Hizkuntzaren oroimen historikoa

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-06-30 20:32

Astebete oporretan eta bloga lolo egon da. Atseden  baten. Eta bueltan, ba zerbait idatzi behar, baina burua ez dabil oso fin bero sapa honekin. Beraz, kopiatu eta itsatsi. Gipuzkoa euskara webgunetik hartu dut artikulu hau, Paula Kasaresena.

Hizkuntzalaritza liburuek desagertzeko arriskuan dauden mintzairen azken hiztunen aipamenak erruz bildu dituzte. Carme Junyent hizkuntzalariaren hitzetan, hizkuntzalaritzaren historia azken hiztunen nekrologiez josirik dago.

Orain, Interneten ere mundu zabaleko hainbat hizkuntzen azken hiztunen lekukotasunak aurki ditzakegu. Batzuetan, hiztun horiek, euren hizkuntza komunitatea osatzen zuen gizataldea desagerturik (hilik edo beste kultura eta hizkuntza batera asimilaturik), hizkuntzaren benetako azken hiztunak izan ziren. Hala gertatu zen Ingalaterran, Kornuallesen, 1777. urtean Dolly Pentreath arrantzalea, kornubiera hizkuntza zeltikoaren azken hiztuna, hil zelarik; Dalmaziako (oraingo Kroazian) Veglia uhartean 1898an Antonio Udina hargina, dalmata hizkuntza erromanikoaren azken hiztuna, hil zelarik; Erresuma Batuko Man uhartean 1974an Ned Maddrell manxera hizkuntza zeltikoaren azken hiztuna hil zelarik; edo AEBtako Kalifornian 1916an Ishi, yahi hizkuntza amerindieraren azken hiztuna eta 1987an Roscinda Nolasquez cupanera hizkuntzaren azkena hil zirelarik.

Bertze batzuetan, dialekto baten azken hiztunen aipamenak ditugu. Halakoak ugariak izan dira euskararen historia hurbilean, eta hainbat euskalkiren azken hiztunen izen-abizenak ere badakizkigu, Ubaldo Hualde edo Fidela Bernat, adibidez.

Baina azken hiztunaren hiltzeak ez dakar nahitaez hizkuntzaren desagerpena. Herri bateko azken hiztuna desagertuta ere, hizkuntza galdu berriak bere komunitatean, haren toponimian eta bizilagunen izenetan, hau da, komunitate horren oroimen kolektiboan bere arrastoa uzten du eta hori hizkuntza berpizteko hazia izan daiteke. Ez dakigu hizkuntza galduaren oroimen kolektiboak nola eragiten duen belaunaldi berrien hizkuntza berreskuratzeko nahian eta ahalmenean, baina zenbait egilek -Miquel Grosek RecuperaciĆ³n del euskera en Navarra liburuan, adibidez- bi gertakarien arteko erlazio zuzena iradoki du. Bertzalde, hor dugu Dolly Pentreath zenarekin gertatutakoa: bizi zelarik atso xelebretzat hartu izan zuten kornubiera egiten zuen azkenekoa izateagatik, eta egun goraipatua eta miretsia da bizitza osoan bere hizkuntzari erakutsi zion atxikimenduagatik.

Beraz, herri hizkuntzen berreskuratze eta berrindartze sozialaren azterketan interesgarria da hizkuntzen eta oroimen historikoaren arteko harremanari erreparatzea, are eta gehiago egun oroimen historikoaren gaia hain modan egonda.


Paula Kasares
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua.



Utzi iruzkina: