Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2012/05/10 12:51:26.377 GMT+2

Bateragune auziko sententzia salatzeko elkarretaratzeak egitera deitzen dugu

Espainiako Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren aurka ezarritako zigorra ez da, zoritxarrez, Euskal Herrian zabaldutako bake eta normalizazio prozesuak jasandako lehenengo erasoa. Bakea eta normalizazio politikoa helburu dituen prozesu hau hasi zenetik espainiar Estatuaren botereen partetik trabak eta oztopoak nagusi izan dira.


Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialen eskaerari erantzunez, 2011ko urtarrilaren 8an ETA erakundeak su-eten iraunkor, egiaztagarri eta orokorra jakinaraztea erabaki zuen. 2011ko urriaren 20an Aieteko Bake Konferentziaren Adierazpenaren ondorioz, eta erabaki historikoa hartuz, ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea deliberatu zuen.

Gernikan bildutako euskal eragile politiko, sindikal eta sozialok gure adierazpenarekin bake eta normalizazio prozesu honi hasiera eman genion. Harrez geroztik, Euskal Herriko agertoki politikotik indarkeria mota bat desagertu izanaren jabe gara. Gure Adierazpenean gatazka politikoa konponbidean jartzeko beste indarkeria mota batzuk –beste giza eskubideen urraketa batzukdesagertu beharra aipatu genuen. Azken urtean atxiloketak eta torturak izan dira, erakunde politiko eta sozial mordoak legez kanpo jarraitzen du eta espainiar estatuko espetxeetan euskal preso politikoen egoerak, oro har, okerrera egin du. Traba eta oztopo horiek guztiak mingarriak izan arren, Gernikako Akordioan bat egin genuen eragileok euskal herritarrei behin eta berriz bake eta normalizazio prozesuaren aldeko konpromisoa era aktibo batean berresteko eskatu diegu. Euskal herritarren gehiengo zabalak gure dei horiei behin eta berriz kasu egin die. Azken urtean Estatuaren indarkeriaren aurrean milaka eta milaka herritar behin eta berriz kalera irten gara, prozesu honen giltza gu geu, euskal herritarrok, garela pentsatzen dugulako. Halako guztietan Estatuari Gernikako Akordioak barne biltzen dituen eskakizunei kasu eginez, bere indarkeria espresio oro bertan behera uzteko adierazi diogu.

Gatazka politikoaren konponbide osoa xede duen prozesu hau abian jartzeko ekarpen ukaezina egin zuten Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren aurkako zigorra entzuterakoan, hau beste eraso bat ez dela ondorioztatu dugu. Bakegileak atxilotzen eta espetxeratzen dituen Estatuak bakerik nahi ez duela argi eta garbi adierazten du. Baina euskal gizarteak, Arnaldok, Rafak, Soniak, Arkaitzek eta Mirenek bezala, bakea nahi du. Giza eskubide guztiekiko errespetuan oinarrituko den bakea eta normalizazio demokratikoa nahi ditugu. Espainiar Estatuak ezin diezaioke Euskal Herriko gizarteari bakean eta askatasunean bizi izateko eskubidea denbora luzeagoz zapaldu.

Euskal gizarte gehiengo zabala gurekin bat dagoelakoan, Estatuaren indarkeriaren aurrean bake eta normalizazio prozesuaren aldeko ahaleginak indarberritzeko deia egin nahi dugu. Eraso latz honen aurrean konponbide prozesua indar handiagoz bultza dezagun. Horretarako euskal herritarrak bihar, maiatzak 11, arrats. 7etan Euskal Herriko eskualde-buru guztietan “Prozesuaren aurkako erasorik ez. KONPONBIDE GARAIA DA” lelopean elkarretaratzeak egitera deitzen ditugu. Hiriburuei dagokionez, honakoak dira deialdiak: Donostia, 19tan Bulebarrean, Gasteizen 19tan Andra Mari Zuriaren plazan, Iruñean 19tan udaletxeko plazan eta Bilbon 20etan plaza Zirkularrean. Halaber, Gernikako Akordioa izenpetu ez duten gainontzeko Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak epaiarekiko desadostasuna azalduz, deialdi honekin bat egitera gonbidatzen ditugu.

Gernikako Akordioa,
Donostian, 2012ko maiatzak 10

Nork: GernikaUsurbil.2012/05/10 12:51:26.377 GMT+2
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2012/04/12 08:37:39.318 GMT+2

Larunbatean Bilbon izango den manifestaziora joateko autobusa

Nork: GernikaUsurbil.2012/04/12 08:37:39.318 GMT+2
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2012/04/12 08:01:54.250 GMT+2

Datorren larunbatean manifestazio nazionala Bilbon Parot Doktrinaren aurka

Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragile politiko, sindikal eta sozialon iritzian, Parot Dotrina delakoa abalatzen Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakia gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia baino ez da.


Euskal herritarren gehiengo zabal batek Auzitegi Konstituzionalaren erabaki politiko hau gure herriaren bake eta konponbide nahien aurkako eraso zuzen gisa interpretatu duenaren erabateko ziurtasuna dugu.

Atzo jakinaraziriko erabakiarekin, Estatuko botere eta aparatuek agerian utzi dute berriro ere Euskal Herrian irekiriko agertoki berriarekiko euren borondatea zein den.

Auzitegi Konstituzionalaren erabaki oso oso larri baten aurrean gaude: Biziarteko zigorraren de faktuzko legeztapenarekin. Estatuak argi utzi du ez duela gatazkaren konponbide politiko eta demokratiko bat nahi.


Estatuak blokeo egoera betikotu nahi du, irekiriko aukera ustel dadin eta horrela, bakea eraikitzeko aukera oro zapuzteko.

Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragileok aterabide demokratikoak erdiesteko gure konpromisoan berresten gara. Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa dugu: euskal herritar guztiak garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia.

Horretarako ezinbestekoa deritzogu euskal jendarte osoaren inplikazio eta babesa. Bai eta gaur egun Gernikako Akordioa izenpetzen ez duten eragile horiena. Bide hau guztion artean eta batera egin behar dugu.

Euskal jendartea konponbide prozesuaren parte aktibo izan behar du eta era berean, bere mobilizazioa prozesuaren garapenaren berme izan behar du, Estatu espainiarrak eta PPren gobernuak jarriko dizkiguten oztopo handien gainetik.

Horrela, eta Auzitegi Konstituzionalak Parot Dotrinaren moduko mendeku eta salbuespenezko neurri bat abalatzeak duen larritasun estremoaren aurrean, bertan bildutakook apirilaren 14ean Bilbon burutuko den manifestazio nazionalaren deialdiaren berri eman nahi dugu.

Euskal jendartearen borondatearen aurkako eraso zuzen honi eman beharreko erantzuna bertan bildu garen eragile politiko, sindikal eta sozialotatik harago joan dadin, Euskal Herriko eragile guztiekin berehala harreman erronda bat irekiko dugula jakinarazi nahi dugu, mobilizazioarekin bat egin dezaten. Horregatik, harreman horiek emango dutenaren esperoan, mobilizazioaren lema zein karakterizazioa zehazturik gabe daude gaur gaurkoz.


Nork: GernikaUsurbil.2012/04/12 08:01:54.250 GMT+2
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2012/01/28 12:07:15.582 GMT+1

Prat aske uzteko eskatu du Gernikako Akordioak

Astelehenean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak.


Asteazkenean atxilotutako Ernesto Prat nafarra aske uzteko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. Gernikako Akordioa sinatu duten indar politiko horien iritzian, Praten atxiloketa «oso gertaera larria» da. «Ez du herri honen gehiengoaren nahiarekin bat egiten, eta benetako bake iraunkor baten aldeko lanaren kontra doa», azaldu dute komunikabideetara igorritako ohar batean. Frantziako Poliziak asteazkenean atxilotu zuen berriozartarra, Urruñan. 2008tik bizi da Lapurdin, Guardia Zibilak Nafarroan ezker independentistaren aurka egindako sarekada batean ihes egin ondotik. Ekin-eko kide izatea leporatzen diote.

Atxilotu zuten egunetik Seysseseko espetxean (Frantzia) dago Prat, eta astelehenean hura estraditatzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako eskaera aztertuko du Paueko Auzitegiak. Egun horretan, 12:00etan, Espainiako Gobernuak Iruñean duen egoitzaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek.

Indar politiko horien arabera, Prati leporatzen dioten ustezko delitu bakarra da antolakunde politiko eta herritarretan parte hartzea. Gogora ekarri dutenez, 2008ko polizia operazio hartan atxilotutakoek «tortura latzak» salatu zituzten, eta hiru urtez izan ziren espetxean, epaiketaren zain. Gaur egun aske dira.

Prat bezala, «ideia politikoak defendatzegatik» preso dauden euskal herritar guztiak aske uzteko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. «Estatuek beren biolentzia politikoan eten egin behar dute, eta lehenbailehen konponbide prozesuan murgildu».

Nabarmendu dutenez, Aieteko Adierazpenak eta ondorenean ETAk jardun armatua eteteko hartutako erabakiak Euskal Herriak bizi duen «mendeetako gatazka politikoari» irtenbide demokratikoa eta behin betikoa emateko «aukera historikoa» ireki dute. Praten atxiloketak agertoki berri horretan lekurik ez duela salatu dute. «Ez du zentzurik estatu espainiarrak eta frantsesak iraganeko errezetak ezartzen jarraitzea, euskal herritarren eskubideen urratzaile diren errezetak». Indar politiko horien arabera, eragileen eta herritarren mobilizazioak mugiaraziko ditu estatuak.

Nork: GernikaUsurbil.2012/01/28 12:07:15.582 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2012/01/21 18:38:38.523 GMT+1

Txus Martin askatzeko eskatu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek

Gernikako Akordioaren sinatzaileak Zaballako espetxearen aurrean (Araba) bildu dira gaur goizean, Txus Martin euskal presoaren egoera salatzeko. Horien izenean, Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko bozeramaileak esan du Martinen gaixotasuna Espainiako legediaren arabera presoa kalean uzteko modukoa dela, eta, horregatik, Martin kaleratzeko eskatu dute; eskaera hori, gainera, gaixotasun larriak dituzten beste euskal presoentzat ere egin dute.


Etxerat-ek aste honetan salatu du Martin dela une honetan "osasun egoera larrienean" den presoa. Nahasmen eskizo-afektiboa du, gaixotasun larria. Joseba anaiak herenegun kontatu zuenez, gainera, haren osasun egoerak okerrera egin du azkenaldian: "Orientazioa galduta ere etortzen da bisitetara; hitz egitean, koherentziari eustea kosta egiten zaio, eta egun osoa ia lokartuta ematen du. Ziegan berekin dagoen kideak esan behar izaten dio bazkaltzera joan behar duela ere".

Nork: GernikaUsurbil.2012/01/21 18:38:38.523 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2012/01/19 11:29:48.777 GMT+1

Gernikako Akordioak babesa jaso du Katalunian

Itunaren ordezkaritza bat Bartzelonan izan da, eta ERC, ICV, SI eta CUP alderdietako kideekin bildu da Parlamentuan. Gaur arratsaldean herritarrei aurkeztu diete akordioa, mahai inguru batean.

Herrialde katalanetako alderdi independentistek babesa eman diote Gernikako Akordioari. Itunaren sinatzaile batzuk Bartzelonan izan ziren atzo, akordioaren nondik norakoak azaltzen, eta Euskal Herrian sortu den egoera berria sostengatzeko babesa azaldu zieten hainbat katalanek.




Ezker abertzaleko Pernando Barrena, EAko Lorena Lopez de Lacalle, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Oskar Matute, LABeko Igor Urrutikoetxea, EILASeko Josu Zalbidea, Egin Dezagun Bidea mugimenduko Jon Garai eta Gazte Abertzaleetako Maider Karrere izan dira Bartzelonan. ERC, ICV, SI eta CUP alderdietako kideekin bilerak egin zituzten, Parlamentuan. Arratsaldean bilera gehiago egin zituzten beste eragile batzuekin, eta 18:30ean herritarrei aurkeztu zieten akordioa, mahai inguru batean. Han ere babes zabala jaso zuten.

ERC, SI eta CUP alderdietako kideekin elkartu ziren aurrena. Bileraren ostean, ERCko Pere Aragonesek, CUPeko Marc Sallasek eta SIko Toni Strubellek agiri bat atera zuten. Ontzat jo zuten Gernikako Akordioa: «Baikortzat jotzen dugu tradizio eta kultura politiko desberdinetako eragile politiko, sindikal eta sozialak batzea Euskal Herrian bake eta normalizazio demokratikoko egoera bat sortzeko». Hala, Akordioan jasotzen den bezala, bakerako bidean elkarrizketa politikoak abiatzeko eskatu dute, eta, horretarako, «indarkeria guztiak desagertzea» galdegin dute.

Espainiako Gobernuari eskaera zehatzak ere egin dizkiote: errepresioa bertan behera uzteko, indarrean dagoen eta euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika aldatzeko, alderdi politiko guztiak legeztatzeko eta jarduera politikoagatik preso dauden pertsona guztiak libre uzteko, hain justu.

Horretaz gain, gizarteari «indarra, gertutasuna eta itxaropena» erakutsi dizkiote, «oztopo guztiak gainditu eta aurrera jarraitzeko».

Hiru alderdi horietako ordezkariekin bilera egin ostean, ICVko Dolors Camats, Jaume Bosch eta Jordi Mirallesekin egin zuten bilera Gernikako Akordioko kideek.

Eskerrak babesagatik

Bileren ostean, prentsaurrekoa eman zuten Gernikako Akordioko kideek zein diputatu katalanek, Parlamentuan bertan. Lorena Lopez de Lacallek, katalan hutsez, eskertu egin zituen legebiltzarkideek adierazitako «elkartasuna eta eskuzabaltasuna». Elkartasun hori betikoa izan dela azpimarratu zuen, gainera. Gernikako Akordioa bakera iristeko jarraitu beharreko ibilbide orria dela gaineratu zuen.

Oskar Matutek ere hartu zuen hitza. Espainiako eta Frantziako gobernuak kritikatu zituen, oraindik ez dutelako bete Akordioan eskatzen den puntu bakar bat bera ere. «Euskal Herriari ezartzen dioten salbuespen egoera indargabetu gabe jarraitzen dute». ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman ostean Euskal Herrian itxaropen garaiak direla azaldu zuen, baina ohartarazi zuen ez dela agerian ikusi gatazkaren amaierara doan «urrats argirik». Alderdien legez kanporatzeak amaiera izan behar duela esan zuen, eta euskal presoak berehala Euskal Herriratzeko eta gaixo daudenak zein zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak libre uzteko exijitu.

Pere Aragones ERCko diputatuak «babesa, elkartasuna eta onena» opa dizkio Gernikako Akordioari. Akordio horrekin Euskal Herria bakera eta erabakitzeko eskubidera iristea nahiko lukeela adierazi zuen. Toni Strubell SIko diputatuak, bestalde, Euskal Herriko gatazkari dagokionez «demokrazia falta» egotzi zion Espainiari. Akordioa goraipatu zuen, «batasuna» lortu duelako. Horretan Herrialde Katalanetan ere saiatu beharko liratekeela uste du, gainera. CUPeko bozeramaile Marc Sallasek ere hitz egin zuen. Elkartasuna adierazi zion euskal gizarteari, hark baitu, bere esanetan, «gehien sufritu eta Estatuaren kontra gehien borroka egin». Datozen urteak pasa dena bezain emankorrak izatea espero du.





Nork: GernikaUsurbil.2012/01/19 11:29:48.777 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2012/01/05 08:22:43.801 GMT+1

Espainiako Gobernuak egoera berriari ahalik eta azkarren erantzun beharko dio


Urtarrilaren 7an denok Bilbora!

KOLOSALA IZANGO DA


Bilbo, 2011ko abenduak 30

Gaurkoan Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok gatazka politikoaren konponbideari dagokion urteko balantzea egin nahi dugu. Zalantzarik gabe, 2011. urtea garrantzi handikoa izan da. Aurten itxaropenaren leihoa parez pare zabaltzea lortu dugu. Bidean traba eta oztopoak izan badira ere, ilusioari oinarri sendoak jarri dizkiogu.

Gauzak horrela, balantzea egiterakoan, 2010eko irailaren 25ean Gernika herrian sinatu genuen Akordioaren baliagarritasuna berriro goraipatu nahi dugu. Orduan Gernikako Akordioa gatazka politikoa konpontzeko ibilbide-orria zela adierazi genuen, 2011. urteko jarduera horren erakusle izan dela esan dezakegu.

Gure lana Akordioak biltzen duen ibilbide-orriaren ispilu praktiko bihurtu nahi izan dugu, gatazka konpontzeko bidea erakutsiz eta prozesuaren aurkako erasoak salatuz, giza eskubide guztien defentsa irmoa egitearekin batera.

Biktima guztiekiko aitortza adieraziz urteko jarduera amaitu genuen, baina aurreko hilabeteetan Akordioa gizarteratzeaz gain, eragile sozial pila batek harekin bat egitea lortu genuen. Konponbide osoaren alde egin dugu, galtzailerik gabeko prozesua bultzatuz. Gaixorik diren presoen askatasuna, legalizazioa eta jardun politikoagatik auzipeturikoen absoluzioa aldarrikatu ditugu. Elkarrizketa politikoa sustatu dugu, guk nahi izanik ere, denekin mintzatzea ezinezkoa izan den arren. Madrilek ezarritako harresiak gaindituz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekiko harremanei ekin genien. Hartu-eman haien ondorioz, Kolektiboak Akordioarekin bat egitea prozesu honetan mugarri bilakatu egin zen.

Badira 2011 itxaropenaren urtea egin duten bi gertakizun nagusi: Aieteko Nazioarteko konferentzia, eta batez ere, ETA erakundeak hartutako erabaki historikoa, bere jarduera armatuari behin betiko amaiera emanez. Aieteko Adierazpenak gatazka osoki konpontzeko alde guztiek beren egin behar duten ibilbide zehatza biltzen du. ETAk Aieteko Adierazpenari emandako erantzunak bide horri abiapuntua eman dio. Gainontzeko eragileek, Espainia eta Frantziako gobernuak batetik, eta Euskal Herriko eragile politiko guztiak bestetik, hurrengo pausoak emateko eszenatokian daude, nahitaez. Guztion begien aurrean gehiegi luzatu den gatazka historikoa amaitzeko abagunea baitago. Aukera paregabea eta tamainako ardura. Historia lekuko, Euskal Herriko gizartea epaile.

Aurten behin eta berriz “egoera politiko berria” esamoldea entzun arren, maiz egoera berria zaharrarekiko antzekoegia begitandu zaigu. Estatuak blokeo egoerari eustera jo du. Beraien begien aurrean sortzen ari zen agertoki berria gustukoa ez balute bezala, egoera berria oztopatu nahi izan dute. Askotan iruditu zaigu konfrontazio armatuaren luzapena besterik ez zutela nahi. Frantziar estatuak zeharka baino ez dio Euskal Herriari begiratu, ardura guztiak espainiar estatuarengan utziz. Arazoa berea ez bailitzan, errepresioa era selektiboan gauzatu du. Espainiar estatuak, aldiz, prozesuaren aurka hasieratik gogor jo du, agertoki berri baten aukerak uxatu asmoz. Urte osoan ETAren su-eten iraunkor eta orokor egoeran izanda, Euskal Herrian atxiloketa politiko gehiegi salatu behar izan dugu, 73 guztira. Gazte independentisten aurkako jazarpena ez ezik, jende askoren aurkako eskubide zibil eta politikoen murrizketak ere salatu behar izan ditugu, baita atxilotze eta torturatze mehatxua ere. Eragile askok legez kanpo jarraitzen du eta tortura arriskuak indarrean dirau. Aurten 12 tortura eta 4 tratu txar psikologiko salaketa izan dira, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatu zituzten guardia zibilen absoluzioarekin batera.

Hala ere, beste hainbat eskubidek ere urraturik jarraitu izan du. Euskal hiztunok pairatzen dugun hizkuntza zapalkuntza egoera areagotu egin da Euskal Herri osoan. Euskal herritarroi ez zaigu oraindik erabakitze eskubidea aitortzen, baina izateko eta aritzeko eskubideak Euskal Herrian zatika aitortuta ere, ez zaizkigu ia inoiz errespetatzen.

Agian egoera politiko berri honetan Estatuaren jarrera ongien ezaugarritzen duena espetxe politika ankerra da. Kalean eskubidez eta legez egon beharko luketen ehunka preso politikok giltzapean segitzen dute, zigorra erruz beteta dutenak edo larriki gaixorik daudenak kasu, baita baldintzapeko askatasuna eskuratzeko epea aski gainditua dutenak ere. Gainontzeko euskal preso politiko guztiak lehenbailehen Euskal herriko espetxeetara ekarri beharko lituzkete, Estatua beraien eskubideekin ez ezik, beraien senideen bizitzekin jolasean ari baita. Espainiako gobernuak eta Alderdi Popularrak ezin dute beraien hitzen gatibu izaten jarraitu. Euskal Herriko gizarteari aditu eta kasu egin behar diote. Agertoki berrian sendo aurrera egin dezagun, Estatuak urratsak egiten hasi behar du. Espetxe politika aldatuz, euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak errespetatzeak lehenengo urratsa izan behar du.

Urtarrilaren 7an gu ere Bilbon izango gara, Estatuari urratsak emateko eskatuz, gatazka konpontzeko pauso berriak emanez. Urtarrilaren 7an denok Gernikatik Bilbora, amnistiaren bidean, gatazka amaitzeko presoak etxean nahi ditugulako.

 

Nork: GernikaUsurbil.2012/01/05 08:22:43.801 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2011/12/17 12:37:49.349 GMT+1

Biktima guztien mina aitortu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek eta dolua adierazi diete horiei

Gernikako Akordioaren sinatzaileek gatazkak biktimengan eragin duen mina aitortu dute gaur, Donostiako Aiete jauregian egin duen agerraldian, adierazpen batekin. Agerraldian izan dira ezker abertzaleko ordezkariak ere: "Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere, gure dolua adierazi nahi diegu", esan dute adierazpenean.


Biktima guztien mina izan dute hizpide Gernikako Akordioaren sinatzaileek, eta gatazkaren konponbiean bide orria Gernikako Akordioa bera dela azpimarratu dute.

Gernikako Akordioa 2010eko urriaren 25ean sinatu zuten ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk eta Alternatibak, hainbat eragilerekin batera, eta Akordioan biktimen aitortza jasotzen zen eman beharreko pausoen artean: "Indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta konponketaren beharra”.

Urriaren 17ko Aieteko Adierazpenean ere norabide horretan pausoak ematera deitu zuten nazioarteko adituek.

Nork: GernikaUsurbil.2011/12/17 12:37:49.349 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2011/12/17 11:54:32.945 GMT+1

Gernikako Akordioak biktimen inguruko idatzi bat aurkeztuko du gaur eguerdian

Gernikako Akordioa sinatu zuten taldeek Euskal Herriko "gatazkaren biktimak" aintzatestearen beharra azpimarratuko duen testua aurkeztuko dute larunbatean, Donostian. Aurkezpena ekitaldi publiko batean izango da, Donostiako Bakearen Etxean.

Nork: GernikaUsurbil.2011/12/17 11:54:32.945 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink

2011/12/04 11:32:47.691 GMT+1

Gernikako Akordioak dio Agirreren atxiloketa «eraso larria» dela

Espainiako Poliziak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Oihana Agirre atxilotu zuen ostiral gauean Donostian.

Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek gogor salatu dute azken atxiloketa hau. Komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean azaldu dutenez, «eskubide politikoen aurkako eraso larria» da Agirreren atxiloketa, eta gisa horretarako erabakiek egungo testuinguru politikoan lekurik ez dutela nabarmendu dute. «Bakea eta konponbidea eraikitzeko prozesuaren aurkako erasoa da. Zigor eta atxilotze hauek ez dute inolako heldulekurik, ez eskubideen ikuspegitik, ez justizia ikuspegitik, ez eta demokrazia ikuspegitik ere», adierazi dute.

Itunaren sinatzaileek gogoratu dutenez, Agirrek berak izenpetu zuen Gernikako Akordioa AAMko ordezkari bezala, eta Donostiako Aieteko jauregian eginiko nazioarteko bake konferentzian ere parte hartu zuen. «Azken batean, Euskal Herrian konponbide osoa eman dadin eta bake egoera bat ezar dadin lan egin du, akordio honetan biltzen garen beste eragile askorekin batera».

Gernikako Akordioaren sinatzaileek babesa eta elkartasuna helarazi diete Oihana Agirreri eta haren familiari, eta atxiloketa hau salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Era berean, Euskal Herrian «konponbide osoa» eman dadin lanean jarraituko dutela hitz eman dute. «Ibilbide horretan, pertsona guztien eskubideak errespetatuak izateak eta prozesu demokratikoa galarazten duten egoerak desagertzeak lehen mailako erronka izaten jarraitzen du», adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek.

Herenegun gauean atxilotu zuten Agirre, Donostiako Egia auzoan, eta handik Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara eraman zuten. Haren auzia eta beste hainbatena salatzeko antolatutako ekimen baten bezperan atxilotu zuten Agirre.

Azaroan berretsi zuen Auzitegi Gorenak aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ezarritako zortzi urteko kartzela zigorra. Handik aurrera une batetik bestera atxilotuko zuten jakitun zen Agirre.

Azken egunetan hainbat ekimen egin dituzte Donostia inguruetan auzi hori salatzeko. Egia auzoko frontoian esaterako —auzo horretakoa da Agirre—, jendetza bildu zen iragan asteburuan. Aste honetan bertan ere alor askotariko hainbat lagunen babesa jaso zuen Agirrek, eta haren aurka egindako «epaiketa politikoa» salatu zuten.

Giza harresia

Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak antolatuta, Agirreren auzia eta beste hainbatena salatu zuten atzo arratsaldean Donostiako auzitegiaren aurrean, Egia auzoan. Hara gerturatutako herritarrek «giza harresi» bat irudikatu zuten epaitegiaren aurrean. Guztien izenean, Eleak-eko bozeramaile Joxean Agirrek hitz egin zuen. Abian diren auzi «bidegabe» guztiak bertan behera uzteko eskatu zuen, eta «lan politikoa soziala eta eskubideen aldekoa egin nahi duten herritarrak» aske uzteko.

Iruñean, berriz, eserialdia egin zuten Josu Esparzaren euroagindu eskaera salatzeko. Hura atxilotzeko agindu zuen Frantziako Justiziak azaroan.

Nork: GernikaUsurbil.2011/12/04 11:32:47.691 GMT+1
Etiketak: bake_akordioa usurbil gernika gernikako_akordioa | Permalink