Sanchez Carrionen eta bizitasun etnolinguistikoaren teorien arteko berdintasunak eta ezberdintasunak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-10-18 09:29

Hauxe da Hiznet-eko ariketen artean lehena. Txepetx eta bizitasun etonolinguistikoaren arteko antzeko eta ezberdintasunak. Apur bat astuna, baina tira.

Lehenik eta behin, ezberdintasunei erreparatuko diet eta geroxeago berdintasunei. Dena den, bizitasun etnolinguistikoari dagokionez, kontuan hartuko dudan teoria izango da Harwood, Giles eta Bourshin-ek 1994an ondutakoa. Beraz, beste ezer esan barik ariketari ekingo diot.

Lehenengo ezberdintasuna izango litzateke teoria bakoitzak zer helburu daukan. Sanchez Carrionen teoria bereziki pentsatua dago hizkuntza gutxiagotuak geroratzeko, hizkuntza gutxiagotu horiek berreskuratzeko teoria izango litzateke. Bizitasun etnolinguistikaren teoria, ordea, ez dago berariaz hizkuntza gutxiagotuak geroratzeko pentsatua. Dena den, bizitasun etnolinguistikoaren teoria oso baliagarria izan daiteke hizkuntza gutxiagotuak biziberritzeko. Txepetxen teoriaren helburu nagusia hizkuntzen arteko elkar bizitza orekatua lortzea da. Bizitasun etnolinguistikoaren teoriak, berriz, ez du horren inguruan ezer aipatzen, bere helburua da hizkuntza komunitate batek duen kohesio indarra behatzea eta neurtzea.

Bigarren ezberdintasuna teoria bakoitzak duen hedadura izango litzateke. Bizitasun etnolinguistikaren teoria hizkuntza gutxiagotuen egoerari buruzko diagnosi egokia egiteko baligarria da. Sanchez Carrionen teoria, aldiz, hortik baino aurrerago doa. Diagnostikoa egiteaz aparte (diagnostikoa bera ez du ematen, baina diagnostikoa egiteko baliagarriak izan daitezke bere teoriaren hainbat ideia, adibidez, galera eta normalizazio bilakabideen eskema), Txepetxek hizkuntzak geroratzeko pauso zehatzak ere ematen dizkigu. Beraz, alde honetatik Txepetxen teoria osatuagoa da bestea baino, konponbide posibleak ere ematen dituelako. Dena den, bizitasun etnolinguistikoaren arabera egindako diagnostikoa bestea baino osatuagoa izan daiteke, nahiz eta gero konponbide zehatzik ez eman.

Hirugarren ezberdintasuna izango litzateke teoria bakoitza zer esparrutik eginda dagoen. Bi teoriek disziplinartekotasuna aldarrikatzen dute, baina bata zein bestearen egileak esparru ezberdinetatik datoz eta hori nabarmentzen da teorien joan-etorrian. Bizitasun etnolinguistikoaren egileak gizarte psikologiatik datoz eta zientzia horren konteptu asko barneratuta daude aipatutako teorian. Adibide batzuk ematearren, hizkuntza portaera, hizkuntza jarrerak, identitatea, ... Sanchez Carrion, ostera, hizkuntzalaritzatik datorren egilea dugu, baina bere teoriari gehitu dizkio zientzia askoren ekarpenak: soziologia, gizarte psikologia, antropologia, ... Hala ere, hizkuntzalaritzak indar handia du bere teorian, baina ez agian gizarte psikologiak bizitasun etnolinguistikoan duen beste.

Behin ezberdintasun nagusiei erreparatuta (beste hamaika daudela jakinda ere), jarraian berdintasunei erreparatuko diet.

Lehenengo berdintasuna hurrengoa izango litzateke: bi teoriak soziolinguistikaren eremu zabalean kokatutako teoriak izango lirateke eta, gainera, biak oso baliagarriak izan daitezkeela, hizkuntza komunitate bakoitzak dituen ñabardurak gora behera, hizkuntza gutxiagotuak berreskuratzeko. Horrezaz aparte, eta berdintasun zehatza izan ez arren, biak bateragarriak izan daitezkeela uste dut. Teoria bat aplikatzeak ez du baztertzen bestearen aplikazioa; aitzitik, biak batera aplikatzeko moduko teoriak izan daitezke.

Bigarren berdintasuna izango litzateke teoria bientzat euren azterketa unitatea hizkuntza komunitatea dela. Sanchez Carrionen teorian elementu garrantzitsuena bere azterketa osoa egiteko hizkuntza komunitatea da. Gainera, berak esaten duen moduan edozein hizkuntza berreskuratzeko abiapuntua behe-behetik hasi beharra dago. Eta beheko mailan dagoen unitate hori hizkuntza komunitatea da. Bizitasun etnolinguistikoa aztertzeko behar-beharrezkoa da hizkuntza komunitatea aztertzea, horixe baita bizitasun etnolinguistikoa izango duena. Norbanakoek ezin dute bizitasun etnolinguistikorik izan eurek bakarrik, komunitate baten babesa beharrezkoa dute hori garatzeko.

Hirugarren berdintasuna izango litzateke teoria biek identiteari ematen dioten garrantzia. Txepetxen teorian identitateak berebiziko garrantzia du. Bere hizkuntzen funtzioen teoriaren arabera, lehenengo funtzioa identitatearena da, hiztun guztiek euren identitatea kanporatzeko hizkuntza behar dutelako. Bizitasun etnolinguistikoaren teorian ere identitateak garrantzi handia du, identitateak markatuko baitu komunitate batek bizitasun etnolinguistiko handiagoa izango duen ala ez. Elementu erabakiorra izango da identitatea bizitasuna neurtu ahal izateko.

Laugarren bedintasuna izango litzateke  teoria biek psikologiatik datozen beste zenbait kontzepturi ematen dioten garrantzia. Txepetxek aipatzen ditu gutxiagotasun konplexua eta autokonfidantza kontzeptuak bere teorian eta bi horiek garrantzi handikoak dira haren iritziz,  galerarako zein berreskupenerako. Bizitasun etnolinguistikoaren teoriak ez ditu bi horiek beren-beregi aipatzen, baina argi dago bi kontzeptu horiek bizitasun etnolinguistikoa baldintzatzen dutela.   


Utzi iruzkina: