, baliabide gehiago edo gutxiago, lorpenak handiagoak edo txikiagoak, tresnak garatuagoak edo ahulagoak, sormena erabiltzeko gai izango gara eta gusturago arituko gara.

Norabidea argi dugunez, gazteen artean euskararekiko jokabide aktiboak hedatzea, aurrera begirako ildoak garatzeko sormena erabiltzea ez da zaila, eta oso emankorra izan daiteke.

Egindako lana posiblea izan da hainbat erakunde eta pertsonen kolaborazioari esker (udal teknikari, aritu eta aditu, irakasle, hezitzaile...) eta guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

IÑAKI EIZMENDI

IÑAKI EIZMENDI 2008-06-10 16:46 #1

Nik ere norbaiti entzun diot aztertu beharrekoa oraindik euskaraz egiten duten gazteak egotearen kontua dela, baina ez da nik botatako esaldia. Baina ez dut buruan nori entzun nion hori.

Eta pozten naiz txostena eta proposamenak interesgarriak, nahasiak, hausartak... iruditu bazaizkizu. Ez da gutxi!

Laster arte.

txerra

txerra 2008-06-10 17:59 #2

Aupa Iñaki:

Nire lagun batek esan dit lineaz kanpo, zelan ez, norena den esaldi hori. Eta ez, ez da zurea, Dabid Anautena baizik. Aldatuko dut artikuluan.

Eta bai, proposamenak ausartak eta berritzaileak iruditu zaizkit. Espero dezagun proposamenetan ez geratzea eta errealitatean ere gauzatzea.

Ondo izan eta laster arte.

txerra

txerra 2008-09-12 11:07 #3

Argia aldizkarian honen gaineko artikulua argitaratu dute:

http://www.argia.com/argia-astekaria/2150/gazteen-hizkuntza-erabilera/osoa

Utzi iruzkina: