Gizarte-sareak dira dure munduaren berrikuntza garrantzitsuenetariko bat: harremanetarako, lanerako, aisiarako edo prestakuntzarako, gure bizitzetan zeharo sartu dira.
Baina, zeintzuk dira gizarte-sareak?
Hona hemen gaur eguneko gizarte-sare eta -tresnen mapa, Overdrive Interactive enpresari esker:
Ni, gregario bat naiz, gregario bat
izan naiz beti.
Badakizue, txirrindularitzan zeri
esaten zaion gregario:
taldeko kide apal eta langilea, liderrarentzako eta taldearentzako
etengabe ibili ohi den horietakoa.
Gregarioak taldearen estrategiak
gauzatzeko ezinbestekoak dira, liderren garaipenei behar-beharrezko
ekarpena egiten diete, beti gora eta behera: “hoa liderraren
aurretik, haizea kentzeko”, “eskapa hadi, kontrarioa hiri
jarraitzen nekatu dadin”, “eutsiok beste taldeko horri, ez utzi
joaten”, “eramaiok botila hau aurrean dihoan liderrari” edota
“hoa atzera eta karreatu ezak liderra aurrealdera”. Horra hor
gregarioen eginkizunetako batzuk. Beti inorentzat lanean, lehertu
beharrean, inoiz podiumuk ikusi ere gabe. Beno, inoiz edo behin etapa
bat irabazteko enkargua edota baimena lortuz gero, loria
behatz-puntekin ikutzeko aukera ere bai...
Lehen, teknologia-aroa baino lehen,
neketsuagoa zen gregarioen lana. Mezuak hara eta hona eramatea ere
gregarioei zegokien: “hoa pelotoi-burura eta esaiok liderrari
hurrengo mendatea jaistean atakatzeko”, “hoa bueltan
zuzendariaren automobileraino eta esaiok liderra ondoezik dagoela”,
beti gora eta behera, lasterketa nola zihoan apenas erreparatu gabe.
Liderrarekin ongi konpondu ala
harroputz halaena ezin ikusi, hari laguntzen, haren ahulaldiak
estaltzen eta haren anbizioak laguntzen egun santu guztian, urte
osoan, profesionaletako bizialdi osoan.
Gregario izateko zer behar da?,
zeintzuk dira gregarioaren ezaugarriak?
Lehenik eta behin, puntako
txirrindularia ez izatea, noski; liderra izateko doai edo anbiziorik
ez izatea, noski. Liderretarako balio ez baduzu eta txirrindularitzan
profesional izan nahi baduzu, gregario izan beharko!
Bigarrenik, txirrindularitzan
profesionaltasun minimo bat izatea: sufritzen jakitea, lehertu arte
lan egiteko prest egotea, igotzen, lauean nahiz erlojuz kontza
gutxieneko maila ematea, eta, jakina, zeure burua zaintzeko eta forma
egokian egoteko ardura.
Hirugarrenik, apaltasuna. Gregario
hastea erraza da: afizionatuetan nabarmendu ondoren, profesionaletara
igaro eta talde batek kontratatzen zaituenean , argi dago talde-lana
eskatuko zaizula (fenomeno bat ez bazara, behintzat). Baina
tenporadak joan, tenporadak etorri, gregario jarraitzen duzunean,
onartu beharra daukazu.
Gregario ona izaten ikasi behar duzu
orduan, konfiantzazkoa, saiatua, argia eta langilea. Hots, taldearen
“sostengua eta habia”, Profesionaltasuna garatu eta teknikoki
hobea bilakatu. Horrela beteko duzu zure lekua taldean... eta
munduan.
Gregarioa izatea gogorra da, ikusten
duzuen bezala, neketsua eta esker gaiztokoa, apala eta
behar-beharrezkoa, eta ni horretara dedikatu naiz, horretan eman dut
nire bizitzako parterik handiena. Bizikleta gainean? Ez horixe!
Politikan.
Zer da politikan gregarioa izatea?
Txirrindularitzan bezalaxe, laguntzea. Aterrik gabeko lanean,
taldearen arrakasta bilatzea, besteren garaipenak zerbitzatzea,
talde-lanean aritzea. Txirrindularitzan bezala, liderraren
aitzindaritza garrantzitsua baldin bada, eta jarraitzaileen sostengua
behar-beharrezkoa, gregarioen lana ezinbestekoa da.
Txirrindularitzan bezala,
politikagintzan ere gregarioak langilea, teknikoki prestatua eta
leiala izan behar du. Edo saiatu, behintzat.
Idazki sorta honetan gregarioon
gorabeherak azaltzen saiatuko naiz; gregarioaren eta liderraren
arteko harremana, talde bereko eta beste taldeetako gregarioekikoak,
zuzendari teknikoarekin eta jarraitzaileekin sortzen diren ika-mikak,
eta abar. Argigarria izango dela uste dut.
Krisiatik crash-era igaro da munduko ekonomia, ekonomia globala. Ia ez gara oroitzen lehen porrotez (Fredi Mac eta Fanni Mae), susmoak, zurrumurruak eta, azkenik, porrotak gero eta abiadura handiagoan jakiten genituen-eta. Lizardi poetak liokeenez, Bakan-bakanka, leenen ...
Sarri-sarri, gero. Diagnosiari buruz ados daude aditu gehienak: arrisku biziko Aktiboekingo espekulazioak bankuen balantzeak usteldu ditu eta, ondorioz, bankuen artean konfiantza-ezak dirua, likidezia, desagertarazi du. Horretara etorri dira estatuen esku-harteak: alde batetik, jendearen konfiantzari eusteko, gordailuak bermatuz eta, bestetik, arriskuko (honezkero, arriskuko baino gehiago baliogabeko) aktiboak erosteko eta, ondorioz, merkatu finantziarioen fidagarritasuna berreskuratzeko. Krisiaren jatorria, bistan da, Estatu Batuetan dago. Hedatu, baina, mundu osora hedatu da. Eta amaitu, noiz eta nola amaituko den ez da erraz antzematen. Ondorio batzuk, ordea, aurreikusi daitezke: - Errazena: dirua burtsan zuen jendea (akziotan, bonotan, funtsetan, eta abar) pobreago da gaur eta, txarrena, pobreago dateke zurrunbilo hau amaitzean. - Mingarriena: krisia iritsi da kontsumora (beldurra bidelagun) eta, ondorioz, ekonomiaren alor guztiak hasi dira edo laster hasiko dira lan-eskasia sufritzen eta langileak kaleratzen. Automobil-industria hasi da, ondorioz makina-erreminta ere bai; etxetresnen sektorearena gehiago dago lotuta Espainiako merkatuaren berezitasun batekin: etxegintzaren burbuila puztua lehertzearekin, alegia. - Iraunkorrena: krisialdi honek mundu-mailako ekonomiaren banaketari eragingo dio, aurrekoek eragin zioten bezala: sektore osoak aldatuko dira zonalde batetik bestera eta faktore desberdinen (energiaren, diruaren, lehengaien edo eskulanaren) prezio erlatiboen aldaketek herrialde batzuen garrantzia indartuko du edota apalduko. - Estatu Batuen nagusitzak izugarrizko kolpea hartu du. Munduko indar militarrik handiena izanda ere, Estatu Batuen ekonomia ahuldu egin da eta munduko gainerako ekonomien mendekoago bihurtu da. Horrela, atzerriko diru-funtsak (dirua ugari duten petrodolareen funtsak edota funts txinatarrak) etorri dira ekonomia amerikarra salbatzera edo, bestela esanda, erostera. Guzti honen ondorioz, gaur egun pentsa daiteke dolar estatubatuarrari ez zaiola asko gelditzen merkatu globaleko ordainketa-diru izaten jarraitzeko. - Azkenik, gehiegitan irakurri den tentelkeria bat: kapitalismo liberalaren amaieraren aurrean gaudela. Lehenik eta behin, egunotan iragartzen ari diren interbentzioak unean-unekoak dira, koiunturalak, eta ez egiturazkoak. Inork ez du uste Estatu Batuetako gobernuaren esku jarraituko dutenik banku eta finantza-erakunde horiek krisialdia amaitu eta gero. Bigarrenik, kapitalismo liberala, anarkokapitalismoa ezik, bateragarri delako estatuaren esku-hartzearekin, ez bakarrik Europan (eredu sozialdemokratikoa, baina baita Frantziako gaullista, adibidez), baita Estatu Batuetan ere (F. Rooswelt-en New Deal, adibidez) Argi dago, nolanahi ere, datozen urteotako ekonomia zainduagoa, arautuagoa izango dela, interes-tasak altuagoak izango direla eta dirua garestiagoa izango dela; lanik eza areagotu egingo dela eta kontsumoa gutxituko. Garai ilunak datozkigu! Berri ona korbata eta ezpain-kolore saltzaileentzako. Hurrengo batean azalduko dizuet zergatik.
Euskara askatasuneandokumentua aurkeztu berri du Patxi Lopez, euskal sozialisten idazkari nagusi eta lehendakaritarako hautagaiak. Aurkezpena Donostian izan da, urriaren 2an, euskalgintzako hainbat aurpegi ezagunen aurrean, eta, bestalde, hedabideek leku handia eskaini diote beren orrialde eta emanaldietan. Bi jarrera nabarmendu dira Euskal Herrian sozialisten eta haien buruzagiaren ekimenaren aurrean: batzuk, euskararekiko sozialistek izan duten jarrera urrundu eta uzkurra, baita ezkorra ere, inoiz, gogoratuz, urrats berri eta berritzaile bezala txalotu dute; ildo honetakoak izan dira, nagusiki, euskalgintzako erakunde eta elkarteetako ordezkarien hitzak: Kontseilua, Euskaltzaindia, Jakin eta abar. Beste batzuk, ordea, hauteskunde-aurreko itxurakeria somatu diote ekimenari; alderdi abertzaleek, besteak beste, sozialisten praktiko eta oraingo hitz goxoen arteko jauzia azpimarratu dute Patxi Lopezen eta haren alderdikideen sinisgarritasuna ukatzeko. Nire aburuz, ekimenaren elektoralismoa ukatu gabe (nola ukatu, gainera, hain nabarmena dena) sozialistek urrats hau eman izana egoki baloratu behar da: Patxi Lopezen aholkulariek, azkenean, euskarari buruzko mintzaira, diskurtso berri baten beharra ikusi dute, Euskal Herrian nagusi, hegemoniko izan nahi duen alderdiak euskararekiko erabat arrotz eta urrun gelditu ezin duen konstatazioa. Eta hori euskal munduaren garaipen bat dela iruditzen zait, euskararen pisuaren ondorio eta euskaltzaletasunaren indarraren erakusgarri.. Hori guzti hori, noski, dokumentua bera aztert aurretik. Dokumentuak baditu, nire ustez, zenbait koska eta zenbait kezka. Alderdi sozialista ez da gauza izan bere anima erdalzalea gainditzeko, bada oraindik, aukeratutako hitzetan, erabilitako esamolde batzuetan, halako beldur bat urrunegi joateko. Proposatutako puntu batzuk zearo arrazoizkoak dira: euskalgintzarentzako diru-izendapenak ez gutxitzeko konpromisoa, edota Euskal Telebista aldatzekoa. Hala ere, euskalgintzarentzako "izozte" hori lasaigarri gertatu izanak erakusten du zein susmagarri ziren (eta diren oraindik) sozialistak euskara kontuetan. Begira, bestela, zer nolako laguntzak ematen dituzten euskararentzako Barakaldo, Sestao edota Santurtziko udalek. ETBrena, berdin: euskarazko katea eskandalo bat dela argi dago (adibidez, albistegietako lerro informatiboa (?) jasanezina da), baina Lopezek ez digu argitu zer aldatu nahi duen ETBn. Kate elebiduna egingo du? Beste proposamen batzuk erabat anbiguoak dita. Zer esan nahi du, bestela "enplegu publikorako sarbideak euskal
gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela"? Nire ustez, gizartearen izaera elebiduna islatzeak enplegatu publikoak elebidunak izan beharra ekarriko luke. Beldur naiz, hala ere, Lopezek funtzio publikoan euskaldunak eta erdaldunak sartu behar dutela esan nahi izatea. Hnezkera euskaldunak gutxiengo izango ez balira bezala administrazioan! Beste perla bat irakaskuntzarena da: Zer arraio esan nahi du "euskaraz ez dakiten horiek uxatzeke edo eta
nahitaez ikastera behartu gabe"? Irakaskuntzan euskara ikastea ez dela derrigorrezko izango? Euskara eskola-orduetatik kanpo eta era boluntarioan ikasi ahal izango dela? Esaldi honek laburbiltzen du, nire ustez, ongien, Patxi Lopezen pentsamoldea euskararekiko: "Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza mintzatzen dira, komuna
horietako bat bakarrik den arren. Biak ere hartu behar dira erakunde
publikoek babestu eta sustatu beharreko ondare sozial eta kultural gisa." Eta gero: "Erakunde publikoek hizkuntza-arloan bultzatu beharreko ekintzak ez du
bakar-bakarrik euskal gizartearen zati baten irizpideetan oinarritu
behar..." Eta, noski, "oinarri identitario edo historizistarik gabe"! Bukatzeko, Patxi Lopezek eta euskal sozialistek urrats bat eman dute euskarara hurbiltzeko. Txalotzekoa da, itxurak egiteko baino egin ez balute erem beti izango delako euskararen mesedetan. Baina ematen duten euskal hizkuntza-politikaren irudiak karikaturizazio maila altuegia du. Horren erakusgarri da, izan ere, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzatuta Euskararen Aholku Batzordeko talde batek aurrera daraman "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko eztabaida. Horren Oinarrizko Txostena irakurtzea nahikoa da ikusteko esaldi solteak eta "doinua" gora behera, badirela ukupen-puntuak, posible dela elkarrizketa eta eztabaida eta euskararen alorrean ongi etorriak direla herritar eta sektore guztiak. Orain, guztion artean, nor nere sentsibilitatetik, politikak adostea falta da. Itxaropenerako motiborik badago.
Zubiartea naiz. Nire bloga da hau. Nire iritziak bilduko ditu, baina zureak ere onrtzeko prest nago.
Iritziez gain, gertakariak, jakingarriak eta are bitxikeriak ere bilduko ditut.
Gizonezkoa naiz, euskalduna eta abertzalea. Baita Athletic-zalea, kantuzalea eta historiazalea ere. Ez, ordea, dogmazalea eta utopiazalea.