Top ten (2010ean)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2010-10-24 22:27
4

Orain dela hiru urte soziolinguista batek (horrelakorik esistitzen bada behinik behin) galdu ezin dituen webguneen zerrenda egin nuen. Orduan guztiz subjektiboa zen eta oraingo honetan ere berdintsu.

Hiru urte gauza batzuetarako ez da ezer, baina internet-eko mugimenduetan ikaragarria da. Hori dela eta, 2010eko top tena berritua:

1. www.soziolinguistika.org: Bat aldizkaria osorik agertzen da, baita soziolinguistikaz agerkari elektronikoa, baita soziolinguistikari lotutako azken berriak ere. Horrez gain, Klusterrak antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, topaketa eta abarren materialak ere daude eskuragarri. Hiru urte hauetan asko hobetu da webgunea eta euskal soziolinguistikaz dagoen webgunerik osatuena da dudarik gabe. Hala ere, bi kritikatxo baino ez nioke egingo webgune honi: copyright-dun edukiak plazaratzen jarraitzea eta hainbat proiektuetako dokumentazioa ez izatea eskuratzeko moduan.

2. hiznet-eko webgunea: euskaraz soziolinguistikaz dagoen ia formazio bakarra da Hiznet. Horrez gain, webguneak ikasleek egindako hainbat ikerketa batzen ditu. Irakugaiak ere baditu, baita lotura interesgarriak ere.

3. hizkunea: Eusko Jaurlaritzak eratu zuen soziolinguistika agerkari moduan. Urteekin aldatzen joan da eta bere barne hartu du euskararen berripaper historikoa. Hala ere, soziolinguistikako agerkaria den heinean, zerrenda honetan agertzen da.

4. entziklopediak: orain dela hiru urte, wikipedia baino ez zegoen on line, eta orduko edukiak oso xumeak ziren. Gaurkoak osatuagoak dira. Gainera, Auñamendi entziklopediak ere egin du salto internetera. Bertan eduki asko daude, oso eguneratuak eta gaurkotuak. Eduki horiek izan dira soziolinguistika eskuliburua egiteko erabiltzen direnak.

5. euskararen egunerokoak: Izen honen azpian hainbat webgune sartu ditut. Horiek denak niretzako ezinbestekoak dira euskararen eta euskalgintzaren egunerokotasuna ezagutu eta ikasteko. Zerrenda, noski, osatugabea da, baina nirea denez, ba aurrera: erabili, atoan, lantalan, martinezena, gipuzkoaeuskara, udaltop, euskalgintza, tiraka, topagunea, garabide

6. Buruxkak: UEUk paratutako liburutegi digitala da hau. Eta soziolinguistikari buruz 13 liburu on line ditu. Bada zerbait.

7. Inguma: UEUk ere egindako datu basea da, euskal komunitate zientifikoaren datu basea. Bertan soziolinguistikari lotutako 715 egile eta 1504 produktu agertzen dira.

8. Soziolinguistikari buruzko blogak: berez, zortzigarren postuan baino gustatuko litzaidake lehen edo bigarren postuan ipintzea. Baina hemen dago: soziolinguistikari buruz espreski euskaraz bi blog baino ez ditut ezagutzen: hauxe bera eta Erramun Baxokena (urtebete pasatxo berritu barik).

9. Edukiontziak: slideshare, issuu, ... Hainbat edukiontzi daude interneten eta horietan sakon arakatuz gero euskal soziolinguistikari buruzko edukiak topatzea posible da. Egizue proba eta ikusiko duzue.

10. Oraingoan ere hamargarrena hutsik. Baina oraingo honetan egon beharko lukeena nire ustez aipatuko dut (nik harria bota, baina eskua atzean badaezpada): soziolinguistika domestikoa dibulgatzeko webgune, foro edo sare soziala (edo denak batera, baina eduki audiobisualak landuta); eta profesionalen arteko iritzi trukea linkedin bezalako foro batean (edo zutagun edo beste nonbaiten).

Soziolinguistika Klusterra

Soziolinguistika Klusterra 2010-10-25 12:01 #1

Eskerrik asko laudorioengatik eta iradokizunengatik, Txerra. Saiatuko gara hobetzen eta 10. kaxoi hori ere betetzen.

txerra

txerra 2010-10-25 13:23 #2

Ea ba hala den bai .....

martinez

martinez 2010-11-26 08:23 #3

Eskerrak, Txema.

txerra

txerra 2010-11-28 20:21 #4

Eskerrak zeuri, blog txukun horregaitik. Segizu holan.

Utzi iruzkina: